Guillem Agulló i Salvador-en hilketa
Guillem Agulló i Salvador-en hilketa | |
---|---|
Mota | Gorroto-delitu political murder (en) |
Data | 1993ko apirilaren 11 |
Kokaleku | Montanejos |
Herrialdea | Espainia |
Biktima | Guillem Agulló |
Inputatua | |
Egoztea | giza hilketa |
Kondena | Espetxe-zigor, 14 urte. ((1995)) |
Guillem Agulló Salvador (Burjassot, 1974 - Montanejos, 1993ko apirilaren 11) gazte valentziar bat zen, ezkerreko mugimendu independentistetako militantea, eskuin muturreko militante talde batek erail zuena. Zehazki, Agulló, hil zen garaian, ezker independentistako Maulets gazte erakundeko militantea zen, Burjassot-en (Horta), bai eta SHARP (Skinheads Against Racial Prejudice) izeneko talde antiarrazista eta antifaxistakoa ere.
Gertaerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1993ko apirilaren 11ko gauean, Guillem Agulló Montanejosen zegoen, Aste Santuko oporrak pasatzen lagun batzuekin, kanpaldian; herrian zeudela, gazte faxista batzuen erasoa jasan zuten, «Sieg Heil» eta «Viva España» oihuka, eta haietako batek bihotzean labankada bat jo eta hil zuen Guillem. Erasotzaileek «Cara al Sol» ereserki faxista espainiarra kantatzen eta agur faxista egiten alde egin zuten.
Guillemen senitartekoek eta ezkerreko erakundeek eta talde independentistek salatu zuten hilketaren arrazoia politikoa izan zela, agerikoa baitzen erasoan parte hartu zuten gazteek ideologia espainiarzale eta faxista zutela, eta bazekitela Guillem antifaxista zela. Alderdi politiko guztiek gaitzetsi zituzten gertaerak, salbu eta Alderdi Popularrak, Unió Valencianak eta Falange Españolak. Valentziako Gorteek ere gaitzetsi zuten hilketa.
Hilketagatik honakoak atxilotu zituzten: Gerardo Mora, Juan Manuel Sánchez, José Cuñat, Francisco Garcia eta Pedro Cuevas, azken hau hilketaren egile materiala zelakoan. Denak ziren eskuin muturreko «Komando Marchalenes IV Reich» talde valentziarreko kideak, nazien ohorez jarritako izena zuen taldekoak alegia.
Epaiketa eta epaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kasuaren epaiketa Castellón egin zen 1995ean, eta eztabaida eta polemika handia eragin zituen hedabideetan. Epaileak azken orduko lekuko bat onartu zuen, defentsak aurkeztutakoa, sekretupean deklaratu zuena. Hura ikusirik, Maulets erakundea, herri akusazioaren ordezkari, epaiketatik erretiratu zen, irregulartasuna salatzeaz batera. 1996ko maiatzean emandako epaian, epaileak 14 urteko kartzela zigorra ezarri zion labankadaren egilea izatea aitortu zuen Pedro Cuevasi, homizidioagatik; beste lau akusatuak absolbitu zituen eta aske gelditu ziren epaia eman eta astebetera. Epaileak ukatu zuen kasuaren izaera politikoa eta hilketa ultra bat zela, eta gazteen arteko borrokaldi bat izan zela adierazi zuen.
Prozesuan zehar, hedabide batzuek, batez ere Las Provincias egunkariak, kanpaina bat jarri zuten abian, biktima eta Guillemek militatzen zuen talde antifaxista eta independentistak kriminalizatu nahian, kasuaren ezaugarri politiko guztiak ezabatzeko eta muturreko gazteen arteko liskar baten moduan aurkezteko.
Zigorraren 14 urteetatik, Pedro Cuevasek 4 baizik ez zituen egin kartzelan, portaera onari esker, eta 1997an atera zen. 2005ean, "Panzer Operazioa" izenekoan, berriz atxilotu zuten, sare neonazi bateko kide izateaz akusatuta, bai eta armak legez kontra izatea, lapurreta eta osasun publikoaren kontrako beste zenbait deliturrengatik ere. Zigorra jaso zuen arren, Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen 10 urte geroago. 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan, epaiketaren zain zegoela, eskuin muturreko Alianza Nacional alderdiko zerrendetan aurkeztu zen, Xiva de Bunyol-en, laugarren tokian. 23 bozka besterik ez zuen jaso, bozka guztien % 0,34.
Valentziako El Temps aldizkariak, ordea, urtetan ikertu eta salatu du loturak zeudela Valentziako talde neonazi nagusiaren, Valencia CF futbol taldearen eskuin muturreko ultra taldeen eta Acción Radical talde neonazi espainiarraren artean.
Ondorengoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inpunitatearen kontrako Plataformaren iritziz, kasu honek agerian utzi zuen eskuin muturraren indarkeria norainokoa zen Valentziako Erkidegoan; izan ere, 2007tik 2013ra hogei bat lehergailu jarri zituzten ezkerreko alderdien eta kultur elkarteen egoitzetan. Salvador Enguix kazetariak orokorrean Valentziako Herrialdean egon den inpunitatearen barruan kokatzen du kasu honen inpunitatea ere, eta, tesi hori indartzeko, Joan Lermaren PSOE hilketa honen aurrean isilik gelditu izana aipatzen du, edo hildakoaren familiari emandako sostengu urria, edo sostengu eza.
Urteak igarota ere, Guillemek omenaldiak jasotzen segitu du, eta manifestazioak ere egin izan dira haren heriotzaren urteurrenetan.
Musika talde askok egin dituzte kantuak haren omenez, besteak beste: «Guillem Agulló» (Cagant Melodies), «No sé què sent» (Feliu Ventura), «No tingues por» (Obrint Pas), «Company Guillem» (Opció k-95), «11 d'abril» (Greska), «11 d'abril del 93" (Odi), «Soldats catalans» (Orgull Roig) o «Sangre por sangre» (Non Servium).
2018an hildakoaren aitak salatu zuenez À Punt irratian, familiak mehatxuak jasotzen segitu zuen hilketaren ondotik, semearen heriotzaren 25. urteurrenean ere, eta etxean pintaketa faxistak agertu dira behin baino gehiagotan, batez ere urtero apirilaren 11n. Ez da inoiz ekintza judizialik izan, froga falta dela eta.
Herri askotan hildakoaren izena daramaten kaleak eta plazak daude. 2013ko ekainaren 3an, Viceko Udalaren Osoko Bilkurak aho batez erabaki zuen (CiU, PxC, CUP, PSC, ERC, ICV-EUiA eta SI), CUPek eskatuta, kale bat dedikatzea gazte antifaxistari.
Esquerra Unida saiatu zen adierazpen instituzional bat onar zedin Valentziako Gorteetan 2013an, Guillemen hilketa gogoratzeko, baina Valentziako Erkidegoko Alderdi Popularrak atzera bota zuen. Halere, 2016ko apirilaren 12an, Valentziako Gorteek omenaldia egin zioten, hilketa izan eta 23 urtera, Parlamentuko talde guztiek (PSPV, Compromís, Podem, PPCV i Ciutadans) izenpetu eta Gorteetako lehendakariak, Enric Morerak, irakurri zuen adierazpen instituzional baten bidez. Bertan ziren, beste batzuen artean, Agullóren gurasoak eta arreba eta David Fernández CUPeko diputatu ohia.
Adierazpen instituzional horrekin lotuta, Gorteek Guillem Agulló Saria sortu zuten, "xenofobiaren, arrazakeriaren eta gorroto delituen kontrako borrokan nabarmentzen diren pertsona eta ekimenei" errekonozimendua emateko xedea duena.
2017an erabaki zen Valentziako Jardins del Real lorategietako pasealeku nagusiari haren izena ematea, Guillem Agullóren eta gorroto delituen beste biktima batzuen oroimenez. Plaka hura jarri eta egun gutxitara kendu zuten.
2019ko urtarrilaren 23an, Espainiako Senatuak onartu zuen Guillem Agulló funtsa sortzea, gorroto delituen biktimen familientzako kalte-ordainak banatzeko helburua duena.
«La lluita continua» (borroka ez da eten) kanpaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2019ko azaroaren 28an, «La lluita continua» izeneko kanpaina aurkeztu zen: herritarren ekimenetik sortutako proiektu bat, mobilizazio sozial eta politikoa eta memoria demokratikoa berreskuratzea sustatzeko asmoz, abiapuntu gisa eraildako gazte antifaxista eta independentista hartuz. 2020an hainbat ekintza antolatu ditu: haren omenezko kontzertu bat Valentzian eta beste bat Bartzelonako Auditorioan; debate eta hitzaldi ziklo bana bi hiri horietan; Crímenesdeodio.info web orriaren eguneratzea; Nuria Cadenes idazlearen La mort de Guillem eleberriaren aurkezpena, Agulló familiak pairatu zuen jazarpenari buruzkoa; eta La mort de Guillem izeneko filma, Carlos Marqués-Marcet-ena, hilketari eta epaiketari buruzkoa.
Pelikula 2020ko abuztuaren 24an plazaratu zen Malagako Zinema Jaialdian. Urriaren 2an aldi berean emititu zuten À Punt, TV3 eta IB3 telebistek.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Fuster, Jaume. La mort de Guillem. València: 3 i 4 edicions; 50, 1996, p. 192 pàg. {{ISBN|84-7502-491-2}}.
- Cadenes, Nuria. La mort de Guillem. Ara Libres; 2020, ISBN 978-84-17918-19-4