Edukira joan

Hagenbacheko botozko plakak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Botozko laminak museoaren erakusketan
Palatinatuko Historia museoan daude ikusgai xafla batzuk.
Hagenbacheko altzotarra, germaniarrek Pinirioetako Marteren santutegian egindako pilaketan lortutako harrapakina izan daitekeena.

Hagenbacheko botozko plakak, Alemaniako Hagenbach aztarnategian aurkitu zituzten zilarrezko plaka batzuk dira, eskaintzaileen eusko-akitanierazko izenak dituena.[1]

Xafletan dauden idazkunak aztertu zituen Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariak eta antzina, Pirinioetako Marteri eskainitako santutegi batetik Alemaniara eramanak izan zirela ondorioztatu zuen. Plakak jainko-jainkosa bati eskainitako zinopariak dira.

129 xafla aurkitu zituzten, eta horietako 34 idatzita zeuden. 1990. urtean ezagutarazi zituzten aurkitzaileek. gehienetan zehazten da Marte jainkoari eskaintzen direla.

Bibliografia zientifikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boto-orriak eta inskripzioak ez dira inoiz argitalpen epigrafiko batean argitaratu, bere informazio eta azterketa epigrafikoarekin; 1999ko L'Année épigraphique aldizkari-katalogoan bakarrik argitaratu ziren modu eskematikoan.

Aurkikuntzaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

129 xafla horiek metalezko piezen multzo baten parte dira. Rhin ibaiaren hondoa dragatzeko lanetan, 1961 eta 1973 bitartean, ibaiaren ohean hondoratutako ontzi bateko hondarrak aurkitu zituzten[2]: zilarrezko, brontzezko eta burdinezko piezak. Multzo horretako objektu batzuk prest zeuden urtzeko eta metala beste zerbait egiteko aprobetxatzeko. Fibulen tipologiari esker jakin izan da piezak hego-mendebaldekoak direla eta multzo osoa K.o. 270-275 urteren artean datatu da (Klaudio Gotiko, Kintilo edo Aureliano enperadorearen agintaldia), germaniarrek Galian barrena arpilaketak eta suntsiketak egiten ibili ziren garaian.

Idatzitako plaketan agertzen diren eskaintzaileen izenen artean 29 pertsona daude (batek, adibidez, bi plakatan agertzen da), bakarra agertzen da bere hiru izenekin (tria nomina) eta beraz, hori bakarrik identifika dezakegu hiritar gisa, eta 4 ziur emakumeenak dira, agian beste bosgarren bat ere. beste motako onomastika formulak ere agertzen dira (nomen eta cognomen edo nomen eta bi cognomen adibidez) Izen gehienak, 21 zehazki, onomastika dute, eta hiritarrak ez ziren gizon-emakume askeek (peregrini) izendatzeko ohiko formulaz adierazten dute beren izena: izen bakarra, eta aitaren izena. Batzuk izenaren osagai guztiak latinoak dituzte, eta beste batzuek latina eta akitaniera nahasten dute, baina %45ek, akitaniera erabiltzen dute soilik, beren izen pertsonalean nola aitaren kasuan. Horrek adierazten du ez zirela guztiz erromatartutako fededunak, eta datu esanguratsua da, dagoeneko II. mendeko azken hamarkadetako erromatar inperioko biztanleak direlako.

Agertzen diren izenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joakin Gorrotxategik izen hauek jaso ditu:

  1. Andos. Agian, Andots edo Handots ahoskatuko zena.
  2. Andossus. Aurrekoaren aldaera latinizatua da, latinaren nominatiboaren (Nor) morfema hartuta, alegia. Gorrotxategirentzat izen hau "Jauna" esanahia izan dezake eta Andere hitzaren garai hartako forma maskulinoa litzateke.
  3. Bambixxus. Hemen ere -us latinaren nominatiboa markatzeko morfema agertzen da. Izena deklinazio latinorik gabe Bambixx litzateke, Bambits ahoskatua.
  4. Belexi. -i genitiboaren (Noren) marka da, eta beraz, deklinatu gabe, Belex da.
  5. Berexe: emakume izana, laminak agertu aurretik ezagutzen ez zena.
  6. Bioxxi. Gaur egungo euskararen bihotz hitzarekin identifikatu da.
  7. Bonnoxus. Laminak agertu aurretik ezagutzen ez zena.
  8. Bonxu(s) . Akitanian miaz agertu den izena.
  9. Carerdonis. Akitanieraz -do atzizkia bazela frogatzeko balio izan du.
  10. Cereco. lehendik ezagutzen zen Gerexso-ren berdina izan daiteke.
  11. Ciurxos. izen bitxia da.
  12. Donni. Galiar izena.
  13. Doxxi
  14. Handos. Hainbat interpretazio ematen ditu Gorrotxategik: jainkoaren epitetoa dela, edo eskaintzailearen aitaren izena dela, kasu bietan, jauna esanahiarekin.
  15. Hissi. Ez zen lehenago ezagutzen. Agian, hits (zurbil) adjektiboarekin lotuta.
  16. Lualis edo Ivalis.
  17. Leuirisi. Ez zen lehenago ezagutzen.
  18. Mati. Badirudi Marti izena bera dela, r bat galdu duena.
  19. Obbelexxi. Belex izen ezagunarekin egindako hitz elkartua izan daiteke.
  20. Sembeoçci. Sembe izen ezagunaren eratorria.
  21. Sembi. Sembe izenaren genitiboa da.
  22. Silixius. Agian, Silex izenaren moldaketa bat.
  23. Tessebari. Agian, izen galiarra.
  24. Xalinis. Salinis izenaren aldaera. Hasierako X, S-ren palatalizazioa adierazten du
  25. Xembus: Sembus, eta bide batez, Semberen aldaera, hasieran S palatalizatu bat duena, aurreko izenaren kasuan bezala. Sembe egungo euskararen seme substantiboaren aurrekaria da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gorrochategui Churruca, Joaquín. (2003). «Las placas votivas de plata de origen aquitano halladas en Hagenbach (Renania-Palatinado, Alemania)» Aquitania 19 (1): 25–47.  doi:10.3406/aquit.2003.1349. (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
  2. (Gaztelaniaz) Marco Simón, Francisco. (2007-2008). [Sobre la romanización religiosa en los Pirineos «Sobre la romanización religiosa en los Pirineos»] Veleia (24-25): 1017-1033.  doi:https://doi.org/10.1387/veleia.2079. ISSN 0213-2095. (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]