Maria Bengoetxea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Bengoetxea

Bizitza
JaiotzaErmua1906ko azaroaren 1a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaZornotza2006ko urriaren 5a (99 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakhizlaria

Maria Bengoetxea Isasi-Isasmendi, Maria Txindurri herritarren ezagupenez (Ermua, Bizkaia, 1906ko azaroaren 1aEuba-Zornotza, Bizkaia, 2006ko urriaren 5a), hainbat tertulia, grabazio eta irratsaiotan hizlari gisa arituz, ahozko testigantzen bidez abesti eta herri ohituren berri eman zuen euskaltzalea.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ermuko Izelaieta kaleko 8. zenbakiaren lehenengo solairuan jaio zen. Guillermo Bengoetxea Izagirre[1] eta Luzia Isasi-Isasmendi Marzana[2] bikote ermuarrak izandako 10 seme-alabetan adin nagusira ailegatutako bietako bat izan zen Maria. Ama Luzia inude izandakoa eta abeste zalea zen, oso. Ez zen gutxiago aita Gillermo, ofizioz armagina, baina afizioz bertsolaria, plazetan kantari eta paperetan olerkari.[3]

Eskolara Ermura eta Eibarrera joan zen Maria eta, bere esanetan, okerkerietara baino olgatzera egiten zuen gehiago: soka-saltoan, tortolosetan, Enadiadeka…  Ume-umetatik jaso zuen ahozkotasunetik datorren aberastasuna: abestiak, kontakizunak, gertaerak… Zazpi urteko neskatotxoa zela, puntua egiten ikasi zuen, eta, laboreren bat eskuetan zuela, aita eta amaren kantu, bertso eta ipuinak entzutea maite zuen ezer baino gehiago.[3]

« Gure etxeko sukaldiak berba egingo balu, zenbat ipuin esango leukez! »

—Maria Bengoetxea


Neska gaztea zela ere ez zuen galtzen lagun artean abesteko aukerarik: mendira joaten zirenean, afari-meriendetan, egunpasan egindako bidaiatxoetan… Kantuetarako aparteko memoria eta intonazio ezin hobekoa izanik, ikasitakoak betiko gordetzeko ahalmena izan zuen, edozein egoeratan eta larregi erregutu gabe abesteko prest agertuz beti.

1931n Jose Mari Areitioaurtena Orberekin ezkonduta, 4 alaba izan zuen bikoteak. Izelaietako euren etxe azpian dendatxo bat zuen Mariak: elektrizitate gauzak ziren bertan nagusi, hala nola, etxetresna txikiak, pilak, bonbilak, linternak… Jubilatu ostean ere, goizero zabaltzen zuen eta saltoki baino lagunen biltoki bihurtzen jakin zuen: atearen ondoan bueltan-bueltan jarritako banku luze eta jezarlekuek bertan geratzeko gonbitea egiten zuten, ipuinen batzuk esan, beste batzuk entzun, kanturen bat akordura ekarri…[3]

Berriemaile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskura eta gogotsu beti, ez zuen errezelorik izaten bere gogorapen eta bizipenak partekatzeko, ermuarren 36ko gerraren aurreko bizimoduaren kronista bihurtuz. Telebista, irrati zein prentsa idatzirako izanda ere, Maria Txindurri ez zen kikiltzen, kantuetarako eta kontuetarako prest nonahi.[4] Parte hartu zuen aktiboki Ermuko Cable Spot telebistan, EITBn, Arrate eta Euskadi Irratietan,[5] Ermua eta Mallabiko Drogetenitturri aldizkarian, Euskal Herriko Ahotsak egitasmoan…[6][7] 1999an, Korrikaren 11. edizioan, Ermuko Euskal Birusa Elkarte Kulturalaren lekukoa eraman zuen.[8]

Berari egindako grabaketek, beste berriemaile batzuenekin batera, balio izan dute Fernando Aranberriren “Ermua eta Eitzagako euskara”[9] eta baita “Ermua-Eitzaga. Leku-izenak. Geure izanaren barrena” liburua osatzeko ere.[10] Bere kantu errepertorioko abesti batzuk jasoak daude Mikel Sangroniz eta Mireia Ozerinjauregik argitaratutako “Eibar kantuan” bilduman, eta baita Estibalitz Gonzálezen “Lapikotxiki. Kantuz kulunkatzen” ume-kantutegian ere.

Halaber, Ermuko Alboka Musika Eskolak eta Drogetenitturri aldizkariak bultzatutako Bertako kantuak egitasmoaren oinarri dira Mariari jasotako herri-abestiak: ume kantuak, Santa Ageda koplak, politikoak, aratusteetakoak, gabon kutsukoak, maitasunezkoak… aita Gillermok sortutakoak tarteko.[11] Entzungai daude bertan, besteak beste, "Trena eta trena",[12] "Hartzaren koplak",[13] "Babia saltzen",[14] "Eman eman eman",[15] "Baserriko alabak"…[16] Hainbat tertulia eta hitzalditan hartu zuen parte, eta, esaterako, XX. mendeko historia jasotzeko Euskal Telebistak egindako saio berezi baten, bera izan zen Bizkaiko ordezkaria.

Maria eta Gillermo Bengoetxearen omenezko izena darama 1975. urtean Ermuan sortutako Txindurri Dantza eta Txistu taldeak.[17]

Euban hil zen Maria, 100 urte bete aurretxoan.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  2. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  3. a b c González, Estibalitz. (2006). Maria Txindurri, betiko zalakotan baiña.... Drogetenitturri aldizkaria, 139 zk. (argitaratze data: 2006ko urria), 12 or..
  4. (Gaztelaniaz) «Vuelve el Hartza Eguna» El Correo 2022-02-23 (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  5. «Euskadi Irratia - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  6. «Bengoetxea Isasi-Isasmendi, Maria - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  7. «Escritor y bertsolari. El Correo» www.elcorreo.com (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  8. González, Estibalitz. (1999). Zein da Maria "Txindurri"?. Drogetenitturri aldizkaria, 56 zk., 29 or. ISSN 1133-973X..
  9. Odriozola, Aranberri; Fernando (1971-). (2020-03-18). Ermua eta Eitzako euskara / Fernando Aranberri Odriozola. (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  10. Odriozola, Fernando Aranberri. (2001). «Ermua-Eitzaga: Leku-izenak» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  11. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  12. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  13. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» alboka.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  14. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  15. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  16. «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
  17. Elkartea, Euskal Birusa. (2015-04-29). «Apirilean, udaberria loratu zaigu - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]