Goikolau

Wikipedia, Entziklopedia askea
Goikolau (leizea)» orritik birbideratua)
Goikolau
Goikolau; paleosarreraren sektorea
Datuak
EskualdeaBizkaia
Historia
KulturaMadelein, Brontze, Burdin eta Erromatar aroak
Indusketa
Indusketa datak1935-36 / 1962-63 / 1980-81
ZuzendariakTelesforo Aranzadi, Jose Miguel Barandiaran, Carlos Basas Faure
BisitagarriaEz

Goikolau Berriatuan (Bizkaia) dagoen kobazuloa da. Antropologoek Historiaurreko hondakinak (madelein aldikoak, Postmesolitikoa, brontze garaia eta erromatarraldia) eta irarlan talde batzuk aurkitu dituzte bertan.

Kokapena eta ezaugarri geologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kobazuloa Berriatuako lurretan dago, Mereludi auzoan. Gaztelukoatxa mendiaren magalean. Elizburuko izeneko poljearen ertzean kokatzen da, Goikolaua izeneko ordoki txikiaren ondoan, Atxurrako kobazuloaren gainean.[1]

Geologikoki, Mereludiko multzoa Kretazeo Goiztiarreko urgoniarreko kareharriz osatua dago.[2] Goikolauko kobazuloa kareharri honen fraktura planoei jarraituz irekia dago: ardatz nagusia IM-HE norabidean du, 80 bat metroko luzerarekin, eta tarteka, HM-IE norabidean zeharka irekitako gela eta galeriak ditu. Gela handienean paleosarrera baten arrastoak daude, gaur egungo sarreratik metro gutxira H norabidean.[3]

Esplorazioen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzoan, kobazuloa lehendik ezaguna zen. 1935eko udan, Atxurran indusketa arkeologikoan ari zirela, Telesforo Aranzadik eta Jose Miguel Barandiaranek haren berri jaso zuten. Lehenengo ikustaldian, hilobi baten aztarnak aurkitu zituzten IE norabideko azken aurreko galerian, lurrazalean bertan, eta kobaren krokisa marraztu zuten.[1]

1936ko ekainaren 6ean, Saturrarango apaizgaitegian zegoela, Barandiaran bertara itzuli zen Castor Uriarte arkitektoak lagunduta. Aurreko urteko hilobiaren leku berean, aztarna gehiago jaso zituzten; eta bigarren hilobi bat ere lokalizatu zuten, IE norabideko azken galeria estu batean.[1][4] Barandiaran abuztuaren 1ean etorri zen berriro, Josu Aldanondorekin. Elexpuru Erdiko baserrian bazkaldu eta gero, bertako nagusi Jose Malaxetxebarriak eta bere anaiak lagunduta joan ziren laurak. Barandiaranek bere egutegian idatzi zuenez: “(..) ontzi puzka, kutun, kristal, iltze, gizaezur, etc billatu ditugu. An zebillen azkonar bat ere, ustez eta Markina’ko Gaitan de Ayala genduena”. Izan ere Espainako Gerra Zibila piztu berria zen, eta Gaitan de Aiala jauntxo familia markinarreko lau kide, kolpisten aldekoak, kobazuloetan ezkutaturik ibili ziren errepublikazaleengandik babesteko.[5] Handik egun gutxira Barandiaranek berak ihes egin behar izan zuen, Saturraranen hainbat material arkeologiko utzita, gero galduko zirenak; tartean zeuden Goikolauko dokumentazioa eta hainbat pieza.[6]

Hurrengo urteetan, Goikolauko aztarnategia hainbat argitalpenetan aipatzen hasi zen,[7][8][9][10] baita Barandiaranek berak idatzitakoetan ere.[11][12][13]

Goikolauko plano topografikoa (2015)

Lehen indusketa arkeologikoak 1962ko irailaren 17an hasi ziren; Jose Miguel Barandiaranekin zeuden, besteak beste, Mario Grande Bilboko Arkeologi Museoko zuzendaria eta Ernesto Nolte espeleologoa. Koba osoaren ikustaldia egin zuten, hilobietan hainbat material jasoz (lurrazalean, kalikatarik egin gabe), hormetan lehen labar-grabatuak identifikatuz, eta kobazuloaren sarreran indusketari ekinez.[1][14][15] 1963an bigarren kanpaina egin zuten, sarrerako indusketarekin jarraituz eta labar-arte berria aurkituz; kanpaina honetako emaitza gehienak argitaratu gabe daude.[14][16]

Goikolauen egindako hurrengo (eta azken) ikerketak 80 hamarkadakoak dira: Speleo Club Beti Goruntzeko kideak bertako faunaren laginak hartzen egon ziren,[17] eta Carlos Basas Faure arkeologoaren taldeak bi kanpaina egin zituen, sarrerako indusketarekin jarraituz eta labar-artea berraztertuz.[14]

2015 urtean, ADES Espeleologia Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz, kobaren zarradura berriztu zuen, barruko aztarnategien egoera ikuskatuz eta plano topografikoa eguneratuz.

Arkeologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarreran egindako indusketek erakutsi dutenez, kobazuloa bizileku gisa erabili izan da Paleolito garaitik. Bertan aurkitutako aztarna zaharrenak Madelein Berantiarrekoak dira, eta gainean Brontze, Burdin eta Erromatar aroetako geruzak ditu.[14]

Grabatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goikolauko ahuntza
Goikolauko ahuntza

Grabatuen multzoa bost talde bereizitan banatua dago, kobazuloaren barruko galerietan (argirik ailegatzen ez den lekuan). Gehienak hormetan daude, eta multzoetako bakarra dago sabaian. Irudi gehienak eskematikoak dira, Llanosen klasifikazioaren arabera,[18] eta gutxi batzuk animaliak edo gizakiak irudikatzen dituzte; haien artean nabarmenena buruz behera dagoen ahuntzarena da.

Labar-arte honen kronologia zehatzari buruz ez dago akordiorik; halere, oro har, esan daiteke Goi Paleolitoko ezaugarri argiak dituzten grabatuak daudela (animalien irudikapenak); eta besteak Brontze Berantiarretik Erromatar Arora doan tartekoak direla.[14]

1963ko kanpainan ikatzez egindako irudi antropomorfo bat ere aurkitu zuten, baina 80. hamarkadako errebisioetan ezin izan zen berriro lokalizatu; itxuraz, bisitariek hondatu zuten.[14]

Hilobiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kobazuloaren IE norabideko azken galeriako hilobiaren aintzinatasuna zehaztea gaitza da: han pertsona bakarra ehortzi zuten,[19]  apaingarri pertsonal gutxi batzuekin; ez zen aurkitu datazioa erraztu zezakeen zeramikarik. Halere, apaingarrien ezaugarriengatik, hilobi hau Erromatar Inperio Berantiarrekoa izan daiteke (IV-V mendeetakoa).[14]

IE norabideko azken aurreko galeriako hilobian, berriz, aztarna gehiago aurkitu dira (zeramika sigillata erromatarra, kareharrizko diskoak, lepoko baten piezak, brontzezko, beirazko eta burdinezko piezak) eta honi esker IV-V mendeetakoak direla ziurta daiteke; halere, hilobiaren egiturak berak eta aurkitutako zenbait elementuk (silex puntak) Kalkolito / Brontze Aroetako ezaugarriak dituzte. Itxurazko diskordantzia honen arrazoia, ikerlarien arabera, erromatar kulturaren barruan iraun zuten tradizio zaharragoak izan daitezke.[1]   Hilobi honetan 12 bat pertsonaren aztarnak aurkitu dira,[19] zenbait animalirenekin batera (ahuntza, ardia, txerria, oreina, otsoa eta erbia).[20]

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goikolau gutxi ikertu da alde bioespeleologikotik. Bertan aurkitutako espezieen erreferentziak:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Basas Faure, Carlos. (1987). «Excavaciones de Goikolau. Campaña 1980-81. La necrópolis» Cuadernos de Antropología-Etnografía. Eusko Ikaskuntza. (Donostia) (4) (Noiz kontsultatua: 2018-II-16).
  2. Hazera, J.. (1968). «La région de Bilbao et son arrière pays. Etude géomorphologique» Munibe (Donostia) 1-4 (20) (Noiz kontsultatua: 2018-II-16).
  3. ADES Espeleologia Elkartea. «Goikolauko topografia (2015)» https://commons.wikimedia.org/ (Noiz kontsultatua: 2018-II-16).
  4. Barandiaran, Jose Miguel. (2009). Diario Personal. Volumen II (1936-1953). Durante los años de su exilio en el País Vasco Continental. Colección Sara 8.. José Miguel de Barandiaran Fundazioa.
  5. Gaur egun badakigu ez zirela Goikolauen izan, baizik eta Koba (Aulesti) eta Gabaro (Markina-Xemein) baserrien inguruko kobazuloetan, kolpisten “5. Zutabea”-ren sarea baliatuz. (Alberto Unamuno Urkitzak, Gerra Zibilaren ikerlariak, emandako informazioa).
  6. Barandiaran, Jose Miguel. (2005). Diario Personal. Volumen I (1917-1936). Desde los primeros trabajos científicos, hasta el inicio del exilio. Colección Sara 6. José Miguel de Barandiaran Fundazioa.
  7. Taracena Aguirre, B. Fernandez de Aviles, A.. (1945). Memorias sobre las excavaciones en el Castro de Navárniz (Vizcaya). Bizkaiko Foru Aldundia.
  8. Fernandez Medrano, D.. (1949). «De la guía sumaria y provisional del Museo Arqueológico de Álava (continuación)» Ikuska (Sara) 2-3 (3).
  9. Taracena, B. Vazquez de Parga, L.. (1949). «Excavaciones en Navarra. VI. La “villa” romana del Ramalete (término de Tudela)» Principe de Viana (Iruñea) (34).
  10. Ibarra y Berge, J.. (1955). «Lo romano en Vizcaya» Rev. de Estudios Vascos Zumarraga (Bilbo) (4).
  11. Barandiaran, Jose Miguel. (1948). «Cueva de Goikolau» Ikuska (Sara) (8-9).
  12. Barandiaran, Jose Miguel. (1953). El hombre prehistórico en el País Vasco. Buenos Aires.. .
  13. Barandiaran, Jose Miguel. (1961). «Excavaciones arqueológicas en Vizcaya. Silibranka. Atxurra. Goikolau» Vizcaya (Bilbo) (17).
  14. a b c d e f g Basas Faure, Carlos. (2000). «El Arte Esquemático de la Cueva de Goikolau (Vizcaya)» Kobie (Bilbo) (26) (Noiz kontsultatua: 2018-II-16).
  15. Barandiaran, Jose Miguel. «BARANDIARAN JM. 1964. Excavaciones en Goikolau (Campaña de 1962)» Noticiario Arqueológico Hispánico (Madrid) VI (1-3).
  16. Marcos, J. L.. (1982). Carta arqueológica de Vizcaya. Primera parte. Yacimientos en cueva. Cuadernos de Arqueología de Deusto. Deustuko Unibertsitatea.
  17. PRIETO, Carlos E. ANGULO, Eduardo. GOMEZ, Benjamin J.. «Sobre Elona quimperiana» Ixiltasun Izkutuak 10:13-18 (Noiz kontsultatua: 2018-II-16).
  18. Llanos, Armando. (1966). «Resumen tipológico del arte esquemático en el País Vasco-Navarro» Estudios de Arqueología Alavesa (Gasteiz) I:149-158.
  19. a b Rojo Vega, Anastasio. (1987). «Estudio de los restos humanos de Goikolau (Vizcaya)» Zainak. Cuadernos de Antropología-Etnografía (Donostia) 4:373-378 (Noiz kontsultatua: 2018-II-16).
  20. Castaños Ugarte, Pedro Maria. (1987). «Estudio de los restos óseos de Goikolau» Zainak. Cuadernos de Antropología-Etnografía (Donostia) 4:251-257 (Noiz kontsultatua: 2018-II-16).
  21. Ribera, C.. (1980). «Arachnida araneida (Contribución al conocimiento de la fauna cavernícola del País Vasco)» Kobie (Bilbo) 10 (II).
  22. Español F, Belles X.. (1980). «Coleoptera Catopidae Bathysciinae (Contribución al conocimiento de la fauna cavernícola del País Vasco)» Kobie (Bilbo) 10 (II).
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]