Edukira joan

Gerra Gotikoa (376-382)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gerra Gotikoa
Gerra Gotikoak
Data376ko uda-382ko urriaren 3a
LekuaBalkanak
EmaitzaErromatarren garaipen pirrikoa
Gudulariak
Ekialdeko Erromatar Inperioa
Mendebaldeko Erromatar Inperioa
Greutungoarrak
Tervingiarrak
Tokiko matxinoak
Arpilatzaile alanoak
Arpilatzaile hunoak
Buruzagiak
Valente  
Graziano
Teodosio I.a Handia
Fritigerno
Alateo
Safrax
Indarra
Hadrianopolis:
15.000–20.000[1] edo 25.000–30.000[2]

Hadrianopolis:
12.000–15.000[3] edo

80.000–100.000[4]
Galerak
Hadrianopolis:
10.000–15.000[5] edo 20.000[6]
Hadrianopolis:
Ezezagunak

376-382ko Gerra Gotikoa Ekialdeko Erromatar Inperioaren eta Balkanetako godoen arteko borroka bat izan zen, gure aroko 376-377 eta 382ko urteen artean gertatutakoa. Gerra, eta bereziki Hadrianopolisko gudua, Erromatar Inperioaren historiako une erabakigarrienetako bat izan zen, hurrengo mendean Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorialdia ekarriko zuten gertaera batzuen lehena.

376ko udan eta udazkenean, dozenaka mila godo eta beste herri nomada batzuk hunoen babesa eskatuz Danubio ibaiaren ertzetara, Erromatar Inperioaren mugan, iritsi ziren. Fritigernok, tervingiarren buruzagiak, Valente erromatar enperadoreari bere jendearekin Danubioren hegoaldeko ertzean bizitzen utz ziezaion dei egin zion, han espero baitzuten beren indarrekin ibaiaren zabalera zeharkatzeko gaitasunik ez zuten hunoen babeslekua aurkitzea. Valentek baimendu egin zuen, eta godoei, ziurrenik Durostorum (egungo Silistra) gotorlekutik gertu, ibaia gurutzatzen ere lagundu zien.

Valentek, erromatar armadaren foederati zirenez, godoei lurrak, ale-anoak eta babesa emango zizkiela agindu zien. Erromatar lurraldean godoak hain azkar onartzeko arrazoi garrantzitsuenak euren armadaren tamaina handitzea eta altxorra handitzeko zerga-base berri bat irabaztea izan ziren. Danubio zeharkatzeko baimena zuten godoen hautaketa gupidagabea izan zen: ahulak, zaharrak eta gaixoak beren kasa utzi zituzten hunoengandik defendatzeko. Gurutzatu zituztenek onartu egin behar zuten armak konfiskatuak izan zitezen, hala ere, erromatarrek eroskeria onartu zuten armak atxiki ahal izateko.

Hain eremu txikian hainbeste jende zegoelarik, gosea azkar zabaldu zen eztanda godoen artean, eta Erromak ezin izan zituen ez elikagaiak ez agindutako lurrak eman. Godoak taldean eraman zituzten aldi baterako atxikipen-eremu batera, erromatar goarnizio armatu batek inguratua. Nahikoa ale besterik ez zegoen erromatar goarnizioarentzat, eta godoei gosez hiltzen utzi zieten. Erromatarrek alternatiba krudel bat eman zuten: esklaboen merkataritza (askotan haurrak eta emakume gazteak) zakur haragiaren truke. Fritigernok Valenteri laguntza eskatu zionean, honek bere jendeak urruneko Marcianopolis hiriko merkatuetan janaria eta merkataritza aurkituko zituela esan zion. Beste aukerarik gabe, godo batzuk nekez joan ziren hegoaldera hileta-martxa batean, bidean gaixoak eta zaharrak galduz.

Azkenean, Marcianopolisko ateetara iritsi zirenean, hiriko goarnizio militarrak sarrera ukatu zien, eta, irain gehiago gehitzearren, erromatarrak oturuntza batean godoen buruzagiak hiltzen saiatu ziren, baina porrot egin zuten. Orduan hasi zen matxinada irekia. Godoen gudaroste nagusia 376. urtearen hondarrean eta 377. urtearen hasieran Danubioren ondoan egon zen, hurbileko lurraldetik elikagaiak arpilatzen. Erromatar goarnizioek gotorleku isolatuak defendatu ahal izan zituzten, baina eskualde gehiena godoen erasoen aurrean ahul geratu zen.

377ko neguaren amaieran, gerra hasi zen. Sei urte iraungo zuen 382an bakea berrezarri aurretik. Geratzen ziren godoak Danubioren hegoaldera mugitu ziren eta Hadrianopolistik hurbil iritsi ziren. Erromatarren erantzuna Valente enperadorearen agindupean godoak aurkitu eta garaitzera armada bat bidaltzea izan zen. 378an Valente Hadrianopolistik iparraldera mugitu zen eta Hadrianopolisko guduan (378) (gaur egungo Edirne, Turkia) garaitu (eta hil) zuten. Garaipenari esker, godoek Trazian zehar aurrera eta atzera jarraitu ahal izan zuten 378an. 379an, godoek erromatar erresistentzia txiki bat baino ez zuten aurkitu, eta Daziako ipar-mendebalderantz joan ziren, eskualde hori arpilatuz.

380an godoak bi armadatan banatu ziren, tervingiarrak eta greutungoarrak, neurri batean hain jende kopuru handia hornitzeko zailtasunagatik. Greutungoarrak iparralderantz mugitu ziren, Panoniarantz, non Graziano Mendebaldeko Erromatar Inperioko enperadoreak garaitu zituen. Tervingiarrak, Fritigernoren agindupean, hegoalderantz eta ekialderantz mugitu ziren Mazedoniara, non herriak eta hiriak beren babesagatik ordainarazi zituzten, erabat arpilatu aurretik. 381ean, Mendebaldeko Inperioko indarrek godoak Traziara eraman zituzten, azkenean 382ko urriaren 3an bakea adostu arte.

Gerraren amaieran, godoek erromatar enperadore bat hil, erromatar armada bat suntsitu eta erromatar Balkanetako eremu asko suntsitu zituzten, horietako batzuk sekula berreskuratuko ez zituztenak. Erromatar Inperioak, lehen aldiz, Inperioaren mugen barruan herri barbaro autonomo batekin bake akordio bat negoziatu behar izan zuen, aurreko belaunaldi batentzat pentsaezina izango zena.

Beste herriek ez zuten ikasgaia ahaztu, ezta godoek berek ere, luzaroan bakean egon ez zirenek. Ehun urte beranduago, Mendebaldeko Inperioa, etengabeko inbasioen presiopean amilduko zen, eta erresuma barbaroetan banatuko zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. MacDowall, Simon. (2001). Adrianople AD 378: The Goths Crush Rome's Legions. , 59 or..
  2. Williams, S. Friell, G., Theodosius: The Empire at Bay. 177. orr.
  3. Delbrück, Hans, 1980 The Barbarian Invasions, 276. orr.
  4. Williams and Friell, 179. orr.
  5. Heather, Peter, 1999, The Goths, 135. orr.
  6. Williams and Friell, 18. orr.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]