Edukira joan

Idi musketadun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Idi musketadun
Pleistozeno
Adierazpen errorea: Ustekabeko > eragilea

Adierazpen errorea: Ustekabeko > eragilea

Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaBovidae
GeneroaOvibos
Espeziea Ovibos moschatus
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia8,5 hilabete
Elikadura iturri nagusiaPoaceaea, Salix arctica, zurezko landarea, Likena eta Goroldioa
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakqiviut (en) Itzuli
Kumaldiaren tamaina1

Idi musketaduna[1] (Ovibos moschatus) bobidoen familiako ugaztun artikoa da, bere larru lodiaz eta arrei darien kiratsaz nabari dena. Musketa usain horrek araldian emeak erakartzen ditu.

Idi musketadunak Ipar Amerikako Artikoan bizi dira, batez ere Groenlandian, nahiz eta Suedian, Siberian eta Norvegian ere aleak aurkitzen diren.

Taxonomia eta izena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bovinae azpifamiliaren antz handia badu ere (Behiak, bisonteak, bufaloak, yaka), konbergentzia ebolutiboaren ondorioa da eta idi musketaduna Caprinae azpifamiliaren barnean kokatzen da, ahuntz eta ardiekin batera. Generoaren izena latinezko bi hitzen elkarketaz osatzen da, ovis ("ardia") eta bos ("idia").

Arrek araldian gorputzean zehar duten guruinetatik musketa izeneko gai usaintsua jariatzen dute, hortik datorkio izena.

Inuiteraz umingmak esaten diote, "bizarduna" esan nahi du.[2] Basoetako cree hizkuntzan mâthi-môs (altze itsusia) edo mâthi-mostos (bisonte itsusia) esaten diote.[3]

Erdialdeko Asiako estepatako tundran sortu zela uste da, duela milioi bat urte. Handik abiatuta Europa iparraldera zabaldu zen eta ekialdetik duela 500.000 urte inguru Ipar Amerikara iristi zen Beringiako zubia zeharkatuta.

Europan eta Asian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezagutzen diren Ovibos generoko fosil zaharrenak Alemanian urkitu ziren eta Elster glaziazio garaian datatu dira. Pleistozenoko idi musketadun horiek gaur egungoak baino handiagoak ziren eta espezie bereizi gisa sailkatu dira, Ovibos pallantis. Aro bereziki hotzetan Europan hegoalderago ere jo zuten, Euskal Herrian barrena Europako mendietaraino.[4][5]

Würm glaziazioaren amaieran Eurasiako estepako tundra lehorrak desagertu eta basoek eta tundra hezeak estali zuten. Ez da idi musketadunentzako habitat egokia eta populazioak asko gutxitu ziren. Populazio gutxi batzuek Taimyr penintsulan bizirik iraun zuten eta duela 2.700 urte inguru desagertu ziren, Wrangel uharteko mamuten garai berean, hain zuzen ere.[6]

Ipar Amerikan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerikari dagokionez hainbat alditan igaro ziren idiak Siberiatik Ipar Amerikara. Gaur egun mantentzen direnak duela 200.000 eta 90.000 urte artean igaro zirenen ondorengoak direla uste da. Hasieran Alaska okupatu zuten eta Illinoiar glaziazioko garai epelenetan hegoalderantz jo zuten, aldiz garai hotzagoetan iparraldeko uhartetan isolaturik gelditu ziren. Banks uhartean esate baterako gotorlekua osatua zuten duela 34.000 urte. Pleistozenoko megafaunaren estintzioa libratu zuen espezie bakarretakoa izan zen, bisontearekin eta Antilocapra americana antilopearekin batera. Badirudi izotzak estaltzen ez zituen eremuak aurkitu zituela gizakiarengandik urruti.[7]

Laurentiar izotz geruza desagertzearekin bateraidi musketadunek iparralderantz jo zuten Kanadako Uhartedi Artikoan zehar eta K.o. 350. urtearen inguruan Ellesmere uhartetik Groenlandiara pasa ziren. Garai hartan iritsi ziren Dorset eta Thule kulturako gizakiak ere, eta haien ehizak ez zien utzi Groenlandia guztira hedatzen. Horregatik ipar-ekialdeko ertzetan mantendu ziren.[8]

DNA ikerketek erakutsi dute Pleistozenoko idi musketaduna genetikoki anitzagoa zela oraingoa baino. Klimaren fluktuazioen eragina dela uste da, izan ere periodo hotzetan espezieek heterogeneago izatera jotzen dute eta periodo epeletan homogeneizatu egiten dira.[9]

XX. mendeko birsartzeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskandinavian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Norvegiako Dovrefjell–Sunndalsfjella parke nazionalean idi musketadun bat.

Norvegia erdialdeko Dovrefjell mendian trenbidea eraikitzen ari ziren languileek idi musketadunaren orno biren fosilak aurkitu zituzten 1913an. Aurkikuntza horrek Groenlandiatik idi musketadunak Norvegian sartzeko ideia eragin zuen. 1925 eta 1926 artean sartu ziren lehenengo idiak Gurskøya uhartean. Fokak ehizatzera joandako ehiztari norvegiarrek harrapatu zituzten eta txalupaz eraman zituzten norvegiara. Animaliek uhartea kolonizatu bazuten ere ondorengorik gabe hil ziren. 1929an Adventfjordenen 17 idi askatu zituzten. 1940rako baziren 50 ale baina 1970.eko hamarkadan talde osoa desagertu zen.[10]

1932ko irailean Adolf Hoel ikerlariak 10 idi eraman zituen Dovrefjellera. Bigarren Mundu Gerra amaitu arte iraun zuten baina ondoren ehizaren ondorioz denak galdu ziren. 1947an idi berriak ekarri zituzten Dovrefjellen. 1971ean talde txiki batek Suediako muga zeharkatu zuen eta Härjedalen probintzian populazio egonkor bat ezarri zen.[11] Gaur egun Norvegian 300 ale inguru daude (2012) eta 340 km2-ko eremua hartzen dute.

1930an Islandian ere sartu zituzten idiak baina ez zuten biziraun.[12]

Idi musketaduna Errusiako Bolshoy Begichev uhartean.

Erusiako Siberia aldean sartu ziren idiak, Taimyr penintsulan 1974an eta 1975ean eta Wrangel uhartean 1975ean, biak ala biak zirkulu polar artikotik iparraldea. Gaur egun 1.100 mantentzen dira Wrangelen eta 11.000-14.000 artean Taimyr penintsulan. Taimyrreko populazio batzuek Putoranako ordokira migratu zuten eta haiek erabili dira Siberian 1996 eta 2010 artean birsartze berriak egiteko.[13] 2010ean Kolyma ibaiaren inguruan "Pleistozenoaren parkea" izeneko proiektuan sei idi askatu zituzten errusiar zientzilariek esperimentu bat egiteko. Serguei Zimov gidatzen duen t egiaztatu nahi du kilma aldaketa ez zela izan Pleistozenoko megafaunaren desagertzearen arrazoia, gizakiek egindako ehiza baizik.[14]

Ez da idi musketarien aztarnarik inoiz aurkitu Kanada ekialdean, klimak eta habitatak egokia dirudien arren. 1974. urtean Ellesmere uhartean 14 idi harrapatu zituzten eta Kuujjuaq herrira eraman zituzten, Quebec iparraldean. Han etxekotu egin nahi zituzten qiviut artilea ustiatzeko. Negozioak arrakasta izan bazuen ere Gobernuak argi utzi zuen haren asmoa ez zela idi musketadunak etxekotzea, ehizatzeko populazio egonkor bat sortzea baizik. Horren ondoren haztegia itxi egin zuten eta animalia batzuk tokiko erreserbatan askatu eta beste batzuk zoologikoetara eraman zituzten.[15]

2003rako 1.400 idi aske zeuden Quebec probintzian. Labradorren ere ikusten dira tarteka talde basatien migrazioak.[16]

XIX. mendearen amaieran edo XX.aren hasieran idi musketadunen populazioa erabat iraungi zen Alaskan. XX. mendean Estatu Batuetako gobernuak hainbat birsartze egin ditu. 1935ean Nunivak uhartean sartu zuten eta ondoren beste ereemu batzuetan ere sartu dira idiak.

Idi musketadun emea kumearekin.

Animalia handiak dira eta arrek zein emeek adar kurbatu luzeak dituzte. 1,1 eta 1,5 metro arteko altuera dute soingurutzean. Emeek 135 eta 200 cm arteko luzera dute eta arrak handiagoak dira, 200 eta 250 cm artean neurtzen dute. Isats laburra dute oso, 10 cm eskasekoa. Helduek batazbeste 285 kg pisatzen dute baina 180 kg eta 410 kg-takoak ere ikusi dira.[17] Idiek duten ilaje sendoak eta buru handiak benetan dena baino animalia handiagoa denaren itxura ematen dute. Sarritan bisontearekin alderatu izan da eta bisonteak pisu bikoitza hartzen du.[18] Ilajean ile beltzak, grisak eta marroiak nahasten dira eta kanpoaldeko ileak oso luzeak dira, lurreraino iristen zaizkio.

Muturrean orban argia dute eta sorbaldean atzealdean ere bai. Lepoa eta hankak laburrak eta oso sendoak dira.[19]

Idi musketadunak 60 km/h-ko abiadura har dezake lasterka.[19] 12 eta 20 urte artean bizi dira.

Habitata eta erlazio trofikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idi musketadunak tundra legartsuetako landare bakanez baliatzen dira.[20] Uda aldean eremu hezeetan egoten dira, ibai ertzetan adibidez, eta neguan toki garaietara mugitzen dira elur geruza lodiak ekiditeko. Elikagaia ugari denean belar nutritiboak jaten dituzte baina neguan artikoko sahatsak (Salix arctica), likenak eta goroldioak kontsumiten dituzte. Idi musketadunek gantz geruza lodia sortu behar dute udan negua igaro ahal izateko.

Idi musketadunaren harrapari nagusia otso artikoa da, idien heriotzen erdiak haiek eragiten dituzte. Bestelako harrapariek idien kumeak erasotzen dituzte gehienbat, adibidez Grizzly hartzak, hartz zuriak eta jatunak.

2023an egindako ikerketa batek erakutsi zuen animalia basatien populazioak berreskuratzea oso onuragarria litzatekela klima-larrialdiari aurre egiteko. Bederatzi animalia aztertu zituzten ikerketa horretan, horietako bat idi musketaduna izan zen. Ikerlariek ikusi zuten animalia horien populazioak babestuta eta berreskuratuta urtean 6,4 mila milioi tona CO2 gehiago harrapatzea lor litekeela.[21]

Idi musketadunak elurretan, Alaskan.

Idi musketadunak ugaztun heterotermikoak dira, hau da, gorputzeko atal batzuek erregulazio termikoa eten dezakete, idien kasuan atzeko hanketako azpialdekoa.[22] Horri esker geinerako gorputz adarren bero galtzea ekiditen dute. Horretaz gain idi musketadunen odoleko hemoglobina gizakiarenarekin alderatuta hiru aldiz gutxiago sentikorragoa da tenperatura hotzarekiko,[22] horrela klima oso hotzean oxigenoarekiko afinitatea handitu egiten du eta gorputzeko ehunetara kopuru handitan iristen da.[23]

Jokaera eta ugalketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Idi musketadunak defentsa formazioan.

Negu partean 12-24 kidetako taldeak osatzen dituzte baina udan 8-20koak izaten dira, ar dominanteek gainerako arrak kanporatu egiten baitituzte.[24] Arren arteko borrokak bortitzak izaten dira eta arren heriotzen %10a eragiten dute. Idiak ez dira lurraldekoiak baina beren pasabideak markatu egiten dituzte begien orbitetan dituzten guruinekin.[25]

Emeek 9 hilabeteko haurdunaldia dute eta artikoko udan jaiotzen dira kumeak. Kume horien sexu heldutasuna generoaren araberakoa da, emeek 2 urtetan lortuko dute eta arrek bost urte dituztenean.

Idi musketadunek gogor zaintzen dituzte kumeak. Otsoen eraso baten aurrean zirkuloa osatzen dute ale gazteenak barruan sartuz. Zirkuluaren kanpoaldeko idiek errotatu egiten dute eraso guztiei kide berek aurre ez egiteko.

Gizakiarekiko harremana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idi musketadunak erdizka etxekotu izan dira haren ilea ustiatzeko. Barneko geruzetako ilea artilearen antzekoa da eta oso estimatua da suabea delako, luzea eta isolatzaile ona. Qiviut izena ematen zaio.[26] Alaskan etxalde ugari daude horretara dedikatzen direnak.[27] Haragitarako edo esnetarako erabiltzea nahiko ezohikoa da.

Idi musketadunak ez dira erasokorrak eta gizakia bortizki hurbildu ezean ez da arazorik sortzen.[28]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EHU: Egungo Euskararen Hiztegia
  2. (Ingelesez) Flood, Peter F.; Abrams, Suzanne R.; Muir, Gillian D.; Rowell, Janice E.. (1989-08-01). «Odor of the muskox» Journal of Chemical Ecology 15 (8): 2207–2217.  doi:10.1007/BF01014110. ISSN 1573-1561. (kontsulta data: 2026-03-16).
  3. Houston, Clarence Stuart; Houston, Stuart; Ball, Tim; Houston, Mary. (2003). Eighteenth-Century Naturalists of Hudson Bay. McGill-Queen's Press – MQUP., 241 or. ISBN 978-0-7735-2285-5..
  4. Álvarez-Lao, Diego J.; Ballesteros, Daniel; Rivals, Florent; Álvarez-Vena, Adrián; Valenzuela, Pablo; Jiménez-Sánchez, Montserrat. (2020-06-15). «First occurrence of musk ox Ovibos moschatus in the Late Pleistocene (MIS 3) record from NW Iberia: Paleobiogeographic and paleoenvironmental implications» Quaternary Science Reviews 238: 106336.  doi:10.1016/j.quascirev.2020.106336. ISSN 0277-3791. (kontsulta data: 2026-03-16).
  5. Juantxo Agirre-Mauleon. (2018). ARRIKRUTZ, Arrikruzko lehoia. ARANZADI zientzia elkartea ISBN 978-84-947343-9-7..
  6. Markova, A. K.; Puzachenko, A. Yu.; van Kolfschoten, T.; Kosintsev, P. A.; Kuznetsova, T. V.; Tikhonov, A. N.; Bachura, O. P.; Ponomarev, D. V. et al.. (2015-08-18). «Changes in the Eurasian distribution of the musk ox (Ovibos moschatus) and the extinct bison (Bison priscus) during the last 50 ka BP» Quaternary International 378: 99–110.  doi:10.1016/j.quaint.2015.01.020. ISSN 1040-6182. (kontsulta data: 2026-03-16).
  7. «Hinterland Who's Who - Muskox» www.hww.ca (kontsulta data: 2026-03-16).
  8. (Ingelesez) Bennike, Ole; Andreasen, Claus. (2005-04). «New dates of musk-ox (Ovibos moschatus) remains from northwest Greenland» Polar Record 41 (2): 125–129.  doi:10.1017/S0032247404004127. ISSN 1475-3057. (kontsulta data: 2026-03-16).
  9. Campos, P.; Willerslev, E.; Sher, A.; Orlando, L.; Axelsson, E.; Tikhonov, A.; Aaris-Sorensen, K.; Greenwood, A. et al.. (2010). «Ancient DNA analyses exclude humans as the driving force behind late Pleistocene musk ox (Ovibos moschatus) population dynamics» Proceedings of the National Academy of Sciences  doi:10.1073/pnas.0907189107. ISSN 0027-8424. (kontsulta data: 2026-03-16).
  10. Aulagnier, S. et al.. (2008). Guide des mammifères d'Europe, d'Afrique du Nord et de Moyen-Orient. Delachaux et Niestlé, Paris.
  11. (Ingelesez) «Missing link: it’s time to restore native herbivore populations in Sweden» Rewilding Europe 2019-08-30 (kontsulta data: 2026-03-17).
  12. (Ingelesez) «Lemúrinn: The Dream Of Icelandic Muskoxen» The Reykjavik Grapevine 0001-11-30 (kontsulta data: 2026-03-17).
  13. (Ingelesez) «Reintroduction of Musk ox in the Northern Russia» www.lhnet.org (kontsulta data: 2026-03-17).
  14. (Ingelesez) Mitka, Nate. (2017-04-06). «Pleistocene Park Aims For Ice Age Rebirth» GearJunkie (kontsulta data: 2026-03-17).
  15. (Ingelesez) «Musk Ox Farm opens new visitor center» www.travelweekly.com (kontsulta data: 2026-03-17).
  16. (Ingelesez) Chubbs, Tony E.; Brazil, J.. (2007). «The Occurrence of Muskoxen, Ovibos moschatus in Labrador» The Canadian Field-Naturalist 121 (1): 81–84.  doi:10.22621/cfn.v121i1.398. ISSN 0008-3550. (kontsulta data: 2026-03-17).
  17. Burnie D; Wilson DE, eds. (2005). Animal: The Definitive Visual Guide to the World's Wildlife. DK Adult ISBN 0-7894-7764-5..
  18. (Ingelesez) «https://www.arkive.org/muskox/ovibos-moschatus/» www.arkive.org (kontsulta data: 2026-03-16).
  19. 1 2 «The Musk Ox» www.moskussafari.no (kontsulta data: 2026-03-16).
  20. ekologoa, Arturo Elosegi Irurtia. (1998-10-01). «Tundra: bizia hotz-hotzean» Elhuyar Zientzia (kontsulta data: 2026-03-17).
  21. Aduriz, Egoitz Etxebeste. (2023-03-29). «Animalia basatien populazioak berreskuratzea oso onuragarria litzateke klima-larrialdiari aurre egiteko» Elhuyar Zientzia (kontsulta data: 2026-03-17).
  22. 1 2 (Ingelesez) Brix, Ole; Bårdgard, Astrid; Mathisen, Svein; Tyler, Nicholas; Nuutinen, Matti; Condo, Sarveriò G.; Giardina, Bruno. (1990-11-01). «Oxygen transport in the blood of arctic mammals: adaptation to local heterothermia» Journal of Comparative Physiology B 159 (6): 655–660.  doi:10.1007/BF00691710. ISSN 1432-136X. (kontsulta data: 2026-03-17).
  23. Brix, Ole; Bárdgard, Astrid; Mathisen, Svein; El Sherbini, Said; Condò, Saverio G.; Giardina, Bruno. (1989-01-01). «Arctic life adaptation—II. the function of musk ox (Ovibos muschatos) hemoglobin» Comparative Biochemistry and Physiology Part B: Comparative Biochemistry 94 (1): 135–138.  doi:10.1016/0305-0491(89)90023-0. ISSN 0305-0491. (kontsulta data: 2026-03-17).
  24. Tener, J. S.. (1965). Muskoxen in Canada a biological and taxonomic review. Ottawa: Queen's Printer..
  25. Owen-Smith, Norman. (1977-03). «On Territoriality in Ungulates and an Evolutionary Model» The Quarterly Review of Biology 52 (1): 1–38.  doi:10.1086/409720. ISSN 0033-5770. (kontsulta data: 2026-03-17).
  26. «Oomingmak - Original Alaskan Qiviut Handknits Store» www.qiviut.com (kontsulta data: 2026-03-17).
  27. (Ingelesez) Wilkinson, Paul F.. (1974-01). «The history of musk-ox domestication» Polar Record 17 (106): 13–22.  doi:10.1017/S0032247400031302. ISSN 1475-3057. (kontsulta data: 2026-03-17).
  28. (Ingelesez) «Musk Ox Versus Man | Geophysical Institute» www.gi.alaska.edu 2026-03-12 (kontsulta data: 2026-03-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]