Etzegarate

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Etzegarate
Etzegarateko zerbitzugunea, 2012-12-30.jpg
Datu orokorrak
Geografia
Koordenatuak 42° 57′ 00″ N, 2° 13′ 38″ W / 42.94986667°N,2.22724444°W / 42.94986667; -2.22724444Koordenatuak: 42° 57′ 00″ N, 2° 13′ 38″ W / 42.94986667°N,2.22724444°W / 42.94986667; -2.22724444
Herrialdea Espainia

EtzegarateEtxegarate ere deitua, nahiz eta euskara zainduan Etzegarate hobestekoa den—[1][2] Gipuzkoako Goierri eskualdea eta Nafarroa Garaiko Sakana bailara batzen dituen mendatea da. Etzegaratetik igarotzen dira Madril-Irun trenbidea eta  A-1  errepidea. Errepidez, mendatearen igoera Idiazabalen hasi eta Altsasun bukatzen da.

Gasteiz eta Donostia artean errepidez bidaiatzeko, Etzegaratekoa da pasabiderik arruntena gaur egun.

Izenaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idiazabalgo Udalaren laguntzaz, Antonio Berasategi Lardizabalek mendatearen izenari buruzko txosten zehatza egin zuen. Aipurik zaharrena 1208koa da: Eiçagaratea (egungo ortografia sistema erabiliz, Eitzagaratea). Hurrengo lekukotasuna 1406koa da, eta bertan izenaren lehenengo aldaketa ikusten da, jadanik amaierako artikulurik gabe ageri baita: Eyçagarate (Eitzagarate). Mende berean Itzagarate aldaeraren lehenengo lekukotza dugu. Geroztik Itzagarate aldaera nagusituz joan zen, eta XVII. menderako Itzagarate-ren aipuak ugariagoak dira Eitzagarate-renak baino. XVIII. mendean, hirugarren aldaera bat agertu zen: Etzegarate.[1]

XIX. mendean, bertatik igarotzen den bidea zabaltzeak mendate horren izena erabiliago eta ezagunago bihurtu zuen, eta aipamen asko daude, ez ordu arte bezala bakarrik Idiazabalgo udal artxiboan, izena prentsan eta liburuetan ere hasi baitzen erabiltzen. XIX. mendean Etzegarate izena baino ez da dokumentatzen. Tamalez, gaztelaniaz idatzitako agiriak direnez, eta gaztelaniaz euskarazko <tz> fonema irudikatzeko ikurrik ez dagoenez, izen hori era batera baino gehiagotara agertzen da idatzita: Ecegarate, Echegarate, Etcegarate, Etsegarate, Ecegarate, Esegarate eta Ezegarate.[1]

Auziaren mamia gaztelaniak euskaraz <tz> idazten dugun soinua era unibokoan adierazteko ezintasunean datza. Dokumentuak gaztelaniaz daudenez gero, eta erdara horretan soinu hori idazteko modu estandarrik ez dagoenez gero, anabasa sortu da izen horren inguruan. Ezaguna denetik, historian zehar, Hego Euskal Herrian, batez ere tc, tz edo ç erabili izan dira (eta, bakanago, s, ts, z eta ch ere bai), erabilera sistematizaturik gabe. Halako batean, XIX. mendean eraiki zen bide berriaren planoetan, Echegarate idazkera hautatu zen, ez dakigu nola eta zergatik, agian izenaren oinarrian etxe zegoelakoan. Geroago, Echegarate ofizial hura Etxegarate bihurtu zen, ch > tx aldatuta. Hala ere, deigarria da 1907an Donostian argitaratutako La Constancia egunkarian Etzegarate azaltzea.[1]

Inguruko euskaldunek (Idiazabal, Zegama eta Ataungoek, gutxieneko kontuan) Etzeaate, Etzeate esaten diote mendateari, nahiz eta izen ofiziala ere, Etxegarate, ezaguna duten. Halakoetan ohikoa denez, gazteen artean Etxegarate gero eta erabiliagoa da, ofizialtasunaren eta hedabideetako erabileraren eraginez.[1]

Aurreko guztia ikusita, Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeak 2014an aho batez onartu zuen Etzegarate dela euskara batuko izena.[1][3]

Euskara: Euskalkien muga[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkera eta Nafarreraren arteko muga adierazten du, Idiazabalgo aldean Goierriko euskara mintzatzen baita eta Altsasuko aldean Burundako euskara.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Euskaltzaindiaren Onomastika batzordea: «Etzegarate izenari buruzko txosten argigarria».
  2. «Etzegarate», Berriaren estilo liburua.
  3. Estilo liburua kontuan argitaratutako mezua, Twitter, 2014-06-03.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]