Caracasko Gipuzkoar Konpainia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gipuzkoar Konpainiaren eraikina La Guaira udalerrian, Vargas estatua (Venezuela).

Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia, Caracasko Gipuzkoar Konpainia edo Gipuzkoar Konpainia (gaztelaniaz sortua, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas edo Compañía Guipuzcoana izenarekin zen ezaguna bere garaian) Venezuelarekiko merkataritzaren monopolioa izan zuen gipuzkoar merkataritza-konpainia bat izan zen 1728tik 1785ra. Bertako ekaiak Ameriketara eramateaz gain eta kakaoa eta kolonietako beste gai batzuk ekartzeaz gain, esklaboen salerosketan jardun zuen Gipuzkoako konpainiak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesek eta holandarrek ontzigintzan izan zuten hegemoniaren aurrean 1728ko irailaren 25an Filipe V.a Espainiakoak emandako errege zedula baten ondorioz sortu zen. Koroak, merkataritzan aritzeko baimena ez ezik, kortso zeritzan agiria ere eman zion Caracasko Gipuzkoar Konpainiari; hots, gobernuaren babesean kortsario gisa erasoaldiak egiteko baimena eman zion, horixe baitzen kortso agiri hura.[1]

Venezuelako kakaoa inportatzeko eta etsaiek zigorrik gabe Amerikako kontinente osoan zehar egiten zuten kontrabandoa eteteko sortu zuten konpainia Gipuzkoako handikiek, Frantzisko Xabier Munibe Peñafloridako kondea buru zutela. Donostiako merkatariak akzioen bidez Venezuelarekiko trafikoan ari zitezen. Gisa honetako lehen erakundea izan zen Espainiako estatuan. Gipuzkoako Batzar Nagusien onarpena eta laguntza jaso zituen erakundea sortzeko erabakiak.

Gipuzkoako konpainiari eman zitzaion Venezuela, Cumaria, Trinidad, Guaiana eta Margaritarako trafikoaren monopolioa (kakaoa, kontrabandoaren aurkako aginpide bereziak eta legez harrapaturiko ontzietako guztia gordetzeko ahalmena), baita eskubidea ere Venezuelaren eta Pasaiaren arteko joan-etorria zuzenean egin ahal izateko (joatean Cadiztik igaro gabe, hain zuzen). Hasieran, ez zuten akzio askorik saldu (akziodun nagusietakoa erregea bera izan zen), baina izandako mozkinek eta ondoren eginiko inbertsioek guztiz elkarte ahaltsua bihurtu zuten. Konpainia Venezuelako ekonomiaren eragile bihurtu zen, batik bat kakaoan oinarrituta.

Gipuzkoak eta, batez ere, Donostiak, urte oparoak izan zituzten: bertako burdingintza eta armagintza suspertu ziren, Donostia merkataritza leku garrantzitsu bihurtu zen, eta Pasaia lehen mailako portu. XVIII. mendearen erdialdean hasi zen Gipuzkoako konpainiaren gainbehera: Venezuelako kakao egileen haserreak (monopolioak kakaoa merke saltzera behartzen zituen), ingelesen erasoek eta Europako merkatari enpresa handien lehiak ekarri zuten egoera hori.

Konpainiaren merkataritza-jarduera gizarte kreolak eskatzen zituen kontsumo-ondasunen bitartekari izatera mugatzen zen, oihalak, liburuak, irina, ardoa eta patarra, alegia. Eta itzultzean ondasun horien ordez kakaoa eta beste produktu kolonial batzuek, esaterako tabakoak eta anilak osatzen zuten ontziratzen zen karga. Horrez gain, Konpainiak esklaboen salerosketan jardun zuen.

Amerikan, Kariben, lehorreko eta itsasoko egoera ez zen batere segurua, beraz konpainiaren ontziak atzerriko kortsarioei aurre egin beharrean izaten zuten itsasontziak 50 kanoi-ahoek osatutako artilleriarekin. Hala eta guztiz ere, Konpainiako ontzietako batzuk atzitu egin zituzten, adibidez Nuestra Señora de la Asunción ontzia. Ontzi honek HSM Prince William izenez bataiatu zuten berriro 1780. urtean.84 bat egun behar ziren gutxi gorabehera Pasaiako portura iristeko. Ibilbide normalizatuak egon arren, meteorologia eta gudak eraginda sarritan aldatu behar izaten zuten norabidea. Beste faktore garratzitsua zegoen medio, irabazi handiak ematen zituena: kontrabandoa.

Negozio biribila zen, San Miguel eta Santiago ontziko itsasgizon batek hilero 8 pisu irabazten bazuen eta 5 anega kakao bazeraman, Caracasen guztira 80 pisu kostatu zitzaiona alegia, penintsulan bakoitza 55 pisutan saldu ahal izango balu, 275 pisu jasoko zituen. Horrela 195 pisuko irabazia izango zuen, hau da 2 urtetik gorako soldata. Pasaiako portuan izaten zen konpainiak burutzen zuen merkataritza jarduera nagusia. Jardueraren inguruan sortutako azpiegitura anitza zen eta jende askori eman zion lana.

1730ean irten ziren Konpainiaren lehen ontziak (San Ignacio, San Joaquín, Guipuzcoana eta Santa Rosa izenekoak) Pasaiatik. 30 ontzitik gorako flota bat izan zuen eta ontzirik handiena San Jose izenekoa zen, 778 tonakoa. Garai hartakoak dira ondoko esaldiak: "hirian ez dago inor, kasu bakanen batean izan ezik, bere [konpainiaren] mende ez dagoenik".

1751ean Gipuzkoako konpainia Madrila aldatu zen, eta ordu arteko hiruko euskal zuzendaritza batzordean espainiar bat egotea agindu zuen Erregeak.

1765ean Caracasko Gipuzkoar Koanpainiak babestu zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sorrera.

1778an handitu zen batez ere Konpainiako hondamena Gobernuak merkataritza librea aldarrikatu zuenean. 1778an Amerikarekin merkataritza librea aldarrikatzeko hartutako errege-erabakiak eta 1780-1783 urtetan Españaren eta Ingalaterraren artean izandako gudak eraginda. 1782an eta 1783an, Konpainiak Herbehereetako ikurrarekin egin zituen bidaiak.[1] 1785ean, Filipinetako Konpainia bilakatu zen.

1785ean zorrek Konpainia ito egingo dute eta zegozkion aktiboak Filipinaseko Erret Konpainiak xurgatu zituen, urte horretan desagertuz Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia.

Konpainiaren izena eta izana gogoratzen duen kalea dago Donostiako Amara[2] auzoan, 1962ko maitzaren 21tean onetsitako udalbatzan. Enpresaren jarduerek zuzeneko eragina zuten hiriaren merkataritza-bizitzan, sozialean eta erlijiosoan eta Koruko Andre Maria zuen zaindari eta akziodun. Horrela, konpainiak Santa Maria eliza bere kontura berreraiki zuen XVIII. mendearen erdialdean. Basilika barruan Konpainiaren ezkutua dagoelarik.

Konpainiari buruzko fikziozko liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Amezaga Iribarren, Arantzazu. Rebelión contra La Guipuzcoana. Donostia: Ttarttalo, 2003.
  • Castellano, Rafael. Gabai : gure herriaren historia 6. Bilbao: Lur, 1990.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Aizpurua Aguirre, Ramón. El corso de la Compañía Guipuzcoana: los casos de la lancha San Fernando y de la balandra Nuestra Señora de Aránzazu. Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 5. zkia. Itsasoko gerra, kortsarioak eta itsaslapurrak. Donostia: Untzi Museoa-Museo Naval, 2006
  • Amezaga y Aresti, Vicente. Hombres de la Compañía Guipuzcoana. Capítulo II: El Director principal: José de Iturriaga. Caracas: 1963 (cit. en GRASES, 1968, tomo I, 91).
  • Astigarraga, Jesús. Sociedades económicas y comercio privilegiado. La Sociedad Bascongada, la Compañía de Caracas y la vertiente marítima de la ilustración vasca. Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 6. zkia. Itsas eta ibai ondarea. Donostia: Untzi Museoa-Museo Naval, 2009
  • Baglio, Assunta. La Guaira, puerto Comercial de la Colonia. Infometro, XVIII(150): 17-19, 1996.
  • Basterra, Ramón de. Una empresa del siglo XVIII. Los Navíos de la Ilustración. Caracas: Imprenta Bolívar, 1925. (Reedición en Cultura Hispánica, Madrid, 1970).
  • Ramos Pérez, Demetrio. El Tratado de límites de 1750 y la expedición de Iturriaga al Orinoco. Madrid: Consejo Superior de Investigaciones Científicas; Instituto Juan Sebastián Elcano de Geografía. Madrid, 1946. .l.
  • Díaz-Trechuelo, Lourdes. La Real Compañía de Filipinas en Guipúzcoa, San Sebastian, ciudad marítima. Donostia: Untzi Museoa (Gipuzkoako Foru Aldundia), 2008
  • Vivas Pineda, Gerardo.Botín a bordo. Enriquecimiento ilícito del corso guipuzcoano de Venezuela durante el siglo XVIII. Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 5. zkia. Itsasoko gerra, kortsarioak eta itsaslapurrak. Donostia: Untzi Museoa-Museo Naval, 2006

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]