Faltzesko matxinada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Faltzesko matxinada
Falces (vista general).jpg
Egungo Faltzesen ikuspegia
Data 1357ko abuztuaren 7a
Lekua Faltzes
Gudulariak
Karlos II.a Nafarroakoa Faltzesko nekazariak
Galerak
Zenbait zauritu 8 hildako

Faltzesko matxinada 1357an Erriberako herri horretan izandako nekazal-matxinada izan zen.

Matxinada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Erresuman zituen gerra gastuak zirela eta, Karlos II.ak zergak handitu zizkien faltzestarrei 1357an. Herriko nekazarien haserreak gora egin eta ordaintzea errefusatu zuten. Erregeak berria jakitean, Luis infantea bere anaia hara bidaltzea erabaki zuen. Baina herrira ailegatu baino lehen, abuztuaren 7an petxeroek trumilka eraso zuten segizio. Ezustean harrapaturik, infanteak bere bizia arriskuan ikusi eta zaldiz ihes egin behar izan zuen. Erasoan ez zegoen hildakorik baina bai zaurituak[1].

Eraso hartan parte hartu zuten biztanleetako batzuek hegoalderantz, Ebro zeharkatuz Gaztelako Erresumaraino, egin zuten ihes, erregearen mendekuaren beldurrez. Erregearen ofizialek dena den, herriko uzta eta ondasun guztiak hondatu zituzten eta hainbat atxiloketa egin zituzten. Kondenaturiko hemeretzi pertsonetatik zortzik, urkan heriotza-zigorra jaso zuten[2].

Irailaren 27an erregeak barkamena eskaini eta iheslariak jaioterrira itzuli ziren.

Faltzesko orduko egoera ekonomikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuman, nekazari komunitate askok lortu zuten beren petxak aldi baterako beheratu edo barkatzea, XIV. mendearen erdialdeaz geroztik indarrean jarri zen zergak igo egin zuen nekazari komunitateek ordaindu behar zuten nahitaezko tasa kobrantza. Faltzesko nekazariek 1357an egin zuten matxinadari eta geroztik matxinatuei bahitu zitzaizkien ondasunei erreparatuz gero, aise ikusten da izurriaren eta zergaren eraginez zerga presioa igo egin zela. Faltzeseko biztanleei abuztuan bahitu zitzaien uztaren kopurua 4.788 lakari garikoa eta 3.392 lakari garagar eta olokoa izan zen. Ogia egiteko ziren 4.788 lakari laboreei hurrengo urteko uztarako aleei zegokion zatia kendu behar zitzaion lehenik 1etik 4ra edo 1etik 5erako etekinarekin, gutxi gorabehera 1.000 lakari; gero petxa kendu behar zitzaion, 425 lakari alegia, eta, beraz, 3.363 lakari gelditzen ziren. Faltzeseko biztanleen artean 210 ziren petxa ordaintzen zuten suak, 1350eko Diruen Liburuaren arabera, alegia, 700 edo 800 bat biztanle, su bakoitzak 4 biztanle baino gutxiago izango zituela kalkulaturik, kontuan hartu behar baita oso denbora gutxi iragan zela izurria bukatu zenez geroztik. Kalkulatu izan da gizabanako batek 4 lakari eta 2 erregu gari kontsumitzen zuela urtean, beraz Faltzesko 700 edo 800 biztanleei jatekoa emateko 3.150 eta 3.600 lakari gari behar ziren.

Alegia, arestian aipatu ditugun 3.363 lakariekin, faltzestarrek, beren buruen hornidura bermatu ondoren, ez zuten gari soberakinik.

Gainera, kontuan hartu beharra dago izurriaren aurretik Faltzesen 552 su zeudela, 1330eko Diru Liburuaren arabera, 1350ean, berriz, 210 zirelarik, eta, beraz, familia bakoitzaren zerga tasa bikoiztu egin zen izurritea eta gero. 1355etik aurrera, zerga laguntzak indarrean jarri zirenean, Faltzesko nekazariek 250 liberatik gora ordaindu behar zituzten, 400 lakari garik balio zuena, alegia. Aleei eta petxari zegokiona kendu ondoren biztanleen hornidura bermatzeko gelditzen ziren 3.363 lakarietatik 400 lakari horiek kenduz gero, argi ikusten da gariaren oreka hautsita zegoela. Hamar urtetan bortxazko tasa kobrantza bi aldiz asko igo ondoren, ez da harritzekoa Faltzesko biztanleak azkenean matxinatu izana. Hori guztia, esan beharra dago, XIV. mende erdi aldean gertatu zen, bai-urteetan, uzta txarrik gabeko aldian, alegia, mende hartako lehenengo berrogeita hamar urteetan izan zen krisi latzaren ondoren. Dudarik gabe, egoera askoz okerragoa izango zen ezurteetan eta goseteetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Auñamendi Eusko Entziklopedia .
  2.   Idoate, Florencio (1979) Rincones de la historia de Navarra 1 Aramburu 216-2191. orrialdea ISBN 9788485000043 .