Eifonso errekaren basabidea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eifonso errekaren basabidea
A senda do río Eifonso
Eifonso errekaren alboan dagoen bidearen argazkia, Bembrivetik hurbil
UdalerriaVigo,  Galizia
MugakBembrive eta Beade
Tamaina15,000 m2[Oh 1]
Sortze-data2015[Oh 2]
OrdutegiaEz du itxiturarik

Eifonso errekaren basabidea (galizieraz eta ofizialki, A senda do río Eifonso) Galiziako Vigo hirian kokatzen den basabide bat da, Eifonso errekaren ibilbidea jarraitzen duena. Basabidea Vigoko Bembrive auzoan hasten da eta 4 km beranduago, Beade auzoko basa-parkean amaitzen da.[1] Ibilbidean zehar, Arco Da Vella botanika-parkea zeharkatzen da, parke hau ibilbidearen ingurunean modu apalean barneratuta dago, inolako egitura berezirik gabe.[2]

Ibilbidea antzinako errotek, ur-jauziek eta ingurunearen historiari zein gaur egungo egoerari buruzko informazioaz hornituta dauden argibide-taulek osatzen dute, besteak beste. Horretaz gain, aipatutako bidea jarraituz gero, San Cibrán izeneko ermita eta antzinako herrixken aztarnak ikusi ahal izango ditugu.[3]

Errekaren ingurunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aipatu bezala, erreka Vigoko Bembrive auzoan hasten da eta hiri berdineko Beade auzoan amaitu. Basabideak Eifonso erreka hartzen du ardatz gisa bide osoan zehar, baina leku batzuetan urrundu egiten da aipatutako errekatik. Bidearen hasiera 4,000 biztanle inguru dituen Bembrive auzoaren erdigunetik hurbil hasten da. Aipatzekoa da, auzo hau familia etxebizitzek osatzen dutela eta hauek eremu zabal batean zehar barreiatuta daudela, beraz, esan dezakegu, ez dela inoiz eremu oso urbanizatuetatik igarotzen.

Bidea bi zatitan banatu dezakegu: Bembrivetik hurbil dagoen zatia eta baso giroan sartzeko auzo horretatik urruntzen den zatia.

Mendialdeko zatian dagoen leku bat, ezkerrean Eifonso erreka ikusi dezakegu.

Auzuneko zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen zati honetan askotan ikusi daitezke etxebizitzak, hauek bidetik hurbil daudelako. Errekaren ezkerraldean Bembrive ikusteko gai izango gara eta eskuinaldean Beade, auzo hau osatzen duten etxeak ordea, beste auzoarenak baino urrunago egongo dira. Eremu honetan zehar erreka, bere jaiotze eremutik kontuan hartzeko moduko distantzia batera dagoenez, sakonune batean kokatzen da, leku heze batean. Zati honetan errota zaharren (galizieraz Muiño) kopurua beste eremuetan baino askoz ere handiagoa da, erreka indartsuago eta ur gehiagorekin jaisten delako.

Mendialdeko zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendialdeko zatia Bembriveko erdigunetik kilometro ingurura dagoen sarrera batean hasten da. Sarrera hau, zehazki, Bembrive eta Beade lotzen dituen Carretera de Bembrive auzo arteko errepideak zeharkatzen du. Hemendik aurrera, bidea aurreko zatian baino askoz ere garbiagoa da eta auzoaren erdigunetik urrunago dagoenez, oso etxebizitza gutxi ikus daitezke bidean barrena. Arco da Vella botanika-parkean zehar dauden argibide-taulen kopurua asko handitzen da zati honetan zehar eta baso batek inguratzen duenez, fauna eta landaredia askoz ere aberatsagoa da.

Aurretik esan dugun bezala, zati hau mendialdetik hurbil kokatuta dagoenez, etxebizitza oso gutxi daude inguruan. Hala ere, errekaren bi aldeak bereiztea garrantzitsua da, izan ere, honen ezkerreko aldean kokatzen diren lurrak sarritan nekazaritzarako erabiltzen diren bitartean, eskuinekoak baso zabal batera eramaten gaitu. Bidearen zati honetan errotak ikusi daitezke, nahiz eta auzunean dagoen zatian baino gutxiago dauden. Antzinako zenbait herrixka (adibidez, A Fraga) eta San Cibran ermita eremu honetan aurki daitezke.

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eifonso errekaren basabidearen landaredia hiru zatitan banatu daiteke. Erreka ardatz gisa hartzen badugu, lehenengo zatia honen ezkerraldean agertzen zaigu, bertan, nekazaritza munduan erabiltzen diren landare eta zuhaitzak aurki daitezke.

Bigarren eremua errekaren alboko guneetan aurki dezakegu, gutxi gorabehera, erreka eta hemendik 300 metro bitartean dagoen lurrak hartzen ditu. Eremu hau da basabideko aberatsena landaredi aldetik, izan ere, hemen baino ezin ditugu aurkitu bertakoak diren landare edo zuhaitz espezieak.

Hirugarren eremua errekaren eskuinaldean hasten da (lehen aipatutako bigarren eremua igaro ondoren), eremu hau oso zabala da, ez dituelako bakarrik ibaiertzetik hurbil dauden guneak hartzen, baso handi baten hasiera da. Baso handi baten hasiera bada ere, eremu honetako landaredia eskasa eta kanpotarra da, pinuek eta eukaliptoek agintzen dute bertan.

Nekazal munduko landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errekaren ibaiertzetik eskuinaldera jo eta laster batean inguruko landaredia aldatuko zaigu. Alde honetan, Bembrive auzoko hainbat etxerekin egingo dugu topo, horregatik, gune honetako lur gehienak jabego pribatukoak dira. Sarritan, lur hauek bertako herritarrek lantzen dituzte, besteak beste, baratzea egiteko edo fruitu arbolak landatzeko, hala ere, beste hainbat lekuetan zelaiak ikusi daitezke, inolako zuhaitz edo aparteko landarerik gabe. Basabidean aurrera jarraitu eta San Cibrango ermita igarotzen badugu, aurrez aipatutako zelai edo lur landuak desagertuko dira eta eukalipto zein pinuek ordezkatuko dituzte. Bidearen tarte honetan ordea, esan dezakegu, erreka alde batera uzten dugula eta honen inguruko basoan sartzen garela, beraz, normala da aipatutako ordezkapena gertatzea. Aipatzekoa da, puska honetan errekari jarraituz gero ere, aurreko tarteetan zuen bizidunen aniztasuna galtzen duela.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Azaleraren datua Arco da Vella botanika-parkeari dagokio, izan ere, Eifonso errekaren basabideak ez ditu muga zehatzik, aire librean dagoen ibilbide bat delako, baso zabalez inguratuta. Badago ordea bidearen luzera jakiterik: 4 km.
  2. Sortze-data Arco da Vella botanika-parkearena da, basabidea antzinatik egon den bide bat delako, bidezidor moduan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Río Eifonso PR-G5» Turismo de Vigo 2012-10-10 (Noiz kontsultatua: 2018-08-15).
  2. (Gaztelaniaz) «Parque Botánico Arco da Vella | GALICIA MAXICA» Galicia Máxica 2016-03-03 (Noiz kontsultatua: 2018-08-15).
  3. (Gaztelaniaz) «Capilla de San Cibrán o dos Ramallos | GALICIA MAXICA» Galicia Máxica 2016-03-03 (Noiz kontsultatua: 2018-08-15).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]