Edukira joan

Ekainberri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ekainberriko sarrera

Ekainberri Ekain leizearen erreplikan oinarritua dagoen zentroa da, 2008ko irailean Zestoan zabaldua. Bertan labar-pinturen kopiak eta leizearen egitura bera barne hartzen ditu. Horretaz gain, zentroaren inguruan hainbat ekintza antolatzen dira, baita eskaintza didaktikoa ere.

Jatorrizko kobazuloa eta bertan ikus daitekeen labar arte multzo ederra 1969an Azpeitiko Antxieta Kultur Elkarteko hainbat kidek topatu zituzten Izarraitz mendietan historiaurreko guneak bilatzen ari zirenean. Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek aurkikuntza ekainaren 8an egin zuten eta igande berean aurkipenaren berri eman zieten Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko atalaren bi kideri: Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altuna. Une horretan Ekaingo kobazuloa eta labar artea babesteko ekimena abian jarri zen. Babesteko ekimen horrren ondorioz zestoan kokaturiko Ekian haitzuloa ez da inoiz jendartera irekia egon, ondare gisara babesturik dagoen espazioa izanik.

Pixkanaka haitzuloaren erreplika bat eraikitzeko ideia forma hartzen joan zen. 2004ean Ekain Fundazioa sortu zen helburu horrekin. Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Zestoako Udalak osaturiko erakundea da[1].

Eraikina Jose Maria Alberdi arkitektoak diseinatu zuen, Zestoako udal arkitektoa zenak. Eraikuntza lanak 2000tik 2008ra egin ziren[2] eta zentroa 2008ko irailaren 11n zabaldu zen[1].

2009ko datuen arabera, urte berean 31.000 bisitari izan zituen haitzuloaren erreplikak[3], eta 2024 arte 468.000 bisitari guztira[1].

Ekainberri kanpotik
Erreplikaren ibilbidea

Hormigoizko, corten altzairuzko eta beirazko eraikin handi bat da, Sastarrain ingurune naturalean integratzen dena. Hainbat gune ditu: erreplika gunea, bisitarien harrera gunea, erakusketa-gela, lantegi gela eta gune teknikoak[2].

Erreplika benetako leizearen hiru dimentsioko planimetria baten bidez egin zen. Planimetria horren gainean eraiki ziren panelentzako moldeak, plastikotik eratorritako polimeroz eraikiak, eta lurrez, hondarrez eta harri lainoztatuz estali ziren, jatorrizko testura ahalik eta gehien erreproduzitzeko, ikatza, okrea eta manganesoa erabiliz, jatorrizko pinturetan erabilitako material natural berberak[1].

Ekaingo irudien %85 aukeratu zen, batez ere margotutako irudiak bilduz, eta jatorrizko leizearen azaleraren %25[1].

Espazio honek baldintza tekniko eta teknologiko ugari ditu, horrela musealizazioa, efektuen sorrera eta ikus-entzunezkoen proiekzioa errazteko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Ekainberri. Ekainberri fundazioa (Noiz kontsultatua: 2024-11-01).
  2. a b (Gaztelaniaz) Mikel Asensio, Juanjo Aranburu, Alex Ibáñez Etxeberria. (2012). Vislumbrando el Arte en la Penumbra: Ekainberri, sensaciones e impactos de sus públicos.. .
  3. Berria 2009.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]