Fjäderholmarna

Koordenatuak: 59°19′50″N 18°10′30″E / 59.3306°N 18.175°E / 59.3306; 18.175
Wikipedia, Entziklopedia askea
Fjäderholmarna
MotaUhartedi
Geografia
Map
Koordenatuak59°19′50″N 18°10′30″E / 59.3306°N 18.175°E / 59.3306; 18.175
Honen parte daStockholmgo uhartedia
Estatu burujabe Suedia
Suediaren banaketa administratiboaStockholmgo konderria
Suediako udalerriaLidingö udalerria
Stora Fjäderholmen uhartea lehen planoan; atzean Libertas eta Rövarns uhartetxoak; ezker aldean Ängsholmen.

Fjäderholmarna (Suedia) Lidingö udalerriko artxipelago bat da, Stockholmeko Djurgården barrutitik kilometro eskasera dagoena, 1995etik natura Parke Nazionalaren parte dena. [1] .

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fjäderholmarna Saltsjön eta Lilla Värtan badien artean dago. Lau uhartek osatzen dute: Stora Fjäderholmen, Ängsholmen, Libertas eta Rövarns. Nybrokajen, Slussen, Ropsten eta Nacka Strand-etik itsasontziz irits daiteke bertara.

Libertas-eko ipar-mendebaldetik ekialdera dagoen barran uraren sakonera txikia da, eta horrek uharteen iparraldetik ontzi handiagoen pausua eragozten du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fjäderholmarnako ostatua Henrik Reuterdahl-ek 1889an egindako margolan batean. Ostatu hau Stora Fjäderholmen-eko hegoaldeko badian zegoen.

Fjäderholmarna artxipelagoa 1381ean aipatzen da lehen aldiz idatziz, 1376-1381 aldian Bo Johnsson-ek "wæstra Fyertholman"en [2] zati bat erosi zuenean. Uharteek nekazaritzarako balio gutxi zuten, baina Lilla Värtan inguruan arrantzarako eta itsas hegaztiak ehizatzeko garrantzi handikoak izan zitezkeen. 1430 inguruan, Banér familiak hartu zituen, jabetza 1775 ingurura arte mantenduko zuena.

1699 urtean, Stora Fjäderholmengatik idatzi zen "ez zegoela bertan basorik, egurrik edo beste ezer, ezta behi bat elikatzeko adinako larrerik ere".

1740ko hamarkadan Fjäderholmarnan taberna bat ezarri zen. Ostatu hau Stockholmerako bela-bideetan zehar kokatutako azkena zen, eta marinelek maiz erabiltzen zuten. Eraikinak Stora Fjäderholmen hegoaldeko aldean zeuden bakarrik; gainontzekoa baratzeak zirelarik.[3] [4]

1849an, Stockholm hiriak Fjäderholmarna erosi zuen letrina-biltegi bezala erabiltzeko; Ängsholmenen instalatu ziren. Halere, uharteetatik igarotzen ziren lurrunontziko bidaiariak eta Lidingöko jendea kiratsagatik kexatu ziren eta, 1880ko hamarkadan amaitu zen letrinen erabilpen hori. Lidingöko 1862ko erroldaren arabera, 30 pertsona bizi ziren Fjäderholmarnan; gehienak seguruenik Stora Fjäderholmenen. Horien artean enkoadernatzaile bat, arotz bat, bidaiari bat eta lau langile.

XIX. mendearen azken zatian, Stora Fjäderholmen hegoaldeko lurmuturrean, talaia-dorre bat zegoen; geroago jatetxe bihurtu zen. 1918an Itsas Armadak artxipelago osoan munizioa muntatzeko eta biltegiratzeko instalazio bat eraiki zuen. Ordutik aurrera artxipelagoan lehorreratzeko debekua egon zen, harik eta 1976 urtean armada artxipelagotik irten zen arte.

1870eko hamarkadan Fjäderholmarnan brännvinskriget ("brandyaren gerra") delakoaren pasarte ezagun bat gertatu zen: Stockholmen ezarritako likoreen monopolioa zela eta, hiriko likoreen konpainiak baino ezin zuen edaririk saldu. Horren eraginez, L.O. Smith ekoizleak likorea Fjäderholmarnan saltzeari ekin zion, hiriaren mugez kanpo baitzegoen. Erosleei doako garraioa ematen zitzaien, eta Stockholmeko portutik bi bapore ateratzen ziren orduoro.

1982an, Fjäderholmarnaren administrazioa Djurgårdenen gain geratu zen. Eraberritze lan handien ondoren, Stora Fjäderholmen jatetxea, kafetegia, artisau tailer bat, museoa, portua eta beste azpiegiturak ireki ziren.

Toponimia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendeetan zehar, artxipelagoaren izena hainbat aldiz aldatu da. 1661ean artxipelagoari Fierholmarna [5] deitu zioten, 1750eko hamarkadan Fiederholmen [6] eta 1800eko hamarkadaren hasieran Fjärholmarna edo Fjäderholmarne . Izenaren jatorria gardena da eta ziurrenik XIV. mendetik dator, Fjärdholmarna hitzetik: fjärd ("badia") eta holmarna ("uharteak"), "badiako uharteak" alegia. Gero fjäder hitzarekin nahastuta "lumen uharteak" bihurtuz (fjäder = "luma"); honen kontura, uharteen izena bertan ehizatzen ziren hegaztiekin zerikusia izan dezakeela ere aipatu da.

Lilla Fjäderholmen ("Fjäderholmen Txikia"), edo Ängsholmen
Libertas uhartea.
Rövarns uhartea. Ezkerrean Libertas eta atzealdean Lidingöko zubia .

Fjäderholmarna artxipelagoko uharte indibidualen izenen inguruan nolabaiteko nahasmena dago. 1750eko mapa batean ikus daiteke, jatorriz, Ängsholmen bi uharte zirela; XIX. mendearen amaieran egin zuten bat, mugimendu tektonikoen eta uharteen artean isuritako masa betegarrien eraginez. 1850 inguruko Lidingöko mapa ekonomiko batean[3] honako izen nagusiak eta ordezko izen hauek adierazten dira:

  • Ängsholmen bi uhartetan banatzen da: ekialdeko aldea Irland edo Lillholmen ("Irlanda" edo "uharte txikia") deitzen da, eta mendebaldekoa Skottland edo Storholmen ("Eskozia" edo "uharte handia").
  • Libertas uharteari Gröna Jägaren ("Ehiztari Berdea") ere deitzen zitzaion.
  • Rövarns ("Lapurrarena") ez dago marraztuta.
  • Stora Fjäderholmen, England izenekoa ("Ingalaterra").

1811n, artxipelago osoari Lilla Britanien ("Britainia Txikia") ere deitzen zitzaion.

Libertas uhartean (" Askatasuna"), Libertus antzinako itsasargia dago, garai batean azetileno teknologian oinarritutako Dalén itsasargien jatorrizko ekipamenduarekin.

Rövarn uhartea ("Lapurrarena"), Fjäderholmarnatik txikiena da. Izena Josef Forsbergengatik darama (1870–1944), “lapurra” ezizena zuena eta XX. mende hasieran etxola batean 30 urtez bizi izan zena.

Fjäderholmarna gaur[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stora Fjäderholmen-en gaur egun artisauak, museoko jarduerak eta skärgårdsfartyg ontzi zaharren erakusketa bat dago. Antzinako instalakuntza militarretan Mackmyra whisky suediarraren fabrikak biltegi bat du. Udan, Fjäderholmarna turistek eta estokolmoarrek txangoak egiteko leku oso bisitatua da.

Hegaztiak babesteko gunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Libertas eta Rövarn uharteak hegaztiak babesteko eremua dira , ugaltze garaian lurreratzea debekatuta dagoelarik.

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]