Infoxikazio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Infoxikazioa (informazio gainkarga, infobesitatea,[1][2] informazio antsietatea[3] edota informazio-leherketa[4] moduan ere ezaguna dena) arazo bat ulertzeko eta erabakiak eraginkortasunez hartzeko zailtasuna da, gai horri buruzko informazio gehiegi dagoenean[5]. Esaterako, Speierek (1999) azaldu zuen pertsona batek jasotzen duen informazioa bere buruak prozesatu dezakeen kantitatea gainditzen duenean, informazio gainkarga gertatzen dela, eta honen ondorioz, hartzen diren erabakien kalitatea murriztu egiten dela[6]. Definizio berriago batean, eta ildo beretik jarraituz, Roetzelek (2019) denboraren eta baliabideen aspektuetan ipintzen du fokua. Argudiatzen duenaren arabera, pertsona batek informazio multzo gehiegi jasotzen dituenean, hala nola konplexutasuna, kopurua eta kontraesana, erabakirik onenak hartzeko gaitasuna galtzen du.[7] Informazio gainkarga kontzeptua Bertram Grossek 1964. urtean idatziriko The Managing of Organizations[8] liburuan izan zen lehen aldiz erabilia, eta are ospetsuagoa bilakatu zen Alvin Tofflerek 1970. urtean argitaratu zuen Future Shock izeneko liburuari esker.

Informazio teknologia modernoaren iritsiera informazio gainkargaren arrazoi nagusietako bat izan da fronte ezberdinetan: sortutako kantitatean, difusiorako erraztasunean eta lortutako audientziaren anplitudean. Iraupen luzeko faktore teknologikoak are gehiago indartu dira sare sozialen goren unea eta atentzioaren ekonomia direla eta. Teknologia digitalaren, informatikaren eta internet kulturaren (kultura digitala moduan baita ere ezaguna dena) garaian, informazio gainkarga gehiegizko esposizioarekin, informazioaren neurriz gaineko bistaratzearekin eta ugaria den dataren sartzearekin lotzen da. Honi aurre egiteko, beharrezkoa da iristen den informazioa etengabe berrikustea, beharrezkoa den hori soilik aukeratzeko.

Kontzeptuaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Infoxikazio kontzeptua hiztegietan agertzen ez den neologismo bat bada ere, Fúndeuk argitzen du informazio gainkargari erreferentzia egiteko hitz zuzen bat dela.[9] Bestalde, eta kontzeptuaren jatorriari dagokionez, Informazio gainkarga terminoa kultura eta teknologia digitalekin lotu izan ohi den arren, Ann Blairek azpimarratzen du kontzeptua teknologia modernoen sorrera baino lehenagotik jada existitzen zela. Izan ere, infoxikazioaren aztarnak gizakiak eskuizkribuak biltzen eta informazioa gordetzen hasi zirenetik egon izan dira.[10]

Auzi ezberdin bati eutsiz, Informazio gainkargak dituen alderdi negatiboak lehen aldiz mahai gainean ipini zituen zientzialarietako bat Georg Simmel (1858-1918) soziologoa izan zen. Simmelen hipotesiaren arabera, informazio gainkargak mundu urbano modernoan bizi diren biztanleen nekea eragiten du, eta ondorioz, hauek (biztanleek) egoera berrien aurrean erantzuteko gaitasuna galtzen dute.[11] Gerora, Stanley Milgram (1933-1984) psikologoak ere informazio gainkargaren terminoa erabili zuen begirale efektua zer den azaltzeko.

Horretaz gain, psikologiaren alorrean aitortzen denaren arabera, gizakiek informazioa memorian jasotzeko gaitasun mugatu bat dute. Esaterako,George Armitage Milleren arabera, banako batek zazpi informazio puska prozesatu ditzake aldi berean. Horregatik, infoxikazio egoera batean, oso posiblea da banakoek erabaki pobreagoak hartzea. Honen adibide bat Jacob Jacobyk, Donald Spellerek eta Carol Kohn Berningek idatziriko artikulu batean aurkitu daiteke. Bertan, 192 etxekoandrerekin burututako esperimentu baten ostean aurkitu zuten marken inguruko ezagutza handiagoa zuten horiek erabaki txarragoak hartzen zituztela erosterako orduan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia goiztiarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar, aurrerapen teknologikoek informazio ekoizpena areagotu izan duten bakoitzean, informazio gainkarga dokumentatu da. K.a. III. eta IV. mendeetan jadanik, banakoek infoxikazioa gauza negatibotzat antzematen zuten. Garai honetan, Ecclesiastes 12:12 pasartean, idazleak aitortu zuen "ez dagoela liburuak egiteko amaierarik", eta urte batzuk beranduago, K.o. I. mendean, Seneka zaharrak zioen "liburuen ugaritasuna distrazioa dela". 1255. urtean, Beauvoisko Vincent domingotarrak horrela azaldu zuen infoxikazioa zertan zetzan "liburuen ugaritasuna, denboraren eskasia eta memoriaren iheskortasuna".[10] Txinan ere antzeko kexak zabaldu ziren liburuen hazkundearen inguruan. Hala ere, bazeuden baita ere informazioa jaso eta gordetzearen jarraitzaile sutsuak. Esaterako, Alexandriako liburutegian objektu historikoak gordetzen hasi ziren, eta horrela, joera hau munduko museo eta liburutegietan zehar zabaldu zen. Oinarri unibertsal batzuk finkatu ziren iraganekoa zen hori etorkizunerako gordetzeko.

Berpizkundea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berpizkundeko humanistek beti izan zuten beren idazketak eta behaketak gordetzeko desioa,[10] baino antzinako testuak soilik erregistratzeko gai izan ziren, liburuak garestiak zirelako, eta ondorioz, pribilegiatuek bakarrik eskura zitzaketelako. 1453. urte inguruan, Johannes Gutenbergek inprenta asmatu zuen, eta honek informazioaren zabalkundearen garai berri bati hasiera eman zion. Kostuak jaistearen ondorioz, eskuizkribuak, panfletoak eta liburuak herritar arruntentzat eskuragarri bihurtu ziren.

Gutenberg, inprentaren asmatzailea.

Gutenbergen asmakizunaren ondorioz, Europako mendebaldean inprenta masiboa zabaldu zen. Gainera, garai honetan, informazioa gordetzeko metodologia berriak martxan jartzen hasi ziren; garrantzitsuenetarikoa entziklopedia izan zen, informazioaren berreskurapena ahalbidetzeko oso baliagarria izan zena. Hala ere, eta nahiz eta inprentari esker liburuak ia edonoren esku egotera igaro ziren, informazio gainkarga esperimentatu zutenak gehien bat dirudunak izan ziren. Conrad Gessner zientzialari suitzarrak XVI. mendean inprimatutako liburu kantitatearen inguruan gogoeta egin zuen lehen akademikoetakoa izan zen,[10] eta aitortu zuen inprentaren asmakizunak gizartean izugarriko aldaketa suposatu zuela. Izan ere, informazioaren gainkarga "maneiaezina" izatera iritsi zen.[12]

Berpizkundeko garaian baita ere, akademikoak informazio gainkargaz kexatu ziren arrazoi ezberdinengatik; alde batetik, inprimatzeko "presa" hori zegoenez, testuen kalitateak okerrera egin zuelako, eta bestetik, informazio berriaren etengabeko iritsiera akademikoen arreta galarazten zuelako. Horrexegatik, XVI. mendeko humanista ezagunenetarikoa izan zen Erasmo Rotterdamgoak bere buruari galdetzen zion "Ba al dago munduan liburu berrien zalapartatik salbuetsita dagoen lekurik?".[13]

XVIII. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1750. eta 1800. urteen artean, liburuen produkzioak %150eko hazkundea izan zuen, bereziki Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian. 1702. urtean,Christian Tomasius filosofo eta juristak aitortu zuen kezkaturik zegoela liburuen gainprodukzioa zela eta, epidemia baten larritasunarekin alderatuz. Beraren aburuz, liburu gehiago argitaratzearen ondorioz, hauen kalitateak behera egin zuen. 1795. urtean, Johann Georg Heinzmann argitaratzaile alemaniarrak aitortu zuen "ez zegoela Alemaniak bezainbeste argitaratzen zuen naziorik". Horretaz gain, azaldu zuen kezkaturik zegoela Alemaniako herritarrek jada ez zituztelako pentsamendu originalak sortzen, horren ordez besteenak ziren ideiak irakurtzen zituztelako.

Informazio gainkargari aurre egiteko helburuarekin, jakintsuek beren informazio erregistro propioak garatu zituzten. Gainera, modu honetan, informazioa berreskuratzea eta artxiboetara sarbidea izatea errazagoa bilakatu zen. Europa modernoko bildumariek papera eta itsasgarria erabiltzen zuten liburuetako ohar eta pasarte zehatzak ebaki eta orri berri batean itsasteko. 1767. eta 1773. urteen artean, esaterako, Carl Linneausek paper orri txikiak garatu zituen bere behaketak erregistratzeko.[13]

Informazioaren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011. urtean argitaraturiko The Information: A History, A Theory, A Flood liburuan, James Gleickek aitortzen du ingeniariek berehala lotu zutela informazioa zentzu tekniko batekin; beraientzat informazioa kuantifikagarria eta neurgarria zen. Horregatik, informazioaren teoria lehenengo aldiz matematika, ingeniaritza eta informatika batzeko sortu zen, hiru alor ezberdinen arteko kode informatiko komun bat erabiliz. XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, teknologia informatikoaren baitan eman ziren aurrerapenen ondorioz, internet sortu zen. Horregatik, gaur egungo informazioaren aro modernoan, infoxikazioa distrazioa eta kudeazintasunarekin lotzen da. Izan ere, gehiegizko informazioa jasotzen dugu leku batetik eta bestetik; posta elektronikoko spama, bat-bateko mezuak, Twitterreko txioak, Facebookeko jakinarazpenak...[14] Gainera, sare sozialek informazio sozialaren gainkarga sorrarazi dute; hauxe Facebook bezalako aplikazioetan ikusi daiteke. Izan ere, gure kultura soziala aldatzen den heinean, gauza bera gertatzen da teknologiarekin.

Herritarrak eguneroko jardueretan igarotzen duten denboran mundu teknologikoak geroz eta garrantzi handiagoa dauka, baita lanean igarotzen dituzten orduetan zehar ere.[15] 2012. urtean McKinsey Global Institutek burututako inkesta batek frogatu zuen langileek beren lanaldiaren denboraren %28a posta elektronikoa kudeatzen igarotzen dutela.[16] Mundua globalizazioko aro berri batean barneratzen den neurrian, geroz eta pertsona gehiagok erabiltzen dute internet beren ikerketak aurrera eramateko.[17] Horregatik, orain erabiltzaileak erabiltzaile aktibo bezala sailkatzen dira, gizarteko geroz eta pertsona gehiagok hartzen dutelako parte informazioaren eta digitalizioaren aro honetan.[18] Fluxu honek bizitza berri bat sortu du, non gizateria informazio teknologikoarekiko dependiente bilakatzeko arriskuan dagoen, eta ondorioz, baita desinformazioan erortzeko ere.

Arrazoi nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kazi Mostak Gausul Hoqek dio jendeak "gehiegizko informazioa" esperimentatzen duela iturri digital edota idatzizkoetatik informazioa jasotzen duen bakoitzean.[19] Hortaz, lehen psikologia kognitiboan oinarritzen zen kontzeptu bat, orain mundu akademikotik at erabiltzen den metafora bat bilakatu da. Hala ere, Vaughan Bellek argudiatzen du informazio gainkarga informazioa bera bezain antzinakoa dela, historian zehar existitu den belaunaldi bakoitzak bizi izan duelako nolabaiteko talka bat teknologiarekin. XXI. mendean, Frank Furedik azaldu zuen informazio gainkarga metaforikoki uholde baten moduan deskribatzen dela, non gizateria ito egiten den iristen diren datu kopuru kudeatzeko ezinengatik.[20] Izan ere, infoxikazioak ez gutxitan "antsietate informatiboa" eragin dezake. Esaterako, Ali F. Farhoomandek eta Don H. Druryek baieztatzen dutenaren arabera, lanaren munduan askok eta askok antsietate informatibo hau sufritzen dute; langileek egunean zehar jasotzen duten informazio kantitatea hain da handia, non ez diren gai modu eraginkor batean erantzuteko.

Google, infoxikazioaren iturri nagusienetariko bat.

2008. urtean New Yorken eman zuen hitzaldi batean, Clay Shirkyk azaldu zuen gaur egun gizartean presente dagoen informazio gainkargaren arazoa azaletik dirudiena baino sakontasun handiagokoa dela. Izan ere, Shirkyren aburuz, herritarrek beren artean gehiegizko informazioa partekatzen dute aplikazio teknologikoen bitartez. Hala ere, arazoa bere ustez ez da jasotzen dugun informazio kantitatea, baizik eta informazio hori prozesatzerako orduan iragazkirik ez izatea.[21] Izan ere, pertsona batek hainbeste iturri ezberdinetatik informazioa etengabe jasotzen duenean, bere buruaren "gatekeepera" bilakatzen da, hau da, berak ipintzen ditu iragazkiak.[22] Hortaz, errealitate berri honen aurrean sortzen den kezketako bat da alde batetik, informazio gainkargak modu negatibo batean eragin dezakeela produktibitatean eta kontrol kognitiboan. Eta bestetik, baliagarria den informazioa baliagarria ez den horrekin nahasten denean, zaila bilakatzen dela bata eta bestearen artean bereiztea. Azken egoera honi informazio kutsadura deritzo.

Infoxikazioaren arrazoi nagusiak hauexek dira:

  • Egungo kazetaritza azkarraren kulturan, albiste berriak argitaratzearen azkartasuna lehenesten da kalitatearen gainetik.
  • Interneten zehar datuak transmititzeko eta bikoizteko erraztasuna dago.
  • Informazio asko dago eskuragarri.
  • Inoiz egon dena baino informazio historiko gehiago dago herritarrek ikusi ahal dezaten.
  • Eskura dagoen informazioaren baitan etengabeko kontraesanak aurkitu daitezke.
  • Informazio ezberdinek ez dute elkarren arteko lotura zehatzik, edota ez dago harreman hori azaltzen duen egitura globalik.

Posta elektronikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Posta elektronikoa infoxikazioaren iturri nagusienetariko bat da, herritarrek arazoak izaten baitituzte iristen diren mezu berri guztiei garaiz erantzuteko. Mezu komertzialak (spam) iragazteaz gain, erabiltzaileek ere aurre egin behar izaten diete azken urteetan posta elektroniko bidez geroz eta gehiago bidaltzen hasi diren atxikitutako artxibo amaigabeei.[23] 2007. urtean, New York Times egunkariko artikulu batek adierazi zuen posta elektronikoa "ekonomiarentzat 650.000 milioiko eragozpen bat zela".[24] Urte bat beranduago, egunkari berak argitaratutako beste artikulu batek argudiatzen zuen "posta elektronikoa pertsona askoren galera profesionala izan dela". Izan ere, "inork ez gaitu horrelako informazio gainkargari zein modutan erantzun behar diogun erakusten".[25]

Harvard Business Review aldizkariko editoreak, Nicholas Carrek, The Shallows: What The Internet Is Doing To Our Brains izenburu duen liburuan azaltzen du posta elektronikoak gure barnean daukagun instintu natural bat esnarazten duela; informazio berria bilatzeko desioa. Honen ondorioz, botoiak inolako zentzurik gabe sakatzen jarduten dugu, sozialki eta intelektualki elikatzeko itxaropenarekin. Erik Schmidtek, Google enpresan exekutiboa dena, bat egiten du Carren ikuspegiarekin. Izan ere, Schmidten aburuz, posta elektronikoak sorrarazten duen informazio gainkargak eragin zuzena du herritarrek erabakiak hartzeko sufritzen dituzten zailtasunetan. "Gainkarga kognitibo" egoera honen ondorioz, informazioa buruan gordetzeko oztopoak sortzen dira, eta horrexegatik, pentsamenduak modu "zehaztugabe eta sakabanatuan" antzematen dira.[26] Honek eragina du baita ere hezkuntza prozesuan.[27]

Webgunearen zehaztasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bulego askotan, langileek posta elektronikora sarbidea izateaz gain, webgunera sartzeko erabateko askatasuna dute. Modu honetan, burutzen ari diren lan, proiektu eta ikerketa ezberdinak nahi duten eran kudeatzeko aukera dute. Baina langileek online aurkitzen duten informazioak ez du zertan fidagarria izan behar, ez duelako inolako filtrorik gainditu eskuragarri egoteko. Horregatik, interneten aurkitzen den informazioak ez dauka inolako sinesgarritasunik. Egoera honen aurrean, beraz, langileak izan behar dira modu batean edo bestean esku artean duten informazioa fidagarria den ala ez erabaki behar dutenak. Eta erabaki hori hartzeko, noski, denbora behar da.[28] Hain zuzen ere, BBC komunikabideak dioenaren arabera "egunero, online bidaltzen eta jasotzen dugun informazioa -posta elektronikoa berrikusten edota interneten informazioa bilatzen- 2,5 trilioi byte-tik gorako datu kopurua da".[29]

Sare sozialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sare sozialak aplikazioak eta webguneak dira, non erabiltzaileen komunitate handi bat dagoen. Honen baitan, pertsonek beren artean edukia partekatzen dute, eta ondorioz, informazio gainkargaren arazoaren parte bilakatzen dira, edonork duelako aplikazio edota webgune hauetan sartu eta parte hartzeko aukera.[30] Gainera, sare sozial ezberdinetan iritzi eta ideologia guztiz ezberdinak aurkitu daitezke, edonork duelako pentsatzen duen hori adierazteko boterea, baina tamalez, honek ere zaildu egin dezake ondorio zehatzetara iristeko ahalmena.[31] Hala ere, herritarren gehiengoak sare sozialak modu positiboan antzematen ditu, beren eguneroko bizitzetan lagungarria izan daitekeen zerbait bezalaxe.[32]

Bestalde, egia da baita ere aplikazioaren arabera, informazio gainkargarekiko erabiltzaile bakoitzak izan dezakeen harremana ezberdina dela; adibidez, Facebook-eko erabiltzaileak oso aktiboak izaten dira, eta horrexegatik, ez dute inolako arazorik izaten egunero argitaratzen den oro ikusi eta irakurtzeko. Twitter-eko erabiltzaileak, aldiz, eta nahiz eta hauek ere oso aktiboak diren, gehiegizko informazioa jasotzen ari direnaren sentsazioa izaten dute.[7]

Infoxikazioari erantzuten[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Informazio gainkargari aurre egiteko hainbat irtenbide proposatu badira ere, zaila da ikustea zein nolako eraginkortasun maila izan duten. Dena den, bi dira informazio gainkargari erantzuteko dauden ikuspegi nagusiak:[33]

  1. Iristen den informazio kopurua murriztea: horretarako, lagungarria izan liteke aldizkari eta iragarki ezberdinetako harpidetza bertan behera uztea.
  2. Informazioa prozesatzeko gaitasuna hobetzea: honek lotura zuzena dauka informazioa prozesatzerako orduan pertsona batek informazioa jaso eta gordetzeko duen trebetasunarekin.

Johnsonek azaltzen duenaren arabera, lanean ari den pertsona batek mugikorraren bitartez jakinarazpen bat jasotzen duen bakoitzean, arreta galtzen du, posta elektronikoa eta sare sozialak kuxkuxeatzen hasten baita. Bestalde, eta esnatzen garen momentutik informazio gainkarga ez jasateko helburuarekin, aholkatzen du hobeto dela goizero mugikorra iratzargailu moduan ez erabiltzea. Izan ere, hala egingo bagenu, egunero begiratuko genukeen lehen gauza mugikorra izango litzateke, eta ondorioz, posta elektronikoan jaso berri ditugun mezuak.[34]

Bestalde, badaude zenbait aplikazio infoxikazioari aurre egiteko balio dutenak. Adibidez, Gmailaren baitan dagoen Inbox Pause aplikazioak sarrera ontzia pausan ipintzeko balio du. Hala ere, eta zoritxarrez, ez ditu mezuak ezabatzen. Honen harira, Burkemannek adierazten du kontrola edukitzearen sentsazioa baliagarria izan daitekeela informazio gainkargari aurre egiteko, nahiz eta zenbaitetan pertzepzio horrek soilik norberaren burua engainatzeko balio duen. Beraren aburuz, gakoa jasotzen dugun informazio kantitatea murriztean datza.[35]

Laura Shin idazleak Daniel J. Levitinek idatziriko The Organized Mind: Thinking Straight in the Age of Information Overload liburuari egiten dio erreferentzia infoxikazioari aurre egiteko baliagarriak izan daitezkeen hamar aholku plazaratzeko:[36]

  1. Orrialde zuri batean egin beharreko gauza guztiak idatzi modu ordenatu eta argi batean, eta erabaki zeintzuk diren benetan garrantzitsuak, eta beraz, egin beharrekoak, eta zeintzuk ez.
  2. "Jarraitu bi minutuen araua." Teknika honen bitartez, pertsonek ekintza jakin bat burutzeko duten denbora kontrolatzen dute.
  3. "Elkartu antzekoak diren jarduerak."
  4. "Ez egin hainbat gauza aldi berean."
  5. "Mugatu posta elektronikoan igarotzen duzun denbora."
  6. "Goizean esnatu bezain pronto burutzen duzun jarduera izan dadila zuretzat gogorrena dena."
  7. "Eskaini gauza bakoitzari merezi duen denbora."
  8. "Atsedenak hartu." Ez soilik lanetik, baita sare sozialetatik eta posta elektronikotik ere.
  9. "Utziozu zure buruari egunean zehar amesten."
  10. "Ez zaitez gogorra izan zure buruarekin."

Antolakuntzaren arazoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanean ari den pertsona batek informazio berria jasotzen duen bakoitzean, arreta galtzen du, eta hortaz, jasotzen duen informazio kopuruak gora egiten duen heinean, erabakien kalitateak behera egiten du. Zenbait zientzialari kognitibok azpimarratu izan ohi dute ezberdintasunak daudela informazio brutoaren eta pentsamendurako erabili daitekeen informazioaren artean. Ikuspegi honen arabera, arazoa ez da informazioaren kopurua, baizik eta jasotzen den informazio hori modu baliagarri batean erabiltzeko gai ez izatea. Richard Saul Wurman diseinatzaile grafikoak eta Edward Tufte zientzialari kognitiboak bat egiten dute ikuspegi honekin. Wurmanek, esaterako, "antsietate informatiboa" kontzeptua erabiltzen du gizakiok informazioarekiko ditugun mugak eta jarrera ezberdinak deskribatzeko.[37] Tuftek ordea, informazio kuantitatiboan ipintzen du fokua, informazioa modu antolatu batean bisualki kudeatzeko dauden aukera anitzei erreparatuz.

Infoxikazioari erantzuten posta elektronikoaren bidezko komunikazioaren alorrean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soucek eta Moserrek (2010),[38] informazio gainkargari aurre egiteko ikastaro hezigarri bat edukitzeak langileengan zein nolako eragina izango zukeen aztertu zuten ikerketa baten bitartez. Zorionez, frogatu zuten ikastaroak inpaktu positibo bat izan zuela langileengan, bereziki posta elektroniko bitartez mezu asko jasotzen zituzten haiengan.

Gobernuen eta enpresen ardura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horretaz gain, ez gutxitan enpresek eta gobernuek informazio gainkarga justifikatu izan dute esanez pertsonak arrazionalak direla, eta hortaz modu kontziente batean erabakitzen dutela zein mezu jaso nahi dituzten eta zeintzuk ez. Argi dago ikuspegi hau errealitatetik nahiko urrun dagoela eta horregatik, Lincolnek defendatzen du informazio gainkargari erantzuteko beharrezkoa dela auzi honi ikuspegi holistiko batetik begiratzea.[39]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Infobesity: The enemy of good decisions» Bain 2013-06-11 Noiz kontsultatua: 2021-03-05.
  2. Tales of Technology: Consider a cure for pernicious infobesity. Pittsburgh Post-Gazette.
  3. Wurman, Richard Saul (Winter 2012). "Information Anxiety: Towards Understanding". Scenario Journal.
  4. Buckland, Michael K.. (2017). Information and society. ISBN 978-0-262-53338-6. PMC 958098988. Noiz kontsultatua: 2021-03-06.
  5. (Ingelesez) Yang, Christopher C.; Chen, Hsinchun; Hong, Kay. (2003-04-01). «Visualization of large category map for Internet browsing» Decision Support Systems 35 (1): 89–102. doi:10.1016/S0167-9236(02)00101-X. ISSN 0167-9236. Noiz kontsultatua: 2021-03-06.
  6. (Ingelesez) Speier, Cheri; Valacich, Joseph S.; Vessey, Iris. (1999). «The Influence of Task Interruption on Individual Decision Making: An Information Overload Perspective» Decision Sciences 30 (2): 337–360. doi:10.1111/j.1540-5915.1999.tb01613.x. ISSN 1540-5915. Noiz kontsultatua: 2021-03-06.
  7. a b Roetzel, Peter Gordon (2019). "Information overload in the information age: a review of the literature from business administration, business psychology, and related disciplines with a bibliometric approach and framework development". Business Research. 12 (2): 479–522. doi:10.1007/s40685-018-0069-z
  8. Gross, Bertram, M. (1964). The Managing Organizations: The Administrative Struggle, vol 2. pp. 856ff.
  9. «Iinfoxicación, neologismo adecuado en español». FundéuRAE buscador urgente de dudas.
  10. a b c d Blair, Ann (14 March 2011). "Information Overload's 2,300-Year-Old History". Harvard Business Review.
  11. Simmel, Georg (1950). The Sociology of Georg Simmel. Glencoe, Illinois: Free Press. p. 415. ISBN 9780029289105.
  12. Bell, Vaughan (15 February 2010). "Don't Touch That Dial! A history of media technology scares, from the printing press to Facebook"
  13. a b Blair, Ann (28 November 2010). "Information overload, the early years". Boston.com.
  14. Hemp, Paul (2009). "Death by Information Overload". Harvard Business Review
  15. (Ingelesez) Speier, Cheri; Valacich, Joseph S.; Vessey, Iris. (1999). «The Influence of Task Interruption on Individual Decision Making: An Information Overload Perspective» Decision Sciences 30 (2): 337–360. doi:10.1111/j.1540-5915.1999.tb01613.x. ISSN 1540-5915. Noiz kontsultatua: 2021-03-08.
  16. Vanderkam, Laura. "Stop Checking Your Email, Now". Fortune.
  17. "World Internet Users Statistics and 2015 World Population Stats". internetworldstats.com.
  18. Jones, B. (1995). "An Age of Discontinuity". Technology and the Future of Work (3rd ed.). Melbourne: Oxford University Press. pp. 11–45. ISBN 978-0195537567
  19. (Ingelesez) Hoq, Kazi Mostak Gausul. (2014). «Information Overload: Causes, Consequences and Remedies - A Study» Philosophy and Progress: 49–68. doi:10.3329/pp.v55i1-2.26390. ISSN 2305-6851. Noiz kontsultatua: 2021-03-08.
  20. Furedi, Frank (17 December 2015). "Information Overload or a Search for Meaning?". The American Interest.
  21. Asay, Matt (13 January 2009). "Shirky: Problem is filter failure, not info overload".
  22. Kovach, Bill (2010). Blur: How To Know What's True in the Age of Information Overload. New York: Bloomsbury. ISBN 9781608193011.
  23. Reaney, Patricia. "U.S. Workers Spend 6.3 Hours a Day Checking Email: Survey". The Huffington Post
  24. Lohr, Steve (20 December 2007). "Is Information Overload a $650 Billion Drag on the Economy?". New York Times
  25. Stross, Randall (20 April 2008). "Struggling to Evade the E-mail Tsunami". New York Times
  26. Collins, Nick (7 December 2010). "Email Has Turned Us Into 'Lab Rats'". The Telegraph
  27. Doomen, Jasper (2009). "Information Inflation" (PDF). Journal of Information Ethics. 18(2): 27–37 (esp. pp.34–35). doi:10.3172/JIE.18.2.27
  28. Berghel, Hal (1997). "Cyberspace 2000: Dealing with Information Overload" (PDF). Communications of the ACM. 40 (2): 19–24. doi:10.1145/253671.253680
  29. "Tackle the World's Data Overload". BBC.
  30. Obar, Jonathan A.; Wildman, Steve (October 2015). "Social media definition and the governance challenge: An introduction to the special issue". Telecommunications Policy. 39(9): 745–750. doi:10.1016/j.telpol.2015.07.014.
  31. Barapatre, Sagar (24 August 2016). "How Social Media is Causing Information Overload". Social Samosa.
  32. Horrigan, John (7 December 2016). "Information Overload". Pew Research Center. Retrieved 18 November 2018.
  33. Soucek and Moser (11 June 2010). "Coping with Information Overload in Email Communications: Evaluation of A Training Intervention". Computers in Human Behavior. 26(6): 1458–1466. doi:10.1016/j.chb.2010.04.024.
  34. Pot, Justin. "Eating Dessert Only: Why Your Information Diet is Probably Terrible (Feature)".
  35. Burkemann, Oliver (2 November 2012). "The Column Will Change Your Life: Information Overload". The Guardian.
  36. Shin, Laura (14 November 2014). "10 Steps to Conquering Information Overload". Forbes.
  37. "Information Architecture". utexas.edu. Archived from the original on 22 May 2003.
  38. Soucek, Roman; Moser, Klaus (November 2010). "Coping with information overload in email communication: Evaluation of a training intervention". Computers in Human Behavior. 26 (6): 1458–1466. doi:10.1016/j.chb.2010.04.024
  39. Lincoln, Anthony (March 2011). "FYI: TMI: Toward a Holistic Social Theory of Information Overload". First Monday. 16 (3). doi:10.5210/fm.v16i3.3051

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]