Huno

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Hunoek, Atila buruan, Europa inbaditu zuten.

Hunoak[1] Erdialdeko Asiako tribu nomada edo erdi-nomaden konfederazioa izan zen, turkieraren familiako hizkuntza batean mintzatzen zen aristokraziak zuzenduta. Deskribapen zaharrenetan esaten denez, ez zuten etxe finkorik eta ez zuten nekazaritza ezagutzen. Arkua ongi menderatzen zuten, zaldi gainean oso trebeak ziren eta ausartak eta basatiak ziren borrokan.

K.o. 370. urtean Europari eraso zion herri nomada bateko kidea. Hunoek Asiako erdialdean zuten jatorria eta Europan erasoa hasi eta ondorengo zazpi hamarkadetan inperio handi bat eratu zuten.

IV. eta V. mendeetan, hunoen tribu batzuek Europa inbaditu zuten, batez ere Atila haien buruzagia zenean. Volga ibaiaren mugaraino iritsi ziren IV. mendean, eta lehendabizi Volga eta Don ibaietako ibarretan bizi ziren alanoak menderatu zituzten; gero, ostrogodoen inperioa bereganatu zuten, 376an gaurko Errumaniako lurraldeetan bizi ziren bisigodoak mendean hartu zituzten eta Erromatar Inperioaren mugaraino (hots, Danubio ibairaino) iritsi ziren.

Hunoen inperioaren hedadura Europan.

432. urterako, hunoek germaniarren herri asko mendean izand, erromatarren kontra eraso egiten hasiak ziren. Urte horretan, errege bakarra zuten hunoen taldeek: Rua. 434. urtean, hil zenean, haren iloba Bledak eta Atilak erregetza hartu zuten. 441. urtean, erromatarrek Marguseko bakea sinatua zuten hunoekin eta hala erabaki zuten erromatarrek hunoei ordainketak egingo zizkietela, baina hitza bete ez zutenez, Atilak eraso handia egin zuen Danubioko mugatik aurrera erromatarren kontra. 445. urtean Atilaren bigarren erasoa izan zen Erromako Ekialdeko inperioaren kontra, eta Balkanetatik Greziaraino iritsi zen. 451. urtean erromatarrek eta bisigodoek Atila menderatu zuten. Atila 453. urtean hil zen, haren semeak elkarren artean borrokatu ziren eta inperioa zatitu egin zuten. Ekialdeko Erromako gobernuak hunoei muga itxi zienez gero, pixkanaka indarra galdu zuten.

Bestalde, Txinari eraso zioten xiongnu nomadak ere hunoak zirela uste da. K. a. II. mendean hasi ziren Qin dinastiari erasotzen eta IV. mendeko Han dinastiaraino luzatu ziren erasoak. Persiari eta Indiari ere eraso zieten IV. mendetik VI. mendera "huno zuriak" izena hartuta.




Azken hunoak Kaukasian bizi izan ziren VIII. mendean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]