Ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik
«Ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik» (antzinako grezieraz: ἓν οἶδα ὅτι οὐδὲν οἶδα, hèn oîda hóti oudèn oîda[1]; latinez: scio me nihil scire[2] edo scio me nescire) uste denez Sokrates filosofoaren esaldia da. Sokrates Grezia klasiko garaiko filosofoa izan zen (K.a.V. mendea), gaur egun mendebaldeko filosofiaren ordezkari nagusietakoa. Esaldi horrek Sokratesen metodoaren lehen pausoa izan behar zuena irudikatzen du: ironia sokratikoa. Egiara heltzeko, gure ezjakintasuna onartzea izan behar da egin beharreko lehenengo urratsa.
Sokratesen filosofia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sokratesek Egia eta Ongiaz eta haien arteko harremanaz hitz egin zuen batez ere.
Haren ustez, Ongia dago, objektiboa da eta denok ezagut dezakegu. Horretarako, ariketa arrazionala egin behar dugu: Egia bilatu behar dugu. Egia norberaren barruan dago eta, beraz, galdera-erantzun arrazionalen bidez, Egiara irits gaitezke. Ongia Egiaren bidez ezagutzen delako ideiari "intelektualismo morala" deritzo.
Sokratesen iritzian, Ongia denok egin nahi dugu, hori baita zoriontasuna lortzeko bidea. Inork ez du ezer gaizki egiten, gaizki dagoela baldin badaki. Arazoa Ongia zer den ezagutzean datza, hau da, zer dagoen ondo eta zer ez ziur jakitean. Hori jakin ezkero, Ongia egingo genuke, seguru. Beraz, Egia ezagutu behar dugu, Ongia egin ahal izateko.
Sokratesen metodoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sokratesek talde eztabaiden bidez irakasten zien ikasleei, hau da, taldean bildu eta solasean aritzen ziren, galderak egin eta erantzuten.
Sokratesen lehen premisa hori zen: ezer ez dakit, ezer ez dakidala baizik. Horren bidez, norbere aurreiritziak eta uste zalantzagarriak ezabatu eta ezagutzarako bidea zabaltzen da. Hori lortzeko, solaskideen baieztapenei buruzko galderak egiten zizkien, eta solaskideen erantzunak zalantzan jartzen zituen, solaskideak erantzunik gabe utzi arte, haien ezjakintasuna onartzen zuten arte. Honi deritzo "ironia sokratikoa".
Ondoren, galdera gehiago egiten zituen, solaskideek barruan zeukaten jakintza pixkanaka ateratzeko. Horri "maieutika" deritzo. "Maieutika" grezieraz 'emagin' esanahia duen hitzetik dator, eta haurrak sabeletik ateratzeko lana adierazten du. Sokratesen ama emagina izanik, beragandik jaso zuen ideia, bere metodo filosofikoan ezartzeko. Horrela, maieutikak norberak barruan daukan Egia ateratzeko laguntza esan nahi du: hain zuzen ere, galdera logikoak egitea, lehenengo iritziak eta usteak ezabatzeko, ondoren erantzunen bidez Egiara iristeko. Egiara iritsiz gero, Ongiaz jokatuko genuke beti, Ongia ezagutuko baikenuke.
Sokratesen prozesu judiziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sokrates Atenasko Justiziak epaitu zuen. "Atzerriko jainkoen sinesmena bultzatzea" eta "gazteria galbidera eramatea" leporatu zitzaizkion. Heriotza-zigorrera kondenatu zuten K.a. 399. urtean.
Bere ikasleen familia aberats askok laguntza eskaini zioten hiritik alde egin zezan, baina berak epaia onartu zuen. Izan ere, berak defendatzen zuen Justiziak objektiboa eta zuzena izan behar duela, nahiz eta haren kontra jarri. Beraz, bere filosofiarekin koherente izatearren, bere burua hil zuen, astaperrexilez egindako edabeaz.
Diotenez, epaiketarako arrazoiak beste batzuk izan ziren: Atenasko demokraziarekin kritiko izatea eta urte batzuk lehenagoko "odoltsuen gobernuan" (gobernu tiranoa) parte hartu zuten batzuen irakasle izatea.
Sokratesen ondorengotza filosofikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sokrates irakaslea zen, baina ez profesionala; hau da, ez zuen diru-truk irakasten, nahi zuelako baizik. Berak ez zuen ezer idatziː dakiguna, Platon eta Aristotelesen idatziei esker dakigu.
Laburki, esan dezakegu Sokratesek gure garaian oraindik ere erreferentziazko filosofoetako bat dela. Bere garaian ere, Platon eta Aristoteles filosofo handien irakasle eta erreferente izan zen, eta horiek ere gaurko filosofian ezinbestekoak dira oraindik. Beraz, bere ideia berritzaile bezain oinarrizkoak zirela eta, ezinbesteko gaien inguruko auzi garrantzitsuak ezarri zituen, oraindik ere eztabaidagai direnak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «All I know is that I know nothing -> Ἓν οἶδα ὅτι οὐδὲν οἶδα, Εν οίδα ότι ουδέν οίδα, ΕΝ ΟΙΔΑ ΟΤΙ ΟΥΔΕΝ ΟΙΔΑ (late — medieval? — attribution to Socrates)» Translatum.gr (kontsulta data: 2019-03-06).
- ↑ «M. Tullius Cicero, Academica, LIBER PRIMUS, section 16» www.perseus.tufts.edu (kontsulta data: 2019-03-06).