Gedar: Langile Kazeta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gedar» orritik birbideratua)
Gedar: Langile Kazeta
Gedarren logoa
Motaaldizkaria
Fitxa teknikoa
Lehen zenbakia2019ko urtarrila
Hizkuntzaeuskara
Formatuadigitala
Historia
Ideologiasozialismoa
SortzaileaEuskal Herriko Mugimendu Sozialista
https://gedar.eus/

Gedar euskara hutsean argitaratzen den kazeta da, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak sortua. Hedapen politikorako erabiltzen den kazeta da Gedar; zehazki, langile klase iraultzailearen ikuspuntua zabaltzen du, eta langile klasearentzat tresna politikoa izateko helburuarekin sortua. Edizio digitalean argitaratzen du informazio guztia. Hala ere, Arteka paperezko hilabetekaria argitaratzen da harpidedunentzat.

Ez du informatzeko borondate soila; langile klasearen emantzipazioa xede duen politikaren artikulazioan mugarri izan nahi du, sortzaileen arabera. Hortaz, asmo estrategiko bati erantzuten dio Gedar Langile Kazetak. Aktualitatea lantzeaz gain, ez da azken orduko gertakarietan bakarrik murgiltzen, ezta edukiaren esklusibotasunarenean ere; hau da, hilabeteak atzera gertatutakoek ere langile klasearen aktualitatearekin duten konexioa azaleratzea du helburu. Horrez gain, egiturazko indarkeria, langile mugimendua, "ofentsiba kapitalista" eta prozesu/mugimendu sozialista ditu hizpide[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ibilbidea 2019ko urtarrilean hasi zen. Urte horretan, Euskal Herrian zehar, mugimendu sozialista handitzen hasi zen gazteen artean. Langile klasea zapaltzen zuten problematika desberdinetan zentratzen ziren taldeak sortzen hasi ziren, besteak beste; GKS (Gazte Koordinadora Sozialista)[2][3], Itaia (Emakumeen Antolakunde Sozialista)[4], Erraki (Gune Autogestionatuen Babes Sarea)[5], Ikas (Ikasle Autodefentsa Sarea)[6] eta Kontseilu Sozialistak[7]. IA (Ikasle Abertzaleak) erakunde aspaldi sortuak ere mugimendu honekin bat egin du.

Edukiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gedarrek atal hauetan egituratzen du informazioa:

  • Aktualitatea: Langile klasearen antolakuntza espresio ezberdinen inguruko eta hauen aurkako erasoen inguruko albisteak dira. Horrez gain, erreportajeak, elkarrizketak, kronikak eta prentsa oharrak argitaratzen dira, beti ere, lehen adierazitako egiturazko indarkeria, langile mugimendua, ofentsiba kapitalista eta prozesu/mugimendu sozialista hizpide izanik.[8]
  • Ikuspuntua: Langile klaseko kide desberdinek egiten dituzten analisi politikoak. Kide aipagarrienak; Garazi Navarro, Martin Ziarrusta, Paul Beitia eta Saioa Galarraga dira.[9]
  • Langile Zientzia: Ikerketa teorikoa eskatzen duten auzi politikoen inguruko lanak dira. Ikusgai dauden gaiak: Kapitala, Lanaren banaketa, Teknologia, Makinaria, Alderdi komunista, Morala, Parlamentarismoa, Demokrazia burgesa, Kontzientzia, Taktika, Klase ertaina, Krisi kapitalista, Proletarizazioa, Langile kontrola eta Langile boterea, besteak beste. Gai hauek guztiak saio desberdinetan banatuta daude.[10]
  • Editoriala: Astean behin editorial bat argitaratzen da.[11]
  • Koiuntura politikoa: 9 kidek aktualitatean edota, garrantzi handiko gaiei buruz idazten dute. Nadia Perez, Aitor Martinez, Beñat Aldalur, Dani Askunze, Imanol Kañamares, Kolitza, Manex Gurrutxaga, Markel Samaniego eta Sabin Aranburuk.[12]
  • Agenda: Mugimendu Sozialistako agenda kontuan hartuz, goian aipatutako talde desberdinen hitzaldien, topaketen, mobilizazioen eta ekimenen berri argitaratzen da. Ekimen horien kokapena, lekua, ordua eta deskribapena azaltzen dira.[13]

Harpidedunentzat, 2019ko azaroan, Arteka hilabetekaria atera zuten paperean. Bertan, hilabete horretako editoriala, erreportajea, koiuntura, ikuspuntua, eta argazki galeria... argitaratzen dituzte.

Gedar Telebista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Webguneaz gain, Youtube plataformaren bidez, 2021eko urrian, Gedar Telebista sortu zen. Honetan, bi programa desberdin atera zuten; Burdin Hesia eta Oh gu hemen!.

Burdin Hesia
Oh gu hemen!

Burdin Hesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguneroko koiunturaren analisia modu kritikoan egiten da, iritzi-ikuskera kapitalistei aurre egiteko nahia helburu dutela. Gaurkotasuneko gaiak tertulia baten bidez lantzen dira. Aurkezle batek gidatuta, tertuliakideek gertakari eta auzi zehatzen inguruan hitz egiten dute, mahai baten bueltan. Saioz saio, txandaka aritzen dira hainbat tertuliakide. Horrez gain, zenbait albiste esanguratsuren errepasoak ere irekitzen ditu saio bakoitzak; horrela, gertakari zehatz horiek egiten diote bide, hain zuzen, atal bakoitzeko gai nagusiari. Hamabost egunero Burdin Hesiko atal berri bat argitaratzen da, zehazki igandeetan, 20:30etan.[14][15]

Oh gu hemen![aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itaia Emakumeon Antolakunde Sozilistak ekoizten duen saio sorta da. Bertan emakume langileen aurkako zapalkuntza ezaugarritzen duten hainbat auziren inguruan aritzen dira. Programa honetan ere, aurkezle batek gidatzen ditu mahai inguruan eserita dauden pare bat tertuliakide.[16][17]

Ildo editoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gedar Euskal Herriko Mugimendu Sozialistatik sortua da. Beraz, ildo ideologiari dagokionez, sozialismoa du helburu. Ez dio errealitateari itxurazko inpartzialtasun eta neutraltasun batetik heltzen. Ez du objektibotasunaren izenean egia aldarrikatzen. Kontrara, klase zapalduaren egia aldarrikatzen du[18].

Negozio eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztiz doakoa da Gedar-en edizio digitalaren informazio guztia eskuratzea eta kontsumitzea. Hala eta guztiz ere, harpidetzeko hiru aukera desberdin ematen ditu (2022):

  • Harpidetza berezia / 120€ (hasieran 36€ eta 7€ hilean)

Urtekaria, 11 aldizkari (Arteka hilabetekaria), Kamiseta edo poloa, Telazko poltsa, Botila eta Egutegia.

  • Harpidetza / 72€ (6€ hilean)

Urtekaria, 11 aldizkari (Arteka hilabetekaria), Kamiseta edo telazko poltsa.

  • Harpidetza / 60€ (5€ hilean)

11 aldizkari (Arteka hilabetekaria), Kamiseta edo telazko poltsa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Langileen bozgorailu den tresna politikoa» Busturialdeko Hitza 2019-03-22 (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).
  2. Gedar. «Gazte Koordinadora Sozialista sortu dute, gazte problematikari klase perspektibatik erantzuteko» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).
  3. kolaborazioak. (2019-02-18). «Gazte problematikari klase perspektibatik erantzuteko: Gazte Koordinadora Sozialista» Borroka Garaia da! (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).
  4. Lozano, Maite Asensio. ««Ezinbestekoa da andre langileak subjektu politiko bilakatzea»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).
  5. «Erraki sortu dute, gune autogestionatuen babes sarea» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).
  6. «"Ikas baldintzei aurre egiteko eta ikasleok pairatzen dugun infantilizazioarekin amaitzeko sortu da IKAS” - Azpeitia» uztarria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).
  7. «Kontseilu Sozialistak aurkeztu dituzte Euskal Herriko hainbat eskualdetan azken bi asteetan» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).
  8. Gedar. «AKTUALITATEA» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
  9. Gedar. «IKUSPUNTUA» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
  10. Gedar. «[LANGILE ZIENTZIA»] Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
  11. Gedar. «EDITORIALA» Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
  12. Gedar. «[KOIUNTURA POLITIKOA»] Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
  13. Gedar. «[GEDAR AGENDA»] Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
  14. «Burdin Hesia saioa, gaurkotasunaren analisi kritikoa egiteko» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).
  15. Burdin Hesia. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
  16. «'Oh gu hemen!' saioaren proiekzioa, kontzertua eta afaria, bihar - Hernani» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).
  17. OH GU HEMEN! 02 | Emakumeonganako sexualizazioa. (Noiz kontsultatua: 2022-04-29).
  18. Gedar. «[EDITORIALA: "Zergatik langile kazeta?"»] Gedar: Langile kazeta (Noiz kontsultatua: 2022-07-11).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]