Edukira joan

Ermuko Hartza Eguna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ermuko Hartza Eguna
Irudia
Motainauterietako pertsonaia
KokalekuErmua
HerrialdeaEspainia

Inauteri barikuan ospatzen den Ermuan zeharreko kantujira da, hartzez mozorrotutako bati lagunduz eta bere gaineko koplak abestuz.[1][2]

1934 urteko inauterietan atera zen Hartza estreinako aldiz Ermuko kaleetan. Gillermo Bengoetxea, Txindurri bertsolariari diru-eskean ateratzeko bertsoren batzuk eskatu zioten; honek gertakizun bat kontatzen dituen lau kopla idatzi eta musikatu zituen. Mutil koadrila bat atera zen herrian zehar kantuan, herriko pegora guztietako aldabak jo eta “jende txit ona errukituz” sosa batzuk eskatuz.[3]

Jasotako dirua elkartasunerako bideratuko zen: tuberkulosiak jota gaixo zegoen gazte baten sendabiderako. Sasoi hartan gaitz hilkorra eta erabateko kutsakorra zen, botika gogorrak, gela aireztatuak eta zainketa bereziak eskatzen zituena. Gaztearen familiari laguntzeko dirua eskatzen ondo ederto ahalegindu ziren kantariak eta 1000 pezeta atera zuten: diru asko sasoirako eta 1100 biztanleko herri batentzat kopuru itxurosoa. Baina tradizioak agindu eta abestiak aditzera ematen duen legez “jan ta edan ondo egiteko” ere aprobetxatu zuten.[4]

Mahai ederraren bueltan erretratatu ziren gero, euren gitarra eta tronpetekin. Baita orrazi eta erretzeko paperarekin egindako musika-tresna bitxiarekin: letrarik gabeko “la la la la…” laguntzeko erabili zuten, orraziaren bitarteetatik paperari putz eginda turuta baten soinua sortuz. Musika-tresna herrikoia zen sasoi hartan, beste leku askotan ere erabiltzen zena eta urte asko beranduago, The Beatles talde britaniarrak Lovely Rita abestiaren tarte musikaletan erabili zuena.

Francoren diktaduraren ondorioz, inauteriekin lotutako ospakizunak debekatuta egon ziren eta ez zen kalez kalekorik egiterik izan. Txindurriren bertsoak baina herritar askoren gomutan geratu ziren, etxeko esparruan zein lagun artekoetan abestuz.[5]

Berreskurapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Birusa Elkarte Kulturala izan zen Patxi Urko, Urko Beheko baserriko Francisco Urien aipatzen dituen bertsook familiarteko esparrutik atera eta kalez-kaleko ohitura berreskuratu zuen taldea. Gillermo zenduta zegoela, zein hobeto kantua erakusteko bere alaba Maria Bengoetxea baino, abeslari aparta eta kantuzale amorratua. Bertsoak sortu eta handik 56 urtera, 1990eko aratusteetako barikuan abestu ziren berriro jende artean.[6]

2000. urtean Deba Beheko Bertso Eskolaren ekimenez, jatorrizko bi bertsoei beste bi gehitu zitzaizkien, Maria Txindurriri, Gillermoren alabari esker “gabiltzalako danok kantuan”.

"Baserritarrei lorik egiten" uzten ez zien "prizti" haren bila izandako gora beherak hedatuaz joan ziren txiki eta handien artean. Herriko eskolei esker, belaunaldiz belaunaldi Hartzaren abestia ikasiz eta pertsonaia maitatuz joan dira ermuarrak.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» alboka.es (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  2. «[EGITARAUA Ermuko Inauteriak 2024 - Ermua»] drogetenitturri.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  3. «"Aratostiak eta hartza" -» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  4. «Hartza iratzarri da, has dadila ez-inauteria» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  5. (Gaztelaniaz) «Hartza eguna» Una tradición con 80 años de historia | ermuberri. 2018-09-02 (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  6. HARTZA EGUNA ERMUA. (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  7. «Euskal Birusa elkartea» Euskaltzaleen Topagunea (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).