Edukira joan

Infragorri

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Erradiazio infragorri» orritik birbideratua)

Txakur txiki baten irudia, infragorrien bidez hartua (asmatutako koloreak).

Infragorriak (IG) edo izpi infragorriak argi ikusgaia baino uhin-luzera handiagoko erradiazio elektromagnetikoak dira; beraz, ikusezinak dira giza begiarentzat. Espektro elektromagnetikoan, infragorriak argi ikusgaiaren eta erradiazio infragorriaren artean daude, 700 nm-tik 1 mm-rainoko uhin-luzera tartean (430 THz - 300 GHz maiztasun tartean)[1][2].

Gorputz guztiek igortzen dute, gutxi-asko, erradiazio infragorria, eta giro tenperaturan gorputzek igorritako erradiazio gehiena infragorrian izaten da.

Erradiazio infragorria 1800ean aurkitu zuen William Herschel astronomoak, espektroan argi gorria baino energia ahulagoko erradiazio ikusezin batek termometro batean eragiten zuen tenperatura aldaketa neurtzean. Eguzkiak igorritako energiaren erdia baino gehixeago erradiazio infragorria da, nahiz eta argi ikusgarrian duen intentsitate handiena.

Molekulek, haien errotazio-bibrazio mugimenduak aldatzerakoan, erradiazio infragorria igortzen edo xurgatzen dute. Momentu dipolarrean aldaketa gertatzen da, eta horrek molekularen bibrazioa exzitatzen du. Eremu infragorriko fotoien transmizio eta xurgapena neurtzeko Espectroskopia infragorria erabiltzen da[3].

Erradiazio infragorria prozesu industrial, zientifiko, militar, komertzial eta medikoetan erabiltzen da. Erabilpen militarren artean, zaintza lanetarako eta jarraipenerako erabiltzen da. Hauetaz aparte, efizientzia termikoaren analisia egiteko, ingurugiroaren gainbegiratzea egiteko, instalakuntza industrialen inspekzioa egiteko, urruneko tenperatura detekzioak egiteko, komunikazio alambrikorako, aurreikuspen meteorologikoak egiteko eta espektroskopiak egiteko erabiltzen dira izpi infragorriak.

Definizioa eta espektro elektromagnetikoarekin duen erlazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Infragorriaren eta espektro elektromagnetikoaren arteko erlazioa

Erradiazio infragorria ikusgaia den espektro ikusgaieko kolore gorriaren muga nomiletik (700 nanometro) milimetro baterarte (1 mm) hedatzen da. Uhin luzera eremu horrek, gutxi gorabehera 430 THz- 300 GHz bitarteko frekuentziari dagokio. Infragorriaren azpitik, espektro elektromagnetikoaren parte diren mikrouhinak kokatzen dira.

sailkapenaErradiazio infragorria hiru tartetan banatzen da, uhin-luzeraren arabera:

Izpi infragorrien erabilpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Infragorri hurbila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Infragorri hurbila espektro infragorriaren uhin luzera laburrenari deritzo, infragorri ertainaren eta argi ikusgaiaren artean hedatzen denari, gutxi gorabehera 800-2500 nanometroren artekoa, nahiz eta unibertsalki ez dagoen onartutako definiziorik.

Astronomian infragorri hurbilen espektroskopia, izar hotzen atmosferak aztertzeko eta izarraren espektroa zein motatakoa den jakiteko erabiltzen da.

Infragorri industrial igortzaileak: Erabilpena, pinturak edo paperak lehortzeko, plastikoak termikoki finkatzeko eta beira manipulatzeko (kurbaturak, laminak,...) beste batzuen artean. Lau infragorri igortzaile bereizten dira, erabiltzen dituzten uhin luzeren arabera:

  • Uhin laburreko infragorri igortzaileak
  • Uhin ertain azkarreko infragorri igortzaileak
  • Uhin ertaineko infragorri igortzaileak
  • Uhin luzeko infragorri igortzaileak

Gaueko ikusmena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusgaia den argia nahikoa ez denean, gaueko ikusmen materialean erabiltzen da objektuak ikusteko[4]. Objektuek igorritako erradiazioa jasotzen dute eta hau pantaila batera isladatzen da, ingurugiroko argiaren fotoiak elektroi bihurtzen dituen prozesu bat jarraituz, non elektroi horiek ondoren, prozesu kimiko eta elektriko baten bitartez argi ikusgaian birsortzen diren. Argi infragorriaren edo gaueko ikusmenak eta irudi termikoak ez dira haien artean nahastu behar, azkenengo honek irudiak sortzen ditu objektu ezberdinen artean antzeman daitezkeen tenperatura ezberdintasunen bitartez, hauek igortzen duten erradiazio infragorria (beroa) islatuz[4].

Termografia objektuaren tenperatura antzemateko erabilita

Erradiazio infragorria objektuen tenperatura antzemateko erabil daiteke distantzia batera, hauen igorketa ezaguna bada. Termografia (irudi termikoa) erabilpen militar eta industrialetarako erabiltzen da gehien bat, baina geroz eta erabilera publikoagoa bereganatzen doa, kamara infragorrien agertzearekin batera, ibilgailuetan erabiltzen diren kameratan, hauen produkzio kostua merkeagoa baita. Kamara termografikoek espektro elektromagnetikoaren eremu infragorriko erradiazioa antzematen dute (9.000-14.000 nanometro inguru) eta erradiazio horien irudiak sortzen dituzte. Jakinda, erradiazio infragorria objektu bakoitzak duen tenperaturaren arabera igortzen dela, Gorpu beltzaren erradiazio legea jarraituz, termografiak, argi ikusgairik gabe ingurua “ikusteko” aukera ematen du. Objektu baten tenperaturaren igoerarekin batera, honen erradiazio kopurua ere handitzen da, termografiak tenperatura aldaketa horiek antzematea ahalbidetzen duelarik.

Tratamendu fisioterapikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erradiazio infragorriaren bitartezko tratamendua jasotzen ari den pazientea

Izpi infragorrien bitartezko terapia, termoterapia printzipioarekin lotuta dago, eta erradiazioaren aplikazioaren bitartez, beroa lortu nahi da. Izpi infragorriak, frekuentzia eta uhin luzera konkretuekin erabiltzen dira, pertsonaren azala zeharkatzea bilatuz, 2-10mm tako sakonerara gutxi gorabehera. Sortutako beroak, odol zirkulazioa handiagotu, zeluletara heltzen den oxigeno kopurua handitu eta nutriente berriak sortzen laguntzen du, ehunen erreparazioa eta zelulen erregenerazioa bultzatuz. Terapia hau, ez da inbaditzailea, ez du eragin desiragaitzik sortzen, ez du minik egiten eta tentsio muskularra murrizteko, odol zirkulazioa hobetzeko, mina arintzeko eta immunitate sistema hobetzeko erabiltzen da besteak beste[5].

Izpi infragorriak helburu terapeutikoekin erabiltzeko, hauek zelan, noiz eta norekin aplika daitezkeen ezagutu behar dira, osasun arloko profesionalek aplikatu behar dituzte edo hauek emandako argibide eta jarraibide zehatzak jarraituz aplikatu beharko dira. Arazo, min edo patologia ezberdinen aurrean, erabiliko den tratamendu denbora, izpi infragorrien uhin luzera eta tratamenduaren aplikazio tokia, aldagarriak izango dira, beraz beharrezkoa izango da aldez aurretik, hauek iturri fidagarrietan kontsultatzea, tratamenduaren eraginkortasuna bermatzeko eta efektu desiragaitz edo kalteak prebenitzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Principles of Remote Sensing - Centre for Remote Imaging, Sensing and Processing, CRISP» crisp.nus.edu.sg (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  2. Rogalski, Antoni. (2018). Infrared and terahertz detectors. (Third edition. argitaraldia) ISBN 978-1-315-27133-0. PMC 1051779256. (Noiz kontsultatua: 2022-10-19).
  3. «Infrared Spectroscopy» web.archive.org 2007-10-27 (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
  4. a b «How Does Night Vision Work? Systems and Generations | ATN Corp» www.atncorp.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).
  5. (Gaztelaniaz) Rayos infrarrojos en fisioterapia - Fisiocasa. 2021-03-02 (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]



Espektro elektromagnetikoa

 gamma izpiak • X izpiak • ultramoreak • argia • infragorriak • mikrouhinak • irrati uhinak 
Koloreak

  ultramorea morea urdina berdea horia laranja gorria infragorria