Burundako euskara

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Burunda, Euskal Herriko mapan

Burundako euskara Nafarroa Garaiko Burunda eskualdean egiten den euskal dialektoa da. Nafarroa Garaiko mendebaleko ertzean dago Burunda, Euskal Herriaren erdigune geografikoan, Gipuzkoa eta Araba ondoan dituela. Kokagune berezi horrek eragin zuzena eduki du hango hizkeran: hiru alderdi horietako ezaugarriak jaso ditu, tarteko hizkera da bete-betean.[1] Zehazki, nafarreraren, mendebaleko euskararen eta gipuzkeraren arteko hizkera da. Arabako euskararen sortaldeko hizkera zenaren antza du.

Kokaguneak azaltzen du, beraz, alderdi askoko eraginak edukitzea, baina badira, hala ere, ezusteko gertakari bi. Alde batetik, gauza zahar asko gorde dira; eta, bere kokagunea ikusita, ez da hori espero, Burunda ez dagoelako leku urrun eta bakarti batean. Alderantziz, Iruñea eta Gasteiz, eta Araba eta Gipuzkoa lotzen dituen bidean dago. Bestalde, berriz, Sakana eskualdean dagoen arren, nabarmena da Burundako azken herritik, Bakaikutik, bere aldamenekora, Etxarri Aranatzera dagoen aldea.[1] Ezaugarri horiek guztiak aintzat hartuta, Burundako euskara sakon aztertu duen Koldo Zuazo euskalariak dioenez, Euskal Herri osoan euskalkiak aztertzen ibili eta gero, Burundakoa da berak ezagutu duen euskal hizkerarik bereziena.[2]

Sei herrik osatzen dute Burunda: mendebaldetik ekialdera, Ziordia, Olatzagutia, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaiku dira. Euskalkiaren egoera ez da ona, Urdiainen baizik ez da zaharrengandik gazteengana igaro. Bakaikun heldu batzuek baizik ez dakite eta gainerako herrietan galduta dago. Guztira 11.000 lagun inguru bizi dira Burundan; horietarik gehienak (7.612) Altsasun.[1]

Fonologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bokalak[1]
  1. /e + a, e, o/ bokalak elkartzen direnean, e > i egiten da: etxea > etxia. Euskal Herri osoko bazter askotan gertatzen da hori, baina Burundan, eta Sakanan oro har, beste inon baino indartsuagoa da: bokal artean izan den kontsonantea galdu ondoren ere gauzatzen da. Hitz hasieran, esate baterako, honelako bilakaerak gertatu dira: edan > ean > yan, egon > eon > yon, erantzi > eantzi > yantzi, erosi/egosi > eosi > yosi... Berdin hitz barruan ere: aberats > abeats > abiats, jatera > jatea > jatia, urtero > urteo > urtio... Gauza bera gertatzen da /o + a, e, o/ elkartzen direnean: o > u egiten da bokal arteko kontsonantea galdu ondoren ere. Horren adibide dira: basora > basoa > basua, denbora > denboa > denbua...
  2. -a + a > -ea > -ia egiten da: anekdotia «anekdota», balbulia «balbula», bronkia «bronka», klabikulia «klabikula»... Mendebaleko euskararen bereizgarri esanguratsu hori Burundan ere bada, beraz. Hango azken herriraino heltzen da; arrotza da Bakaikutik ekialdera. Arau hori betetzen denez, hitz amaieran -e > -a egiten da zenbaitetan: andra «andre», bara «bare», basurda «basurde», bela «bele», lora «lore»... Hori ere mendebaleko gertakaria da (eta ondoko Goierriko gipuzkeran ere gertatzen da).
  3. Ekialdeko euskalkietan bezala, Burundan eta Sakana guztian ohikoak dira goranzko diptongoak: /nes.kjá/ «neska», /bi.djá/ «bidea», /ma.ris.kwék/ «mariskoak»...
  4. -ei- > -ai- egiten da maiz: alaina «ahalegina», laihoa «leihoa», lantaia «lantegia», luziai «luzeegi»... Askotan lehian daude -ai- eta -ei-: axei/axai «azeri», baindo/beindo «baino»...
  5. Sakana osoan bezala, -eu- > -au- egiteko joera dago: yauli «euli», yauri «euri», naurri «neurri», lauke (< leuke) «luke»...
  6. Hitz amaieran -un dago ondorengo lau hitzotan: asun, bi(g)un, lurrun, mun. Euskal Herriko mendebalean gertatzen da gehienbat hori; gainerako alderdietan -uin/-in ageri dira.
  7. Erdialdeko euskalkian —gipuzkeran— bezala, er > ar egiten da zenbait hitzetan: baztar «bazter», ifarnu «infernu», izardi «izerdi», iztar «izter», muskar «musker», uzkar «uzker»...
Kontsonanteak[1]
  1. Asimilazio bustidura eza da gertakaririk esanguratsuena. Inguruko hizkera guztietan indartsua da bustidura; arrotza, aldiz, Burundako sei herrietan. Horren lekuko maila, zaila, laino, oinez... bezalako ahoskerak. Gainera, gaztelaniatik hartutako hitzetan ere saihestu egin dira ll eta ñ: botila, kutxilo, ladrilo, pastila, sila... esaten da.
  2. Erdialdean bezala, euskal hitzen hasieran [x] ahoskera dago Sakana osoan: jaio, jakin, jan, jo...
  3. Zenbait hitzetako -nd- kontsonante multzoa da Burundako bereizgarri. Alde batetik, izan-en adizkietan agertzen da: gindan «ginen», zindan «zinen», zindain «zineten». Bestetik, muga adlatiboko morfema -raindo da (euskara orokorrean, -raino): nuaindo «noraino», etxiaindo «etxeraino»... Beste hitz batzuetan ere gertatzen da; baindo/beindo «baino», esate baterako.
  4. Herskarien sailean ere badira gauza bereziak. Alde batetik, herskari ahostuna dago hitz batzuetan: barre (ez parre), dalo «talo», dolestu/dolostatu «tolestu», gainu «keinu», galte «kalte», gata «kate», girten «kirten»... Beste hauetan, berriz, ahoskabea: kaixa «gerezia», pits «bits»... Nabarmentzekoak dira beste aldaera bi hauek ere: aitatu «aipatu» eta kipula «tipula».
  5. Hitzak elkartzerakoan z ahoskatzen da l, n eta r ondoren, eta ez tz: han zon (ez han tzon) «han zegoen», zer zan (ez zer tzan) «zer zen», hil zan (ez hil tzan) «hil zen».
  6. ez partikula z- batekin hasten den adizkiarekin elkartzerakoan ere z ahoskatzen da, eta ez tz: eza (ez etza) «ez zara», ezan (ez etzan) «ez zen», ezon (ez etzon) «ez zegoen».
  7. -st- kontsonante multzoa dago: beste, bost, heste, ostegun, ostiral esaten dira; ez bertze, bortz gisakoak.
  8. r dago, inoiz d edo ø aldatuta, eta ez l orokorra: bear/biar «belar», irar «ilar», irargi «ilargi», zidar «zilar». Baina, horien ondoan, elur esaten da, eta ez erur.
  9. Nafarrerako jokabidearekin bat etorriz, erdal -ón eta -ión bukaerak -ona eta -iona egokitu dira, Sakana osoan bezala: melona, montona, abiona, akordiona...
Azentuak[1]

Burundako eta Sakanako osoko azentua ahula da. Ez dauka balio bereizgarririk: ez du singularra eta plurala bereizten; ezta hitz bikoteak ere. Ez du azentu markatua daukan hitzik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f   Zuazo, Koldo «Burundako hizkera» Euskalkiak.eus . Noiz kontsultatua: 2018-02-16 . Artikulu honetarako, hainbat zati kopiatu dira argitalpen horretatik, egileak Creative Commons By 4.0 lizentziarekin argitaratu baitu.
  2. Koldo Zuazo (2010): Sakanako euskara: Burundako hizkera, Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindia.