Ezkerraberri Fundazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezkerraberri Fundazioa
Datuak
Motaerakundea
Agintea
Legezko formafundazio
Historia
Sorrera2009

Ezkerraberri Fundazioa[1] Aralar alderdi politikoaren fundazio organikoa izan da, hots, alderdiaren pentsamendu politikoaren mendekoa. 2018etik, Aralar 2017ko abenduan desegin eta gero, ibilbide autonomoari ekin dio.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fundazioa 2009an sortu zen ezkerreko ikuspegi abertzale batetik gizartean dauden eztabaida sozio-politikoei ekarpenak egiteko batetik, eta Aralarreko kideak eztabaida ideologikoan eta politikoan ahalduntzeko bestetik. Patxi Zabaleta izendatu zen fundazioaren lehendakari moduan.

Lehen urteetan Aser Lertxundik izan zuen Ezkerraberriren jarduera kudeatzeko ardura, Jon Iñarrituren laguntzarekin. 2012aren hasieratik Inaki Irazabalbeitia da Ezkerraberriren zuzendaria.

2015ean Ezkerraberri Coppieters europar fundazioan afiliatu zen, hiru urte lehenago Aralarrek Europako alderdi abertzaleak biltzen dituen ALE europar alderdi politikoaren parte bihurtzean hasitako bideari jarraituta. 2017an Inaki Irazabalbeitia Coppieterseko Patronatuko kide aukeratu zuten non diruzaina den 2019az geroztik.

2017ko maiatzaren 11an Ezkerraberri fundazioak bat egin zuen Aralarreko beste fundazio organikoarekin, Aralarko Estalpearekin, zeinek alderdiaren egoitzen jabegoa baitzuen. Une berean patronatua berritu zen Patxi Zabaleta lehendakari eta Rebeka Ubera idazkari izendatuz.

2017ko abenduaren 2an eginiko VII. Kongresuan[2] Aralarrek desegitea erabaki zuen, baina Ezkerraberriren lanak jarraituko zuela bermatu zuen fundazioari diru-ekarpen inportante bat eginez. Harez gero, Ezkerraberri fundazio organiko izateari laga zion, autonomoa bihurtuz, baina sortzetiko helburuei eutsiz.

Helburuak eta lan-jardunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerraberrik hainbat gizarte-esparruetan finkatzen du bere jarduera nagusia: sozioekonomia, gizarte-politikak, lurralde-antolaketa, ingurumena eta garapena, genero-politikak, hizkuntza-politika, kultura, hezkuntza, nazio-eraikuntza eta giza eskubideak eta eskubide zibilak

2013an antolatutako hitzaldiaren gonbita-txartela

Helburuen artean honokoak aipatzen dira bere webgunean:

  • Aralarren ildo politiko eta ideologikoa zabaldu.
  • Abertzaletasunaren inguruko hausnarketa eta eztabaida ugaldu.
  • Ezkerraren inguruko hausnarketa eta eztabaida zabaldu eta gizarteratu.
  • Giza eskubideen garrantziaz herritarrak jabetu.
  • Parte hartzean sakondu eta sustatu.
  • Aralarkide zein herritarrak politikoki eta ideologikoki ahaldundu.
  • Beste nazio, herri edo eta lurraldetako giza talde, alderdi politiko, elkarte zein pertsonekin harremanak sendotu, elkar ezagutu, elkar aberastu.
  • Iturri ideologiko izan.

Helburu horiek guztiak betetzeko mahai inguruak, mintegiak, hitzaldiak,  jardunaldiak eta erakusketak antolatzen ditu, txostenak, ponentziak eta monografiak publikatzen ditu eta Aralarren militanteak formatzeko ikastaroak antolatu izan ditu.

Finantzazio-iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerraberriren finantzazio-iturriak bi izan dira nagusiki: Aralarrek eginiko ekarpenak eta erakunde publikoek, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, ordezkaritza parlamentarioa duten alderdi politikoen fundazioak diruz laguntzeko dituzten ohiko laguntza-deialdiak.

Ezkerraberri aldizkaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkerraberri aldizkariaren lehen alea 2011ko abenduan publikatu zen eta bere azalean abertzale eta ezkertiarren aldizkari moduan definitzen zuen bere burua.

Fundazioak izanik ere argitalpenaren ardura, neurri handi batean alderdiaren bozgoragailua izan zen, nahiz eta artikuluaren sinadurei erreparatuta aldizkariaren eduki ideologikoak Aralarren muga politikoak gainditzen zituzten maiz. Ezkerraberri aldizkariak ezker ikuspegien zabaltasuna bere orrialdeetan islatzen kontzienteki saiatu zen.

Ezkerraberri aldizkariaren lehen alearen azala

Lehen aleak hurrengoen patroia ezarri zuen. Gai monografiko bat 8-12 orrialdeetan zehar tratatzen zen ale bakoitzean. Lehen aleak Bake bidean zuen izenburua gatazka armatuaren bukaera ardatz[3]. 2015tik aurrera ale batzuk 12 orrialdeko langa hori gainditu zuten eta 12 orrialdetik gora izan zituztenak ez dira bakanak.

Atzen aleak 2017ko azaroa-abenduko data eta Zibil eta Zabal izenburua ditu. Nagusiki Aralarren VII. Kongresuaren kontakizuna egiten du eta 20 orrialdeko luzera du[4].

Guztira 47 ale publikatu ziren.

Publikazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atal honetan sailkatzen dira: txosten publikoak, liburuak, monografiak eta dokumental bat. Horietako askok fundazioak antolatutako jardunaldien ponentziak biltzen dituzte eta beste erakunde batzuekin elkarlanean burutu dira.

  • 2010: Garaiazabal, Cristina. Ez aboliziorik ezta arautzerik ere. Sexu langileen eskubideengatik.[5]
  • 2015: Garai,  Jesus eta Salame, Nuria. 40 años de la Macha Verde. 40 años de solidaridad con el Sahara. Informe de las jornadas. Iratzar eta Alkartasuna fundazioarekin elkarlanean.[6]
  • 2015: Etxandi, Argitxu. Mugaz Gaindi Europatik Euskal Herrira.[7]
  • 2017: Hainbaten artean. Migrations and cultural and linguistics minorities in Europe.Coppieters fundazioarekin eta EhuGunerekin elkarlanean.[8]
  • 2018: Hainbaten artean. Nola sortu espazio komunikatibo komuna Euskal Herrian.[9]
  • 2018: Hainbaten artean. Stateless nations and media landscapes: Is a national communication agenda possible? Coppieters fundazioarekin elkarlanean.[10]
  • 2018: Hainbaten artean. Familia Politikak Ongizate Estatuan. EhuGunerekin elkarlanean.[11]
  • 2019: Zapirain, Eriz (zuzendaria). Zibil eta Zabala. dokumentala.[12]
  • 2020: Hainbaten artean. Turismoa eraldatuz/ Transforming Tourism. Coppieters fundazioarekin eta Deustuko unibertsitatearekin elkarlanean.[13]
  • 2020: Hainbaten artean. Euskara batua eta tokian tokiko erabilera: korapiloak eta erronkak. Euskaltzaindiarekin elkarlanean.[14]
  • 2020: Hainbaten artean. Ikus-entzunekoen paradigma berria eta hizkuntza ez-hegemonikoak/The New Audiovisual Paradigm and Non-Hegemonic Languages. Coppieters fundazioarekin eta EhuGunerekin elkarlanean.[15]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Ezkerraberri.eus // Ezkerraberri Fundazioa» ezkerraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  2. Berria. «Aralarrek amaitu du ibilbidea alderdi gisa» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  3. «Ezkerraberri.eus // Ezkerraberri Fundazioa» ezkerraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).[Betiko hautsitako esteka]
  4. «Ezkerraberri.eus // Ezkerraberri Fundazioa» ezkerraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  5. «Ezkerraberri.eus // Ezkerraberri Fundazioa» ezkerraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  6. «Ezkerraberri.eus // Ezkerraberri Fundazioa» ezkerraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  7. «Ezkerraberri.eus // Ezkerraberri Fundazioa» ezkerraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  8. (Ingelesez) «Minorities and migrations» Coppieters (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  9. «Ezkerraberri.eus // Ezkerraberri Fundazioa» ezkerraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  10. (Ingelesez) «Stateless nations and media landscapes: Is a national communication agenda possible?» Coppieters (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  11. «Ezkerraberri.eus // Ezkerraberri Fundazioa» ezkerraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  12. «Ezkerraberri.eus // Ezkerraberri Fundazioa» ezkerraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  13. (Ingelesez) «Turismoa eraldatuz: Mundu mailako fenomenoa herri mailako ikuspegitik» Coppieters (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  14. «Ezkerraberri.eus // Ezkerraberri Fundazioa» ezkerraberri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).
  15. (Ingelesez) «Ikus-entzunekoen paradigma berria eta hizkuntza ez-hegemonikoak» Coppieters (Noiz kontsultatua: 2020-11-07).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]