Edukira joan

Euskal Herriko historiaurreko zeramika

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Herriko historiaurreko zeramika Neolitotik Erromatartze garaira arte, gaur egun Euskal Herria den lurraldean egin zen zeramikazko gauzakien multzoa da. Zeramika historiaurreko garaitik egiten den eskulangintzako jardueretariko bat dugu, erregistroan aztarna ugari utzi dituena. Euskal Herriko zeramika Neolitoa iritsi zenean hasi zen, K. a. 3. milurtekoan hasi zen, beste kulturetan pasatu zen bezala eta abeltzaintza eta nekazaritza zabaldu zuten gizakiek eurekin ekarri zuten.[1]

Lehengaia ingurunetako buztina izaten zen, hasieran modu xaloan lantzen zena. Denboran aurrera egin ala, buztingintza teknologia garatu zen eta zeramika objektuak egiteko prozesuak biderkatu ziren, produktu hobeagoak lortzearren.

Dekorazioan hainbat teknika ikusten dira, espresuki apaintzeko edo azala tratatzeko (akabera-teknikak): ebakidurak (inzisioa), eszisioa[oh 1], inpresioa (maskor bidez, azkazalarekin eginda, behatzarekin, edo beste), erliebea (barbotina bidez, pastillajeaz, moldeak erabiliz edo beste), espatulatua (espatula bidez leuntzen bada) edo txartetua (material bigunaren bidez sakonki leuntzen denean, distira ematen diona), eta kromatismoa era agertzen da, nahiz eta, Euskal Herrian, oso pieza gutxitan. Ontziari funtzionalitatea ematen dioten beste elementu batzuk, heldulekuak, kirtenak, mameloiak, kordelak, botoiak eta zuloak.

Aztarnen irakurketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeramika, Mesolito ondorengo garai eta talde kulturalak definitzeko lanabesa da, eta batez ere Neolitoari dagokionean.[2] Dena den, zeramikak ez dira oso ugariak izan Euskal Herriko aztarnategietan, eta gehienetan, zatiak besterik ez dira aurkitu. Bestalde, Atlantikoko isurialdean, testuinguru bioklimatiko ezean, zeramikak erraz hondatzen eta desagertzen dira, lurrean jariatze ur masa handiak daudelako eta lurra bera azidoa delako. Aurkitu ahal izan direnak kobazuloetan eta trikuharrietan aurkitu dira, bertan, lurra ur emariagandik babestuago dagoelako.

Leizeetako eta harpeetako zeramika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Berberetxo maskorrekin egindako dekorazioa kardiala.
Muskuilu baten maskor batekin inprimatutako dekorazioa (berberetxoarena); dekorazio kardiala

Leizeak eta harpeak etxebizitza (Abauntz, Arenaza) zein ehorzketarako edo ehiza egiteko behin behineko babesleku (Aizpea) erabiltzen ziren eta horrek zeramikaren ugaritasuna baldintzatzen du. Haitzuloetan zeramika ontziak hainbat tokitan aurkitu dira, barrualdean, erdialdean eta sarreran. Lehen garaietako zeramika akatsez betea zen (lehengai eta teknika primitiboengatik) eta horrek itxura lakarra ematen dio.

Aurkitu diren Neolito aurreratuan kobak eta harpeak bizileku izateari uzten diote eta giza taldeak lur zabalean finkatzen dira. Haitzuloak askotan hilobi moduan erabiliko dira (Kalkolitoan batez ere),

Trikuharrietako zeramika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian trikuharriak oso ugariak izan ziren eta hilobiratzeak egiteko erabili ziren Neolito aurreratuan, Kalkolitoan eta Brontze Arora arte. Euskal lurraldeetan aurkitu izan direnen gehienak, % 70a, itsas mailatik 700-1.200 metroko altueran kokatuak eta irregularki banatuta daude. Forma eta egiturak orokorrean sinpleak izanagatik badira konplexuagoak ere, irekiak, itxiak, laukizuzenak, poligonalak, soilik kamara dutenak edo korridorearekin... Tamainari dagokionez, zonalde altuetan, jende gutxi bizi den herrixken inguruan kokatuta daudenak, txikiak dira populazio handiagoa duten komunitateekin alderatuz (non 2 metrotako altuera izatera iristen diren). Orokorrean, ganberaren luzera zabaleraren bikoitza izan zitekeen. Megalitoen barruan hileta altxorrak aurkitu dira eta hauen artean zeramikako ontziak.

Lehengaia zikinkeri askoz betetako eta erdizka landutako buztina da eta leizeetako piezetan bezala denborarekin kalitate hobeagokoak erabiliko dira. Ontziak eskuz egiten ziren pastillajez eta aurkitutako lanetan ikusten den bezala tornu antzeko sistema bat erabiliz.

Formari dagokionez, bi garai bereizi behar dira. Lehenengoa, aurrekanpaiforme izenez ezagutzen da, eta arrautza formakoak dira ontziak, irekiak eta oinarri hemisferikoa eta itxia eta oinarri lauak dira ugarienak. Bigarren forma kanpaiarena da, izenak berak esaten duenez kanpai formakoak dutenak. Buztin landuagoa eta dekorazio espezifikoa izaten zuten. K. a. II. milurtekoan hasi ziren, eta ontzigintza aurreratuago bat azaldu zenean desagertu egin ziren.

Neolito garaiko zeramiken apainketa urri eta landugabeak ez du arte historialariaren arreta erakartzen, baina arkeologoarentzat aztarnategiei datazio erlatiboa esleitzeko eta gizarte haien bizimoduak ezagutzeko aztarna preziatuak dira.

Rothenburg Museum - Lerrodun zeramikaren kultura. Honela ikus daiteke, nola erabiltzen ziren heldulekuak, ez eskuaz ontzi heltzeko, baizik eta soken bitartez eskegita gordetzeko.

Erabilitako buztina landugabea izaten zen orokorrean, zikinkeri eta ezpurutasun ugari zituena, nahiz eta batzuetan, eta denborarekin gero eta gehiago, aldez aurretik fintzen ziren buztinak erabili ziren.

Nola "eraikitzen" ziren

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknikari dagokionez, sinpleena zen, buztin bola batean eskua sartu, hutsunea sortu, eta eskuekin forma eman. Pastillajea izeneko teknika ere ohikoa zen: ontziaren paretak buztin zatiak (pastilak) elkartuz egiten ziren[oh 2][3] eta gutxi batzuetan landare zuntzak egindako saskiak molde bezala erabil zitezkeen. Piezaren forma orokorra egiteko beste teknika "bobinatzea" edo "harilkatzea" da: buztinezko kordoi lodi (edo txurro) moduko batzuk erabiltzen dira, behetik gora espiralean biribilkatzen direnak.[4]

Pieza batzuk teknikak nahastuz egin daitezke.[5][6] lehortu ondoren zulo beatean jartzen ziren piezak, egurrez eta belarrez bete eta sutan jartzen ziren. Modu horretan, behin behineko labe horren barruko tenperatura 700ºtara iritsi zitekeen.[7]

Los Cascajosen aurkitutako goporrak.

Tipologiari dagokionez, ontzi gehienak globo edo oboide formakoak eta tamaina askotarikoak dira. Denborarekin eta formak konplexuagoak diren heinean lepoa gehitu zitzaien ontziei, adibidez, Cueva Lobregan, Errioxan, aurkitu zen horrelako bat.

Bardeetan aurkitutako kanpai formako ontzia. Kalkolitoa

Apainketari dagokionez, pieza gehienak leunak dira, apaingarririk gabeak, eta apaindutakoen artean (aurkitu diren zeramikan %2-3 artean barrunbeetan aurkitutako zeramikaren kasuan)[8], inpresioa erabiltzen zuten gehien, baina baita ebakidurak edo errailak. Horiek material ezberdinekin egiten ziren (hezur ziriak, adibidez), buztina oraindik hezea zegoelarik. Inpresioa ere hainbat objekturekin lor zitezkeen, adibidez, azkazalarekin. Mediterraneoan asko zabaldu eta Euskal herrira era iritsi zen inpresio mota bat, dekorazio kardiala izan zen, Cardiumaren (berberetxo arruntaren) maskorrarekin egiten zena.[9][10]

Esgrafiatuak sortzen dira, ontziaren paretan tresna zorrotz batez ebakidurak degien direnean pieza egosita dagoenean. Horrelakoak agertu dira, Los Cascajosen. Ebakidurak eta inpresioak nahasten dituen apaindura teknika berezia bat, Boquique deritzana da. Neolitoan agertzen da eta Brontze Aroan oraindik erabiltzen dute. Espainiako Caceres probintziako Plasencia udalerriko Boquique leizean dokumentatu zen estreinakoz eta horregatik du izen hori. Zeramikazko ore bigunaren gainean, egosi aurretik, trazu ebakiak egiten dira objektu zorrotz batekin. Ondoren, puntzoi baten bidez puntu edo lerro motz bat marrazten da inpresio bidez, puntu eta marra efektua sortuz. Zeramika "josita" dagoela ematen du, eta horregatik, "josteko teknika apaingarri" ere esaten zaio.[11] Euskal Herrian, adibidez, Atxosten (Birgaragoien, Arraia-Maeztu, Araba) aurkitu da apaindura hori.[2]

Soka itxura duen erliebea nahiko ohikoa da Euskal Herriko zeramikan, ontziaren gorputzaren goiko aldean jartzen zen gehienetan, eta ebakiduraz edo inperioaz apaintzen zen, adibidez, Atxosten agertutakoak.[2] Ontzia eskegitzeko erabiltzen zuten sokari eusteko egiten zirela uste da, baina batzuetan finegiak dira eta pentsatzen da, besterik gabe, edergai moduan ere erabili zirela.

Heldulekuak eta kirtenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeramika ontzietan agertzen den beste osagai bat heldulekuak eta kirtenak dira. Heldulekuek txikiak dira eta zuloa dute erdian, seguruenik barrutik soka bat pasatzeko; Zapalak eta horizontalak direnean, "belarri" itxura dute, eta horrela izendatzen dira.

Beste helduleku mota bat mameloia (frantsesez titiburuak esan nahi duena) da, eta bestetik, "belarri" zapalak edo horizontalak daude, zulorik gabe Horrelakoa agertu da, adibidez, Los Husos harpean. Pentsatzen da ontzi asko eskegita gordeko zirela, eta "belarri-kirtenak", erliebean egindako "sokak" eta mameloiak horretarako propio eginak ematen dute, soka azpitik pasatzeko.

Europako Neolitoko beste ontzi mota

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

LBK (Lerrodun zeramikaren kultura) zeramika, Europa Erdialdean nagusia dena, ez da Euskal herrira iristen, nahiz eta kultura horren ontzien formak ez diren hain ezberdinak. Kontuan izana behar da, zeramika kardiala, egungo Frantzia hego-mendebaldean ere zabalduta zegoela.

Neolito Ertaina eta Aurreratua edo "benetako" Neolitoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neolitoak aurrera egin ahala badirudi barrunbeak bizileku gisa erabiltzeari uzten diotela, baina hilobi moduan erabiltzen dituzte, eta beraz, aurkitzen den zeramika hildakoen ostilamendua izaten da. Aire librean sortzen dira asentamenduak, beraz, eta horietakoa da Los Arcoseko Los Cascajosen aurkitutako zeramika lagina. Los Cascajosek aurretik pentsatzen zen ideia asko aldatu ditu. Aztarnategi horren inguruan, baliteke kanpotik etorritako migrazio baten ondorioa izatea.[8]

Azken urteetako hipotesiaren arabera, garai berean bi gizarte mota bizi izan ziren Euskal Herrian. Horietako bat zeramika izango zuen baina ehiza eta bilketarekin jarraitu zuen mendiko inguruneetan, eta bestea, benetako "neolitikoak", beren ekonomia abeltzaintzan eta nekazaritzan erabat oinarritzen zena eta lur zabaletan herri egonkorrak sortu zituen, eta noski, zeramika ugariagoa utzi duena.

Jesún García, Jesús Sesma, Alfondo Alday eta beste ikerlari batzuentzat, hiru dira Neolitoaren osagarri guztiak eman dituzten aztarnategiak Nafarroan: Los Cascajos I (Los Arcos), Patenabidea (Ibero)[12] eta Cortecampo II (Los Arcos)[13]. Aire zabalean dauden bizilekuak dira, aurreko estratigrafia mesolitikorik gabeak, siloak dituztenak, erreketa gune ugari dituztenak, nahiko zabalak izan daitezkeenak, eta beste. Hilobiak gertu dituzte eta gorpuak hobietan sartuta.

Aire zabalean aurkitutako herri neolitikoen artean, Los Cascajos da aberatsena. Bertako dekorazioa duen zeramika piezak (barrunbeetan aurkitutakoaren kontra) ugaria da, %40 ingurukoa.[8] Ekoizpen horren barruan bi horizonte bereizten dira. Lehenengoa, zaharrena, ontzien aniztasun formalak (botila handiak, txikiak, marmitak, katiluak, goporrak, platerak, etab.) eta teknika eta motibo dekoratiboen aldakortasunak (ildaskak, inpresio digitalak, instrumentu eta maskor ez-kardialekoak, boquique, etab.) definitzen dute. Bigarrenean, apaingarriak sinplifikatu egiten dira, bai tekniketan (instrumentuen eta behatzen inprimaketak eta esgrafiatuak), bai motiboetan, eta, aldi berean, tamaina eta profil desberdineko ontziak nagusitzen dira. Ekoizpen osoan zehar ugaria delako, esekidurek (ontziak eskegitzeko osagaiak) garrantzi handia dute; besteak beste, zubi- eta zinta-heldulekuak, tubularrak, bata bestearen gainean jarritako helduleku bikoitzak, mameloi anitz, mihiak, zulaketak eta abar.[14]

Sorginaren Txabolako Ciempozuelos motako kanpai-formako ontzia, Araba. Inzisioa (ebakiak) eta eszisioa tartekatzen ditu.

Neolito amaiera, Kalkolitoa/Eneolitoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran Neolitoko arrautza formako ontziak egiten jarraitzen dute, pareta leunak dituztenak gehienbat, nahiz eta digitazioak (behatzaz egindako markak) ager daitezkeen. Eneolitioan/Kalkolitoan oso zeramika bereizgarria sartzen da, Europa ia osoan zabalduta dagoena: kanpai formako ontziak. Euskal Herrian, beraz, bi etapa bereizten dira: kanpai formakoen aurreko garaia eta kanpai formako ontziduna. Kanpai formako ontziek ez dituzte aurrekoak ordezkatuko baizik eta horiekin batera egingo dituzte. Sokaz inprimatuak, itsas aldekoak eta bi tipoak nahasten dituztenak agertuko dira, eta baita, gehien aurkitu dena: Ciempozuelos motakoa.[15]

Beasainen, Trikuaizti I tumuluan aurkitutako kanpai formako ontzia. itsas aldeko estilokoa.

Neolitoan agertzen dira, hormetan zein oinaldean zulo ugari dituzten ontziak, gaztaren ekoizpenerako, baina Kalkolitoan orokortuko dira.[16] Euskal Herritik gertu topatu dira pieza batzuk: Monte Sabinarren,[17] Sorian, eta Huescan.[18]

Antzinako Brontze Aroan oraindik kanpai formako edalontziak aurki daitezke, baina gero desagertuko dira.

Valentzian aurkitutako ontzi bikiak.

Brontze Aroan haitzuloak eta harpeak hilobiratzeko erabiltzen jarraitzen dute, eta pixkanaka, trikuharriak erabiltzeari utziko diote. 2024an, Tafallan, Brontze Aroko iraupen motzeko herri bat aurkitu zuten: Ceda - La Celada. II. milurtekoa. 2 hektarea inguru ditu eta 130 egitura aurkitu dira bertan: etxeetako zutoinak sartzeko zuloak, siloak, su lekuak, etab. Gainera, Brontze Aroko Nafarroako zeramikazko ontzi multzo osoena aurkitu da bertan. Zeramika horietako asko osorik aurkitu dira, aldi berean utzi ziren eta azkenean zigilatu egin ziren, ziur asko erritu-izaerako egintza bat irudikatzen duena. Zeramikazko 18 pieza osatzen dute multzoa (katiluak, eltzeak, batzuk heldulekuekin apainduta...), kontu handiz jarriak, beste batzuen barruan ahokatzeraino. Jesús Sesma arkeologoak susmatzen du erritual motaren batengatik egin behar izan zela horrela. Pieza bitxienetariko bat, eta ederrena, ontzi biki bat da, elkarri lotutako bi ontzi, praktikoegiak ez diruditenak, eta horregatik, beharbada, erabilera zeremoniala ematen zitzaien eta Brontze Ertainekoak direla uste da. Teknika bereko piezak aurkitu dira Iberiar Penintsulako Ebro ibarra, eta Ekialdean, jatorriz, Levanteko Brontzea kulturakoak direla uste baita eta hortik beste eskualdetara hedatuko ziren.[19][20][21]

Brontze Aroaren hasieratik, iritsiko halaber, Cogotas estiloa, jatorria Iberiar penintsulako ordokian duena.[22][23]

Brontze Aroko zeramika Bibat Museoan.

Brontze Aroan ohikoak dira pareta bertikalak dituen karenadun[oh 3] "eltzeak" (Brontze Aroan karenak oso ohikoak dira); biltegi suilak zuhaitz formak dituzten kordoiekin, gaztanoholak, buztinezko itsaspenak dituzten gandolak, eta beste.[24] Oro har, dekorazio eskasagoa dute. Azken Brontze Aroan eta Lehen Burdin Aroaren artean, tornuaren bidez egindako zeramika sartzen da Nafarroan, baina Bigarren Burdin Aroan izango da ohikoagoa.

Zeramikazko errauts-kutxatila zeltiberiarra. Dekorazio eszisioduna du gorputza eta lepoaren artean. Burdin Aroko errauts kutxa.
Lehen Burdin Aroko Alto de la Cruz aztarnategiko pieza.

K.a. 1000/800 urteen inguruan, Brontze Aro Amaieran eta ondoren, Burdin Aroan, aldaketa sakonak egon ziren. Aurreko hainbat kultura desagertu ziren eta, Burdin Aroa aurreratuta zegoenean, burdinez egindako tresnak eta armak iritsi ziren.

Une horretan aldaki, kalitate zein kantitateak gorantz egin zuten. Apainketak ere konplexuagoak eta ikusgarriagoak ziren. Beti ere lehenagotik egiten ziren ontzi xumeak egiten utzi gabe. Buztina landuagoa erabiltzen zuten, purifikazio prozesu batetik pasatzen zutena. Buztin gehienak ilunak ziren baina kolore argiagoko buztin finak ere erabili ziren. Teknikari dagokionez eskuz zein tornu mantsoarekin egiten zen lan. Egosketa prozesua ere hobetu egin zen tenperatura altuagoak lortzen zituzten labeak erabiltzean, eta bereaz ontzien kalitatea hobetu zen. Ordura arte erabili zituzten formekin jarraitzeaz aparte, berriak ere landu zituzten. Arrautza formakoak ziren nagusienak eta lepodun asko ere egon ziren. Apainketan egin ziren aldaketarik handienak. Ordura arteko apainketa xumeak konplexutasun handiago izan zuten.

Judit López de Heredia Martínez de Sabarte.k befre tesian Euskal Autonomia Erkidegoko zeramika aztertu zuen, eta bi aztarnategi hartu zituen eredu: La Hoya, Araba hegoaldean dagoen herri harresitu handia, Ebro ibarrean, eta Santiagomendi, Urumea erroan, Euskal herri kantauriarreko herri txikia, harrizko harresirik gabea.[25]

Henaioko gazta iragazgailua edo zumitza. Burdin Aroa.

Zeramika zeltiberiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zaragozako museoan dagoen ontzi zeltiberiar pintatua.
La Hoyako kutxatxoak. Eszisioaz egindako dekorazia dute.

Zeltiberiar kulturak bere inguruko herrietan eragin zuen, bai eta Euskal Herrian orduan zeuden gizarteengan ere. Bigarren Burdin Aroan zeltiberiar zeramika penintsulako leku askotara bai eta urrutietara ere iritsi zen.

Adibidez, Araban aurkitutako "kutxa zeltiberiarrak" inportatu bide zirela pentsatzen da baina ezin daiteke esan ez zirela bertan egindakoak. Guardiako La Hoya aztarnategiko bi kutxak K.a. 450 eta 250 artean datatu zituzten. Arte historialariaren begiradatik, haren forma eta profil ugaritasunak bikainak dira; ebaketek, paraleloko moz­keta-zerrenden kontrasteak, puntuek, marrek, singi-sangak eta triangeluek apaintzen dituzte kaxak.

Nafarroako Bigarren Burdin Aroko materialak eman zituzten aztarnategietan, zeltiberiar zeramika ugaria aurkitu da.[26]

Teknikoki, zeltiberiarrek eta iberiarrek ordura arte egiten zituztenak Euskal Herrikoak baino landuagoan ziren. Buztinak nahiko finak ziren eta egosketa ere hobeto egiten zuten. Tornu azkarra erabiltzen zuten eta forma anitz ekoiztu zituzten. Apainketari dagokionez kolorearen erabilera nabarmena da bai motibo geometrikoan zein figuratiboetan (fitomorfo -landare itxuraduna-, zoomorfo -abere itxuraduna- zein antropomorfoak -gizaki itxuradunak-).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Apellaniz, Juan Maria. (1973). «El grupo de Santimamiñe durante la prehistoria con cerámica del País Vasco» Munibe XXV. urtea, 2- 4 zk.: 217 - 277..
  2. a b c (Gaztelaniaz) Alday Ruiz, Alfonso. (2003). «Cerámica neolítica de la región vasco-riojana: base documental y cronológica» Trabajos de Prehistoria 60-1  doi:https://doi.org/10.3989/tp.2003.v60.i1.122. ISSN 1988-3218; ISSN-L: 0082-5638 eISSN: 1988-3218; ISSN-L: 0082-5638..
  3. (Gaztelaniaz) «Glosario terminológico para el estudio de las cerámicas arqueológicas» Revista española de antropología americana, 22: 9-34. ISSN 0556-6533 ISSN 0556-6533..
  4. (Gaztelaniaz) «Taller 'Viaje al pasado: cerámica neolítica'» Cadizkeko unibertsitatea.
  5. (Gaztelaniaz) Hernández, Óscar. (2014-06-24). «La cerámica neolítica: tipología, fabricación y extensión» HISTORIAE (kontsulta data: 2025-09-30).
  6. (Gaztelaniaz) «El estudio de las tradiciones técnicas de los recipientes cerámicos del neolítico en las Minas Prehistóricas de Gavá (Barcelona, España)» MUNIBE Antropologia-Arkeologia (Donostia) 73: 47-64. ISSN 1132-2217 • eISSN 2172-4555 ISSN 1132-2217 • eISSN 2172-4555..
  7. (Frantsesez) «Pots, vases, etc. | INRAP - Magazine» www.inrap.fr (kontsulta data: 2025-10-03).
  8. a b c García Gazolaz, Jesús et alii (2011-01) “Los Cascajos (Los Arcos, Navarra)” Saguntum: Papeles del Laboratorio de Arqueología de Valencia, Nº Extra, 12
  9. Meca, Juan Antonio Pérez. (sábado, 29 de noviembre de 2014). «Arqueocerámica: La cerámica cardial: sobre algunos aspectos técnicos de su decoración.» Arqueocerámica (kontsulta data: 2025-09-30).
  10. (Gaztelaniaz) Hernández, Óscar. (2014-06-24). «La cerámica neolítica: tipología, fabricación y extensión» HISTORIAE (kontsulta data: 2025-09-30).
  11. (Gaztelaniaz) Semap, Luz. (2024-09-20). «Cerámica de Boquique» SEMAP - Servicio Municipal de Arqueología y Patrimonio (kontsulta data: 2025-09-30).
  12. García Gazólaz, Jesús. (1998). «Paternanbidea (Ibero, Navarra): un yacimiento al aire libre de la Prehistoria reciente de Navarra» Cuadernos De Arqueología De La Universidad De Navarra 6: 33-48..
  13. Aguirre, Mikel Ramos. (2007-01-01). «Necrópolis de Cortecampo II y Osaleta (Navarra)» La Tierra te sea leve. Arqueología de la Muerte en Navarra (kontsulta data: 2025-10-05).
  14. García Gazólaz, Jesús; Sesma Sesma, Jesús (2001) Los Cascajos (Los Arcos, Navarra)Intervenciones 1996-1999. Trabajos de arqueología Navarra, 0211-5174, 15. zk., 299-306 or.
  15. Alday Ruiz, Alfonso (1992) “Síntesis sobre la secuencia cultural Neolítico - Edad del Bonce en el País VascoSancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca, ISSN-e: 2445-0782, ISSN: 131-5350, 2. zk., 39. or.
  16. «Quesera de cerámica | Museo Arqueológico y Paleontológico de la Comunidad de Madrid» marpa.madrid (kontsulta data: 2025-09-30).
  17. Mattín Bañón, Asunción. (2005eko martxoa). Pieza del mes. Ciclo 2005, "Ajuar de cocina y ajuar de mesa: La alimentación". Museo Arqueológico Nacional.
  18. (Gaztelaniaz) «Nueva pieza en nuestra Vitrina Destacada: Una quesera de la Edad de Bronce» Museo de Huesca (kontsulta data: 2025-09-30).
  19. (Gaztelaniaz) «Las obras de construcción del TAP sacan a la luz un asentamiento temporal de la Edad de Bronce en Tafalla» Navarra.es (kontsulta data: 2025-10-04).
  20. (Gaztelaniaz) SLU, Herritar Berri. (2025-04-13). «El tesoro oculto del pueblo de bronce» 7K revista dominical (kontsulta data: 2025-10-04).
  21. «Ceda – La Celada aztarnategiaren aurkezpena Tafallan» Ayuntamiento de Tafalla/Tafallako Udala (kontsulta data: 2025-10-04).
  22. Sesma Sesma, Jesús; Bienes Calvo, Juan José; Erce Domínguez, Ande; Faro Carballa, José Antonio; Ramos Aguirre, Mikel. (2018-06-12). «La cerámica de estilo Cogotas I y los ciclos culturales en las postrimerías de la Edad del Bronce en Navarra» Cuadernos de Arqueología 17: 39–83.  doi:10.15581/012.17.27724. ISSN 2387-1814. (kontsulta data: 2025-09-30).
  23. Llanos Ortíz de Landaluze, Armando. (1991). «DOS NUEVOS YACIMIENTOS DEL HORIZONTE COGOTAS I, EN ALAVA. EL DEPOSITO EN HOYO DE «LA PAUL» Y CUEVA DE LOS GOROS» Cuadernos de Sección. Prehistoria - Arqueología, 4. 219-238 or. Donostia : Eusko Ikaskuntza ISSN 0213-3024..
  24. Vicente, Héctor Conget; García-Arilla, Andrés. (2024-01-01). «Los vasos geminados de la Edad del Bronce del Este de la Península Ibérica. Del Vinalopó a las Bardenas Reales» BAR International Series 3167  doi:10.30861/9781407361338. (kontsulta data: 2025-10-08).
  25. López de Heredia Martínez de Sabarte, Judit. (2014). [https://www.vitoria-gasteiz.org.es/LA-CERAMICA-DE-LA-SEGUNDA-EDAD-DEL-HIERRO-EN-EL-PAIS-VASCO-7.htm «Cerámica de la Segunda Edad del Hierro en el País Vasco Alfonso Alday Ruiz eta Manuel García Heras (zuz)»] www.vitoria-gasteiz.org.es (kontsulta data: 2025-10-29).
  26. (Gaztelaniaz) Armendáriz Martija, Javier. (2008). De aldeas a ciudades. El poblamiento durante el primer milenio a.C. en Navarra. (kontsulta data: 2025-10-29).
  1. Dekorazio eszisiodunean, buztinezko ontziaren paretari material zatitxoak kentzen zaizkio, zulo irekiak egin gabe, dekoratzeko, beti ere bukatutako pieza egosi aurretik. dekorazio ebakidunena (inzisioan), aldiz, buru puntadun tresna batekin marrak egin ohi dira. Almagro Gorbea arkeologo espainiarrak zion dekorazio mota honen jatorria, oso antzekoa delako, egurrezko objektuetan egindako apainketan egon zela. Ikusi: https://www.cervantesvirtual.com/obra/la-cermica-excisa-de-la-primera-edad-del-hierro-de-la-pennsula-ibrica-0/
  2. Bestetik, apaingarriak jartzeko teknika bat da pastillajea: buztin zatiak gehitzen ziren ontzien paretei haiek apaintzeko erliebean egindako formak landuz)
  3. Karena profil-lerroaren inflexio-puntu markatua da, Brontze Aroko zeramiken oso bereizgarria. Karena gorputzean egon ohi da. Ikus. Glosario terminológico para el estudio de las cerámicas arqueológicas eta https://tesauros.cultura.gob.es/tesauros/ceramica/1010812.html

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]