Francisco Cabarrús

Wikipedia, Entziklopedia askea
Francisco Cabarrús

Francisco Cabarrús (Baiona, 1752ko urriaren 15a - Sevilla, 1810eko apirilaren 27a) euskal jatorriko Espainiako ministroa eta finantza-gizona izan zen. Karlos III.aren erreforma-politikan esku hartu zuen, eta San Carlos Bankua sortu zuen (1782). Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiako akzioduna eta zuzendaritza-batzordeko kidea izan zen.

Gipuzkoar Konpainia hura deuseztatu eta Asiarekiko merkataritzan arituko zen beste konpainia bat sortzea proposatu zuen, 1784an, San Carlos Bankuko konpainiaren gordailuak baliatuz. Handik urte betera, hogeita bost urtez Asiarekiko merkataritzaren monopolioa izan zuen Filipinetako Konpainia bilakatu zen.

1789. urtean konde titulua eskuratu zuen. Ideia entziklopedisten aldekoa zen. Bere etsaiek Inkisizioaren aurrean salatu zuten, eta bi urtez egon zen kartzelan (1790-1792), Godoyk askatu zuen arte. 1797. urtean, Espainiaren ordezkari ahaldun izendatu zuten Europako bake-bilkuretan. 1798. urtean, Finantza Batzordeko buru izendatu zuten, eta, Espainiako ekonomiaren krisia gainditzearren, eliz ondasunen desamortizazio-prozesua bizkortu zuen.

1800. urtean, berriz, gortetik urrundu zuten, beste frantseszale asko bezala. 1808an, Fernando VII.ak politikan aritzeko baimena eman zion. Handik hilabete gutxira, Josef Bonaparteren gobernuko Finantzako idazkaria izan zen.

Teresa Cabarrúsen aita da.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francisco Cabarrús Aldatu lotura Wikidatan