INRI

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jesus gurutziltzatua, goialdean INRI sigla duela.

INRI sigla bat da, latinezko IESVS NAZARENVS REX IVDAEORVM esaldia laburbiltzen duena, euskaraz: «Jesus Nazaretekoa, juduen erregea».

Biblia kristauko Itun Berrian, Mateo (27:37), Markos (15:26); Lukas (23:38) eta Joanen (19:19) ebanjelioetan ageri da. Gurutze askotan eta gurutze irudi askotako plaketan ageri da INRI sigla; batzuetan, gurutzean zuzenean garbatuta dago, eta sarritan Jesusen irudiaren gainaldean.

Joanen (19:19–20) ebanjelioan honela azaltzen da:[1]

« 19 Pilatok kartel bat idatzi eta gurutze gainean ezarri zuen. Hau zegoen idatzia: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea».

20 Judu askok irakurri zuen kartela, hiritik hurbil baitzegoen Jesus gurutziltzatu zuten lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz zegoen idatzia.

»

Sortaldeko zenbait eliza ortodoxok gurutzean grezierazko INBI sigla ezartzen dute, esaldi hau laburbiltzen duena: Ἰησοῦς ὁ Ναζωραῖος ὁ Bασιλεὺς τῶν Ἰουδαίων.

Batzuek diote siglaren azalpena ὁ Bασιλεὺς τοῦ κόσμου («munduaren errege») dela, argitu gabe ea benetan hori idatzi zen ala idatzita egon behar lukeena den. Beste eliza ortodoxo batzuek (Errumaniakoak, adibidez), aldiz, INRI sigla darabilte.

Hebreeraz esaldia ישוע הנצרת מלך היהודים (Yeshu'a HaNatserat Melech HaYehudim', AFI: [\jeʃu'ə\ \hɑ\ \nɑʦeratʰ\ \meleχ\ \hɑ\ \jehuðiːm]) idazten da. Baliteke sibla arameraz idatzita egotea, hebreera ez bezala arameoa Jesusen ama hizkuntza baitzen.

Masoi batzuk diote sigla honen jatorria jentilen artean edo paganismoan dagoela, hots, kristautasuna baino antzinako garaietan. Sigla horren azalpena IGNE NATVRA RENOVATVR INTEGRA dela diote, euskaraz: «Suaren bidez natura erabat eraberritzen da».

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Biblia interneten» www.biblija.net (Noiz kontsultatua: 2020-02-28).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]