Euskaltzaleak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Gregorio Mujika, Pernando Amezketarra lanari esker Hegoaldeko kontagintzan nabarmendu zen idazleetako bat.
Gregorio Mujika, Pernando Amezketarra lanari esker Hegoaldeko ipuingintzan nabarmendu zen idazleetako bat.

Euskaltzaleak euskara, hizkuntzan eta kulturan, folklore hutsetik izaera landuagora eraman nahi zuen erakundea izan zen[1]. Eusko Ikaskuntzaren babesarekin sortu zen 1926an. Taldearen jarduera nagusia jaialdiak antolatzea izan zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taldeak antolaturiko lehen jaialdia Elgoibarren egin zen. Aurrerago Mutrikun edo Arrasaten euskararen inguruko hainbat jaialdi antolatzen hasi ziren. Hor du jatorria taldeak. Handik aurrera, urtero euskararen eguna antolatzen joan ziren, lehendabizikoa Zumarragan. Bertan euskararen idazketa eta literatura tailerrak antolatu ziren eta “Kikiriño” literatur saila sortu zuten. 1929an Andoainen antolatu zen jaialdia. Aipagarria da udaletxearen arkupeetan eginiko liburu-erakustaldia. 1930eko euskararen egunean ia 2000 bazkide ziren Euskaltzaleak taldean. Urte horretan Aitzol aukeratu zuten taldearen zuzendari.

Euskal kulturaren geroz eta arlo gehiago hartzen joan ziren: olerkiak, antzerkiak, eleberria, euskal irakaskuntza, bertsolaritza, etab.

Sorrerako giroa eta ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1927ko irailaren 4an lehenbiziko «Euskeraren Eguna» ospatu zen Arrasaten. Aurreko urteetan Primo de Riveraren gobernuaren lasaitzea aprobetxatuz, Elgoibarren eta Mutrikun egin ziren «euskal jaien» mamitzea baino ez zen euskarari eta euskal ohitura eta kulturari eskainitako egun hori.

Euskaltzaindia eta Nafarroako Euskeraren Adiskideak erakundeez gainera, euskal aldizkari guztietako ordezkariak bildu ziren bertan.

Euskaren aldeko mugimendu soziala aparrean zetorren. Ondorengo urteetan «Haur euskaldunaren eguna» (1929), «Kirikiño saria» (1929), «Homenaje de la mujer al euskera» (1930) antolatuko ditu Eusko Ikaskuntzaren adar legez agertzen zen Euskaltzaleak bazkunak.

Instituzioen inplikazioa –udal eta diputazioena, batez ere– handia izan zen. Euskaraz argitaratutako liburuek gorakada nabarmena izan zuten. Hego Euskal Herrian, Paulo Zamarriparen Zaparradak (1926) eta Gregorio Mujikaren Pernando Amezketarra (1927) Kirikiñok 1918an hasitako Abarrak esanguratsuak ekindako bideari lotu zitzaizkion. Ekialdean, Jean Barbierren Supazter xokoan (1924) ageri da lan nagusi narratibaren munduan.

Nikolas Ormaetxea, Orixe, Euskaltzaleak elkarteak sustaturiko euskal pizkundeko idazle nagusietakoa.

Itzulpengintzak urte oparoak ezagutu zituen. J. Arregik Heine’ren Olerkiak (1927) argitaratzean, euskal itzulpengintzan berebiziko garrantzia izango duten lanei emango zien bidea: Oscar Wilde’ren Ipuñak (J. Altuna, 1927), Grimm Anayen Berrogetamar ume-ipuin (V.A. Larrekoetxea, 1929), Traducción al vascuence de un capítulo del Quijote (A. Irigarai, 1929), eta, batez ere, itzultzailearengatik ezagun egingo den Tormes’ko Itsu-mutila (N. Ormaetxea, 1929).

Olerkigintzan, Emeterio Arreseren Txindor (1928) eta Luis Jauregi Jautarkol kaputxinoaren Biozkadak (1929) ditu euskal irakurleak irakurgai nagusi 1930era bitarterakoan.

Eta hain zuzen ere, Biozkadak gertatuko da ordura arte ezagutu gabeko –eta euskal literatura sustrai-sustraitik aldaraziko duen– mugimenduaren pizgarri.

1930eko San Tomas egunean, Donostiako Parte Zaharreko ostatu batean izen entzutetsuak bildu ziren mahaiaren inguruan.

Bertan ziren, besteak beste, Nikolas Ormaetxea Orixe eta Jose Maria Agirre Xabier Lizardi olerkariak, Labaien antzerkigilea eta Cabanas-Erauskin eta Olasagasti margolariak. Denen buru, Jose Ariztimuño, Aitzol, idazle eta apaiz tolosarra. Bi erabaki nagusi hartu ziren. Lehena, denen indarrak Euskaltzaleak taldean bilduta, olerkigintza bultzatzea. Eta bigarrena, Biozkadak eta haren egilea aitzakiatzat hartuta, lehen euskal «Olerti-Eguna» antolatzea.

1931ko ekainaren lehena aukeratu zen ospakizunerako, eta herria, omenduarena, Errenteria.

Biozkadaken egilearen omenez beraren jaioterrian egindako saioak jendetza handia biltzea lortu zuen. Elizkizunak, olerki-lehiaketan irabazle suertaturikoen irakurketak, bertsolariak, antzezpenak, mitinak eta hitzaldiak izan ziren. Olerki-lehiaketan Estepan Urkiaga Lauaxeta gertatu zen irabazle, «Maitale kutuna» olerkiari esker. Orixe izan zen bigarren.

Errenteriakoaren ondoren, urtero-urtero eta aldiko herri batean egingo diren Eusko Olerti-Egunek Pizkundean izango duten garrantziaren arrazoia Aitzolek poesiaz zuen ustean zegoen. Nazioa komunitate kulturala delako definiziotik abiatuz, poesia da XIX. mendetik Europan sortzen ari diren estatu berriak eta haien herri-hizkuntzak suspertzeko ardura izan duena. Aitzolek hor zuen Abadia eta haren lore-jokoen esperientzia.

Baina urrunago joan nahi, eta Lehen Mundu Gerraren ostean inperio handietatik sortutako estatu berrietan zuen begia. Flandria, Letonia, Ukraina, Polonia, Tirol, Eslovenia, Irlanda, Finlandia, Serbia, Kroazia… Ordura arte ezagutu gabeko publizitatea egin zuen Aitzolek Donostiako El Día egunkarian euskal irakurleak herri horien berri izan zezan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]