Harrizko zubia (Logroño)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Harrizko zubia (Logroño)
Puente de Piedra Logrono.jpg
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Errioxa
UdalerriaLogroño
Koordenatuak42°28′12″N 2°26′37″W / 42.47004°N 2.44373°W / 42.47004; -2.4437342°28′12″N 2°26′37″W / 42.47004°N 2.44373°W / 42.47004; -2.44373
Inaugurazioa1884ko ekainaren 11
Arkitektura
ArkitektoaFermín Manso de Zúñiga (en) Itzuli
Materiala(k)harria
Dimentsioak31,5 (arkurik luzeena) m
Gurutzatzen duEbro
Eramaten duFrantses bidea
Zubibegiak7

Harrizko zubia, ofizialki San Juan de Ortega zubia[1] (gaztelaniaz: Puente de Piedra; Puente de San Juan de Ortega) Logroñon dagoen harrizko zubi arkuduna da. Zubi horretatik sartzen da Donejakue bidea Errioxako hiriburuan. Ebro ibaia zeharkatzen du. XI. mendean dagoeneko zubi bat bazegoen ere gaur egungoa 1884. urtean eraiki zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamabi arkudun zubia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da zehazki ezagutzen noiztik izan zen Ebro zeharkatzen zuen zubi bat Logroño parean. 1095ean Alfontso VI.a Gaztelakoak Logroñori hiri forua eman zioneko agirian aipatzen da aurreneko aldiz zubi baten presentzia. Ponti de Santo Ioanne esaten du, "San Joanen zubia" hain zuzen ere[2].

Fernando Albia de Castrok Memorial de Logroño (1633) lanean dio Juan de Ortega arkitektuak eraiki zuela zubia "Compostelara zihoazen erromesei bidea errazteko". Zubiaren deskribapen zehatza ere egiten du: 716 oinetako luzera du (200 metro inguru) eta hamabi arku ditu, hauetako zortzik 46 oinetako "hutsa" (baoa) eta beste lau antzekoak. 18 oinetako zabalera du (5 metro) eta zubi-brankak 10x42 oinetakoak (3x12 metro)[3]. Fernando Albiak dioenez gaztelako Erresuma babesteko hiru dorre zituen zubiak eta horren garrantziaren lekuko Logroñoko armarrian agertzen da[2].

Logroñoko zubi zaharra ageri den grabatua (1845).

Narciso Herguetak hiru dorreak deskribatu zituen. Lehena eta hirugarrena eraikuntzaz berdinak ziren. Nafarroaren aldean zegoena hirugarren eta laugarren begien artean kokatzen zen eta azkenak hamabigarren begia eta Logroñoko harresia lotzen zituen. Erdiko dorrea zen garaiena. Zazpigarren eta zortzigarren ebgien artean altxatzen zen eta hiru lehi eta ingurabidearen artean 40 gizon koka zitezkeen hiria babesteko. Bigarren dorre honek polea sistema baten bidez zubi altxagarria jasotzeko kateak mugitzen zituen.

Zubi zaharraren galbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamabi arkudun zubiak hamaika berriztatze lan izan zituen XVIII. eta XIX. mendeetan zehar.

1775ean Ebro ibaiaren uraldi handi batek ekainaren 19 eta 21 artean zubia urpean izan zuen eta ondorioz aurreneko dorrea behera erori zen. 1835ean Lehen Karlistaldian arkuetako bat moztu eta zubi altxagarri bat ezarri zen. 1850ean dagoeneko egoera kaskarrean zeudenez gainerako bi dorreak eraitsi zituzten[3].

1871ko urtarrilaren 10ean beste uraldi batek eragindako kalteen ondorioz azken hiru arkuak eraitsi ziren eta bi arku berri egiteko erabakia hartu zen. Lanak burutu bitartean zurezko pasabide probisional bat ezarri zen 1878an. 1880ko abuztuaren 9an armadako artileriako atala pasatzen ari zela zurezko plataforma erori egin zen eta armadak bigaz elkarturiko bi itsasontzi erabiliz plataforma berria eraiki zuen. Irailaren 1ean ordea ezbeharra izan zen. Infanteriako 23. errejimendua pasatzen ari zela pisu desorekaren erruz itsasontzietako bat mugitu egin zen eta soldaduak uretara erori ziren. Izuak jo eta 90 soldadu hil ziren, urak guztiz estaltzen ez zien arren[3].

Istripu honen ondoren Gobernuak ezinbestekotzat jo zuen zubi sendo bat egitea eta ibaian metro batzuk gorago Burdinezko zubia eraiki zuen, "Sagasta" izena daramana. Bartzelonako Maquinista terrestre y Marítima enpresak eraiki zuen eta 1882an inauguratu zen. 909.337,46 pezeta kostatu zituen.

Harrizko zubiaren berreraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fermín Manso de Zúñiga arkitektuaren proiektua

Burdinezko zubia inauguratu baino hilabete batzuk lehenago Fermín Manso de Zúñiga arkitektuak zubi zaharra berreraikitzeko proiektua onartu zen 496.650 pezetatako aurrekontuarekin[4]. Zazpi arkutako zubia diseinatu zuen eta pasabidea ere gorago zuen. Honek uraldietak ura errazago pasatzea ahalbidetzen zuen. Zubi zaharraren laugarren eta seigarren zutabeak mantendu ziren zubi berria eraikitzeko eta gainerako guztia eraitsi egin zen[3].

1884rako zubi berria amaituta zegoen eta urte hartako ekainaren 11n san Bernabe egunez inauguratu zen[3]. Burdinezko zubitik bereizteko "Harrizko zubia" izenaz ezagutzen da, baina ofizialki San Juan de Ortega zubia izena du, izan ere zubi zaharraren egilearen omenezko kapera txiki bat XVIII. menderarte Ebroren iparraldeko ertzean, zubiaren ondoan, egon baitzen. 1775eko uraldiak eraman zuen kapera hau ere[1].

Hurrengo urteetan hainbat aldaketa eta moldatze lan egin zitzaizkion. 1917an izan zen aldaketa nabarmenena, alboetan espaloiak eraiki zirenean[5].

Eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harrizko zubiak 198 metrotako luzera du. Zazpi arku ditu eta bobeda eliptikoak dira. Erdiko hirurek 31'5 metrotako tartea dute eta alboetako bikoteek 21'50 metrotakoa[3]. Zutabeek zubi-branka zilindrikoak dituzte, erdikoek 4'5 metrotako zabalera dute eta alboetakoek 3 metrotakoa. Zubiaren altuera maximoa 10'95 metrotakoa da.

Galtzadak 140 metrotako luzera eta 3 metrotako zabalera ditu. Norabide biak banatzen zituen erdikaria 2020an kendu zuten[6]. Zubiko barandak burdinezkoak dira eta 208'5 metrotako luzera dute. Hamasei kaleargi ere badaude zubian.

Zubia hareharri grisez eraiki zen[7]. Harri batzuk zubi zaharrarenak dira eta gainerakoak Lasernako harrobitik ekarri ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) «Puente de Piedra - Lugar de interés» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  2. a b «Puente de Piedra en Logroño - Arquitectura Civil en Logroño - Toda La Rioja - Toda la información de turismo y servicios en La Rioja» www.todalarioja.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  3. a b c d e f Txantiloi:Es-PE «Puente de Piedra» La Rioja Sin Barreras (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  4. (Gaztelaniaz) «Aniversario en San Bernabé» El Correo 2009-06-08 (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  5. (Gaztelaniaz) Puente de Piedra. (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  6. (Gaztelaniaz) «Cuenta atrás para el Puente de Piedra, que podría reabrir en marzo» La Rioja 2021-01-28 (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).
  7. «Ábalos inaugura las obras de restauración del Puente de Piedra de Logroño sobre el río Ebro | Ministerio de Transportes, Movilidad y Agenda Urbana» www.mitma.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-19).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]