Puxika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gernu puxika» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Puxika
Urinary system.svg
1. Gizakiaren gernu-aparatua: 2. Giltzurrun, 3. Giltzurrun-pelbisa, 4. Ureter, 5. Puxika, 6. Uretra.

7. Giltzurrungaineko guruin
Hodiak: 8. Giltzurrun-arteria eta zain, 9. Beheko kaba, 10. Abdomeneko aorta, 11. Arteria eta zain iliakoa

Garden: 12. Gibel, 13. Heste lodi, 14. Pelbis
Gray1156.png
Gizon baten puxikaren mozketa bertikala, non uretra ikusten den zakilean behera jaisten.
Xehetasunak
Honen parte Gernu-aparatua
lower urinary tracta Itzuli
Kokapena pelvic cavitya Itzuli
Artikulazioa Ureterra
Uretra
Hona
drenatzen du
Vesical venous plexusa Itzuli
Identifikadoreak
Latinez vesica urinaria
MeSH A05.810.161
TA A08.3.01.001
FMA 15900
Terminologia anatomikoa

Puxika edo maskuria giltzurrunek isuritako gernua biltzen duen giza organoa da, non gorputzetik kanporatua izan aurretik biltzen den. Oso organo gihartsua da, eta pelbisaren behealdean kokatuta dago. Atzealdean bi ureterrekin komunikatuta dago eta behealdean uretra eta prostatarekin. Atzealderago ondestea dauka, baina hutsune batek banatuta daude. Emakumezkoengan, puxika umetokiaren azpian eta baginaren aurrealdean dago. Umeengan, maskuria sabelaldean kokaturik dago.

Eskuarki 400–620 ml-ko edukiera dauka, baina horren bikoitza ere jasan dezake apurtu barik. Gernu maskuriaren forma oso aldakorra da eta beteta ala hutsik dagoen araberakoa da. Beteta dagoenean borobila da, gutxi gora behera, eta "puxika forma" duela esaten da. Hutsik dagoenean, itxura zapaleko organo bat izango da.

Gernu maskuriaren jatorri enbriologikoa alantoidean dago. Alantoidea zilborrarekin lotzen duen lotailua urakoa deitzen da. Bien artean gernu maskuria garatuko da.[1]

Anatomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernu maskuria pelbisean kokatzen den organo huts bat da. Bakarra da, eta erdiko lerroan kokatuta dago. Beteta dagoenean pubisaren sinfisiaren gainetik ageri da. Peritoneo azpiko egitura bat da, goiko aldea errai peritoneoak estalita ageri duelarik. Zakuondo utero-besikala dela eta emakumeen gernu maskuria gizonena baino gutxiago estalita dago errai peritoneoagatik. Gizonetan prostataren gainean kokatzen da eta emakumeetan, umetokiaren aurreko aldean eta hau baino gorago.

Puxikak piramide inbertitu baten itxura du. Honen erpina aurrera eta gora kokatzen da, eta erdiko zilbor tolesari dagokio. Hondo edo oinaldea beheko aldean eta atzean kokatzen da, zoru pelbikoan apoiatzen delarik. Atzeko aurpegi honetan bi ureterrak ezartzen dira. Kanpoaldean faszia batek estalita egongo da. Puxikaren gorputza erpinaren eta hondoaren arteko eremua izango da eta alboetatik alboko aurpegiek mugatuko dute. Gernu maskuriaren lepoa uretrari hasiera emango dion atala da.

Barneko aldetik, atzeko aurpegian, trigono besikala kokatzen da. Ureterren insertzioen eta gernu maskuriaren lepoaren artean kokatutako ezaugarri histologiko ezberdinetako eta, makroskopikoki (begibistan) kolore argi edo apalagoko eremu triangeluarra. Eremu honetan mukosa lautzen da eta azpimukosaren tolespenak desagertzen dira.

Lotailuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernu maskuria sendoki lotuta dago inguruko egiturei gernuaz betetzean mugitu ez dadin.

Goiko eta aurreko aldean puxikaren aurreko aurpegia eta zilborra lotzen dituen erdiko zilbor tolespena dago. Helduetan lotailu bat da, egitura garapen enbrionarioan zehar itxi egin behar duelako. Itxiko ez balitz, fistula besikalak eratuko ditu.

Alboko lotailu pubobesikala gernu maskuriaren lepotik alboetara hedatzen da, eta pelbiko faszian ezarriko da.Lotailu hau sexu bietan ageri da.

Emakumeek soilik daukaten lotailu pubobesikal mediala dago baita, sinfisi pubikoan hasi eta atzerantz abiatzen dena, uretraren inguruan bira egiten duena eta berriro beste aldeko sinfisi pubikoan lotzen dena.

Gizonetan soilik lotailu puboprostatiko mediala ageri da. Lotailu hau sinfisi pubikoan hasten da eta prostata osoa inguratzen du, gernu maskuriaren azpian kokatzen den guruin handia, gizonek soilik daukatena. Ostean, sinfisi pubikora bueltatuko da beste aldean lotzeko.

Geruza muskularrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernu maskuriaren muskulu detrusorea puxikaren inguruan luzetarako era batean antolatutako muskulu leuneko zelulek osatutako muskulu geruza da. Muskulu leuna den lez nerbio sistema autonomoaren kontrolpean egongo da. Honen funtzioa estutzean gernuaren iraizketan laguntzea izango da puxika uzkurtuz eta likido-hondakina kanporatzen lagunduz.

Zuntz zirkularrek ureterraren barneko muskulu esfinterra osatuko dute beheko aldetik jarraitzen denean.

Gernu maskuriaren inguruko zakuondo eta hobiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Peritoneoa abdomeneko paretetan zehar pelbi eremuraino jaitsiko da, eta hemengo erraiak estaltzeko tolespenak egingo ditu. Pelbi aldeko erraiak paretako peritoneoak estalita egongo dira goiko aldetik, eta hau dela eta "peritoneo azpiko kokapena" daukatela esaten da hauen inguruan. Hau dela eta hobi eta zakuondoak eratuko dira erraien inguruan eta artean. Zakuondoak hobiak baino sakonagoak eta handiagoak izango dira.

Zakuondo eta hobi hauek garrantzi kliniko handia daukate bertan infekzioak ematekotan likido serosoen metaketak sor daitezkelako espazio hauetan.

Hobiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hobi suprabesikalak gizonetan eta emakumeetan ageri dira, eta gernu maskuriaren goiko aldean kokatzen dira.

Hobi parabesikalak gernu maskuriaren inguruan eta bi aldeetan daude, bai gizonetan bai emakumetan.

Eremu prebesikala ez dago peritoneoak eratua baina garrantzia dauka gernu maskuriaren aurre beheko paretaren azpian beste eremu bat eratuko duelako. Barrunbe honetan odol hodiak eta gantz-ehuna daude, beraz ez dago hutsik eta ez da espazio birtuala.

Zakuondoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zakuondo uterobesikala gernu maskuriaren eta umetokiaren artean kokatzen da emakumeetan soilik.

Zakuondo errektobesikala gernu maskuriaren eta ondestearen artean kokatzen da gizonezkoetan soilik.

Histologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernu maskuriaren barneko aldea, gernu bide osoan ematen den moduan, gernu epitelio edo urotelio deitzen den mukosa mota batez estalita dago. Honek forma aldatzeko eta beraz, edukia handitzeko gaitasun handia ematen dio, likidoa gordetzeko organoa dela kontuan izanik.

Muskulu leuneko bi geruza dauzka, bat era zirkular batean kokatzen deta eta beste bat luzetara dagoena. Inguruan puxikak geruza fibroso bat edukiko du.

Lotutako gaixotasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   W., Sadler, T. (2016) Langman, embriología médica (13ª ed. argitaraldia) Wolters Kluwer ISBN 9788416353484 PMC 951098665 https://www.worldcat.org/oclc/951098665. Noiz kontsultatua: 2018-11-28 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Puxika Aldatu lotura Wikidatan