Etiopia (liburua)
Etiopia | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Bernardo Atxaga (1978) |
Argitaratze-data | 1978 |
Generoa | Poesia |
Jatorrizko izenburua | Etiopia |
Argitaletxea | Erein |
Herrialdea | Euskal Herria |
Orrialdeak | 114 |
ISBN | 9788440049865 |
OCLC | 850915648 |
Etiopia Bernardo Atxagak 1978an egindako poesia liburua da, Pott Bandaren sasoian, lehenengoz "Pott biblioteka" sailean argitaratua eta 1983an Erein argitaletxeak bigarrenez kaleratutakoa. Kritika Saria euskarazko poesiari irabazi zuen.
Liburuaren egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etiopia liburuak, bederatzi zirkuluko segida batean, Danteren infernua irudikatzen du. Etiopia Utopiaren alderanzketa da, utopia ezinezkoa balitz bezala eta poema-bildumaren barruan bizi den esperantzarik gabeko gizonak «etiopia», gosea, miseria, baino eskuratu ahal izango ez balu bezala. Izenburuak Rimbaud abangoardiako poesiaren aita omentzen du, eta horrela, irrazionalismoa eta abangoardia lagun, sortu zen poema-bilduma hau. Azkenik, «etiopiak» T.S. Elioten Lur antzua, Pott talde osoarentzat ezinbesteko erreferentzia, poema-bilduma gogorarazten du.
Poema liburua bi ipuinek irekitzen dute, eta horietako batek Rimbauden historia aipatzen du. Gero liburuaren zatirik handiena hartuko duten hareazko bederatzi zirkuluak garatzen dira, eta liburua adierazpenaren eta hitz poetikoaren eraginkortasun eza agertzen duen ipuin batek ixten du.
Tonu poetikoak hastapenetako Sarrionandia, abangoardia europarrak eta dadaismoa ekartzen ditu gogora, eta eguneroko bizitzako hizkera eta adierazpide higatua –publizitatea, zinemako hizkuntza, massmedien presentzia– baliatzen ditu, hizkera estetizista baztertzeko modu ironiko gisa. Metaforak eta esanahiak liburuaren eta bere egituraren arteko harremanaren erdigunea hartu zuten.
Bernardo Atxagaren liburu honek literaturaren eremuan lurrikara bat eragin zuen, bere formagatik nahiz hizkera poetikoari heltzeko moduagatik. Planteamenduen berritasunak eta kontzientzia poetikoaren sakontasunak Euskal Herrian poesia egiteko modua eraberritu zuten. Unitatearen kontzeptua galdua deneko kontzientzia –liburuko lehenengo poemak «Hautsi da anfora» dio, Pessoak bezala– abiapuntu harturik, egia kontzeptuaren galeraz oharturik, erlatibismotik, sentimentalismoaren ukazioa proposatzen zuen liburuak –«Sentimentalismoa sentimenduaren porrota da», Wallace Stevensek adierazi zuenez–, poesia sozialaren baikortasunaren aurrean nolabait frakasatuaren tonua erabiliz: «Hemen utopiak hain zitalak izango ez balira» –esango du Atxagak.[1]
Etiopia musikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ruper Ordorika lagunak liburuko hainbat poema musikarako egokitu ditu, hala nola Hautsi da anphora, Herdoilarena, Eguneroko bizitza eta Fas Fatum. Mikel Laboak, liburuko Lizardi poema tango bihurtu zuen.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Kortazar, Jon. (2002). 'Euskal Herria' entziklopedia enblematikoa: Euskal literatura - Eusko Jaurlaritzaren datu irekiak. Open data Euskadi (Noiz kontsultatua: 2017-09-29).
- ↑ Castilla, Amelia. (1996/12/16). «Seis artistas vascos ponen música a la poesía de Bernardo Atxaga» El País.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau literaturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |