Edukira joan

Gune populatu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ollaran haran eta udalerrian, zenbait kontzeju: lehen planoan, Arteta, ezkerretara Senosiain eta Ollo, sakonean Iltzarbe, eta ezkerretara Ultzurrun.

Gune populatua lurralde edo administrazio zatiketa administratibo orokorra da edozein biztanle-gune definitu dezakeena, eta nortasun propioa duen toki bat adierazten duena. Tamaina handiko eta biztanle askoko gunea izan daiteke (departamendua edo probintzia) edo tamaina txikiko gunea eta biztanle gutxiko gunea (herrixka, auzoa) izan daiteke. Herri hustuak ere kontuan har litezke.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriaren geografia humanoa gune populatu txiki eta ugariek definitu dute mendeetan neurri handi batean. Guneen banaketa hori ez da uniformea. Juan Karlos Etxegoien Xamarrek deskribatu du adibidez[1], nola baserri isolatua oso ohikoa izan den Kantauri isurialdean, sarritan baserri auzoetan nolabait bilduta; eta herrixka txiki eta konpaktoak nagusi izan diren Mediterranear isurialdeko mendialdeetan; hegoalderantz, Ebro ibairantz, herri handiagoek logika geografiko-ekonomiko handiago zutelarik.

Izenen aldetik ere barietate handia dago Euskal Herrian. Gune bakanak izan daitezke kontzejuak, auzuneak, elizateak, herriak... Baina era berean elizate batek izan ditzake auzo edo gune desberdinak (esate baterako Araotzek). Udalerri modernoen kasuan, herrigune nagusiak udalerriaren izen bera eduki dezake (Azpeitian adibidez), baina posible da baita ere parrokia-eliza dagoen gune populatua izatea herrigunea (Mesterika Meñakan[2]), edo auzo nagusiak egun herri osoa izendatu arren, nortasun toponimikoa propioa izatea (Elizondo, Lizartzako herrigunea), edo arrazoi geografikoengatik aukeratu den herri bat: Ondategin dago Zigoitiko udala, errepide nagusiak zeharkatzen duen lautada batean, zerbitzu-eraikin batzuk Ondategiko lurretan daudelarik, eta beste batzuk Gopegikoetan[3].

Gune hauek unitate handiagoetan nola elkartzen diren ere kasuistika zabal batean sartzen da. Ollaran haran eta udalerrian, Beasoain-Egillor da kontzejuetako bat, baina izatez bi herri bereiz dira, Beasoain eta Egillor, bakoitza bere elizarekin. Gune desberdinak elkartu izan dituzten haran, zendea, almiradio, eta alkatetza nagusiak egon izan dira Euskal Herrian, eta batzuek izen horiek gordetzen dituzte oraindik udalerri bihurturik edo beste era batean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Etxegoien, Juan Carlos. (1992). Orhipean : gure herria ezagutzen. Pamiela, 34-36 or. ISBN 84-7681-119-5. PMC 435406637. (Noiz kontsultatua: 2021-08-05).
  2. «Meñaka - Bilaketa - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-05).
  3. Zigoitia, Zigoitiko Udala. Gure Herriak. Zigoitiko Udala (Noiz kontsultatua: 2021-08-05).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]