Gipuzkera

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
██ Erdialdeko euskara Mapa honetan, Koldo Zuazoren XXI. mendeko sailkapenari jarraitu zaio.

Gipuzkera, giputz euskara edo erdialdeko euskara euskalki bat da, Gipuzkoako zatirik handienean (lurraldearen sartaldean dauden Debagoienean, Soraluzen eta Eibarren izan ezik) eta Nafarroako ipar-mendebaldean (zehazki esanda, Araitzen, Basaburuan, Larraunen eta Imotzen) hitz egiten dena.

Gipuzkeraren eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkera ez da Gipuzkoa osoan hitz egiten: Deba ibaiaren arroan, Leintz-Gatzagatik Elgoibarreraino, bizkaieraz mintzatzen dira hango euskaldunak. Gipuzkoako gainerako lurretan eta Nafarroako ipar-mendebaldean (zehazki esanda, Araitzen, Basaburuan, Larraunen eta Imotzen), gipuzkera da nagusi.

XVII. mendetik XX. mendearen azkenalderaino, Gipuzkoako ipar-ekialdean —Oiartzun eta Bidaso ibaien arroetan— gehienbat goi-nafarreraz mintzo ziren (XVIII. mendearen hasieratik aurrera, gipuzkeraren eragin handiarekin), baina Beterriko gipuzkera nagusitua da han ere orduz geroztik, bereziki gazteen artean.[1]

Azpieuskalkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo gipuzkerak lau aldaera nagusi ditu. Kontuan hartu behar da toki batzuetan azpieuskalki hauen arteko mugak ez daudela garbi, eta zenbait udalerritako euskara bi azpieuskalkitakoa dela aldi berean:

Berezitasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendean Gipuzkoan mintzatzen ziren hiru euskalkiak, udalerrika:

   Mendebaldeko euskara edo bizkaiera egiten duten udalerriak.

   Erdialdeko euskara edo gipuzkera egiten duten udalerriak.

   Nafarreraz mintzo ziren udalerriak (gaur egun, gipuzkera da nagusi horietan ere).

Ezaugarri fonetiko eta morfologikoak:[2]

  • Bokal alternantziak:[3]
    • a/e: beste euskalkiek izan aditz laguntzailearen orainaldian «a» dute; gipuzkeraz, ordea, «e». Konparazio batera: gara > gera, zara > zera, zarete > zerate.[4]
    • e/i. Adibidez: ageri > agiri, edeki > idigi/idegi/idoki.[4]
  • Hiato markatua, kontsonante bat tartekatuz, iparraldeko gipuzkerako hizkeretan: buruba, ogidda/ogidxa/ogija/ogixa. Hegoaldeko gipuzkeran, burue eta ogie.
  • Bokalak batzea: zaharra > zarra.
  • Palatalizazioa. Euskara batuan aukerakoak diren palatalizazioak, nahitaez egin beharrekoak izaten dira gipuzkeran: aditu > a(d)ittu, egina > e(g)iña, ilargi > illargi.
  • j, gaztelaniaz bezala ahoskatzen da (gizajo hitzean egiten den eran), eta ez euskara batuan eta euskalki gehienetan bezala (jadanik hitzean egiten den eran).
  • h ez da ahoskatzen, mutua da.
  • Ez dira bereizten absolutibo plurala (euskara batuko -ak) eta ergatibo plurala (-ek), denak -ak egiten baitira, azentua gorabehera.
  • Menpeko esaldi guztiak markatzen dira: etorri den gizona nire aita da.

Garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkera euskalki historiko nagusietakoa izan da, eta literatura hizkuntza izan da XVIII. mendetik aurrera. Lapurtera eta goi-nafarrerarekin zerikusi nabarmena dauka, nahiz eta bizkaieraren kutsu bat ere baduen.

Gaur egun gipuzkera, beste euskalkien antzera, eta oro har gipuzkoarrek hitz egiten duten euskara euskara batura ari da aldatzen, hedabideek eta literaturak duten indarragatik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Koldo Zuazo (1997): «Oiartzungo hizkeraren kokagunea», in Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 76. zenbakia, 397-426. orrialdeak.
  2. «Euskalkien egungo sailkapena», Hiru.com webgunean.
  3. Aurreko aipuko web orrian eta beste hainbatetan, hau aipatzen da: a/e (burua > burue). Hala ere, oker nabarmena da, Goierriko gipuzkeraren ezaugarria baita hori, eta ez gipuzkera osoarena.
  4. a b Txillardegi eta beste (1987): Euskal dialektologiaren hastapenak, Udako Euskal Unibertsitatea. ISBN 84-86644-00-3.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]