Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Molekula

Wikipedia, Entziklopedia askea

Atisano molekula terpenoidearen irudikapenak: 3D (ezkerrean eta erdian) eta 2D (eskuinean).

Kimikan, molekula deitzen zaio bi atomo edo gehiagoz osatuta dagoen egiturari. Atomo horiek lotura kimiko sendoen bidezko antolamendu definitua dute, elektrikoki neutroa eta aski egonkorra dena.[1][2][3][4][5][6] Kimika organikoan eta biokimikan, molekula terminoak ez dauka esanahi hain hertsia, eta askotan molekula organiko kargatuei eta biomolekulei ere aplikatzen zaie. Zentzu hertsian, molekulak eta ioi poliatomikoak bereiztu egiten dira.

Molekularen egitura hobeto ezagutu ahala, definizio hau aldatzen joan da. Aurreko definizioak zehazgabeagoak ziren: substantzia kimikoen konposizio eta propietate kimikoak atxikitzen zituen partikularik txikienatzat hartzen zen molekula.[7] Definizio hau sarritan ez zen betetzen, eguneroko substantzia asko (esaterako, hainbat arroka, gatz edo metal), ez baitaude molekulaz eginak.

Gasen teoria zinetikoan, molekula terminoa edozein gas-partikuletarako erabiltzen da, bere osaera kontuan hartu gabe.[8] Definizio honek badauka desabantaila bat: gas nobleak ere molekulak izango lirateke, loturarik gabeko atomo bakunez osatuta baitaude.

Definizioa eta mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokortasunez begiratuta, molekula gisa har daiteke substantziaren ezaugarri kimikoak mantentzen dituen substantziaren osagairik txikiena, zeinen bidez substantzia berreraiki daitekeen erreakzio kimikorik egin gabe. Definizio honekin bat etorriz, zeina oso erabilgarria den molekulez osatutako substantzia puruetan, gas nobleen "molekula monoatomikoak" deskribatu daitezke, baina zailtasun nabarmenak erakusten ditu sare kristalinoak, gatzak, metalak eta beira gehienak deskribatzerakoan.

Molekula labilek euren trinkotasuna azkar batean galdu dezakete, baina euren batez besteko bizialdia bibrazio molekular batzuena bezainbestekoa bada, molekula gisa har ezin daitekeen trantsizio-egoera baten aurrean egongo ginateke. Laser pultsatuei esker, gaur egun, sistema kimiko horien ikerketa egingarria da.

Molekulen definizioarekin bat datozen baina karga elektrikoa duten entitateei ioi poliatomiko, ioi molekular edo ioi molekula deritze. Ioi poliatomikoz osatuta dauden gatzak normalean material molekular edo oinarri molekularri duten material gisa sailkatzen dira.

Molekulak partikulez osatuta daude. Molekula bat, arestian esan bezala, jatorrizko materialaren ezaugarriak mantentzen dituen materiaren osagairik txikiena da. Molekulak elkarren artean lotura kimikoak eratu dituzten atomoz osatuta daude.

Molekula substantzia monoatomiko edo poliatomiko baten unitatea izan daiteke. Adibidez, substantzia gaseoso guztien unitatea molekula da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. IUPAC
  2. Pauling, Linus. (1970). General Chemistry. New York: Dover Publications, Inc. ISBN 0-486-65622-5.
  3. Ebbin, Darrell, D.. (1990). General Chemistry. (3. argitaraldia) Boston: Houghton Mifflin Co. ISBN 0-395-43302-9.
  4. Brown, T.L.. (2003). Chemistry – the Central Science. (9. argitaraldia) New Jersey: Prentice Hall ISBN 0-13-066997-0.
  5. Chang, Raymond. (1998). Chemistry. (6. argitaraldia) New York: McGraw Hill ISBN 0-07-115221-0.
  6. Zumdahl, Steven S.. (1997). Chemistry. (4. argitaraldia) Boston: Houghton Mifflin ISBN 0-669-41794-7.
  7. Molekularen definizioa (Frostburg State University)
  8. Ikus [1]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]