Intsektuen hotel

Wikipedia, Entziklopedia askea
Intsektuen hotela, Asturiasen.

Intsektuen hotela[1] edo intsektuen etxea[2] intsektuek hibernatzeko edo ugaltzeko berariaz sorturiko eraikin artifiziala da. 1990. hamarkadatik aurrera intsektuen hotelen eraikuntza sustatu izan da lorezaintza naturalistan eta biologia eskolatan.

Helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritzaren presioak, erabiltzen diren pestizidak eta basoetan zuhaitz zaharren urritasunak eraginda desagertze arriskuan dauden intsektu espezieak babestea du helburu. Horregatik intsektuei negua igarotzeko babesa eta habiak eraikitzeko aukerak eskaintzen zaizkie.

Badira materia organikoa usteltzen laguntzen duten intsektuak, lurzorua aberasten dutenak, eta badira intsektu polinizatzaileak ere hotel hauetan babesa hartzen dutenak.

Ikerketek erakutsi dute eragin positibo handiak ekartzen dituela inguruko landa eremuetan, landareen ugalketan, izurriteen kontrolean eta animalien elikadura katean esate baterako[1][3].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean Ingalaterrako lorategietan ohiko bihurtu ziren intsektuen hotelak. Garai hartan intsektuak behatzea zuten helburu baina gaur egungo intsektuen hotelen aurrekari kontsideratzen dira.

Azken urteetan baratza duten eskolatan jartzen hasi dira, ikasleak intsektuen garrantziaz ohar daitezen[4].

Intsektu motaren araberako hotelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hotelak eraikitzeko naturatik hartutako materialak erabiltzen dira, zura, enbor azala, lastoa, zohikatza, pinaburuak...[3] Hauetaz gain, zulodun adreiluak, terrakota eta keramika, osagai metalikoak eta alanbrezko pantailak ere erabiltzen dira. Eguratsaren eraginari aurre egiteko inpermeabilizatu egiten da, baina garrantzitsua da erabiltzen diren zelulosa eta egurrek produktu kimiko gehigarririk ez edukitzea.

Erle liztor bakartiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erle bakartientzako enbor zuloduna.

Erle eta liztor bakartiek ez dute erreginarik eta ez dute erlauntzarik osatzen, ondorioz ez dute polen edo nektarrik pilatu behar[5]. Erle bakarti gehienek habia egiteko tunela eraikitzen dute lokatzetan, adarretan edo hostoetan. Hauek jasotzen dituzten hotelek zuhaitza enbor zati batean 2-10 mm arteko diametrodun hodiak egiten dituzte 10 cm inguruko luzera dutenak. Hodi horiek sarrera biguna izaten dute intsektuaren gorputza ez kaltetzeko, sarritan harea erabiltzen da.

Erle emeak hodian zehar gelaxkak egiten ditu eta bakoitzean arrautza bana jartzen du. Horregatik komeni da urtero erleentzako zatia berriztatzea[5].

Tximeletak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tximeletentzako zulo bertikalak.

Hibernatzen duten tximeletek toki babestuak bilatzen dituzte, etxe estalpetako zirrikituak edo hosto multzoen artekoak baliatzen dituzte. Hoteletan zirrikitu bertikalak egiten dira tximeleten hegala ez kaltetzeko.

Intsektu harrapariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguruan gerta daitezkeen izurriak kontrolatzeko baliagarria izaten da intsektu harrapariak babestea. Marigorringoak dira adibide argienak, landare zorrien aurka jarduten baitute. Animalia hauei adreilu pilatutako eta teilatuaren arteko hutsune handiak gustatzen zaizkie euritik babesteko eta harraparietatik ezkutatzeko.

Erreferentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) cristinaenea@donostia.eus, Cristina Enea Fundazioa |. «Cristina Enea Fundazioa» Cristina Enea Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
  2. Arloa, Barelikos. (2015-06-01). «Barelikos 6.maila: INTSEKTUEN ETXEA MARTXAN» Barelikos 6.maila (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
  3. a b «BioBilbao - Portal Cambio Climático de Bilbao - Portal Cambio Climático de Bilbao - Intsektuen hotelak eta euren onurak» biobilbao.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
  4. «5. MAILAKOEK BARATZERAKO INTSEKTUEN HOTELA SORTU DUTE» patxilarrainzar.educacion.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Hoteles de insectos, ¿Qué son y para qué sirven?» La Granja de Bitxos 2017-07-05 (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]