Espainiar nazionalismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Uztarria eta geziak, Errege-erregina Katolikoen ikurra eta Espainiako batasunarena ere[1]

Espainiar nazionalismoa Espainiaren kultur eta politika batasunaren alde egiten duen ideologia da. Nazionalismo hori hertsiki lotuta dago Espainiako estatu zentralista modernoaren ezarpen eta goraldiarekin, eta atxikia du gaztelaniaren aldeko estatu barruko hizkuntz uniformizazioa eta hedakuntza.

Mendebaldeko Europako beste erresuma batzuetan bezala, Erdi Aroaren amaieran erein ziren Espainiako estatu-nazioaren haziak, Gaztelako monarkia eta haren balioak oinarri hartuta. Aditu gehienen ustetan, Iberiar Penintsulako Gerran jaio zen ideologia moduan, liberalismoarekin batera.[2] Espainiako estatu modernoaren zuzenbide oinarri ideologikoek Frantziakoetatik edaten dute; espainiar nazionalismoak, ordea, liberalismo hori Antzinako Erregimeneko jarrera autoritarioekin zein sinbologia katolikoarekin uztartu du.

Egungo espainiar nazionalismoak 1876ko Canovas del Castilloren konstituzioarekin hartu zuen gorputz instituzionala, eta ia automatikoki Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foruak desagerrarazi zituen. XIX. mendearen amaieran, Espainiako estatuaren barnean beste ideologia nazionalista batzuk jaio ziren, nazio bakarraren ideiaren kontra borrokatu zirenak.[3]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar nazionalismoa frantsesaren ildokoa da: estatuaren legedia egiten du nazioaren sortzaile eta bermatzaile. Espainiar nazionalismoa ideia eztabaidaezin batzuetan oinarritzen da, 'hizkuntza komuna' eta 'norbere hizkuntza' sailkatzeko duen moduari eragiten diotenak. Ideia horiek bi axiomatan laburbiltzen dira:[4]

  • Espainiako nazioa zatiezina da.
  • Subiranotasuna espainiar herriarena da bakarrik.

Bi printzipiook 1978ko konstituzioko 1. eta 2. artikuluan biltzen dira.[4] Baieztatzen den alde horrek, baina, badu esplizituki adierazten ez den beste aldea, J.C. Moreno Cabrerak adierazten duenez: nazioen oinarrizko eskubideen ukazioa, burujabetzarena. Era horretan, beste bi axioma eragiten dira:

  • Ez dago katalan, galiziar edo euskal naziorik Espainiakoaren parekorik (eta, beraz, ez dute burujabetzarako eskubiderik).
  • Katalanek, galiziarrek eta euskal herritarrek inoiz ezingo dute eratu Espainiakoak bezalako eskumenak eta eskubideak dituen naziorik.[4]

Eskubide horiek ukatzeko, berriz, herriak edo nazioak direla ere ukatu behar du. Hori nazioartean aitortutako eskubide baten urraketa da, Moreno Cabrerak nabarmentzen duenez. Aipatutako axioma nazionalista ofizial horiek hirugarren baieztapen bat dakarte beren baitan, hizkuntzari buruzkoa eta Espainiar Konstituzioko 3. artikuluan hezurmamitua: "gaztelania espainiar hizkuntza ofiziala da". 2. artikuluari lotutako 3.ak espainiar nazioaren batasun zatiezina espainiar hizkuntzari uztartzen dio, nazio horren zatiezintasunaren hizkuntz osagaia den aldetik.[4]

Espainiar nazionalismoa Espainiako estatu zentralistaren justifikazioa da, Borja de Riquer-en arabera; alde horretatik, interes politiko-ideologiko-ekonomiko oso jakinen emaitza historikoa da, presio talde batzuen gogoarena, eta horien artean aipatzen ditu "herri hispanikoetako" elite asko.[5]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konstituzioen garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1812ko Konstituzioa 'Espainiak', konstituzioa eta Jainkoaren grazia uztartzen

Aditu gehienen ustetan, Iberiar Penintsulako Gerran jaio zen ideologia moduan, liberalismoarekin batera.[6] Frantses eredua jarraitzen zuen estatu ideologia hori Hirurteko Liberalean jarri zen indarrean, egungo Espainiako probintzien diseinu berdintzailea ezarriz, labur bada ere. Borja de Riquer-en arabera, 1824ko Ayacuchoko gudura arte ez zen "espainiar nazioa"ren proiektu errealik egin, herrialde desberdinen lotespen politiko-administratiboko inperioarena baizik.[7] Fernando VII.a hildakoan (1833), liberalak heldu ziren Espainiako gobernura, Cádizko konstituzioaren eredua nola edo hala berrezartzearen aldekoak. 1833an, Javier de Burgosek, Frantziako departamendu sisteman oinarrituta, probintzien sistema arbitrario bat diseinatu eta hala ezarri zen.[8] 1837an, artean Lehen Karlistadiak astinduta, konstituzio liberala ezarri zuten, Maria Kristina Borboikoa erreginordea zela.


« (...) guk geure asmo sendoen artean izan behar dugun helburu nagusietako bat da espainiar nazioa nazio egitea, orain ez baita hori, eta orain arte ez baita hala izan. »

Antonio Alcalá Galiano, Errege Estatutuen Gorteetan (1835)[9]


Espainiako bandera nazionala (1843-1873 eta 1875-1931)

Probintziako aldundiak eratu ziren, lehen auzialdiko epaitegiak eta gobernadore zibilak, besteak beste, eta aurrez aurre talka egin Hego Euskal Herriko lege eta instituzio errealitatearekin. 1841ean, Nafarroa ia berdindu egin zen Espainiako probintziekin, baina Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundi nagusiek uko egin zioten desegiteari. Urte berean, Espartero liberalak, ordea, Espainiako aduanak Euskal Herriko kostaldera eta Pirinioetara lekualdatu zituen Gasteizetik emandako ediktuan, kanpaina armatu batean. Euskal lurraldeen kasuan izan ezik, Espainia uniformatua izan zen eta konstituzioaren bitartez Espainiako herriarena zen aurrerantzean subiranotasuna. Espartero erbestera ihes egin berritan, zerrenda hori-gorriak bihurtu ziren bandera nazional, 1843ko urriaren 13ko Errege Dekretuz, Elisabet II.a erregina zela.

Hala ere, urte horietan eta hurrengoetan, Espainiako estatu liberalak porrot egin zuen nazio identitate espainiar liberalik hedatzen eta, 1851tik (eta bereziki 1876tik) aurrera, Elizaren eskuetan utzi zuen hezkuntza, neurri handi batean.[10] Hala ere, 1857ko Moyano Legea onartu zen Madrilen: nahitaezko hezkuntza publikoa ezarri zuen, eta gaztelania irakaskuntzako hizkuntza bakar bihurtu.[oh 1] 1862an eta 1867an, hurrenez hurren, estatu osorako beste bi legek gaztelania hizkuntza esklusibo bihurtu zuten, lehenak eskritura publikoetan, eta bigarrenak debekatu egin zituen gaztelania ez beste hizkuntzak antzezlanetan, ezin bestean tokian tokiko gogoa hauspotzen zutelakoan.[oh 2] Handik gutxira, 1870eko azaroan, Espainiaren nazio ideia liberalak forma instituzionala hartu zuen, errege bati lehenengoz "Espainiako errege" izendapena eman zitzaionean, Amadeo I.a Saboiakoari.

Aldi berean, literaturan eta, paradoxikoki itxura batean, frantses eraginez, espainiar herriaren arimaren ideia umotzen ari zen, giro erromantikoan sartuta. Horretan gailentzen hasi zen Agustín Durán, literatur kritikaria. Defendatu zuen Gaztelako erromantzeroak edo barrokoko antzerkiak espainiar nazioaren arima adierazten dutela.[11] Herri subiranotasunaren ideia, baina, ez zen errotzen Espainian. Estatu liberalaren aurrean, Elizak uko egin zion bere rola sinesmen pribatuen arlora baztertzeari (laikotasuna), eta eutsi egin zion bizitza publikoan bete-betean egoteari eta, are, bere eragina areagotzeari. Haren ikuspegiak berez zekarren aniztasunaren ukazioa eta izaera antidemokratikoa.[12] Ideia horiek bat zetozen eskuin autoritarioarenekin, eta nazionalismo tradizionalista baten forma hartu zuten Espainian, klerikala eta europar eragin liberalaren kontrakoa. Horren arabera, katolizismoa eta nazioa ernamuin bereko osagaiak ziren: nazional-katolizismoa.[12]

Berrezarkuntzako nazionalismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako lurraldeetako buruzagi kazikeen mapa bat (1897)
Getafeko Cerro de los Ángeles kontsakratzen Alfontso XIII.arekin (1919)

1874tik aurrera, Borboi monarkia berrezarri zen Bigarren Karlistaldian eta, bertako azken erasoarekin batera (1876ko otsaila), Canovas del Castillo politikari eta legegizonak Espainiako konstituzio berria diseinatu zuen, euskal foruak erabat desegin zituen Espainiako gobernuaren armada okupatzailearen pean, aldi berean foru aldundi nagusiak deseginez eta, trukean, probintziako aldundiak ezarriz. Canovas del Castilloren sistema liberal oligarkiko berria, Berrezarkuntza deitua, Elizak gogo onez hartu zuen.[4] Txandakatzen ziren bi alderdiko sistema berria zen, estatu moderno baterako ahalegina, espainiar nazionalismoan oinarrituta; eraikitzeko, edonola ere, berezkoa zuen kalkulatutako indarkeria politikoaren erabilera.[13] Nekazari lurren jabe handien sare batek, militarrekin eta industria burgesiarekin batera agintzen zuen, kazikismoan oinarritutako sistema. Estatu berria irmotzeko, Moyano Legeak hasitako bidea sendotu zen. Espainiar identitatea eratzeko, gaztelania irakaskuntzako hizkuntza bakarra egin zen, eta estatuko beste hizkuntzak baztertu.[13] Liberalismoaren orduko kultura eta hezkuntzari buruzko enfasia nazionalismoaren ideologiari hertsiki lotuta zegoen; haren bidez, gora egiten ari zen burgesiak nazio lurraldeko biztanleria osoa bere egitasmora bildu nahi zuen, Helen Graham eta Jo Labanyiren arabera.[oh 3]

Espainian, estatuaren nagusitasun ideologiko horren marka osoa darama Marcelino Menendez Pelayok, Canovas del Castillok babestutako egileak, ondutako hiru bolumeneko Historia de los heterodoxos españoles liburuak; Espainiako hezkuntza sisteman bolo-bolo zabaldu zen. Esentzialismoen eta argumentu historikoen artean, baieztatu zuen espainiarrak 'arraza' edo 'kasta' bat zirela, berezko erlijio ortodoxia zuena, eta ondo merezia zuela borroka eta oinaze handiz irabazitako kultur eta erlijio batasuna.[13] Eskainitako hauteskunde askeen erregimenak bide laburra zuela geratu zen agerian. 1880tik aurrera garatutako sisteman, hauteskunde iruzurra ohikoa zen, eta lagun izan zuen oposizioaren kontra Guardia Zibil kidego paramilitar nahiko berria.[13] Polizia horrek nazio-estatu horren presentzia bazter guztietara eraman eta hor ezartzea zuen helburu nagusi, bereziki landa eremuetan.[14] Sistema oligarkiko horrek, baina, alienatu egin zituen Espainiako herriak eta langile klasea, 1890eko hamarkadan gero eta ageriago geratu zen bezala. Ipar Afrikan, Filipinetan eta Kuban egoera biziki aztoratu zen, eta tropak bidali ziren independentziaren aldeko mugimenduak zapaltzera. Horrek, gainera, herri nazionalismo espainiar bat hauspotu zuen.[13]


« Espainiari probidentziazko zeregina betetzea egokitu zaio historian (...). Herri espainiarra kristautasunaren aitzindaria da, Israelgo herriak izan zuen antzeko xedea du; haren historia kristau zibilizazioko gudariaren historia da. (Egun erasotzen gaituzten) barbaroak ez datoz larru gorritan, ez pantera-larruzko mozorrotan jantzirik (...), baizik eta lurrun-makina handien gainean, elektrikaz armaturik eta mozorro europarretan jantzirik. Aldiz, tribu barbaro guztien antzera, gutizia baino ez da haien ideala, eta borondatearen araberako desmasiak beste araurik ez dute ezagutzen (...) Jaungoikoa nahi dute kendu tronutik eta dolarra aldareratu, idolo unibertsal gisa (...). Gerra hau (...) bada ere erlijio-gerra, gerra santua, gurutzada (...) »

— Luis Calpena Ávilaren (es) sermoia Madrilgo katedralean, 1898ko maiatzaren 2an


1898 Espainia asaldatu zuen urtea izan zen. Urte horretan, Filipinak eta Kuba independizatu egin ziren. Kolpe psikologikoa handia izan zen espainiar agintarientzat bereziki: 'Hondamendia' ("El Desastre"). Espainiaren funts eta muinari buruz gogoeta egiten zuen mugimendu bat piztu zuen margolan, eleberri, poesia eta saiakeren bitartez, Espainia suspertzea bilatzen zuena. Tartean zen Jose Ortega y Gasset.[15] Porrot horrek, aldi berean, euskal eta katalan nazionalismoa harrotu zituen beren nazioak benetako mugimendu politiko bihurtzeko. Espainiar nazionalismoak Espainia areago zatitu zezakeen laidotzat jo zuen hori, eta militarrek haien kontra ekin zieten: militarrek bultzatuta, 1900an kode penala birmoldatu egin zen eta 'separatismo' kargua "estatuaren kontrako delitutzat" hartu zen (en); are, 1906an, halakotzat jotako adierazpenak "armadaren kontrako krimentzat" hartu ziren, eta justizia militarraren jurisdikziopean jarri.[15][oh 4]


« Ez dugu beste kulturarik hispaniar kultura baizik, Gaztelak, Andaluziak, Aragoik laga digutena... Ikas ezazue, nire odol senideok, zuen pentsamendua kultura hizkuntza baten bidez hezurmamitzen, zuen gurasoen hizkuntza milenarioa alboratuz; utzi zuen seta, eta, gero, zuen gogoa, gure arrazaren gogoa, hizkuntza horretan isuriko da, On Kixoterenean, munduetakoan, denenean. »

José Madinabeitia, El Liberal, Bilbo; 1918ko azaroaren 11[16]


1898ko gertaerek Berrezarkuntzaren krisia iragarri zuten. Kataluniako burgesia ez abertzaleak Espainiako estatu ikuspegi federal kontserbadorea proposatu zuen, tokiko identitateak aitortzen zituena, baina Sebastian Balfour-en iritziz, aurrez aurre izan zituen errepublikarrak eta sozialistak, eta horiek eredu zentralista lehenesten zuten, Espainiako masetan oinarritutako espainiar nazionalismoa. Mugimendu sozialistak ez zituen onartu tokian tokiko berezitasunak eta, internazionalismoaz baino, espainiar langileriaz mintzatu zen; monarkiaren zein eskuinaren sektarismoa eta muturreko katolizismoa egin zituen espainiar kontzientzia nazionalaren galeraren errudun, eta espainiar nazionalizazioa soluzio demokratiko baten menpe jarri. Espainiar militar gero eta urduriagoek misio kristauaren eta gaztelar gerlariaren balioak bultzatu zituzten, estatu eredu autoritario batez. Militarren nazionalismoaren bertsio liberalak eta kontserbadoreak, biek ere, Gaztela hartzen zuten erdigune osoki.[13][17][oh 5] Espainiar sektore kontserbadoreenek liberalei egotzi zieten ideologia 'barreiatzaileen' hedakuntza eta, era horretan, kontzientzia nazionala ahultzea; presakoa zen nazio identitate espainiarra baieztatzea, dogmaren bidez: espainiar identitatea ukaezina egitea, fundamentalismo katolikoz betea eta, ondorioz, benetako nazionalismo baztertzailea.[18][oh 6] Bere lurralde galerei erantzunez, nazionalismo militarista Ipar Afrikako askapen mugimenduetara hasi zen bideratzen bere oldarra, 1914tik aurrera.[oh 7]

Eskuin muturreko nazionalismo berria II. Errepublikaren pean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inperioaren galera eta Espainiaren gainbeheraren etengabeko endekapena kanpoko indarrek eta Espainia barruko haien lankideek eragin zutelako irudipena zabaldu zen espainiar zirkulu erreakzionarioenetan: "konspirazio judu-masonikoa" sonatua. Ondorioz, eskuin muturrak, Elizaren hierarkiari uztartuta, behar moral baten ondorioz jarduten zutelako mezua zabaldu zuen, eta ez hainbeste ekimen politikoz. Gimenez Caballerok El Genio de España liburua idatzi zuen, Falangearen oinarrizko testua; espainiar arraza nahastua defendatu zuen, 'hispanitatea', Espainiar Inperioaren arraza latino-mediterranear bat, Ortega y Gassetek irekitako bidetik, baina arraza nahasketaren faktorea tartean sartuta.[19] Aldi berean, euskal autoreen laguntzaz, euskaldunak erromatartu-zibilizatu gabeko espainiarrak zirela defendatu zuten hainbat intelektualek, basko-iberismoaren teoria oinarri hartuta.

Gimenez Caballero Falangekoa zen, mugimendu berri batekoa, 1933an sortua. Ortega y Gasseten ideietatik edan zuen, eta horiek berritxuratu: azaldu zuenez, Espainia "destino batasun bat da unibertsaltasunean", ikuspegi ia mistiko bat, Joxe Azurmendik adierazi duen bezala. Falange mugimenduaren buruzagitza Jose Antonio Primo de Riverak hartu zuen, Miguel Primo de Riveraren seme nagusiak. Aldamenean izan zituen Onésimo Redondo eta Ramiro Ledesma, JONS talde faxistaren sortzaileak 1931ko urrian. Indarkeria goresten zuten, Espainiaren 'esentzietara' itzultzea, Errekonkistara deitzea, hura espainiar nazionalismo militaristaren erdigune bihurtuta;[20][oh 8] hain zuzen, JONSek eta Falangek bat egin zuten 1934ko martxoan, monarkiazaleekin eta africanista militarrekin estatu kolpea emateko 1933an elkar hartu ondoren.[21]

1934ko abenduaren 8an eskuin muturreko ideologia erradikala[22] zuten espainiar politikari batzuk, ezagunena José Calvo Sotelo zelarik, Bloke Nazionala alderdia sortzea proposatu zuten. Renovación Española alderdi eskumazale eta beste alderdi txikiagoek bat egin zuten ideiarekin. Azkenean alderdi hau aurrera atera ez bazen ere, CEDA alderdiak, alderdi erregezaleek eta beste eskumako alderdi gehientsuenek, Falangearen inguruan amaitu zuten bere ibilbide politikoa. Ondorengo Bloke Nazionalaren adierazpenak argi uzten du espainiar nazionalismo katoliko eskumazaleen ikuspuntua; Espainiar nazionalismoaren ideia lehenengo paragrafoan argi ageri da.

Pelaio, nazional-katolizismoaren sinboloetako bat


« Beraz, Espainia denaren aurretik eta gainetik. Espainia benetakoa, historiarekin eta itxurarekin leiala: bat eta banaezina. Hortik, beraz, gure ekintza programaren lehenengo puntua: Monarkiak eta herriak hamabost mendetan jorratu zuten batasun espainiarra hil edo bizi defendatu eta gorestea. (...) Katolizismoa gure naziotasuna eraikitzeko faktore erabakigarria izan zen.

Frantziako iraultzan jaio eta gaurko erakundeei eusten dien sistema politikoa zaharkituta dagoela uste dugu eta, Cánovasek aurresan zuen legez, ziur gaude komunismora garamatzala. Etorkizuneko Estatua betebeharretan eta eskubideetan oinarritu behar da. Gizakien izaerari atxikitutako eskubide naturalak onartu eta bermatu behar ditu Estatuak, bakoitza bere mailaren arabera, absolutismorako bidea zabaldu gabe. Bermerik onena Estatu indartsua eraikitzea izango da, diziplinarik gabeko nukleo edo jende multzoen gehiegikeria gelditzeko gai izango dena.

Gaurko Estatu anarkikoa gaindituta, Estatu integratzailea eta klase sozial eta ekonomiko guztien gainean agintea ezartzeko gai izango dena nahi dugu. Klaseen arteko borrokaren garaia amaitzear dago.

Beraz, espainiarrok, Estatua konkistatzea helburu duen Bloke Nazionala proposatzen dizuegu (...).[23]

»


Atzerritarren eta haien Espainia barruko aliatuen erasoaren mezu manikeoa Errepublikaren kontrako asmo kolpista bilakatu zen ia hasieratik. Asmo hori bultzatu zuen Victor Praderak, eta bere Espainiako ereduak bertako lurraldeetan oinarritutako nazionalismo espainiar tradizionalista aldarrikatu zuen (españolismo), Euskal Estatutuaren kontrako erretorika bortitza landuz. XIX. mende amaieran sendotutako ikonografia kutsu nazionalista-militarista berri batez jantzi zen, Rifeko Gerran zakartutako ofizial militarrek babestuta: Cid Kanpeadorea, Errekonkista (Pelaio), Gurutzada, 'mairu' arrotzen kontrako borroka aldarrikatu ziren, nazioaren salbazioa zuzentzeko erakusgarri gerlari bihurtuta. Testuinguru horretan gertatu zen 1936ko uztailaren 18an Errepublikaren kontrako estatu kolpea, militarrek zuzenduta. Orduan, haiekin bat egin zutenek "nazional" jarri zioten izena beren buruari, esan nahirik estatu kolpearen alde egin ez zutenak ez zirela espainiarrak ere eta, beraz, ohilduak edo suntsituak izan behar zirela.[oh 9]

Francoren diktadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehiago jakiteko, irakurri: «Frankismoa»

1978tik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978an, Espainiako oposizioko hainbat indarrek, PCE eta PSOE ere tartean, hauteskunde irekiak eta konstituzio bat hitzartu zituzten diktadurako agintariekin bertako buru Francisco Franco hil ondoren (1975). Konstituzio horrek, berrespenerako erreferendumean onartuak, axioma nagusi batzuk ezarri zituen: Espainiaren zatiezintasuna, gaztelaniaren nahitaezko nagusitasuna eta Espainiaren batasun politikoa bermatzeko armadaren eskumen bereziak. Alderdi politikoak onartu ziren, baina diktadurako botere judizialak eta jurisprudentziak indarrean jarraitu zuten.

Hamarkadetan, Foreign Affairs kazeta digitalaren arabera, espainiar nazionalismoa ez da nabarmena izan, Espainiako estatuak estatu moderno eta kulturaniztunaren irudia zabaldu nahi zuen neurrian. Aldiz, katalan subiranotasunaren inguruko krisialdian, nabarmen bizkortu da, Espainiako banderak harro erakutsiz eta Francoren garaiko zantzuak dituzten esloganak ageri-agerian berreskuratuz.[24] 2017an, Espainiako ereserkiaren kontra futbol partidu batean egindako txistuak epaitu zituzten Audientzia Nazionalean: deitzailearentzako 14.400 euroko isuna eskatu zuen fiskalak.[25] 2018ko otsailean, ETAren biktimen zenbait elkartek, hizkera gogorrez jantzitako ekitaldian, berretsi egin zuten "ETA erabat zapaltzeko" gogoa eta, horretarako, porrot kultural eta politikoa nabarmendu, katalan eta euskal independentismoaren kontrako adierazpenen artean.[26]

2018ko martxoan, "Espainiaren eta koroaren aurkako laidoa" delitua berretsi zuten Espainiako Gorteetan, Ciudadanos, Alderdi Popularra eta PSOE alderdiaren babesaz.[27] 2018ko martxoan, Espainiako gobernuko lau ministro, kulturakoa ere tartean, Legioaren Aste Santuko prozesio ekitaldi berezian izan ziren, eta hainbat urtez Espainiako bandera erdi-jaitsia jarri zuten, "Kristoren heriotzaren oroimenez", Espainiako estatua akonfesionala izan arren.[28][oh 10]

Sinbolo berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santiago Matamoros, Gurutzadari hertsiki lotua eta Barrokoan espainiarren zaindari ofizial eta bakar bihurtua

Espainiarentzat identitate katoliko berria sortzeko ahaleginean, tradizio berriak sortu ziren, erlijio irudi berriak, XIX. mende erdialdetik. Bestalde, orduko Espainiako historiografiak, isuri erromantiko eta nazionalista (baita kolonialista) handi batez, Errekonkistaren kontzeptua sendotu zuen, espainiar identitate nazional bat eratzeari lotuta: Espainiako lurralde guztiei iragan eta helburu komun bat eskaini zien eta, Europako beste herrialdeek ez zuten funtsezko berezitasun bat: atzerritarren (musulmanen) atzaparretatik berreskuratu behar zen aberri bat.[29] Ideia horrek, gainera, arrakasta handia izan zuen, absurdoraino errepikatua izateraino, García Fitzek adierazi duenez. Ramon Menendez Pidalek espainiartasunaren Volkgeist edo herri gogoa bilatu zuen, baita hura tradizioarekin eta ortodoxia katolikoarekin identifikatu ere.[30] Historialari espainiar askoren antzera defendatu zuen ez Godoen Erresumaren desagerpenak, ez ondorengo mendeetako sakabanaketak, ez zutela deuseztatu "espainiarren' batasun nazionalaren ideia eta sentimendua". Errekonkista espainiar nazionalismoak sustatutako espainiartasunaren mito sortzaile bilakatu zen.[29][oh 11]

Jesusen Bihotzaren monumentua Oviedon

Horrelako sinboloak liberalismoaren kontrako karga handia zuten, aniztasunaren kontrakoak eta teokratikoak. 1886tik indarberrituta, Jesusen Bihotzaren debozioa zabaldu zen; Frantziako Iraultzaren kontrako erakusgarria zen. 1919an, bere gorenera altxa zuten, Cerro de los Angelesen Bihotz Sakratua kontsakratuz, Espainiaren ustezko erdigune geografikoan.[31][oh 12] 20ko hamarkadan, beste ikono bat eratorri zen hartatik: Kristo Errege, konnotazio politiko are borrokalari eta argiagoak zituela. Espainiako Elizaren hierarkiaren interpretazioan, Kristo Erregek Espainiaren identitate katolikoaren iraupena esan nahi zuen, era horretan bere "errealitate nazionalari eusteko eta galdutako handitasuna berreskuratzeko aukera". Primo de Riveraren diktaduran, Kristo Erregeren gurtzak testuinguru politiko egokia aurkitu zuen, mito politiko bihurtuta, Espainia zeruko erreinuak lurrean aukeratutako zatia zelakoan; horixe adierazi zuen, hain zuzen, Valladolideko artzapezpiku bizkaitarrak garai horretan.[31] Elizkizunetan, Espainiako Errege Martxa jotzen hasi ziren.[31]

Esanahi nazionalista irmo hori Ama Birjina Pilarekoak ere bazuen, aldi berean kontrairaultzailea; urte hauetan, biziberritu egin ziren gurtzarako emakumezko izen batzuk. Zaragozako Ama Birjina Pilarekoak osagai politiko garrantzitsua zuen Penintsulako Gerratik: espainiar balio abertzale militarrak hezurmamitu zituen, atzerritarren kontrakoa, zama chauvinista handikoa. Hura ikono nazional bihurtzeko pauso handia Alfontso XIII.ak eman zuen, urriaren 12ko haren eguna "Arrazaren edo Hispanitatearen Eguna" izendatu zuenean.[32] Ia aldi berean, kanonizazioaren ehungarren urteurrenenean, Santa Teresa "Arrazaren eta Hispanitatearen Santua" izendatu zuten (1922), izaera hispaniar-abertzalea isuri militar batekin uztartuz eta arraza ere tartean sartuz.[32] Santa Teresaren izendapen hori bat zetorrren osoki XVII. mendetik Espainiako zaindari eztabaidaezin bihurtutako Donejakue Matamoros santu gerragilearekin. XIX. mendean, erromantizismoz goretsi zen Donejakueren irudia, arrotzen kontrako gerlari gisa adierazia.[oh 13]

Espainiar nazionalismoa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fikzioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankismoaren garaian, zinema arma politiko bezala erabili zuten. NO-DO albistegiaz gain, filmetan Espainiako historiaren topikoa nagusiak (La leona de Castilla, Locura de amor, Amaya, Jeromín, Alba de América, Agustina de Aragón, ¿Dónde vas, Alfonso XII?, Los últimos de Filipinas, Raza —Francok berak gidoilari zuena—) agertzen ziren.[33] Aldi berean, komikiak funtzio bera bete zuen. Garaiko komikiek Erdi Aroko Espainia kristau goresten zuten (El Guerrero del Antifaz eta Capitán Trueno), erromatar Hispania (El Jabato) edo garaikidea (Roberto Alcázar y Pedrín). Flechas y Pelayos (1938-1949) umeentzako aldizkaria propagandarako sortu zuten, Donostian argitaraturiko Flecha aldizkari falangista eta Pelayos karlista elkartuz.[34]

Frankismo ondoren, propagandismo desagertu zen baina noizbehinka filmaren bat egin zuten, adibidez Torrente, el brazo tonto de la ley (1998)

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gobernu kontserbadore moderatuaren garaian onartu arren, gobernu progresistak prestatu zuen.
  2. 1862ko maiatzaren 28ko Notariotza Legeko 25. artikulua; eta, Errege Agindua, Isabel II.arena, 1867ko urtarrilaren 15ekoa, hizkuntza gutxituak antzerkian debekatzen dituena; ikus Torregarai, Joan Mari. 2009, 36-37. or.
  3. Hezkuntza sistema bera Gobernazio Ministerioaren agindupean zegoen.
  4. Egoera berri horrek bete-betean harrapatu zuen Sabino Arana, Estatu Batuetako presidente Roosevelti "Kuba esklabutzatik askatzeagatik" igorritako telegrama atzeman ziotenean, eta horregatik kartzelatu.
  5. Izan ere, bi eredu horiek existitu ziren militarren baitan eta elkarren osagarri izan ziren. Jansenek ("Military Nationalism and the State") orduko liberalei egotzi die XX. mendeko espainiar nazionalismo eskuindar-autoritarioaren alde jardun zutela, izan kontserbadore, izan faxista edo beste mota batekoa; ikus Watson, Cameron. 2003, 156-167. or.
  6. "Batasun nazionala" ezin zen auzitan jarri, ezin zen eztabaidatu, "ezin baita aberria bozkatu", historiaren gainetik zegoen, Maurak Espainia familiako kideekin parekatuz 1918an adierazi zuen bezala; ikus Borja de Riquer. 2001, 202. or.
  7. Rifeko Gerrak 1859-60ko Afrikako Gerran zuen bere aurrekaria.
  8. Jose Antonio Primo de Riverak godoen eta berbereen arteko liskar amaiezintzat zeukan Espainiako historia, eta "Espainiako Bigarren Errepublika berbereen beste inbasio bat" zela zeritzon; ikus Preston, Paul. 2012, 48. or.
  9. Konparatu ingelesez eman zen ordainarekin: Nationalist. Ikuspegi dualistari lotuz, kolpistek rojos edo separatistas deitu zieten Errepublikari leial mantendu zirenei.
  10. Espainiako herriaren defendatzaileak legez kontrakoa izan zitekeela adierazi zuen horregatik.
  11. Joera nazionalista beretik jo zuen Claudio Sánchez Albornozek, mende luzez espainiarrek, "nazio eta erlijio borroka bat" jarraituz, musulman inbaditzaileen okupaziotik 'lurralde nazionala' askatu zutelakoan; ikus García Fitz, F. 2009, 145. or.
  12. 1871ko Pariseko Komunaren ondoren, Sacre Choeur basilika eraiki zen Parisen, herri harpidetzaz; ikus Dronda, Javier. 36-40. or.
  13. Filipe IV.a Habsburgokoaren garaitik, santu hori Espainiako zaindari bakartzat hartu zen ofizialki, espainiar nazioaren zentzu gerlari eta inperialista berresteko asmoz. Bazuen, harrezkero, bere egun ofiziala, uztailaren 24 eta 25an. XII. mendetik espainiar izaera nazionala hezurmamitzen zuen santua zen, Matamoros ezizenekoa, eta 'Errekonkista'ren babeslea, Clavijoko Gudu mitikoan mirariz agertu omen zela eta; Amerikan, berriz, konkista kolonialaren zaindaria zen, Mataindios eziezenaz; ikus Américo Castro in Discurso colonial hispanoamericano, 117. or.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Parkins, Wendy Fashioning the body politic: dress, gender, citizenship Oxford: Berg 178. orrialdea .
  2.   Álvarez Junco, José Mater dolorosa. La idea de España en el siglo XIX Madril: Taurus .
  3.   Peces-Barba, Gregorio (2010-11-23) «Los nacionalismos en España» El País http://www.elpais.com/articulo/opinion/nacionalismos/Espana/elpepiopi/20101123elpepiopi_4/Tes .
  4. a b c d e Moreno Cabrera, J.C. 2010, 3-8. or.
  5. Borja de Riquer. 2001, 314. or.
  6.   Álvarez Junco, José Mater dolorosa. La idea de España en el siglo XIX Madril: Taurus .
  7. Borja de Riquer. 2001, 307. or.
  8.   Moreno, Luis Ethnoterritorial Concurrence and Imperfect Federalism in Spain Madril: Instituto de Estudios Sociales Avanzados (CSIC) 5. orrialdea http://digital.csic.es/bitstream/10261/2010/1/dt-9310.pdf .
  9. Borja de Riquer. 2001, 307. or.
  10. Dronda, Javier. 2013, 94-95. or.
  11. Azurmendi, Joxe. 2014, "2. DURÁN: ERROMANTIKOA ERROMANTZERO BILA"
  12. a b Dronda, Javier. 2013, 14-15. or.
  13. a b c d e f Watson, Cameron. 2003, 112-114, 156-168. or.
  14. Watson, Cameron. 2003, 107. or.
  15. a b Kurlansky, Mark. 2000, 172-176. or.
  16. Joan Mari Torrealdai. 2009, 64. or.
  17. Borja de Riquer. 2001, 202. or.
  18. Borja de Riquer. 2001, 202. or.
  19. Azurmendi, Joxe. 2014, "16. GIMÉNEZ CABALLERO: 'GENIO DE ESPAÑA'"
  20. Preston, Paul. 2012, 44-50. or.
  21. Preston, Paul. 2012, 62-65. or.
  22. Frankismoaren finkapena eta Krisialdia. 2012ko apirilaren 20a. http://frankismoaazkenaldia.wordpress.com (Ingelesez)
  23.   García Nieto, M.C.; Donézar, J.M. Bases documentales de la España Contemporánea Madril: Guadiana 169-172. orrialdea .
  24. (Ingelesez)  Encarnación, Omar G. (2018-02-05) «Why Spanish Nationalism Is on the Rise» Foreign Affairs ISSN 0015-7120 https://www.foreignaffairs.com/articles/spain/2018-02-05/why-spanish-nationalism-rise. Noiz kontsultatua: 2018-05-20 .
  25.   Vasca, EiTB Radio Televisión Pública «14.400 euroko isuna eskatu dute 2015eko Kopako finaleko txistuengatik» www.eitb.eus http://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/5013912/14400-euroko-isuna-eskatu-dute-2015eko-kopako-finaleko-txistuengatik/. Noiz kontsultatua: 2018-03-18 .
  26.   Berria.eus «ETA "garaitu arte", Frantzia eta Espainiaren lankidetza defendatu du Vallsek» Berria https://www.berria.eus/albisteak/148683/eta_garaitu_arte_frantzia_eta_espainiaren_lankidetza_defendatu_du_vallsek.htm. Noiz kontsultatua: 2018-03-18 .
  27. (Gaztelaniaz)  «PP, PSOE y Ciudadanos apoyan que las injurias a la Corona sigan siendo delito pese al varapalo de Estrasburgo» eldiario.es https://www.eldiario.es/politica/PP-PSOE-Ciudadanos-despenalizacion-Corona_0_749625338.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-18 .
  28. (Gaztelaniaz)  «Religión y política se enredan esta Semana Santa en un estado supuestamente aconfesional» eldiario.es https://www.eldiario.es/sociedad/Semana-Santa-religion-supuestamente-aconfesional_0_754874796.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-29 .
  29. a b García Fitz, F. 2009, 144-146. or.
  30. Azurmendi, J. 2014, "Menendez Pelayo"
  31. a b c Dronda, Javier. 2013, 36-40. or.
  32. a b Dronda, Javier. 2013, 49-56. or.
  33.   Prieto Arciniega, Alberto David Romero Campos ed. El franquismo en el cine: 'Amaya'", en La historia a través del cine Memoria e Historia en la España de la Postquerra Gasteiz: EHUArabako Foru Aldundia 35-64. orrialdea .
  34. (Gaztelaniaz)  Meléndez Malavé, Natalia Humor gráfico y cómic ante la guerra: entre la propaganda y la contestación http://www.tebeosfera.com/Documento/Articulo/Academico/05/HumoryGuerra.htm .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 

 

 

  • Dronda, Javier (2013) Con Cristo o contra Cristo: Religión y movilización antirrepublicana en Navarra (1931-1936) Tafalla: Txalaparta ISBN 978-84-15313-31-1 .
  • García Nieto, M.C. eta Donézar, J.M. (1974), Bases documentales de la España Contemporánea, 9. bolumena. Madril: Guadiana.

 

 

  • Kurlansky, Mark The Basque History of the World London: Vintage Books ISBN 9780099284130 .

 

 

 

 

  • Watson, Cameron (2003) Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present University of Nevada, Center for Basque Studies ISBN 1-877802-16-6 .

Bibliografia osagarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]