Immunitate-sistema organismoak infekzioaren aurrean defendatzeko duen mekanismoen multzoa da. Mekanismo hauen bitartez (linfozitoak, antigorputzak, makrofagoak, konplementua...) organismoak mikrobio patogenoei eta zelula arrotzei aurre egiten die, eragile horien jarduera deusestatuz. Zuzen funtzionatzen duenean, immunitate-sistemak kanpoko birus edo bakterioen aurka organismoa babesten du.
Gaixotasun autoimmunea dagoenean, aldiz, immunitate-sistemak ez du berezko eta arrotzaren arteko bereizketarik egiten, eta organismoaren elementu batzuei (ehun, organo edo molekulei) eraso egiten die. Organismoak bere buruari kalte egiten dio, funtsean [1]
Hepatitis autoimmunea urria da (prebalentzia: 10:100.000), eta gehiago eragiten die emakumezkoei gizonezkoei baino.
Bere jatorria, gaitz autoimmune gehienen antzera, ezezaguna da. Antza, gaitza pairatzeko joera genetikoa dago (ohikoa da gaixoek arbaso edo aurrekoen artean beste gaitz autoimmuneak zituzten senideak izatea). Halere, joera genetikoaz gain beharrezkoa dirudi ingurugiro-faktore bat gaitza pizteko (mikrobioren bat, substantzia kimiko bat...).
Hepatitis autoimmunearen agerpena isila izan daiteke (hots, sintomarik gabekoa), errutinazko odol-analisi batean transaminasen ez-ohiko igoera antzematen denean [2] edo sintomatikoa, hepatitis baten ohiko zantzuekin (nekea, ikterizia, gernu iluna, sabelmina....).
Tratatu ezean gaitzak pronostiko txarra du, eta zirrosi batean bukatu ohi da. Zorionez tratamendu farmakologikoak gaixotasuna ongi kontrolatzen du, sendatu ez arren: prednisona eta azatioprina dira erabilitako botikak (kortikosteroidea eta immunosupresorea, hurrenez hurren), bizi osorako -gehienetan- hartu behar direnak [5]