Gabonetako su-etena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Soldadu alemaniar eta ingelesak su-eten ez ofizialean.

Gabonetako su-etena (alemanez: Weihnachtsfrieden; frantsesez: Trêve de Noël) 1914ko Gabonetan, Lehen Mundu Gerran Alemaniako Inperioaren soldaduen eta britaniar soldaduen artean egon zen su-eten ez ofiziala izan zen.

Gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1914ko abenduan, Ypresen (Belgika), soldadu alemaniarrak, bestean ingelesak, frantziarrak eta belgikarrak, lubaki gerran ari ziren. Ipar Itsasoaren eta Suitzako mugaren arteko frontea geldirik zegoen, ez atzera ez aurrera. Bazirudien alemaniarrek aurrera egingo zutela, baina orduan Parisko 6.000 taxik 30.000 soldadu eraman zituzten frontera, indarrak orekatzeko[1].

Ypreseko zelaiak izoztuta zeuden, eta lubakien arteko gorpuak elurrak estalita. Ez ziren ausartzen hildako gazteen arrastoen bila joaten, etsaien tiroen beldur. Gerra Handia abuztuan hasi zen. Gabon eguneko goizaldean alde bietako soldaduak beren armak lurrean uzten hasi ziren. Une horretan bertan idatzitako kartoizko kartelak erakusten hasi ziren hainbat hizkuntzatan: “Merry X-Mas” zioten batzuek, “Frohe Weihnachten” besteek, edo “We not fight, you no fight[1].

Batzuek lubakia utzi zuten eta inork ez zien tiro egin. Berehala beste guztiak irten ziren. Lehenik, hantxe botata hainbat astez egondako gorpuak ehortzi zituzten denek batera. Iluntzean Gabonetako pinu modukoak prestatu zituzten, argi eta guzti, eta gabon kantak abesten aritu ziren, bakoitza bere hizkuntzan. Biharamunean, Eguberri egunean, opariak trukatu zituzten, familiaren argazkiak erakutsi zizkioten elkarri eta bi egun lehenago gudu zelaia zena, futbol zelai bihurtu zuten zenbait orduz[1].

Batzuk besteen lubakietara joan ziren, elkarrekin jateko, edateko edo kartetan eta xakean jokatzeko. Ofizial asko ere elkartu ziren eta berehala erabakia adostu zuten gerra amaitu zela. Baina bulegoetan hori ez zuten onartu eta biharamunean, bakoitza bere lubakian, elkarri tiroka aritu ziren berriro[1] .

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Irazustabarrena, Nagore. (2009-12-27). «1914ko Gabonetako miraria» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]