Gillermo Bengoetxea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gillermo Bengoetxea
Guillermo Bengoetxea, Txindurri bertsolaria.jpg
Bizitza
JaiotzaErmua1878ko otsailaren 10a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaErmua1966ko martxoaren 15a (88 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria, idazlea eta pilotaria
Pilota
 

Gillermo Bengoetxea Izagirre (Ermua, Bizkaia 1878ko otsailaren 10a[1] - Ermua, Bizkaia 1966ko martxoaren 15a), bertsolari, idazle eta pilotaria izan zen, Txindurri ezizenetik ezaguna.[2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txindurrineko etxea, Gillermo Bengoetxea bertsolariaren jaiotetxea Ermuan. 2003.

Ermuko Izelaieta kaleko 8. pegoraren lehen solairuan jaioa, Pedro Bengoetxea Lasarte eta Juana Mª Izagirre Arrasketa ermuarrak izandako 7 seme-alabetatik seigarrena. Aita armagina zen, txispagina zehazki, su-armetan tirua eragiten duen mekanismoaz arduratzen ziren gremio horretakoa eta amaren bitartez iritsi zen familia osoak jasotakoTxindurri gaitzizena, langile finak izateak emandako nolabaiteko deitura. Mallabian eskola-maixu ona zegoela eta Gillermo bertara eramatea erabagi zuten gurasoek eta hantxe ikasi zuen idazten eta irakurtzen, gerora zaletasun bihurtuko zituenak.[3]

Aita bezala armagina izango zen, Ermuko bere sasoiko ofiziorik ohikoena, eta urte batzuk ere emango zituen Eusko Trenbideen Konpainiarentzako lanean. 1902an Luzia Isasi-Isasmendirekin ezkondu eta 9 seme-alaba izango zituen bikoteak, bi ez beste denak ume-umetan zendu baziren ere. Lehen semea, esaterako, jaiotzeaz batera hil zitzaien; Madrilera abiatu zen orduan Luzia, inude, bularra eman eta beste familia baten umea haztera. 1906an jaiotako Maria alabari jasotako ahozko testigantza ugariei esker kontserbatu da aitxa Gillermoren bertso eta abesti legatuaren zati bat.[4]

1936ko Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, argitara emandako bere idatziak zein pentsamolde abertzaleak kartzela ekarri zioten Gillermori. 60 urte beteak izan arren, ia hiru eman zituen giltzapean Bilboko Larrinagako kartzelan lehenengo eta Vigoko San Simon irlan gero, bere hitzekin preso egonda “2 años, 8 meses y 28 días”.[5]

Ermuko bere jaiotetxean hil zen, neumonia bati aurre egin ezinik, 1966ko martxoaren 15ean.

Gillermo eta Maria Bengoetxearen omenezko izena darama 1975. urtean Ermuan sortutako Txindurri Dantza eta Txistu taldeak.[6] [7]

Kirolari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazte-gaztetatik mendigoizale porrokatua izan zen, han eta harutzagoko tontor ugaritan ibilitakoa, eta urteetan eutsiko zion Urtebarri egunez Urko mendira igo eta bertan bertso bat botatzeko ohiturari.[8]

Gillermo Bengoetxeari `Aitonak´ dedikatutako argazkia. Eibar, 1959-10-04.

Pilotari gisa ere aritutakoa zen eta gogoragarriak ziren berarentzako, besteak beste, Justino Urzelairi irabazitako partida eta Bilboko Deportibon, Maizekin bikote, Baltasar eta Chiquito de Azkoitia mendean hartu zituenekoa.

Kronista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euzkadi, egunkari jeltzaleko Ermuko korrespontsala izan zen 1914tik 1931ra, etenaldi desberdinak tarte. Euskara ederrean eta jasoan, alderdiaren gaineko berriak herriko gertaerekin tartekatzen zituen, beti ereTxindurri bezala sinatuz.[3]

Bertsolari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plazaz plazako eta bapateko bertsolari gisako bere ibilbidearen gaineko ezer gutxi dakigu. Balentin Enbeita bertsolaria sarritan ahalegindu zitzaion Bizkaiko Bertsolari txapelketan parte hartu zezan, baina ezetzarekin bidali zuen beti, ermuarraren iritziz “ixilik euki beharrekoen bat esan gabe ezin egongo nintzan, eta etxian gelditzia hobe”.  

Azoka eta erromeria lekuetan gustuko zuen kantu-paperak erosi eta buruz ikastea, baina apurka-apurka bereak idazteari ekingo zion. Bertso-papergile gisa Gillermo Txindurrik idatzi eta musikatutako hainbat lan herritartu dira, belaunaldiz belaunaldiko galbahea pasatuz. Ermuarren artean ezagunak dira Ehiztariak,[9] Elorrixotik etorri jakun[10] edota Neure alaban seme. Baina bere bi lan ezagunenak Babia saltzen[11] eta Hartzaren koplak[12] dira.

1947an, Indalezio Ojanguren argazkilari eibartarrari eginiko omenaldiaren harira Bertso-Berriak argitaratu zituen, berak sortutako inprobisazioak.[13][14] [15]

Babia saltzen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1955 urtean Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratu ziren abesti hau osatzen duten lau ahapaldiak. Gerora hainbat izenburu egokitu zaizkio: Maite tratua Eibarko plazan,[15] Maitemin eroslearena,[16] Babia saltzen[14] Hain justu azken hau izan zen Oskorri folk taldeak aukeratutako izenburua The Pub Ibiltaria egitasmoaren XX. kantu sortan sartzeko.[17] Bilbon 2006. urteko Santo Tomas egunean ehunka kantu zaleen artean abestutako guztiak, disko bihurtuta plazaratu ziren gerora; Babia saltzen bilduma horren barne dago.[18]

Hartzaren koplak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1934 urteko Ermuko aratusteetan abestu ziren estreinako aldiz jatorrizko lau koplak. Bertsoak idazteko abiapuntua elkartasun egoera batek bultzatu zuen. Maria Bengoetxea alabak gogoratzen zuenez, gazte bat tuberkulosiz gaixotuta zegoen eta haren lagunak aitari etxera etorri zitzaizkion, bertso batzuk egiteko eskatzera. Sasoi hartan tuberkulosia gaixotasun larria zen; zainketa berezi, elikadura egoki eta botika hutsean sendatzen zena, aurrera egitea lortzen zenean, noski. Dirua jiratzeko zer hobe etxez-etxeko diru-bilketa bat baino. [19][20]

Gillermok balizko hartz batek herritarren artean sortutako gorabeheren istorioa asmatu, zortziko nagusiaren neurrira egokitu eta musika jarri zion. Gaixo gaztearen lagunak, ostera, ganbaretan eta etxeko kutxa zaharretan harrapatutako oihal eta kapelekin mozorrotu eta euren aurpegiak erretako kortxo punta batekin belztu zituzten. Pegoraz pegora ibili ziren bertsook kantatuz eta musika joz kitarra, tronpeta eta pare bat biolinekin. Ahapaldien arteko "la la la lala lara lara" doinua egiteko, musika-tresna batzuk inprobisatu zituzten orrazi eta erretzeko paperekin: hauekin forratu zituzten orrazion hortzak, bertara putz egindakoan soinu berezi bat sortzea lortuz. Diru-eskean jardundako gazte koadrilak, 1.000 bat pezeta batu zuen, orduko denboretarako eta Ermuko 1.100 lagun inguruko biztanleria kontutan hartuta, dirutza bat.[20] [21]

1936ko Gerra Zibilak eten egin zuen kalez-kalekoa, baina herritar askoren memorian gorde ziren lau bertsook.1990 urtean Euskal Birusa Elkarte Kulturalak berreskuratuko zituen eta, ardi larruz mozorrotutako lagun bati esker, hartza kalejiran aterako zen berriro. Harrezkeroztik, aratuste barixakuan, inauterietako ostiralean, Ermuko kaleetan zeharreko ibilbidea egiten du hartzak, herritarrez babestuta eta bere gaineko bertsoen doinu gogoraerrazen artean.

Herriko ikastetxeak eta euskaltegiak arduratu dira, besteak beste, beraien ikasleen artean Patxi Urkoren istorioaren abestia ezagutarazten. 2000. urtean Bengoetxearen jatorrizko bertso sortaren lau ahapaldiei beste bi gehituko zizkion Deba Beheko Bertso Eskolak eta seiok abestu ziren ia hogei urtez Hartzaren Egunaren kalejiran, jatorrizko lauetara mugatu aurretik.[22]

2016ko apirilean, Bilboko Azkuna Zentroan eta Loraldia kulturaldiaren egitarau barruan, Joxemiel Bidador pastoralaren antzezpenean Hartzaren koplen melodia, egokitu ostean, kantuetako baten erabili zuten.[23][24]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Búsquedas Sacramentales» dokuklik.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  2. (Gaztelaniaz) «Escritor y bertsolari» El Correo 2008-04-07 (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  3. a b González, Estibalitz. (2006). Guillermo Bengoetxea, Hartza bertsotan jarri ebana. Drogetenitturri (Euskal Birusa), 22 or. ISSN 1133-973X..
  4. «Berriaren xehetasuna» www.ermua.es (Noiz kontsultatua: 2021-07-03).
  5. Txindurri bertsolaria. Drogetenitturri 88, 2 or. ISSN 1133-973X...
  6. (Gaztelaniaz) «Iniciar sesión en Facebook» Facebook (Noiz kontsultatua: 2021-07-03).
  7. Elkartea, Euskal Birusa. (2015-04-29). «Apirilean, udaberria loratu zaigu - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2021-07-03).
  8. «Ermua - Álbum fotográfico» www.ermua.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  9. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  10. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  11. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  12. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  13. (Gaztelaniaz) «EL ÁGUILA DE LAS CUATROCIENTAS CUMBRES» EMMOA | Fundación Museo del Montañismo Vasco (Noiz kontsultatua: 2022-02-18).
  14. a b «Bengoechea, Guillermo - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  15. a b Otzerinjauregi, Mireia eta Sangroniz, Mikel. (2001). Eibar kantuz kantu. Eibarko Udala-Egoibarra Batzordea, 153-154 or. ISBN 84-89696-29-2..
  16. «BERTSO / OLERKIen orrialdea» armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  17. Babea saltzen, Oskorri-ren "The Pub Ibiltaria 10" diskatik. (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  18. Babea Saltzen. (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  19. (Gaztelaniaz) «Hartza eguna» Una tradición con 80 años de historia | ermuberri. (Noiz kontsultatua: 2021-06-28).
  20. a b González, Estibalitz. (2008, otsaila). Hartza eguneko koplen istorixia. Euskal Birusa-Drogetenitturri, 14 or. ISSN 1133-973X..
  21. «Ermua - Argazki albuma» www.ermua.es (Noiz kontsultatua: 2021-07-02).
  22. (Gaztelaniaz) «Vuelve el Hartza Eguna» El Correo 2022-02-23 (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  23. Elkartea, Euskal Birusa. «Drogetenitturri, 245 zenbakia (2016ko maiatza) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2021-07-02).
  24. dantzancom. «Joxemiel Bidador pastorala» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2021-07-03).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]