Eguberria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eguberri» orritik birbideratua)
Artikulu hau abenduaren 25eko jaiari buruzkoa da; abendu eta urtarrileko jai-multzoa gaitzat duena Eguberriak izenburuko artikulua da. Neguko solstizioko mundu zabaleko jaiak gaitzat dituen artikulua hau da: Neguko solstizioko jaiak.


Eguberria, Eguberri eguna edo Natibitatea abenduaren 25ean kristau konfesio batzuetan, hala nola Erromatar Eliza Katolikoan, hainbat konfesio protestantetan eta eliza ortodoxo batzuetan, Jesukristoren jaiotza edo Natibitatea ospatzen den eguna da. Paganismoan ospatzen ziren neguko solstizioko jaietan du jatorri; hain zuzen, Eguberri egunaren inguruan hasten baitira egunak luzatzen, egun berriari hasiera emanez. Ohitura paganoen ezaugarri dira zuhaitzen gurtza (Eguberriko izeia) eta opariak dakartzan pertsonaia (Olentzero, Euskal Herrian; Tió de Nadal, Katalunian; Bizarzuri —Santa Claus eta Aita Noel izenez ere ezaguna—, beste hainbat tokitan). Gaur egungo kristauek jai nagusietakotzat daukate, Aste Santuarekin batera (horrek Jesukristo hiltzea gogoratzen du). Eguberri eguneko bezperan, abenduaren 24an, Gabon eguna ospatzen da. Eliza Ortodoxoak nagusigoa duen herrialde batzuetan, berriz, Natibitatea urtarrilaren 7an da.

Jatorriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argiaren festa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguberri hitzaren etimologia egun berri da, eguna (argi orduak, zehazki) pixkanaka laburtuz doan aldia amaitzearen eta geroztik luzatzen hastearen fenomenoari erreferentzia eginez.[ohar 1] Antzinako gizakien ustetan, ospatu beharreko gertakizuna behar zuen izan eguzkiaren jaitsieraren amaiera eta eguna luzatzearen hasiera, naturarekin zuen bizimodu estua dela eta. Horrenbestez, Eguberria jatorrian argiaren festa da.

Jesukristoren jaiotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusen Jaiotza (Fra Filippo Lippiren margolana)
Sakontzeko, irakurri: «Natibitatea»

Jesukristoren jaiotza gomutatzen duen egunaren izena Natibitatea da. Horren ospakizuna Maria sortzez garbiaren festarekin hasten da, abenduaren hasieran. Hor, aingeruak Jesusen ama izango zenari Izpiritu Santuaren eraginez haurdun geratuko zela jakinarazi zionekoa ospatzen da. Abendua adventus edo etortzekoa denaren itxaronaldia da. Ez da ezaguna Jesus Nazaretekoa abenduaren 24etik 25erako gauean jaio zela; antza denez, udaberria edo uda behar zuen izan.[erreferentzia behar] Kristau Elizak kristauak ez ziren ospakizunak estaltzeko, antzinako erromatarren Saturnaliak esaterako, finkatu zuen data horretan

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Latitude handiko eremu geografikoetan gertatzen den fenomenoa da. Tropikoetatik at oso nabarmena da aldaketa hori; orduan eta nabariago, zenbat eta poloetatik hurbilago. Euskal Herrian eguzki argiaren iraupena 9 ordu izatetik 16 ordu izatera pasatzen da, solstizio batetik bestera.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiztegian orri bat dago honi buruz: Eguberri .