Teodosio I.a Handia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Teodosio I.a
Teodosio I.a Handia

Teodosio I.a, 1986ko grabatu batean arabera.


Aurrekoa Valente Ekialdeko Erromatar Inperioan; Valentiniano II.a en Mendebaldeko Erromatar Inperioan
Ondorengoa Arkadio Ekialdeko Erromatar Inperioan;
Honorio Mendebaldeko Erromatar Inperioan

Jaiotza 347ko urtarrilaren 11
Cauca, gaur egun, Espainia
Heriotza 395eko urtarrilaren 17a
Milan

Teodosio I.a (latinez: Flavius Theodosius) (347ko urtarrilaren 11 - 395eko urtarrilaren 17), Caucan (Hispania) jaio zen, eta 379tik hil zen arte erromatar enperadorea izan zen. Valentiniano I.aren bi semeekin batera gobernatu zuen, Teodosio ekialdean eta Valentiniano II.a eta Graziano mendebaldean. 392an, Teodosiok ekialdeko eta mendebaldeko zatiak batu egin zituen, eta azken enperadorea izan zen Erromatar Inperio osoa gobernatzen. Bera hil ondoren, Inperioko bi zatiak betirako banandu ziren. Erlijioa dela eta, ezaguna da kristautasuna Erromatar Inperioko erlijio ofizial egiteagatik.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Valentiniano I.a enperadorearen jeneral baten semea zen, eta hari lagundu zion Europan egindako kanpainetan. Ospe handia lortu zuen Panonia eta Mesiako probintzietan sarmaziarrak garaitu zituenean, Danubio ibaiaren ondoan.

378. urtean Graziano enperadoreak augusto izendatu zuen, eta germaniarrek etengabe erasotzen zuten Inperioaren mendeko Balkanetako herriak babesteko ardura eman zion. Etsaiak armen bidez garaituko ez zituelakoan, haien indarrak zatitzeari ekin zion, eta horretarako, germaniar mertzenarioak bere gudarostean onartzeaz gainera, erresuma autonomoa eratzeko eskubidea eman zien godoei.

Erlijio-gaiei dagokienez, Teodosiok nizear trinitarismoa bultzatu zuen kristautasunaren baitan, eta kristautasuna Inperioaren baitan. 380an Inperioko erlijio legitimo bakartzat ezarri zuen kristautasun katolikoa, eta gurtza paganoak debekatu egin zituen. Milango Anbrosio apezpikuaren eraginpean, gero eta estuago eta jasangaitzago bilakatu zen erlijio-gaietan.

383. urtean, Graziano enperadorea hil zutenean, Inperioko mendebaldeko auzietan parte hartu behar izan zuen, eta 5 urte geroago, Graziano hil zuen Maximo enperadorea menderatu eta hilarazi ondoren, Grazianoren seme Valentiniano II.ari itzuli zion aginpidea. Valentiniano II.a artean haurra zenez, Teodosio bihurtu zen erresumako agintari nagusi, eta Milanen bizi izan zen, 391. urtean Konstantinoplara itzuli zen arte.

392. urtean Valentiniano II.a hil zenean, matxinada bat izan zen, eta Eugenio izendatu zuten mendebaldeko enperadore. Teodosiok ez zuen onartu, eta bere seme Honorio augusto izendatu zuen. Beste semea, Arkadio, ekialdeko Inperioko ondorengo egin zuen. 395. urtean, ordea, hil egin zen Teodosio eta, hala, ezin izan zen Inperioaren batasuna lortzeko amets hura gauzatu. Teodosio hil ondoren, Inperioko bi zatiak behin betiko banandu ziren.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Teodosio I.a Handia Aldatu lotura Wikidatan