Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorialdia

Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorialdia —Erromatar Inperioaren erorialdia edo Erromaren erorialdia izenez ere ezaguna— Mendebaldeko Erromatar Inperioaren botere politiko zentralaren galera izan zen; Inperioak bere arauak betearazteko boterea galduz joatea ekarri zuen prozesu bat, haren lurraldea hainbat entitate politikotan zatitu zuena. Glen W. Bowersocken esanetan[1] "erorialdiak itsutu gaitu: gainbehera guztien arketipo bilakatu da eta baita gure beldurren ikurra ere". Izan ere, Inperioren erorialdia egungo historiografiaren gai nagusienetariko bat da. 1984an, Alexander Demandt alemaniar historialariak Erromaren gainbehera azaltzeko 210 teoria argitaratu zituen eta handik aurrera teoria berriak proposatu dituzte[2][3].
Gainbehera motel hau 320 urteko denboraldi batean gertatu zen, 476ko irailaren 4an Odoakro germaniar buruzagiak Romulo Augustulo azken enperadorea tronutik kendu zuenean burutu zena. Historialari moderno batzuek dataren inportantzia zalantzan jartzen dute[4], alde batetik Julio Nepote Dalmatiako Salonan 480an eraila izan arte bizi zelako eta bestetik ostrogodoek erromatar ohiturak mantendu zituztelako. Gibbonen esanetan, Ekialdeko Erromatar Inperioak 1453ko maiatzaren 29an Konstantinopla erori zenerako mantendu zela kontuan ere hartu behar da[5].
Beste data batzuk ere proposatu dituzte: 378ko Hadrianopolisko gudua, 395eko Teodosio I.aren heriotza, 406ko germaniarren Rhin zeharkatzea, 408ko Estilikoren heriotza (mendebaldeko armada indargabetu zuena), 410eko Erromako arpilatzea, 565eko Justiniano I.aren heriotza edo 632ko Islamen sorrera.
Hori zela eta, aditu batzuen ustez, "erorialdia" baino areago, eraldatze konplexua izan zen[6].
II. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]II. mendeko goraldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Edward Gibbonek adierazi zuen gizakiaren inoizko garairik zoriontsuena eta aberatsena Domizianoren heriotzatik (96) Marko Aurelioren heriotzara arte gertatu zela (180)[7].
Garai hartan, Erromak hogeita hamar legio zituen, 160.000 bat gizon, profesionalak eta herritartasuna zutenak. Haiekin batera, beste horrenbeste soldadu laguntzaile, probintzietatik errekrutatuak. Guztira milioi erdia. Inoizko armadarik handiena zen, baina, halaber, hobekien trebatuta eta hornituta zegoena[8]. Armadaren erpinean enperadorea zegoen, baina haren aldamenean, senatariak, zeinek beraientzat gordetzen baitzituzen aginte karguak armadetan eta administrazioan, klase horretakoen eskubidea zelakoan.
Inperioko populazioa hazi zen Augusto hil eta hurrengo mende eta erdian, 60 bat milioitik 75 bat milioira. Ematen du urte horietan ez zela gosete larririk izan. Aitzitik, pentsatzekoa da ekonomia hazi zela norbanakoak kontuan hartuta, eta jornalak emendatu zirela prezioak baino gehiago[9]. Hein handi batean merkataritzari zor zaio hazkunde hori. Sal-erosketen sarean ezker eta eskuin zabaldu ziren, inperioko bake, lege eta garraioari esker: piratak desagertu ziren Mediterraneotik eta eskualdatze kostuak eta garraioarenak murriztu ziren.
Inoizko urbanizazio mailak ere lortu ziren, guztira mila hiri baino gehiago baitzeuden. Mendebaldean asko eta asko berriak izan ziren. Ekialdean, berriz, hiriek lehengo mugak gainditu zituzten. Zaila da biztanleen kopurua zehazten, baina Erroman milioi bat baino gehiago izango ziren, eta Alexandrian, Antiokian edo Kartagon, ehun milatik gora. Teknologia ere zabaldu zen inperioan barna, dela ingeniaritza zibilean, dela nekazaritzan, dela garraioan. Meatzaritza eta metalurgia ere hobetu ziren, eta metalezko tresnak inoiz baino eskuragarriago egon ziren.
Galenoren izurritea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]165etik aurrera, gaixotasun infekzioso bat inperioan barna zabaldu zen, eta heriotza ugari eragin zituen, zenbait agerralditan. Galenok deskribatutako sintomengatik (besteak beste larruazaleko erupzioak), adituek uste dute baztanga izan zela pandemiaren eragilea[10].
Antzinateko iturriek zehazten dute Seleuziako setioan sortu zela izurria, 165-166ko neguan. Egun, ordea, Itsaso Gorriari begiratzen zaio, 150eko hamarkadan izurri bat izan baitzen Arabiar penintsulan[11]. Behin inperioan sartuta, bideen sare trinkoari eta jendez gainezkako hiriei esker, agudo hedatu zen ezker eta eskuin. Armada gogor jo zuen gaixotasunak, ia-ia desagertzeraino[12]. Horrek ekarri zuen esklaboak eta gladiadoreak errekrutatzea bortxaz. Izurriak 172ra arte jarraitu zuen zabaltzen. Hiri handiek birusaren zirkulazioa hauspotu zuten lehenengo olatuan, baina, gainera, populazio handiei esker, mikrobioek desagertu gabe segitzen zuten hilkortsun tasa handiak iraganda ere. Gero, jaiotza edo etorkin berriekin, beste olatu batzuk sortzen zituzten.
Izurrite modernoetan, baztangak %70ko kutsatze tasa du. Handia bada ere, ez da unibertsala, eta bizirik irauten dutenek immunitate sendoa lortzen dute. Transmisioan, baztangak 12 bat eguneko inkubazioa du, zeinetan kutsatua oso kutsakorra baita, eta listuaren bidez zabaltzen du birusa. Baztangak kutsatuen %30-40 hiltzen ditu, batez ere gazteenak eta zaharrenak, immunitate sistema ahulagoa baitute. Baina eriei oinarrizko zaintzak emateak (jana-edana ematea) jaisten ditu hilkortasun tasak[13].
Zaila da zehazten zenbat hil zituen izurriteak. Pentsatzekoa da kutsatze eta hilkortasun tasa handiak gertatu zirela hiri handietan, eta, aldi berean, tasa apalagoak periferian. Oro har, jotzen da populazio guztiaren %10 hilko zela, eta lekurik kolpatuenetan, halako bi. Baina, Inperioko 75 milioi lagunen %7 edo %8 hil izana aski da ordura arteko pandemiarik hilgarrientzat hartzeko[14].
III. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Severotar dinastia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Komodo 192an erahil ondoko gerra zibilean, Septimio Severo senataria atera zen garaile armadaren sostenguari esker. Kartagokoa zen enperadore berriarekin, probintzietako eliteek hartu zituzten senatuko tokietako asko, eta Severorekin, senatariek beretzat gorde zituzten administrazioko eta armadetako goi kargu garrantzitsuenak. Severok eraikuntza programa zinez handia jarri zuen martxan, seinale ekonomiak eta demografiak hobera egin zutela. Hala ere, ez ziren lortu epidemiaren aurreko mailak.
Hurrengo enperadorea haren semea Karakala izan zen, zeinak 212an herritartasuna eman baitzien Inperioko biztanle libre guztiei ediktu baten bidez. Horren ondorioz, III. mendean zehar areagotu zen Erromako zuzenbidearen hedapena, Inperioko punta bateko zein besteko herritarrek hartaz baliatu nahi izan zutelako beren helburuetarako. Severotar dinastiarekin, Erromako zuzenbide klasikoaren bilketak goia jo zuen.
Dinastia honekin, halaber, hasi zitzaion botere handiagoa ematen armadari. Severok soldata bikoiztu zien soldaduei, urtean 300 solido kobratzetik 600 solido kobratzera. Gainera, ezkontzeko eskubidea ere eman zien. Karakalak 900 solidora igo zuen.
Ziprianoren izurritea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zipriano Kartagoko apezpikuaren testigantzagatik dugu izurrite honen berri, baina garaiko iturri guztietan azaltzen da. Izurriteak urte asko iraun zuen: 249rako, Alexandrian zabaltzen hasi zen, eta 251rako, Erroman. Inperioan barna hedatu ondoan, agian beste olatu bat izan zen 260 inguruan, eta baliteke 270eko hamarkadara arte irautea.
Ziprianoren hitzetan, hauxe izan zen patologia: nekea, odola eginkarietan, sukarra, esofagoko zauriak, gorakoa, odoljario subkonjuntibala eta gorputz-adarretako infekzioa. Mundu guztiari eragin zion, edozein zela ere adina, sexua edo egora. Patogenoa ez da segurua, baina sukar hemorragikoa eragiten duten birusak dira susmagarri nagusiak, eta haietatik, filobirusak dira Ziprianoren izurriaren patologiarekin eta epidemiologiarekin hobekien bat datozenak. Haien artean, nabarmenena ebola da[15]. Ebolaren hilkortasuna, oraingo tratamendu modernoekin ere, izugarri handia da: %50-70.
249-268ko krisialdia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
235ean, Severotar dinastiako azkena, Alexandro Severo, asasinatu zuen armadak, eta Maximino aukeratu. Senatuak lortu zuen kargugabetzea zenbait gorabeheraren ondoren, eta Gordiano III.a gaztea jarri zuen tronuan. Hura 244an sasaniden kontra ari zela hil zenean, armadak Filipo aukeratu zuen, eta hark bakea erosi behar izan zuen 500.000 aureo ordainduta.
Filiporen agintaldian arazo ugari piztu ziren, eta matxino batek hil zuenean, 249an, Erromak 1000 urte bete eta hurrengo urtean, kaosa nagusitu zen. Mugetako defentsa sistema behera etorri zen, kanpoko erasoak ugaritu baitziren alde guztietatik. Krisi fiskalak eragotzi zion Estatuari dirurik jasotzea, eta moneta debaluatu zen, eta inflazioa igo. Ekonomia pribatuak ere behera egin zuen ezinbestean. Enperadoreen zilegitasunik eza zela-eta, usurpatzaileen andana bat saiatu zen tronua bereganatzen, eta ondorioz, Inperioa zatikatu zen.
250eko hamarkadan, Rhineko defentsak desagertu ziren, eta frankoek eta alamanek Galia arpilatu zuten. 260an, Pertsiako Xapur I.ak preso hartu zuen Valeriano enperadorea. Ordurako, hiru inperio zeuden praktikan: Galiakoa, Palmiratik gobernatzen zen ekialdekoa eta Galienok menpean zuen erdialdekoa. Azken horren heriotzarekin (268), Klaudio II.ak hartu zuen boterea, eta harekin, enperadore mota berri batek Erromaren aginpidea berrezarri zuen.
Iliriako enperadoreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]268tik aurrera, inperioa oinarri berrien gainean eraiki zen: Danubio aldekoak izan ziren enperadoreen segida batek armada kokatu zuen administrazio sistemaren erdigunean, eta horretarako, urrez ordaidu zieten soldaduei. Horretarako behar adina baliabide lortu nahian, inperioaren zentralizazioa hasi zen.
Aurelianok (270-275) limestik kanpoko barbaroei eutsi zien (godoak, bandaloak edo sarmatak, besteak beste), eta, halaber, Erromaren menpe jarri zituen berriz ekialdeko probintziak eta Galia. Gainera, Erroma harresitu zuen.
Dioklezianoren erreformei esker (284-305), inperioa egonkortu zen berriz, baina erregimena aldatuta. Tetrarkia bat ezarri zuen, hau da, inperioaren gobernantza bi augustoren eta bi zesarren esku utzi zuen, gerra zibil desagerrazteko. Probintziak txikiagotu zituen, gobernadoreek kontrol estuagoa izan zezaten. Kargu zibilak eta militarrak banandu zituen, eta haietarako ez zen apenas senatariez baliatu, gaitasuna leinuaren gainetik lehenetsiz. 297tik aurrera, zergak estandarizatu zituen, eta bilketa handiagoak lortu zituen eskuarki. Inoiz baino handiagoa zen burokrazia haren erpinean, enperadorea gero eta bakartuago gelditu zen, tamainaz eta ponperiaz handitu zen gorte batean.
IV. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konstantinoren dinastia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konstantinok tetrarkia bertan behera uztzi zuen. Mendebaldeko erdi osoa bereganatu zuen 312an, eta ekialdekoa 324an. Erreinaldi luzea izan zuen, 306tik 337ra, eta horrek bide eman zion, erreformei esker, aginpidearen egitura berri bat martxan jartzeko, bere agintaldia baino luzeago iraun zuena. Izan ere, armadaren, aristokraziaren eta administrazioaren arteko harremanak egonkortu zituen luzerako.
Bigarren hiriburu bat fundatu zuen ekialdean, Konstantinopla, non bigarren senatu bat ere eratu baitzuen. Baina senatarien kopurua handitu zen kategoria hori lortzeko bideak ugaritu zituelako. Berriz ere goi mailako karguetan erabili zituen, hirietako aristokrazien kaltetan. Soldaduak eta nekazariak babestu zituen, enperadorearen botearearen oinarriak zirelakoan. Aldi berean, gizarteko hiererarkiari bere horretan eutsi zion.
IV. mendean, urreak egonkortu zuen moneta. Horrek finantzak berpiztu zituen, eta horrekin batera, inperioaren barneko eta Mediterraneoaren inguruko merkatua. Esklabotza ere suspertu zen, eta esklaboen kopurua izugarri handitu. Aberastasuna oso geruzatuta zegoen. Garaiko elite ekonomikoaren aberastasunaren tamaina eta banaketa ez zen berriz gertatu Atlantikoko kolonialismora arte, hain zen handia. Sal-erosketa handiari esker, bazeuden merkatari, artisau eta profesional ugari ere, baita tamaina ertaineko lurjabeak ere. Baina talde sozial handiena zen nekazaritzako soldatapeko langileek osatutakoa. Haien azpian, biziraupenaren mugako txiroak, maiz, aberatsagoen eskuzabaltasunetik bizi ziren[16].
Ekonomiak hobera egin arren, zaila zen soldaduak aurkitzea, eta, hori dela eta, barbaroak errekrutatzen hasi zen garai honetan. Hala ere, armada ahaltsua zen oraindik, eta ongi hornituta jarraitzen zuen Diklezianoren eta Konstantinoren erreforma administratiboei esker.
Bisigodoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hunoen erasoen ondorioz, godoek Inperioaren muga gurutzatu zuten 376an aterpea aurkitu nahian. Valente enperadoreak aurre egin zien, baina ezin izan zituen garaitu Hadrianopolisko batailan (378), eta bizia galdu zuen. 382an, hitzarmen bat adostu zuten bisigodoek eta Teodosio I.a enperadore berriak: Inperioaren subjektu izatera pasatu ziren, "federatu" izaerarekin, eta eremu bat eman zitzaien Dazian eta Trazian finka zitezen, zerbitzu militarraren truke.
Teodosio 395ean hil zenean, bisigodoek amaitutzat jo zuten hitzarmena. Alariko erregeak matxinatu eta Konstantinopla hiriburua mehatxatu zuen. Erromak haren baldintzak onartu zituen: Alarikok, Iliriako magister militum tituluarekin batera, probintzia horretan behar adina baliabide eskuratzeko baimena jaso zuen. Baina Erromak hunoak haren kontra erabliko zituen beldurrez, Alarikok Italiara eraman zuen herria 401ean. 408an, Alarikok 288.000 solido eskatu zituen, Italia inbadituko zuelako mehatxupean. Alarikok, agindu zioten arren, ez zuen dirua jaso, eta eraso zion Italiari. Hiriak arpilatzen zituzten hegoalderako bidean, Erromara ailegatu eta setiatu arte. Hirian, gosea zabaldu zen, eta arrazionamenduak ezarri ziren. Azkenean erreskate bat pagatu zen, 5.000 libera urre eta 30.000 libera zilarrekoa.
Alarikok bere herria finkatzeko lurrak nahi zituen. Negoziazioek atzera eta aurrera asko egin zituzten. Alarikok, eraso batetik bizirik atera ondoren, erabaki zuen negoziazioei utzi eta Erromara jotzea. Setiatu eta, 410eko abuztuaren 24an, hirian sartu ziren. Hiru egunez arpilatu zuten. Arpilatzea, hala ere, ez zen izan zitekeen bezain okerra. Sarraski orokorrik ez zen izan, eta Petriren eta Pauloren basiliketan gordetakoak errespetatu zituzten. Hiriko eraikin eta monumentu gehienek iraun zuten, baina ondasun higigarriak galduta.
Erromatik Alarikok hegoaldera jo zuen. Bisigodoek Campania, Lucania eta Calabria hondatu zituzten. Ezin izan zuten, hala ere, Mesinako itsasartea zeharkatu. Alariko Consentian hil zen 410ean bertan. Gero, Ataulfo hautatu zuten errege bisigodoek, eta hark Galiara eraman zituen. Ataulfo 415ean hil zen, eta hurrengo erregeak, Waliak, lortu zuen Honoriok Garona inguruko lurrak ematea finka zitezen, ziur aski hospitalitas sistemaren azpian. Hitzarmen horren bidez, bisigodoek bertako zergak jasoko zituzten, eta, trukean, laguntza militarra eman beharko zioten Inperioari. Hala gertatu zen, esaterako, Atilaren kontra, Katalauniako Zelaietako Guduan, 451n.
V. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inperioaren zatikatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rhinez eta Danubioz haraindiko lurraldeak III. mendean galdu zituen Erromak. Izan ere, Aurelianok Dazia abandonatu zuen behin betiko godoen bultzadaren aurrean, eta muga Danubion finkatu zuen (271-275). Agri Decumates izeneko eskualdea, berriz, alamanen esku utzi zuen Galieno enperadoreak, eta gero, behin betiko, Proboren ondorengoek (282).
Limesaren barneko lurretan, zenbait barbaro (besteak beste bandaloak, alanoak eta sueboak) Rhin ibaia gurutzatu eta Inperioaren barnean sartu ziren 406ko abenduaren 31n, iturri tradizionalen arabera. 409an Hispanian kokatu ziren, eta erromatarrek ezin izan zituzten kanporatu. Hala, sueboek beren erresuma ezarri zuten penintsulako ipar-mendebaldean. Bandaloak eta alanoak, bere aldetik, Afrikara pasatu ziren godoek garaitu ondoren (429), eta probintzia aberats horretan finkatu zuten beren erresuma, Genserikoren agindupean.
Britanian, Konstantino III.a usurpatzaileak tropa erromatarrak Galiara eraman zituen 407an Rhin gurutzatu zuten herriei aurre egiteko. 410ean, Honorio enperadoreak uko egin zion laguntza militarra Britaniara igortzeari, eta, urte berean bertako ofizialak kargugabetuta, gobernua hirien esku gelditu zen. Hurrengo hamarkadetan, hala ere, hiriak krisian sartu ziren, eta angloak eta saxoiak hasi ziren irla bereganatzen.
Erromak bere menpeko lurretan indar militarra koordinatzeko gaitasuna galdu zuen. Ezgaitasuna horren aurrean, probinzietako eliteak errealitate berrietara egokitu ziren. Kasu guztietan, natiboak gehiago ziren etorri berriak baino, baina barbaroek hartu zuten estatuaren tokia. Hala, V. mendearen erdialderako, Galiako zati batzuk eta Italia kenduta, gainerako guztiak utzi zion Erromaren menpe egoteari.
Hunoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]350etik 370era bitarte, azken bi milurtekoetako lehorterik gogorrena pairatu zuen Eurasiako estepak[17]. Krisi dramatikoa izan zen hango nomadentzat. Hunoak, 370erako, Volga zeharkatzen hasiak ziren. Europarako migrazio hura ez zen eraso koordinatu bat, banda desberdinen etorrera baizik. Baina taktika militar berriak ekarri zituzten, beren arku tradizionalari esker, Danubioz haraindiko herriak, godoak nagusiki, izuz beteta utziz. Ondorioz, godoek 376an ibaia gurutzatu eta 378an Valente enperadorea garaitu eta hil zuten.
IV. mendearen bukaeran, hunoek Erromaren Inperioaren ekialdeari eraso zioten, baita Sasaniar Inperioari ere. Ekialdeko lur horietatik, V. mendearen hasieran, oraingo Hungariako lautadan kokatu ziren. Horrek eragin zuen bertan zeuden sueboak, bandaloak eta alanoak, besteak beste, limesa zeharkatu eta inperioan sartzea[18]. Hurrengo urteetan, mertzenario lanak egin zituzten Erromako nagusientzat (Flavio Konstantziori edo Aeziori, besteak beste). Hala, bisigodoen eta burgundiarren kontra aritu ziren 430eko hamarkadan.
Atila eta Bleda anaien agindupean, hunoek lortu zuten, 435etik aurrera, erromatarrak zergapean edukitzea. Agindutakoa iristen ez bazen, hunoek Balkanak eta Trazia arpilatzen zituzten, hala nola 440an eta 447an. 451n, Atilak Mendebaldeko Inperioari eraso zion, baina Aeziok garaitu zuen Katalauniako Zelaietako Guduan, erromatarrez eta germaniarrez osatutako armada batekin. Atilak ez zuen etsi, eta 452an, Po ordokia arpilatu zuen, eta Leon aita santuaren eskariz baino ez zuen Italiatik alde egin. Atila hurrengo urtean hil zen, eta hunoak, 454an Nedaoko guduan galtzaile atera ondoren, berehala desintegratu ziren.
Mendebaldeko Inperioaren desagerpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hunoen mehatxua aienatutakoan, Erromaren estatua desagertuta zegoen Mendebaldeko Inperioko toki ugaritatik. Maioriano (457-461) saiatu zen egoera iraultzen. Bisigodoak eta burgundiarrak garaituta, Erromaren aginpidea ezarri zuen berriz Hispaniako eta Galiako lurralde gehiagotan. Haren heriotzaren ondoren, jeneral barbaroek edo Ekialdeko Inperioak kontrolatu zituzten enperadore guztiak. 476tik aurrera, Erroman ere ez zen enperadore gehiagorik egon.
V. mendean, buelta eman zitzaion aurreko mendeko susperraldiari Mendebaldeko Inperioan. Biztanleria murriztu zen hirietan (Erroman ere begi-bistakoa zen beherakada), eta landa eremuan apenas eraiki zen villarik. Eliteentzako komertzioak eta tokian tokiko sareek iraun arren, merkataritzako zirkuitu handiak desagertu ziren. Ondare pribatu erraldoiak galdu ziren, eta Eliza bihurtu zen lurjabe handiena.
Kristautasunaren hedapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]III. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]III. mendean, krisi garaia izan zen Antzinateko erlijio zibikoentzat ere, eta azkar hazteko atea zabaldu zitzaion ordura arte bazterrean egon zen kristautasunari. Izan ere, lehenagoko iturrietan kasik ez da kristaurik aipatzen, baina, izurritearen eta jazarpenaren ondorioz, III. mendean hedapen masiboa izan zuen kristautasunak, gai baitzen ezezagunen artean sakfrifizioan oinarrituako sareak eratzeko[19].
249an, Deziok jainkoen aldeko nahitaezko sakrifiziak dekretatu zituen, agian Ziprianoren izurritearen hasierak eraginda. Kristauek uko egin zutenean, gobernu zentrala hasi zen gogortasunez erantzuten. Valerianoren neurri batzuek kristauak ezarri zituzten jopuntuan. Bitartean, apologeta kristauek defendatzen zuten errugabeak zirela lehorte, izurrite eta gerraren akusazioetatik. Galienok 260an jazarpena bertan behera utzi zuenetik, hazkundea oso handia izan zen, Eusebiok aitortzen zuen bezala[20].
Politeismoa ez zen bat-batean hil, baina III. mendean, utzi zitzaion jainko tradizionalen aldeko tenpluak eraikitzeari eta antzinan sortutako erritu tradizionalak egiteari. Krisiak bertan behera utzi zituen tenpluei ematen zitzaizkien dohaintzak, eta patronazgoaren ohitura zaharrak galdu ziren. Erlijio tradizionalaren jendaurreko adierazpenak kordokan gelditu zirenean, kristautasunak aukeraz baliatu zen, eta IV. mendean enperadoreek ezin izan zuten errealitate hori baztertu[21].
IV. mendea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hazkundeak hazkunde, periferikoa zen oraindik kristautasuna Dioklezianoren jazarpenen garaian. 313an, Konstantinok kristautasunaren onarpena dekretatu zuenean, kristautasunaren nagusitasunera eraman zuen bidea ireki zen. Hurrengo hamarkadetan, doktrina bateratua lortu zen Nizeako kredoarekin. Enperadoreak hasi ziren Elizaren aldeko dohaintzak egiten eta eraikin monumentalak altxatzen. Aldi berean, jainko tradizionalen aldeko finantzaketa eten zen, eta odolezko sakrifizioak debekatu. Enperadoreen eredua inperio osoan zehar zabaldu zen. Konstantinoren ondoren, kristautasunaren hedapena azeleratu zen atzerabueltarik gabe[22].
Juliano salbuespena izan zen, saiatu baitzen Inperioaren balio eta tradizio zaharrak berrezartzen. Hala, tenplo paganoak martxan jarri zituen berriz, asko ordurako estatuaren edo partikularren esku bazeuden ere. Halaber, kristauak purgatu zituen estatuaren burokraziatik, eta bertan behera utzi apezpiku kristauek zituzten pribilegio batzuk. Hala ere, bere ondorengoak neurri horik indarrik gabe utzi eta lehengo bidera itzuli ziren.
380an, Teodosio I.ak Tesalonikako ediktua eman zuen, eta haren bidez kristautasuna, Nizean finkatutako ordoxiaren araberakoa, Erromako Inperioaren erlijio ofizial bihurtu zuen. Izan ere, legearen atarikoan, erlijioaren ortodoxia zehazten zen, eta hori zela bide, atea zabaldu zen haren kontra joaten ziren bestelako sinismenak —heresiak— zigortzeko, hala nola arianismoa.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erroma Garaiko Epelaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kristo aurreko azken mendeetan eta kristo ondoko lehenengoetan (K.a. 200-K.o. 150), klima egonkorra izan zen Mediterraneo aldean, epela eta hezea. Eguzkiaren irradazio maila handiak izan ziren, eta sumendien erupzio handi-handirik ez zen izan. Ondoriozko beroari esker, posible izan zen mahatsondoa eta olibondoa iparraldeago landatzea. Plinio Zaharrak kontatzen duenez, pagoak mendietan baino ez ziren topatzen, lehenago behealdeetan ere bazeuden ere[23].
Prezipitazio patroiak eskualdez eskualde aldatzen dira, baina oro har euritsua izan zen mende horietan Erromatar Inperioa. Izan ere, Tiber ibaian uholdeak ohikoak ziren udaberrian eta udan. Erdi Aroan edo Aro Modernoan, ordea, ez da halakorik jasotzen. Iturrietatik ondorioztatzen da Mediterraneoko hegoaldea ere hezeagoa zela gaur egun baino: Iparraldeko Afrikako oparotasuna ospetsua zen, gari asko ematen baitzuen. Itsaso Hileko ertzek erakusten dute ur mailarik handienak K.a. 200dik K.o. 200era gertatu zirela, eta hortaz, eskualde hori ere euritsua izan zen garai horretan[24].
Erroma Berantiarreko Trantsizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Epelaldiaren ondoren, hiru bat mendez, klima aldakorragoa izan zen. Izan ere, eguzki irradiazioa aldakortu zen. 240ko hamarkadatik aurrera, ahulagoa izan zen, eta ondorioz, tenperaturak hotzagoak. Glaziarrak handitzen hasi ziren berriz, zenbait mendetan urtzen egon ondoren.
Prezipitazio mailak jaitsi ziren. 240ko hamarkadatik aurrera, lehorte gogorra pairatu zuen Iparraldeko Afrikak. Ondorioz, zailagoa izan zen hiriak hornitzea. Ziprianok krisiaz profitatu nahi zutenak kritikatu zuen, eta garaiko testu errabinikoetan, euria mirariekin parekatzen da.
Ordura arte, Niloko ertz oparoak izan ziren Inperioaren hornitzaile nagusia. Baina II. mendeko erdialdetik III. mendeko bukaerara bitarte, Nilok erregimen erratikoagoa hartu zuen, eta uholde pattalen nahiz gaiztoen kopuruak gora egin zuen. Izan ere, El Niño fenomenoaren agerpen sendoa lotzen da Niloko uholde eskasekin, eta garai hartan, oso ohikoak izan ziren, hiru urterik behin, batez beste. Hala, 244an, 245ean eta 246an, uholdeak eskasak izan ziren, eta uztak, beraz, ere bai. Ondorioz, zerealen prezioak izugarri igo ziren[25]..
Kronologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatar Inperioaren gainbehera mendeak iraun zuen prozesua izan zenez, ez dago hasiera data edo amaiera data zehatzik, ez eta une nagusiak zein izan ziren adostasunik ere. Dena dela, hona hemen historialariek proposaturiko une nagusiak.
- III. mendeko krisialdia (234 - 284), anarkia politikoaz markaturiko unea.
- Dioklezianoren erreinaldia (284 - 305), erreforma politiko eta ekonomikoak bultzatu zituena.
- Konstantino I.a Handiaren erreinaldia (306 - 337), ekialdeko hiriburua izango zen Konstantinopla eraikitzeaz gain kristautasuna onartu zuena.
- Bisigodoen aurkako lehenengo gerra (376 - 382), non Hadrianopolisko guduan erromatarrak menderatuak izan ziren eta Valente enperadorea hila.
- Teodosio I.aren erreinaldia (379 - 395), ekialdea eta mendebaldea gobernatu zituen azken enperadorea.
- Rhinen zeharkatzea (406), bandaloak, sueboak eta alanoen Moguntiacum-en (egungo Mainzen) ibai izoztua zeharkatu eta erromatarrek eskualde asko galdu zituztenean.
- Bisigodoen aurkako bigarren gerra, 410ean Erromako arpilatzea eragin zuena.
- Atila eta Bledaren Hunoen inperioaren sorrera (434-453).
- Bandaloen Erromako bigarren arpilatzea (455).
- Bandaloen aurkako kanpaina (461 - 468), erromatarren porrota izan zena.
- Julio Nepote eta Romulo Augustuloren tronuak kentzea (475 - 480).
- Ostrogodoen erresumaren sorrera (493).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Bowersock, "The Vanishing Paradigm of the Fall of Rome" Bulletin of the American Academy of Arts and Sciences 49.8 (May 1996:29-43) p. 31.
- ↑ Alexander Demandt: 210 Theories, Source: A. Demandt, Der Fall Roms (1984) 695
- ↑ Karl Galinsky in Classical and Modern Interactions (1992) 53-73.
- ↑ Arnaldo Momigliano (1973) La caduta senza rumore di un impero nel 476 d.C.).
- ↑ Edward Gibbon,[http://www.fordham.edu/halsall/source/gibbon-fall.html "General Observations on the Fall of the Roman Empire in the West", Internet Medieval Sourcebook
- ↑ Lynn Hunt, Thomas R. Martin, Barbara H. Rosenwein, R. Po-chia Hsia & Bonnie G. Smith. (2001). The Making of the West, Peoples and Cultures, Volume A: To 1500. Bedford / St. Martins, 256 or. ISBN 0-312-18365-8..
- ↑ Edward Gibbon, History of the decline and fall of the Roman Empire, 1776, 3. kap.
- ↑ M. Hassall, The army, in P. Garnsey, D. Rathbone eta A.K. Bowman, ed. The Cambridge Ancient History, 11. bol., The High Empire, AD 70-192, Cambridge, 2000, 173-74. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 30-33 or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 102. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 99. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 112. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 108-110. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 115. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 142-3. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 176-184. or.
- ↑ Cook, E. "Megadroughts, ENSO and the invasion of late roman Europe by the huns and avars", in The ancient Mediterranean Enviroment, between Science and History, Leiden, 2013, 89-102
- ↑ Peter Heather, The fall of the Roman Empire. A new history, Londres, 2005, 202-204. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 155. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 153-156. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 157-8. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 166. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 45. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 46-50. or.
- ↑ Kyle Harper, The fate or Rome, Woodstock, 2019, 131-134. or.