Nafarrera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
██ Nafarrera

Nafarrera[1] edo nafar euskara gaur egun Nafarroa Garaiko iparraldeko eskualdeetan egiten den euskalkia da. Goi nafarrera edo goi-nafarrera ere deitzen zaio, behe-nafarreratik bereizteko.

Oro har, erdialdeko dialekto bat da, Ipar Euskal Herriko eta Mendebal Euskal Herriko tradizioen artekoa. Bi hizkera mota nagusi bereizten dira dialekto honetan: iparraldeko goi-nafarrera eta hegoaldeko goi-nafarrera. Nafarroa Garaiko euskal hiztun gehienak mintzo dira iparraldeko goi-nafarreraz. Hegoaldeko goi-nafarreraren eremua Nafarroa Garaiko erdialdetik Pirinioetara zabaltzen da. Horixe zen Iruñeko hirian hitz egiten zen berezko euskara mota, eta hiztun gutxi du gaur egun (1.000 lagunetik behera).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldeko goi-nafarreraren lurraldean, eremu handiak hartu zizkion erdarak euskarari XIX. mendean zehar. Hegoaldeko goi-nafarrera izan da XIX. mende arte euskal dialektorik zabalduena eremuz (Lizarra, Tafalla eta Zangozako hirien ateetan zegoen euskararen eta erdararen arteko muga, XVIII. mendean). Hiru molde nagusi bereizi zituen Bonaparte printzeak euskara mota horretan: Iruñerritik ipar-ekialderakoa (Egues, Olaibar, Artzi, Erro, Auritz), Iruñerritik hego-mendebalerakoa (Oltza, Zizur, Gulia) eta Izarbekoa (Gares).

Erdarazko dokumentuetan ageri diren euskarazko toponimo, hitz eta esaldi laburrak alde batera utzita, 1564koa da hegoaldeko goi-nafarreraz ezagutzen den lehen olerkia, Joan Amenduzekoa Iruñeko medikuak egina. 1561ean inprimarazi zuen Antso Elsokoa fraile teatinoak Doctrina Christiana bat euskaraz (goi-nafarreraz, agian) eta gaztelaniaz. 1621. urtean idatzi zuen Juan Beriaingoak, Utergan (Izarbeibar) sortutako apezak Tratado de como se ha de oir misa obra euskaraz (hegoaldeko goi-nafarreraz) eta gaztelaniaz. 1735ean argitaratu zuen Eleizalde apezak Apecendako Doctrina Christiana liburua, eta 1754an idatzi zuen Jose Antonio Mikelestorena lesakar apezak Cerura nai duenak ar dezaquean vide erraza obra.

Goi-nafarreraz idatzi zuten bi apez ageri dira gailen XVIII-XIX. mendeetan, Sebastian Mendiburu (Oiartzun, Gipuzkoa, 1708 - 1782), iparraldeko goi-nafarreraz idatzi zuena, eta Joakin Lizarraga (Elkano, Egues, 1748 - 1835) hegoaldeko goi-nafarreraz idatzi zuena. XIX. mendearen erdialdetik aurrera hasi ziren Nafarroa Garaiko euskal idazleen lanak Euskal Herriko beste aldeetara bizkorrago zabaltzen; eta, oraindaino nafarrerak, Nafarroa Garaiko gorabehera sozio-politikoak zirela medio, euskararen munduan literatura dialekto nagusitzat hartzeko aukerarik izan ez duen arren, euskal dialekto nagusitzat jotzen da egun alderdi askotatik.

Nafar euskararen gaur egungo mapa (Koldo Zuazo, 2015)
Susana Agerre lizarragabengoatar sokatiralaria, Koldo Zuazorekin hizketan, Sakanan egiten den nafar euskararen erakusgarri.

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarreraren hiztunak dituen eremua hau da: Bortziriak, Malerreka eta Sakana eskualdeak; Bertizarana, Goizueta, Beintza-Labaien, Saldias, Ultzama, Lantz, Anue, Atetz, Odieta, Esteribar, Erroibar eta Auritz udalerriak; eta Oronoz-Mugairi herria (Baztan udalerriko mendebaldean; Baztango gainerako herrietan, nafar-lapurteraz mintzo dira).

XX. menderaino, Gipuzkoako ipar-ekialdean ere hitz egiten zen nafarrera. Gaur egun, Beterriko gipuzkerakotzat jotzen da hango euskara, baina oraindik, Errenteria-Irun bitarte horretan, zenbat eta ekialderago, nabarmenagoak dira nafarreraren ezaugarriak (eta, neurri txikiagoan, lapurterarenak ere); zenbat eta mendebalderago, berriz, areago nabari dira gipuzkerarenak. Eremu horretan, XVI. mende arte, lapurteraren eragina izan zen nagusi; XVI. eta XVII. mendeetan, nafarrerak eragin zuen batez ere; XVIII. mendean eta orduz geroztik, ordea, gipuzkeraren eragina izan da nagusi, eta Beterriko gipuzkeraren gero eta ezaugarri gehiago ditu.[2]

« Laburbilduz, Gipuzkoako gainontzeko hizkeretatik hurbilago azaltzen dira gaurregungo Errenteria-Irun bitartekoak. Gipuzkoarekin batzen dituzten ezaugarriak doaz aurreraka eta Nafarroarekin eta Lapurdirekin batzen zituztenak, aldiz, atzeraka. Gorago esan den bezala, bereizgarri giputz guztiak ere hedatuz doaz —edo dagoeneko hedatu dira— bertara.  »
Koldo Zuazo[2]

Azpieuskalkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tarteko hizkerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alde batetik, Baztango herri gehienetan (Oronoz-Mugairi izan ezik) nafar-lapurterara jotzen da; eta Aezkoan, goi-nafarreraren, nafar-lapurteraren eta ekialdeko nafarreraren tartekoa hitz egiten da.

Bestetik, Leitza, Basaburua, Imotz, Larraun, Lekunberri, Ezkurra eta Eratsungo hizkera erdialdeko euskara edo gipuzkerara gerturatzen da.

Burundan, Altsasu, Olazti, Bakaiku eta Urdiainen, erdialdeko euskararen osagaiak dituzte, bai eta mendebaleko euskararenak ere; badirudi mendebaleko euskararen eragin hori Gasteiztik heldu zela, hiri hori izan bide baitzen mendebaleko euskararen sorgune nagusi XII. eta XIII. mendeetan.

Beste euskalki batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdialdeko euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdialdeko euskara edo gipuzkera zabalduta dago Araitz, Betelu eta Areson, eta tarteko hizkera eragin du inguruko beste udalerri batzuetan, arestian aipatu bezala.

Nafar-lapurtera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zugarramurdi, Urdazubi eta Luzaide nafar herrietako berezko hizkera nafar-lapurtera da.

Ekialdeko nafarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenik, sartaldeko ibarretako hizkerak ekialdeko nafarreran sailkatuak dira gaur egun. Galdua den erronkariera eta galtzear den zaraitzuera ditugu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Euskalkia nafarrera da; zehazteko premia denean, (Iparraldeko eta Hegoaldeko) goi nafarrera, (marra aukeran utziz).» Euskaltzaindia, 57. araua.
  2. a b Koldo Zuazo (1997): «Oiartzungo hizkeraren kokagunea», in Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 76. zenbakia, 397-426. orrialdeak.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]