Edurne Burgoa Agirregomezkorta
Edurne Burgoa Agirregomezkorta | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ondarroa, 1967 (56/57 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | kirolaria, atleta, futbolaria eta entrenatzailea |
Edurne Burgoa Agirregomezkorta (Ondarroa, 1967) kirolaria da. Atleta eta futbolaria izan da, eta gaur egun futbol entrenatzailea da. [1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burgoa atletismoan hasi zen Jose Mari Naberanekin, 12 urte zituela, Zubi Zahar ikastolako atletismo taldean. Hasieran Bizkaian zehar lehiatzen zen, besteak beste, Galdakaon eta Faduran. Neguan krosak egiten zituen eta udaberrian pistako probetan.
Gaztetan Atletico de San Sebastian atletismo taldean ibili zen, hainbat disziplinatan. 300 metro hesietan EAEko errekorra egin zuen, eta proba konbinatuetan, sei proba desberdin bi egunetan. Espainiako txapelketan hirugarren postuan gelditu zen.
Tarte horretan, ama izan zen, eta atletismoa utzi behar izan zuen, nahiz eta hasieran Naberanekin entrenatzen jarraitu. Beranduago, IVEF ikasketak egin zituen Gasteizen.
Atletismotik futbolera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin ikasketak amaituta eta lanean hasita, 2000. urtean, Mutrikuko Futbol Taldean jokatzen hasi zen. Urte batzuk egin zituen jokatzen, eta ondoren, entrenatzaile postua hartu zuen. Bi denboraldi egin zituen bertan, eta bitartean entrenatzaile tituluak atera zituen.
2005. urtean Athleticeko emakumezkoen lehen taldeko bigarren entrenatzaile izan zen, baina hilabete batzuetara, dimititu egin zuen, klubak hasierako apustuari huts egin ziola ulertuta. 2005-2006 denboraldian Iñigo Juaristi Athleticeko lehen entrenatzailearekin hasi zen lanean. Denboraldi horretan liga irabazi zuten. Athleticeko neskek irabazten zuten bigarren liga izan zen hura.
Lehenengo taldean jarraitu zuen 2008-2009 denboraldira arte, eta 2010-2011 denboralditik 2011-2012ra bigarren taldeko lehen entrenatzaile aritu zen. Talde horretan, lehenengo urtean, liga irabazi zuten; eta bigarren urtean, bigarren postua lortu zuten. Horrez gain, Euskal Herriko kopa ere irabazi zuten Eibarren aurka.
2012tik 2017ra berriro lehen taldera igaro eta prestatzaile fisiko lanetan ibili zen. Urte horietan, kopako bi final galdu zuten. Horietako bat, Bartzelonaren aurka Melillan, penaltietan, eta bestea, Españolen aurka Madrilen, luzapenean. Baina 2015-2016 denboraldian liga irabazi zuten, Athleticeko emakumezkoek irabazi duten azken ligan txapelketa.
Lana eta entrenamenduak uztartzeko (gorputz hezkuntzako irakaslea da), infantil mailako neskak entrentatzen hasi zen. Liga irabazi ondoren, beste helburu batzuk jarri zizkioten taldeari. Tartean, lagunarteko partida asko jokatzen zuten mutilen aurka eta horko jokalari asko, gaur egun, lehenengo taldean daude.
Herrira buelta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Athleticen bere ibilbidea bukatutzat eman ondoren, herrira egin zuen buelta, Ondarroako Aurrera Kirol Elkartera. Mutil gazteen taldeko entrenatzaile izan zen, bi urtean. Lehenengo denboraldian liga irabazi eta mailaz igo ziren, eta 2023an, hirugarren geratu ondoren, berriro mailaz igo ziren. Gaur egun, neska alebinak entrenatzen ditu klub berean, Iban Bilbaorekin batera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Eguneroko borrokaz, zelaiak irabazten» 11barri (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).