Gilen Tell

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Gilen Tell (alemanez: Wilhelm Tell; frantsesez: Guillaume Tell; italieraz: Guglielmo Tell; erretorromanieraz Guglielm Tell) XIV. mendean jazotako Suitzako independentzia gerrako kondairazko pertsonaia eta heroi bat da.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gilen Tell eta bere semearen estatua Suitzako Altdorf udalerrian.

Kondairaren arabera Gillen Tell baleztarekin geziak jaurtitzen maisu omen zen eta Suitzako Uri kantonamenduko Bürglen udalerrian bizi zen. Garai hartan Austriako Habsburgo Etxea Suitzako hainbat kantonamenduen jabe egin eta Rhin ibaiaren goi harana eta Tirol eskualdeez jabetzeko saiakeretan zebilen.

Egun batez, Gillen Tell semea lagun zuelarik Altdorf udalerriko enparantza nagusitik zihoala Habsburgo Etxearen ikur zen eta enparantzaren erdian zintzilik zegoen kapelaren aurrean begirunez makurtzeari uko egin zion. Altdorfeko jauna zen Hermann Gessler zitalak lotsagabekeria hura ikusirik eta amorru biziz Tell atxilotu zuen. Gesslerrek ere Tellek baleztarekin zuen trebeziari buruzko albisteak entzunak zituenez, Tellen semearen buruan sagar bat ipini eta 80 oinetako distantzia batetara jarri ondoren Telli sagarraren aurka jaurti zezan behartuarazi zuen. Tellek sagarra jo ezkero, aske geldituko zen, baina jaurtitzeari uko egin ezkero berehala hilko zuela mehatxatu zuen. Hortaz, Tell sagarraren aurka gezia jaurti eta bere semearen bizia arriskuan jartzera behartuarazia izan zen.

Tellek zigor hura alda ziezaioten saiatu zen, baina ez zuen halakorik lortu. Hortaz, bi gezi baleztan jarri eta bere trebezia ospetsuari esker, lehenbizikoan geziak semearen buru gainean zegoen sagarrean jo zezan lortu zuen. Txunditurik lorpen hura ikustean Gesslerrek Telli bigarren gezi horren zergatiaz galdetu zion, Gillen Tellek bere lehen geziak semea hil edo zauritu izan balu, bigarren gezia Gessler jaunaren bihotzera jaurtitzeko prestatua zegoela erantzun zion.

Tellen erantzun hark Gessler haserrearazi eta Tell Küssnacht udalerriko gazteluan espetxeratu zezaten agindu zuen. Gaztelu hartarako bidean ontziz nabigatzen zihoazela, Lau Kantonamenduetako aintziran ekaitza topatu zuten, honek ia ontzia hondorarazi zuen. Zaindariak lur lehorrera gidatu zitzan Tell askatu eta hau ontziaren nagusi egingo da, honela lur lehorrera iristea lortu eta Tellek denen bizia salbatuko du, horien artean Gessler berarena ere.

Lehorreratu bezain laster, Gillen Tellek ihes egin, eta handik gutxira bere jarraitzaileei segada jarri ondoren, Tellek bere bigarren geziarekin Gessler jauna hilko du.

Azken gertakari honek Uri, Schwyz eta Unterwalden kantonamenduak Habsburgo Etxearen aurkako matxinada piztuko du. Gisa honetan, Gillen Tell Suitzako independentziako heroi eta kondaira nagusi bilakatu zen.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gilen Tell Aldatu lotura Wikidatan