Forges de l'Adour

Wikipedia, Entziklopedia askea
Forges de l'Adour
Datuak
Mota negozioa eta galdategia
Herrialdea Frantzia
Agintea
Egoitza nagusi
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera 1881
Desagerpena 1965

Forges de l'Adour Bokale eta Tarnoseko lurretan kokaturiko labe garaiak izan ziren (Landak), Aturriren eskuin ertzean eta Baionatik hurbil. 1883an hasi zen lanean izen hori harturik, burdinbidea errailez hornitu zuen neurri handi batean, eta 1965ean itxi zen. Ipar Euskal Herriko eta Landetako industrializazioaren erakusgarri handiena izan zen.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1881ean, Claudius Magnin-ek, Compagnie des Hauts Fourneaux, Forges et Aciéries de la Marine et des Chemins de Fer-eko zuzendariak, 400 m2 baso erosi zituen Bokale eta Tarnosen siderurgiako instalazioak eraikitzeko eta, 1883an, lehenengo labea jarri zen abian galdaketa, errailak, altzairu ijeztuak eta erregaiak produzitzeko. Tokia hautatu zen itsasorako bidearen hurbiltasunagatik, burdinbidearen loturagatik eta bertatik Asturiaseko zein Bilboko mea eskuratzeko zuen erraztasunagatik. Era berean, Ingalaterrako portuekin transakzioak egiteko kokapena oso egokia zen. Ezin bestekoa izan zuen Paris-Baiona burdinbide linea;[1] izan ere, sorrera urtean bertan, Forges de l'Adour bihurtu zen Midiko Konpainiaren errail hornitzailea.[2]

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Forges de l'Adour 1910 aldera

Burdinolaren garapenari esker, Baionaren bokaleko portua ere sendotu egin zen, Bizkaitik egindako mea inportazioei eta, gero, Britania Handira egiten ziren esportazioei esker. 1914tik 1928ra, burdinolak 1.800 langile baliatu zituen.[3] Bere langileak, enplegatuak, ingeniariak eta abar, Landetatik, Ipar Euskal Herritik, Saint-Chamondik, Moyeuvretik eta Homécourtetik zetozen. Zementua eta burdinbide-trabesak landu zituzten, 1880ko hamarkada hasieratik.[3] Frantzia osoan, ospe eta itzal handia hartu zuen fabrikak, eta hainbeste, non 1891ean Sadi Carnot Errepublikako presidenteak tokia bisitatu baitzuen. Forges de l'Adour-ek 700.000tik 1.300.000 tonara sartu-irteten zituen Aturriko portutik urte horietan.

I. Mundu Gerran, jo eta su aritu zen Frantziako armadarako produkzioan eta, horregatik, alemaniar urpeko ontzi baten erasoa ere pairatu zuen. Burdinola 1920ko hamarkada arte izan zen bere sektoreko buruan Frantzian.[1] Aldiz, mundu gerren arteko aldiak burdingintzako merkatuaren beheraldia ekarri zuen, eta lehiakide gogorrek irteera berriak bilatzera behartu zuten konpainia. Ondorioz, urtez urte, konpainiak behera egin zuen urteen joanean, defizitario bihurtu arte. Itxi aurretik, kazetariek «burdingintzako anakronismo» deitu zioten eta, gutxira, 1965eko uztailaren 5ean, labe garaiak itxi egin ziren betiko.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Les Forges de l'Adour. Noiz kontsultatua: 2017-10-18.
  2. Moreau, R. (Gilbert. D.) 1987, 213
  3. a b Watson, C. 2003, 123-124. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Desport, Gilbert. (1987). «Les expropiations ferroviaires de la ligne Bayonne-Hendaye (1861-1863)» Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne (Bayonne: Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne) 143 (Le chemin de fer à Bayonne; eta dans le Sud-Ouest).

  • Watson, Cameron. (2003). Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present. University of Nevada, Center for Basque Studies ISBN 1-877802-16-6..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]