Guadaleteko gudua
Guadaleteko gudua | |||
---|---|---|---|
Roderiko erregearen kronikaren azala. | |||
Data | 711ko uztailaren 19a | ||
Lekua | Eztabaidatsua | ||
Koordenatuak | 36°36′N 6°12′W / 36.6°N 6.2°W | ||
Emaitza | Musulmanen garaipen erabakigarria | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Guadaleteko gudua 711ko uztailaren 19 eta 26 artean Iberiar penintsulan, Guadalete ibaitik gertu, gertaturiko gudua izan zen; hor, Roderiko bisigodoen azken erregea Tarik ibn Zijadek zuzenduriko islamdar armadak menderatu zuen. Porrota hain zen erabatekoa, ezen Bisigodoen Erresuma penintsulatik desagertu baitzen[1].
Egungo aditu batzuen arabera, gudua ez zen bertan izan, Medina-Sidonia eta La Janda urtegiaren artean baizik; beraz, La Janda urtegiko gudua edo Barbate ibaiko gudua ere izendatu izan da. Hala ere, lehen mailako iturri kristau eta musulmanak erabili zituen Sánchez Albornoz historialariaren arabera Wadilakka berez Guadalete ibaia zen, Lacea izeneko herri hustutik gertu[2]
Gudua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orduko iturrien arabera,[3] Ifrikijako wali Musa ibn Nusairren agindupean zebilen Tarik, Ceutako konde Urbanen laguntzaz: Witizaren ondorengoen eta Roderikoren arteko guda zibila aprobetxatuz, 711ko apirilaren 27 eta 28 arteko gauean Gibraltarko itsasartea zeharkatu eta Iberiar penintsulara pasa zen[4].
Kroniken arabera, guduan soldadu andanak parte hartu zuela esan arren (batzuek diotenez, bisigodoen aldekoak 100.000 ziren) litekeena da Tarikek Tarifan 7.000 bereber baino gehiago ez izatea. Tarikek hasieran Carteia eta gero Algeciras konkistatu zituen: han, Roderikoren iloba Antsoren erasoaldiari eutsi zion. Bitartean, bisigodoen erregea Iruñean omen zen, baskoiekin liskarretan. Berria bizpahiru aste geroago iritsi zitzaion. Orduko krisialdi dinastikoaren ondorioz, ezin izan zuen armada sendorik prestatu eta, Witazaren aldekoen saldukeria jakin barik, Kordoba aldean 40.000 laguneko armada bildu zuen.
Gudu zelaia Wadi Lakkah izeneko tokian izan omen zen. Bi egunean zehar alde biak haztamuka ibili ziren. Behin gudua hasita, Witizaren semeek –hegal bat zuzentzen zuten– armadatik ihes eta kristau gutxiago utzi zituzten. Berbereen zalditeria arinak laster sarraskia eragin zuen Roderikoren aldekoen artean. Roderiko bera ere ibai bazterrean hilda topatu zuten, baina ez dakite guduan bertan edo ur-lasterraren ondorioz hil ote zen[5]. Musulmanen garaipena erabatekoa izan zen eta Roderiko hilda, Tarikek penintsula osoa hartzeko ateak zabaldu zituen. Horrela, 714an Toledo konkistatu zuen; hiriak Roderikorekin bere comitatus eta bere spatarios galduak zituenez, ez zuen aurka egin[6][7]
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musulmanen berehalako arrakastak nahasmena ekarri zuen godoen artean eta ezin izan zuten errege berririk hautatu eta kontra egin. Witizaren ondorengoak ezin izan ziren aukeraz baliatu. Biztanleriaren talde batzuek askatzaile moduan hartu zituzten musulmanak: iberiar-erromatarrek ezin zuten gobernuan parte hartu eta godoen menpean zeuden, juduak monarkia katolikoak jazarriak ziren[8] eta egonkortasun politikorik ezak goseteak eta izurriteak besterik ez zuen ekarri.
Gero, Musa Algecirasen 18.000 arabiarren agindupean lehorreratu zen. Tarikekin bat egin ondoren, Ebro harana eta Gallaecia ere konkistatu zituen. Hala ere, konkista iparralderantz hedatu nahi izan zutenean, frankoekin borrokatu eta galdu egin zuten.
Aditu batzuek guduaren munta eta egiazkotasuna zalantzan jartzen dute. Haien ustez, musulmanak garaile irten bide ziren katolikoen eta arrianoen arteko gerra zibilaren ondorioz. Dozy edo Saavedra bezalako historialariek froga historiko gutxi daudela diote eta Ignacio Olague donostiarra ere horretaz zalantzan dabil.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Roger Collins (1989), The Arab Conquest of Spain, 710–97 (Londres: Blackwell Publishing), 26–27
- ↑ Claudio Sánchez Albornoz, Orígenes de la nación española. Estudios críticos sobre la Historia del reino de Asturias. Oviedo, I. Liburukia: 1972
- ↑ Sánchez Albornozek iturri hauek ikasi zituen: 754ko mozarabiar anonimoa, Ajbar Maymuia, Fath Al-Andalus, Ilbn al-Atir, Ximenez Radakoa, Al-Himiyari eta Al-Maqqari.
- ↑ Ibn al Qutiya, Witizaren iloba zen Sararen ondorengoa zen eta harro zegoen bere arbasoen laguntzaz musulmanek Al-Andalus konkistatzeko.
- ↑ Honela dio gaztelaniazko erromantzea:
« Las huestes del rey Rodrigo
desmayaban y huían
cuando en la octava batalla
sus enemigos vencían
Rodrigo deja sus tierras
y del real se salía;
solo va el desventurado,
que no lleva compañía.
El caballo de cansado,
ya mudar no se podía:
camina por donde quiere,
que no le estorba la vía.» - ↑ Charles Cutler Torrey, trans. (1922), The History of the Conquest of Egypt, North Africa and Spain: Known as the Futūh Miṣr of Ibn ʻAbd al-Ḥakam (Yale University Press)
- ↑ John Harris Jones, (1858), History of the Conquest of Spain (Göttingen: W. Fr. Kaestner), pp. 18-2.
- ↑ Norman Roth (1976), "The Jews and the Muslim Conquest of Spain," Jewish Social Studies, 38 (2), 146–148