Frantziako Erresuma
Frantziako Erresuma Royaume de France | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
987 – 1791 | |||||||
Oinordekotzako monarkia | |||||||
| |||||||
Erresuma 1477an | |||||||
Geografia | |||||||
Hiriburua | Paris | ||||||
Kultura | |||||||
Hizkuntza(k) | Latina, frantsesa | ||||||
Erlijioa | Kristau Katoliko Erromatarra | ||||||
Historia | |||||||
Sorrera | 987 | ||||||
Desagerpena Iraultzan | 1791 | ||||||
|
Frantziako Erresuma Erdi Aroan egungo Frantziaren inguruan sortutako estatua izan zen, Antzinako Erregimenaren garaian, errepublikak indarra hartu aurretik.
Frankoen erresuma bereizi ondoren, Hugues Capet tronura igo zenean mendebaldeko Frantzia betiko geratu zen bereizita Germaniako Erromatar Inperio Santua eratu zuen ekialdeko Frantziatik. Emeki emeki frankoen erresuma Frantziako Erresuma bilakatu zen. Lehen aldiz, 1204an, Frantzia hitza erabili zen frantziarren erregearen menpeko lurrak adierazteko.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kapetar leinua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hugues Capetek agintearen makila hartzearekin, Mendebaldeko Frantziak behin betiko bereizi zen Inperiotik. Erregearen menpeko lurrak handitu ziren, baina haren ondorengoek ezi zioten eutsi tokian tokiko nobleziaren diziplinarik ezari. Hortaz, Frantziako erregeek ez zuten eginkizun handirik bete hurrengo urteetako pasarte garrantzitsuenetan, hala nola Ingalaterrako konkistan edo Lehenengo Gurutzadan.
Louis VI.aren agintaldian hasi zen berriro sendotzen erregearen boterea. Louis VII.ak, Akitaniako Leonorrekin ezkontzean, lotura berriak sortu zituen hegoaldearekin. Haren semeak, Philippe II.ak, Ingalaterrako erregearen Angevinar Inperioari eraso zion eta, Bouvinesko guduan garaile aterata, Frantziako erregeen mendean zenbait lurralde jarri zituen: Normandia, Maine, Anjou eta Touraine. Estatua zentralizatzen hasi zen, hiritarren eta noblezia txikiaren laguntzarekin, noblezia handiaren kalterako. Louis IX.ak (San Luis) amaiera eman zion Ingalaterrarekiko gatazkari (Parisko hitzarmena, 1259) eta nazioarteko gatazken epaile bilakatu zen Frantziako monarka.
Philippe III.aren eta Filipe Ederraren erresumek areago sendotu zuten Frantziako monarkia. Filipe Ederraren agintaldian estatua garatu zen erromatar zuzenbidea oinarri hartuta. Erregeak, erresumaren batasuna haren irudiaren inguruan irudikatu nahian, lehen aldiz deitu zituen Estatu Nagusiak (1302). Haren menpeko lurrak handitu zituen Nafarroako tronua ere ezkontzaren bidez bereganatuta, eta lortu zuen Klemente V.a aita santu frantziarra Erroma utzi eta Avignonera joan zedin. Filipe Ederraren seme guztiak ondorengorik gabe hil ziren, eta, Kapetar leinua agortu zen (1328).
Valois leinua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kapetar leinua agortuta, Philippe de Valois bihurtu zen errege. Hala ere, Ingalaterrako erregeak ere Frantziako koroa aldarrikatu zuen berarentzat, eta, aldarrikapen horietatik piztu zen Ehun Urteko Gerra, Frantziako lurzoruaren gainean borrokatu zena. 1346an Ingalaterrak egundoko garaipena lortu zuen Crécyko guduan, eta 1356an Frantziako erregea preso hartu zuten. Charles V.ak horri ez ezik, barneko zatiketari eta jende xehearen matxinadari (Jacquerie) ere aurre egin behar izan zien. Eta Charles V.ak arrakasta izan arren, hurrengo urteetan ingelesak nagusitu ziren berriro. Agincourteko guduan (1415) Ingalaterrako garaipena erabatekoa izan zen, eta Ingalaterrako Henry V.ak Frantziako errege izendatu zuen bere burua. Edonola ere, errege ingelesaren heriotzarekin Frantziako susperraldia etorri zen, eta, 1453arako, ingelesak bota zituzten Frantziako lurzorutik.
Erregearen aginte zuzenaren menpeko lurrak handitu ziren hurrengo urteetan. Bretainia eta Borboien lurrak bereganatuta, Frantziako Erresuma François I.aren garaian egungo Franzia bezalakoxea zen. Probintzietako aferak kontrolatzeari ekin zion erregeak bere menpeko mandatariak bidalita. 1539an Villers-Cotterêtesko ordenantzak hartu zuen indarra, frantsesa erresumaren hizkuntza ofiziala bihurtzen zuena.
Henri II.aren heriotzaren ondoren, haren hiru semeek ordeztu zuten boterean banan-banan. Alabaina, 1562tik aurrera erlijio gerrek suntsitu zuten erresuma, katolikoek eta higanotek elkarren kontrako borroka latz eta ankerrean. Azkenean, 1589an, borboi leinukoa zen Henrike III.a Nafarroakoa bihurtu zen errege eta herrialdea bakera eraman zuen.