Gauzen Internet

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Gauzen Internet errepresentatzen duen marrazkia

Gauzen Internet (ingelesez: Internet of Things (IoT)) egunero erabiltzen diren tresnak interkonexio digitalaren bidez Internetekin konektatzen dituen kontzeptua da. Honen bidez, Internetera pertsona baino objektu gehiago konektatzea lortzen da. Egunero erabiltzen diren objektu guztiek “irrati-etiketak” izango balituzte, beste ekipo batekin kudeatu eta identifikatu ahal izango lirateke.

1999an Kevin Ashton-ek MITeko Auto-ID Center-en proposatu zuen kontzeptu hau. Bertan irrati-maiztasunen identifikazioa eta sentsoreen teknologia aztertu ziren.

Liburuak, termostatoak, hozkailuak, paketeria, lanparak, botikinak eta abar Internetera konektaturik egongo balira, teorian, ez lirateke iraungitako medikamentuak egongo, ezta stock-ean ez dauden produktuak ere. Gainera, produktuen uneoroko kokapena ezaguna izango litzateke, kontsumoa eta salerosketa kontrolpean egongo litzateke mundu osoan zehar, ez litzateke ezer bidalketan zehar galduko eta uneoro zein objektu dauden piztuta eta zein itzalita jakitea posible izango litzateke.

IoT aurrera eraman ahal izateko, 50-100.000 bilioi objektu kodifikatu beharko lirateke eta beraien mugimenduen jarraipena egin. Esaten dutenez, gizaki bakoitza 1000-5000 objektuz inguraturik dago; beraz, asko dira Internetera konektatu nahi diren gauzak. Gartner enpresak dioenez, 2020. urterako 26 mila milioi objektu egongo dira konektaturik gauzen Internet kontzeptuaren bidez. Bestalde, Abi Research-ek ziurtatzen du urte horretarako 30 mila milioi objektu egongo direla sarera haririk gabe konektaturik. Beraz, zifra zehatza ez bada ere, argi dago objektu asko konektatu nahi direla sarera. IPv4 protokoloarekin hori lortzea ezinezkoa da; horregatik, IPv6 protokoloa sortu da.

Cisco enpresa estatubatuarra lan handia egiten ari da kontzeptu honen inguruan; konexioen kontagailu dinamikoa sortu dute. Honen bidez, 2013 eta 2020 urteen artean konektaturik dauden objektuen kalkulua egin daiteke. Gehien lantzen ari diren arloa potentzia baxuko seinaleen bidez konektatzen diren gailuena da, ez baitute ez wifi ez bluetoothik behar. Hala ere, “Chip Networks” izenez aukera merkeagoak eta energia gutxiago behar dutenak aztertzen ari dira.

Gaur egun, IoT kontzeptua gailu, sistema eta zerbitzuen konexio garatua da eta hainbat protokolo, domeinu eta aplikazio hartzen ditu barne. Alcatel-Lucent-en Touchatag zerbitzua eta Violeta Mirror gadget-a erabiliz edonork lotu ditzake mundu errealeko elementuak sarera RFID etiketen bidez; touchtagaren kasuan QR kodigoak dira erabiltzen direnak.

Jatorrizko definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bill Joy-ek D2D (Ingelesetik Device to Device, gailutik gailura) “Six web”-en egitura izango zela imajinatu zuen 1999an, Davos-eko Munduko Foro Ekonomikoan, baina IoT kontzeptuak Kevin Ashtonekin hartu du indarra.

IoT teknologiaren inguruko ikerketak garapen bidean daudenez, oraindik ez dago definizio estandarizatua termino honentzat.  

Objektuen kontrola [aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ciscoko zuzendari exekutiboaren ustez, proiektu honen kostua 19 bilioi dolar estatubatuarrekoa izango da eta merkatu internazionaleko parte izango dira IoT-n sartzen diren gailuak. Jean-Louis Gassée, Apple-ko ikasle taldeko kide eta BeOSeko kofundatzaileak Monday Note-n artikulu bat idatzi zuen honen inguruan arazo bat sortuz. Berak azaltzen zuenez, milaka aplikazio beharko dira gailu guztiak kontrolpean izateko.

Arazo honi aurre egiteko, hainbat ideia daude. Horietako bat “Elkarrekintza aurreikusiak” deiturikoa da; bertan, aukeraketa hodeian egiten da eta erabiltzailearen hurrengo pausoa aurreikusten da. Hau interesgarria bada ere, beti beharko da eskuzko laguntza.

Enpresa batzuek merkatu honetan dauden hutsuneak ikusi dituzte eta gailuen arteko komukazioetako protokolo berriak sortzen ari dira. Adibideetako batzuk hurrengoak dira, batetik, AllJoyn aliantza, munduko 20 puntako enpresez osatua dagoena, eta bestetik Intel CFC (ingelesetik Common Conectivity Framework, Konektikitate Komunerako Markoa) sortzen ari dena.

Ekintzaile batzuk, beraien ahalmen teknikoak erakusteko, soluzio posibleak bilatzen saiatzen ari dira. Hauek dira horietako batzuk:

  • AT&T “Bizitza digitala” soluzio ezagunena da; honek domotikaren inguruan hainbat neurri azaltzen ditu, mobileko aplikazio batetik kontrola daitezkeenak.
  • Muzzley aplikazioaren bidez ehunka gailu kontrola daitezke; hau hainbat fabrikatzaile bere API proiektura batu direlako lortu da, gailu pertsonalak kontrolatzeko soluzio bakarra bilatu ahal izateko.
  • My shortcut proposamenak Siri-ren antzeko funtzionamendua du, erabiltzailearekin elkarrekintza ahalbideratzen du, ahots-komandoen bidez.
  • Realtek-ek, IoT aplikazioak gailuak sistema itxian kontrolatu nahi ditu, sentsoreak adibidez.

Fabrikatzaileak arazoaz konturatzen ari dira eta API irekiak dituzten produktuak merkaturatzen ari dira; integrazio azkar honetaz aprobetxatzen ari dira aurreko enpresak.

Bestalde, fabrikatzaile asko itxaroten ari dira oraindik, zer egin eta noiz egin erabakitzeko. Hau berrikuntzarako arazo izan daiteke, baina enpresa txikientzat abantaila da, aurreratu egin baidaitezke eta IoT kontzeptuari egokitutako diseinuak sor ditzakete, enpresa handiak merkatu honetan sartu aurretik.

Internet 0[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Internet 0 mailak edozein gauzari IP helbidea ematen dio. MITeko Bits eta Atomoen zentroan diseinatu zuten; Neis Gershenfield, Raffi Krikotian eta Danny Cohen-ek. Sortu zenean, hainbat izenen artean erabaki behar izan zuten; aukera horietako batzuk Internet2 eta Abiadura azkarreko Internet izanik. Teknologia hau motela baina azkarra eta erabilgarria zelako erabaki zen Internet 0 izena. Internet honek IoT kontzeptua aurrera eramatea errazten du; esaterako, bulego edo enpresa batean gauza guztiak honen bidez kontrolatu daitezke, informazio guztia jasoz eta erabiltzaileari honekin zer egin nahi duen galdetuz.

Garatzen ari diren prototipoetan, gauza guztiak egitura espazial baten bidez lotu dira, eta honek egitura fisikoa, datu sareak eta sare elektrikoa dauzka. Internet 0an RFID etiketak sareko parte fisikoa dira eta erabiltzaileak datuak banatu ditzake. Modu honetan, informazioa atera eta hauen arabera ekintza desberdinak egin daitezke.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IoT ziurrenik ez-determinatzailea eta sare irekikoa izango da. Horrela, entitate autoantolatzaileak eta objektu birtualak modu independentean eta urrutitik eragin ahal izango dira une bakoitzeko egoera eta ingurunearen arabera, hau da, inguruneko inteligentzia sortuko da. IoTk bertsio industriala ere izango du; hau IIoT siglen bidez ezagutuko da, ingeleseko Industrial Internet of Thingsetik.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gertakizunetara bideratutako arkitekturaren adibide izango da sistema hau; horrela, denbora errealean prozesu eta operazio guztiak ezagutuko dira. Hau dela eta, modelo honek iada indarrean daudenekin bat egingo du.

Espazioaren eta denboraren inguruan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IoTn milaka ekintza modu paraleloan eta aldi berean egiten dira; beraz, denbora ez da lineala izango baizik eta objektu, prozesu, sistema informatiko eta abarren araberakoa. Honen ondorioz, IoT TI sistemetan oinarrituko da, hau konputazio paraleloa izanik.

Aplikazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurumen-kontrola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurumena kontrolatzeko, IoT aplikazioek uraren edo airearen kalitatea, baldintza atmosferikoak eta animaliaen eta landareen mugimenduak zein bizilekuak sentsoreen bidez kontrolatzen dituzte. Honetaz gain, lurrikarak edo tsunamiak garaiz detektatu eta neurriak hartu ahal izango dira. Horrela, larrialdi zerbitzuak eta herritarrak prestatu ahal izango dira, kalteak gutxituz. Mota honetako IoT-gailuek azalera handia kontrola dezakete eta, gainera, ez dira finkoak; hau da, leku batetik bestera eraman daitezke. IoT estandarizatzeak arlo hau garatzea lortuko du.

Azpiegituren kudeaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arlo honen garapena oso garrantzitsua da IoTren barruan. Honekin azpiegiturak kontrolatu ahal izango dira, hala nola, hiri-azpiegiturak, nekazaritza-azpiegiturak, zubiak eta trenbideak. IoT aplikazioen bidez, egituretan gertatutako aldaketen segurtasun-arazoak monitorizatu daitezke, arriskua gutxituz. Gainera, konponketak eta mantentzeak modu efizientean egitea ahalbideratu dezake, hornitzaile eta bezero desberdinen artean ekintzak koordinatuz. Altxatzen edo irekitzen diren zubietan ere oso erabilgarria izan daiteke, itsasontzien sarrera eta irteera kontrola baitaiteke. IoT aplikazioak arlo honetan sartzean, segurtasuna eta kalitatea handitu daiteke eta kostua murriztu.

Ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IoT kontzeptua industrian sartzea aldaketa handiak eragiten ari da. Ekoizpena azkarragoa eta efizienteagoa da, produktu berrien ekoizpenean laguntzen du, erantzun dinamikoak ematen ditu; hau da, bezeroak produktua noiz beharko duen aurreikusi eta une horretan ekoiztuko da. Horrela, aldez aurretik ez da produktu gehiegi ekoiztuko. IIoT Industria 4.0 deiturikoaren oinarria da, eta etorkizunean enpresek bere irabaziak handitu ahal izango dituzte, teknologia honek kostuak murriztea lortzen baitu. IIoTren inplementazioak munduko BPGa 12 bilioi handituko du 2030erako.

Energiaren kudeaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IoT gailu guztietan integratzen bada, energia kontsumoaren optimizazioa lortuko da, eta, gainera, enpresa hornitzailearekin komunikatu ahal izango da. Zerbitzu publikoek energiaren sorkuntza eta erabilera kontrolatu ahal izango dute. Bestalde, erabiltzaileek gailuak urrutitik kontrolatu ahal izango dituzte: berogailua piztu edo itzali, labea kontrolatu, argitasuna zehaztu eta abar. Internetera konektaturiko azpiegitura garatuen bidez, elektrizitate-enpresek, datuak jasotzeaz gain, gailu ezberdinak kudeatu ahal izango dituzte, transformadoreak, adibidez.

Medikamentuak eta osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osasun-sistemako hainbat gailu Internetera konektatzen badira, osasun-langileek urrutitik zaindu ahal izango dituzte gaixoak. Gailu hauek arterietako presioa, bihotz erritmoa edo tentsioa neurtu ahal izango dute, eta mediku edo erizainari informazio hori bidali. Ospitale batzuk "ohe jakintsuak" jartzen hasi dira. Hauen bidez, ohea okupatua dagoen edo ez, gaixoa altxatzen saiatu den edo arazorik duen jakinaraziko diote arduradunari, modu presentzialean begiratu behar izan gabe. Horrela, gaixo bat altxatzen saiatzen ari bada eta laguntza behar badu, momentuan jakinaraziko du arduradunak lagundu diezaion. Bestalde, etxeetan ere jarriko dira horrelako gailuak, gaixotasun kroniko bat dutenentzat, haurdun daudenentzat, mugitzeko arazoak dituztenentzat eta abar. IoTek gaixo hauen bizitza hobetuko dute, etxean zainduta egongo baitira.

Eraikuntzen eta etxebizitzen automatizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IoT-gailuak eraikuntzak eta etxebizitzak automatikoki kontrolatzeko erabil daitezke: ateak itxi eta zabaltzeko, pertsianak igo eta jaisteko, garbigailua pizteko eta abar.

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IoT lagungarria izan daiteke garraiobide-sistema kontrolatzeko eta informazioa prozesatzeko, garraio-sistemaren alderdi guztiak urrutitik kontrolatzea ahalbideratzen baitu eta baita elkarrekintza dinamikoa egitea ere: trafikoaren smart kontrola, aparkatzeko laguntza, bidsarietako ordainketa-sistema elektronikoa, kudeaketa logistikoa, bide-laguntza eta -segurtasuna, eta abar. Honi esker, errepidean segurtasuna handitzea posible izango da eta ibilgailuentzako bide azkarrena zein den jakinarazi ahal izango da.

Metropoli-hirien garapenaren kudeaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inbertsio handia egiten ari dira hiri handietan IoT ezartzeko, horrela hirien kudeaketa hobetu ahal izango baita. Honen adibide da Hego Koreako Songdo hiria, hiri jakintsua egin duen lehen lekua. Hiri osoa kableaturik dago kontrola egin ahal izateko; datu guztiak kable hauen bidez bidaltzen dira eta ia gizakiaren parte-hartze gabe prozesatu eta analizatzen dira.

Beste adibide bat Santanderren abian jarri duten aplikazio bat da. Honek aparkalekua bilatzen laguntzen du, hirian zehar dauden hainbat sentsoreri esker. Gainera, merkatariei hiritarren ohiturak ezagutzen laguntzen die.

Singapurren uraren eta airearen kalitatea neurtzeko erabiltzen ari dira kontzeptu hau.

Sigfox enpresa frantsesa datuak bidaltzeko haririk gabeko sarea eraikitzen ari da Estatu Batuetan; 30 hiritan ezarri nahi dute sistema hau.

Fluidmesh Networks enpresak New York hiriko ontziak eguneko hogeita lau orduz eta astean zazpi egunez kontrolatzeko sistema egin du. Hudson ibaian dauden ontzi guztien kontrola egin daiteke, eta ontzietan bidaiatzen dutenei ere erraztasunak ematen dizkiete, hala nola, segurtasuna kontrolatu, wifi publikoa eman, tiketak mugikorretan eduki, besteak beste.

Aplikazioak kontsumitzaileentzat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IoT-gailu gehienak kontsumitzaileentzat sortuak dira; erabiltzaileari esperientzia berriak eskaintzen dizkio. Hala ere, erabiltzaileen ustez, hauetako aplikazio asko azkarregi sortu dira eta akats ugari dituzte. Honek erabiltzaileen mesfidantza ekarri du IoT-gailuetan.

Kritika eta eztabaidak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plataformaren zatiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IoT-gailuek arau zehatzik ez dauzkatenez, ekoizle bakoitzak bere sistema jarraitzen du; hortaz, ekoizle ezberdinen gailu eta aplikazioak ez dira bateragarriak. Honen ondorioz, erosleak hauek erosteko mesfidati daude, ez baitute gailu guztiak sistema berera konektatu ahal izango duten segurtasuna. Gainera, gailuak zaharkituak geratzen dira azkar eta horrek sisteman segurtasun-arazoak sortzen ditu; gainera, gailu bat segurua bada baina segurua ez den beste gailu bat sare berera konektatzen bada, segurua den gailuan sartzea ahalbideratzen da eta hau urrutitik kontrola daiteke. Produktuen sistema eguneratzen bada ere, produktuen % 87 segurtasun-arazoekin geratzen dira.

Pribatutasuna, autonomia eta kontrola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknologia honek ahalmen handia ematen badu ere, pribatutasunari dagozkion mehatxuak oso handian dira, baita gizartearekiko kontrola eta manipulazio politikoa ere. Pribatutasunari buruzko kezken ondorioz, jendeari Gauzen Internet pribatutasunarekin bateragarria ez dela iruditzen zaio. Ezin da jakin bakoitzak zertarako erabiliko duen teknologia hau eta askoren ustez  gizartearen kalterako erabil dezake jendeak. Datu hauek sarean daudenez, beste norbaitek erabili ahal ditu eta kalteak eragin. Ikertzaileek erronka handia ikusten dute pribatutasuna babestean, erabiltzaileen ezinbesteko eskakizuna baita.

Datuen bilketa eta analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresentzat datuak bildu eta analizatzea erronka handia da, datu kopuru oso handia interpretatu behar baita. Horretarako soluzio bat proposatu dute: hari gabeko sentsore sareak. Hauek automatikoki interpretatuko dituzte datuak eta estatistikak egingo dituzte, hauen analisia erraztuz.

Datuen bilketa ere erronka bat da, datu bat ezabatu aurretik behar ez denaren ziurtasuna eduki behar baita; beraz, lehenik, gorde egin beharko dira; biltegiratzean eskakizun hauek oso handiak dira.

Segurtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015ean Hewlett Packard enpresak IoT-gailuetako segurtasuna aztertu du. Ikusi duenez, objektuen % 70ek pasahitzetan sentikortasun handia du; gainera, datuak zifratzeko garaian eta sarbide-baimenetan arazoak daude, eta aplikazioen % 50 ez dago mugikorretan enkriptaturik. Kaspersky Lab-ek, segurtasuna aztertzen duen enpresak, IoT moduan konektaturik zeuden hainbat objektu aztertu zituen, eta haurrak zaintzeko kamera batean segurtasun-arazoak aurkitu zituen. Hau hackeatzea posible zen, eta, horrela, bideoa ikus zitekeen. Bestalde, kafetera batean ere segurtasun-arazoak aurkitu zituen; izan ere, honek posible egiten zuen konektaturik zegoen wifi-sarearen pasahitza ezagutzea.

Honen ondorioz, segurtasuna garrantzi handiko gaia bihurtu da IoT aparatuek datuak bidaltzean, eta gordetzean arriskurik ez dagoela uste bada ere, arazoa, hauek behar bezala babesturik ez dauden gailuetara konektatzean sortzen da. Hau izan zen 2016ko urriaren 21eko erasoa posible egin zuena: erasotzaileek horrelako milaka gailu erabili zituzten, lehenago kode gaizto batekin infektatu zituztenak.

IoT gailuen hazkuntza esponentziala izan da; estimatzen da 2020. urterako 50.000 milioi gailu egongo direla konektaturik mundu osoan zehar. Hazkuntza honek datuen segurtasuna gai kritiko bihurtzen du, ez baita informazioen zifratzea eta osotasuna babesten.

IoT gailuen informazioa oso preziatua da, eguneroko informazioa gordetzen baitu, eta horrela erabiltzailearen ohiturak ezagutu daitezke. Hau enpresa askorentzat informazio baliotsua da, beraien produktu eta zerbitzuak gehiengoaren ohituretara moldatu baititzateke. Arazoa gutxitu dezakeena datuen zifratzea da, horrela datuak hodeira igotzea posible izango baita.

Ingurumen-inpaktua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gauzen Internet teknologian kezka handiena ingurumenarekiko izango duen eragina da, gailu hauek erdieroaletan oso aberatsak baitira. Gainera, metal astunez eta elementu kimiko toxikoz osatuak daude, eta honek elementu hauek bizirklatzeko zailak izatea eragiten du. Elementu batzuk berrerabil daitezke, baina honek kostu handia du eta, ondorioz, elementu askok erraustegi edo zabortegi arruntetan amaitzen dute.

IoT gailuek etengabeko eguneratzea jasaten dute; oso azkar zaharkituak geratzen dira eta erabiltzaileek bota egiten dituzte. Gaur egun, hauek berrerabili ahal izatea lortu nahi da, aldaketa handiak jasan gabe, horrela hondakin kopurua txikitzeko.

Gailuen zaharkitze programatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Electronic Frontier Foundation-aren (EFF, Muga Elektronikoen Fundazioa) kezka nagusia da IoT teknologian enpresek software-eguneraketa baten bidez gailuak blokeatu ahal izatea. Horrela, erabiltzaileak berriagoa erosi beharko du, nahiz eta produktuak erabiltzeko moduan egon eta eguneraketaren aurretik funtzionamendu egokia izan. Fundazio honek azaltzen duenez, erosleek fabrikatzailearen nahiak beraienen gainetik jartzen badituzte sofwarearen eguneraketei uko egiteko ahalmena izan behar dute, hau da, ekoizleek ezin dituzte bezeroak eguneraketak onartzera behartu.

Terminologia nahasgarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IoT teknologiarekin zerikusia duten terminoak nahasgarriak dira, ez daude zehaztuta, eta, beraz, enpresa bakoitzak bere terminologia erabiltzen du. Horren ondorioz, termino asko erabiltzen dira eta anbiguotasuna eta konplexutasuna sorrarazten da.

Askatasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu-kolpe baten kasuan, indar guztia kolpea eman duenaren menpe egongo da; askatasun indibiduala mugatua edo ezabatua egongo da. Teorian, boterera heltzen denak sarera konektaturik dauden objektu guztiak blokeatu eta kontrolatu ahal izango ditu.

Enpresa eta produktuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Applico(in)
  • Broadcom
  • ioBridge
  • Kynetx(in)
  • National Instruments Control, datuak eskuratzea, eta adimen barneratua
  • Habia Labs

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(Frantsesez)  Waldner, Jean-Baptiste (2007), Inventer l'Ordinateur du XXIeme Siècle, London: Hermes Science, 254. orrialdea, ISBN 2746215160 .

(Ingelesez)  Waldner, Jean-Baptiste (2008), Nanocomputers and Swarm Intelligence, London, 227-231. orrialdeak, ISBN 1847040020 .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]