Lauaxeta

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Lauaxeta
Lauaxeta 01.png
Bizitza
Izen osoaEstepan Urkiaga Basaras
JaiotzaLaukiz1905eko abuztuaren 3a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaGasteiz1937ko ekainaren 25a (31 urte)
Heriotza moduaheriotza zigorra: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, poeta eta idazlea
Lan nabarmenakBide barrijak
MugimenduaEuskal Pizkundea
Izengoitia(k)Lauaxeta
Genero artistikoaolerkigintza
Zerbitzu militarra
Adar militarraEusko Gudarostea
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaEusko Alderdi Jeltzalea

Literaturaren Zubitegia: 221

Estepan Urkiaga Basaraz (Laukiz, Bizkaia, 1905eko abuztuaren 3a - Gasteiz, Araba, 1937ko ekainaren 25a), Lauaxeta ezizenaz ezagunagoa, euskal idazlea eta kazetaria zen. Haren ezizena "Lau Haizetara", hau da, jaio zen baserriaren izenaren laburtzetik dator.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur zela, Mungiara joan zen bizitzera familiarekin. Durangon, Loiolan eta Oñan egin zituen teologia ikasketak, besteak beste, Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia eta Plazido Mujikarekin batera. Heziketa klasikoa izan zuen, eta literaturako klasikoak euskaratzen aritu zen luzaro. 1928an Jesusen Lagundia utzi eta Bilbora joan zen, han Euzkadi egunkariko euskal ataleko zuzendari izan zen, Orixerekin batera lehenbizi eta bakarrik gero. Han idatzi zituen hitz lauz, euskaraz eta gaztelaniaz, hainbat artikulu. Euzkadin ez ezik, Jesus’en Biotzaren Deya, Jaungoiko-zale, Ekin, Euzkerea eta Yakintza aldizkarietan ere idatzi zuen.

1930ean Errenterian egin zen «Olerkari egunean» saritua izan zen Maitale kuttuna olerkiarengatik. Errepublika garaian hizlari ibili zen EAJren ageriko ekitaldietan. 1936an, gerra hasi eta, gudari talde baten komandante ibili zen.

1937an, Gernika suntsitu ondoren, Le Petit Gironde egunkariko kazetari bati hiri suntsitua erakusten ari zela, atxilotu eta, Gasteizen espetxeratu zuten. Euzko Jaurlaritzako agintariak beste preso baten truke askatzen saiatu baziren ere, 1937ko ekainaren 25ean, 31 urte zituela, frankistek fusilatu zuten, Gasteizko Santa Isabel hilerrian.[1][2]

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1931n, Lauaxetak bere lehen olerki bilduma argitaratu zuen, Bide barrijak izenburupean, eta handik lau urtera, Arrats-beran (1935). Haren olerkigintza garai hartarako berezia da. Xabier Lizardi eta Orixerekin batera, olerkigintza landua ondu zuen, Europako joerei lotuagoa. Talde horri «Olerkarien belaunaldia» deitu zaio. Euskararako aranatar ereduaren jarraitzaile zen, eta bere lanak mendebaldeko euskaran idatzi zituen.

Gaur egun, Lauaxetaren olerkien argitalpen berriak egin dira, liburu haietako olerkiekin eta aurkitu diren beste olerkiekin batera, Aita Onaindiak eta Jon Kortazarrek antolatuak. 1982an, Euzkadi egunkarian agertu ziren Lauaxetaren artikulu bilduma bat argitaratu zen Azalpenak izenburupean. 1990ean antzerkilanek ikusi zuten argia. Jon Kortazar irakasleak haren lanak eta bizitza aztertu eta bi liburu argitaratu ditu: Teoría y práctica poética de Lauaxeta (1986) eta Lauaxeta. Biografía Política (1984).

Estepan Urkiaga Lauaxetaren omenezko eskultura Mungian.
Omenezko monumentua Gasteizen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olerkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipuinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lauaxeta, Urkiaga'tar Estepan. "Illuntzeko ixarra" Euzkerea, 1930.
  • Lauaxeta, Urkiaga'tar Estepan. "Campa de Gustiz Ederra" (erdarara itzulia) Gudari (Bilbo), 1937.
  • Lauaxeta, Urkiaga'tar Estepan. "El fusil del abuelo" (erdarara itzulia) Gudari, 1937.
  • Lauaxeta, Urkiaga'tar Estepan. "Ipuiña dirudin egia" Erein, 1985.
  • Lauaxeta, Urkiaga'tar Estepan. "Iru adizkideak". Erein, 1985.
  • Azalpenak : 1931-1935 / Lauaxeta, Urkiaga'tar Estepan Jon Kortazar (arg.). Labayru Ikastegia, 1982.

Antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lauaxeta sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005ean sortu zuen Lauaxeta Saria Bizkaiko Foru Aldundiak. Bizkaian euskararen sustapen, zabalkunde eta normalizazioan interes ekonomikorik gabeko lana egin duten pertsona edo erakundeei Jendaurreko aitorpena egiteko sortu zen saria.[3] Lauaxeta izena hartu zuen deialdiak Estepan Urkiaga omentzearren.[4]

2012ra arte ohorezko saria izan zen bakarra baina 2012az geroztik beste bi kategoria sortu ziren: poesia saria eta memoria historikoari buruzko ikus-entzunezkoen saria.

2013an poesia saria bi mailatan banatu zen 35 urte azpikoentzat eta 35 urte edo gehiago duten idazleentzakoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lauxetari buruzko monografikoa Bidegileak bilduma, Euskadi.net
  2. Sarasola Guisasola, Julio. [https://ahotsak.eus/eibar/hizlariak/julio-sarasua-guisasola/ «1 "Lauaxeta eta "Gudari" aldizkaria". 2 "Lauaxetaren izaera". 3 "Lauaxeta eta euskara". 4 "Lauaxeta eta erlijioa". 5 "Lauaxetaren atxiloketa eta fusilatzea".»] (audioak) Ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-25).
  3. «Xabier Amuriza, Gontzal Mendibil, Mikel Urdangarin, Zea Mays eta Gatibu, Lauaxeta Ohorezko Sariak» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-12-02 (Noiz kontsultatua: 2021-12-02).
  4. «Lauaxeta Saria - Bizkaia.Eus» www.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-02).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Lauaxeta
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Lauaxeta