Edukira joan

Zeramika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Keramika» orritik birbideratua)

[[Fichier:Azulejo-Funchal-Madeira.jpg|link=https://fr.wikipedia.org/wiki/Fichier:Azulejo-Funchal-Madeira.jpg%7Cthumb%7C

Azulejuz egindako Dekorazio-panela. Funchal. Madeira

]] Zeramika (grezieratik κεραμικός keramikos, erretako substantzia) buztinez edo portzelanaz produktuak (ontziak, teilak, azulejoak, adreiluak eta beste) sortzeko artea da. Askotan, arte horren bidez sortzen den materiala eta ekoitzitako piezak izendatzeko ere erabiltzen da izen hau. Silikatoz eginiko hainbat produktu industrialez gainera, beroaren bidez sorturiko estalkiei ere deitzen zaie.

Iberiarren zeramika, K.a. 399 - 350.

Buztingintza eta eltzegintza terminoak nahiko modu antzekoan erabiltzen dira, eta nahastu ohi dira. Euskaltzaindiaren hiztegian, "zeramika", "buztinez edo portzelanaz ontziak eta bestelako gauzakiak egiteko antzea" da, "zeramikan erabiltzen den gaia" eta "zeramika-lanen multzoa" ere bai; eltzegintza "Eltzegilearen lanbidea; eltzeak egitea" da, "buztingintza", "buztinaz gauzakiak egitea; buztina lantzen duenaren ogibidea." Beraz, buztingintza eta eltzegintza, zehazkiago artisauaren lanbidea dira. Buztina zeramika bihurtzea prozesu baten emaitza izan zen, eta prozesu horrek argi erakusten du gizakiak zuen ezagutza-maila, zenbat zekien suaren eraginaren ondorioz zenbait gai naturaletan izaten ziren aldaketak kontrolatzeko moduari buruz. Saiakuntzak egiteko esparru horretan, lur egosiz egindako lehenbiziko objektuak agertu aurretik, karea eta igeltsua eskuratu zituzten. Metalak eta beirakiak horren ondoren azaldutako lorpenak dira.[1]

Ming dinastiako portzelana. 1403–1424

Zeramika orea egiteko buztina beste ekai batzuekin nahastu egin ohi da, osagai plastikoak, koipegabetzaileak eta galdatzaileak. Osagai plastikoak plastikotasuna ematen diote oreari, beraz buztina bera da, baina oinarrizko buztina beste buztin mota batzuekin nahas daiteke, eta baita kaoliarekin. Koipegabetzaileak silize, area, buztin egosizko pusketatxoak, kaltzita,[2] eta beste... Galdatzaileak dira feldespatoak, mikak, gai organikoak eta beste. Egile askok galdatzaileak koipegabetzeen barruan sartzen dituzte. Koipegabetzaileak plastikotasuna kentzen diote zeramikazko oreari eta ontziari arrakalak ateratzen saihesten laguntzen dute. Galdatzaileek egosketan piezak hartzen duen tenperatura alda dezakete[3]

Zeramika egiteko prozesuan, lehenik buztina edo beste ekaiak txikitu edo ehotzen dira eta urarekin nahasten dira orea egiteko; orea estutu eta moldatu egiten da nahi den tankera emateko, gero lehortzen uzten da eta labean egosten da oso tenperatura handian. Zeramika-gaia apaindu ahal izateko, lehenengo kanpoaldetik berniza eman behar zaio. Zeramika gaiek ezaugarri hauek dituzte: erregaitzak dira, ez dute beroa eta elektrizitatea eroateko gaitasun handirik eta erresistentzia handikoak izaten dira, hauskorrak badira ere. Silizea (SiO2) da zeramikaren oinarrizko gaia. Gaur egun, silikatoez gainera, beste ekai asko erabiltzen dira.

Zeramika motak material bukatuaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Eraikuntzarako adreilua
Fraide itxurako pattar botila txikia - Estrasburgoko alsaziar museoa. Gresa gogortasuna behar zuten gauzakiak egiteko erabili izan da.

Bi zeramika kategoria bereiz daitezke (erabiltzen den teknikarengatik lortzen den materialaren arabera) :

  • Zeramika porotsuak :
    • Buztingintzaren produktua klasikoak edo terrakota, zaharrena, gordina eta porotsua da eta orean burdin oxidoa dagoelako kolore gorri, laranjatu edo marroia izaten du. Terrakota 850 eta 1.000 ºC artean egosten da.
    • Faiantza Ekialde Hurbilean agertu zen VIII. mendean. Moldeatu eta lehortu ondoan, piezak lehen aldiz egosten dira 800 eta 1.050 ° C artean, faiantza motaren arabera: "bizkotxoaren egostea" esaten zaio lehen egoste horri. Material hori porotsua da, eta horrek esmaltatzeko aukera ematen du. Piezak azken egosketa bat jasaten du 980ºC-tan esmaltea finkatzeko.
    • Produktu erregogorrak, buztin erregogorrez, kaolinez eta txamotaz eginak, tenperatura altuak jasateko eginak daude.
  • Zeramika beiratuak :
    • Gresa, bereziki gogorra, silize kopuru handiko buztinez osatuta dago. Lehen aldiz 800 eta 1.000 ºC artean egosten da, pieza porotsua da. Faiantzarekin bezala, erraz esmaltatzen da piezaren porositateari esker. Bigarren egosketak, 1.280 ºC-tan, lurra auto-beiraztatzea eta esmaltea finkatzea ahalbidetzen du.
    • Portzelana, Txinako zeramikaren bilakaeraren emaitza, Mendebaldean XVIII. mendetik aurrera sortua, kaolina erabiliz egiten da. Bere ezaugarri nagusiak dira gogortasun aparta eta itxura zeharrargia. 800-900 ºC-tan egosten da eta 1 250-1 400 ºC-tan azken piezan.
Wine Ewer (1785-1790) artistaren pitxarra ardoa botatzeko
Maiolika motako platera. XVII. mende amaiera edo XVIII. mendea

Indusketa arkeologikoetan aurkitutako objektuen artean, Neolito ondorengo lekuetan hedatuenetako bat zeramika da.[4]

Zeramika antzina-antzinako artea eta eskulangintza da, Historiaurreko gizakiek dagoeneko, erabiltzen zutena, modu nahiko orokortuan, Neolito garaitik aitzina. Hala ere, duela 30.000 urte, buztinarekin egindako esperimentazio baten frogak ere aurkitu dira: Dolni Vestonice (Txekiar Errepublika) izeneko leku batean buztinarekin egindako irudiak aurkitu ziren, mamut hezur zanpatuarekin nahastuta.[5] Neolito aurreko beste zeramika gauzakinak aurkitu dira Jomon aroko Japonen, Txina hegoaldean (Jiangxin dagoen Xianrendong kobazuloan) eta Errusiako Amur ibaiaren ertzetan.

Gaur egun, arkeologoen ustez, zeramika –jarraipen historikoa izan zuen gizakiaren sorkuntza gisa– munduko hainbat lekutan asmatu zuten, leku horien artean loturarik egon gabe eta data desberdinetan. Asmakizuna eremu autonomo hauetan azaldu zen: Saharako hegoaldean, Hegoamerikako iparraldean, Ekialde Urrunean –Txina eta aipatu dugun Jomon aroan– eta Ekialde Hurbilean.

Europarrei loturik dagoen asmakuntzako lekua Ekialde Hurbila da. Eskualde horretan, Kristo aurreko 8.600. urtearen inguruan azaldu zen zeramika. Alabaina, 7.000. urtera arte ez zen haren erabilera eta ekoizpena eremu geografiko horretatik orokortu.[1]

Aztarna zaharrenetarikoak (K.a. 6000. urtekoak) Irango Hotu eta Belt haitzuloetan eta Jerikon aurkitu dira. Garai hartan eltzeak eskuz egiten zituzten, labe irekietan egosi, eta eguzkitan lehortzen zituzten. Zeramikaren garapenak buztina moldatzeko tornua eta buztina egosteko labe itxia ekarri zituen. Gai beiratuak ere erabiltzen hasi ziren, gero zeramika apaindu ahal izateko. Antza, eltzegile gurpil "motela" Txinan agertu zen, K.a. 4.800-3600 urteen inguruan ibai Oriaren erdialdeko ibilbidearen ertzean, Yangshao kulturaren baitan. Eltzegile gurpila azkarra (100 txandaketa minutuko) , aldiz, Mesopotamia inguruan, Susan (Elam) eta Uruken (Mesopotamian) egiaztatua da K.a. 3.500-3.000 urte inguruan; Txinako Neolito berantiarreko Longshanen kulturan agertu bide zen K.a. 3.000-2.000 urte bitartean[6]. Egipton, Tinitarren dinastian (c. K.a. 3 150 – c.2 700 ) agertu zen. Ezagutzen den tornuzko piezarik zaharrena tornuzko bolante bat da, 75 cm-ko diametroa duen buztinezko disko bat da, Mesopotamiako Ur hirian aurkitu zena, buztingile tailer baten ondoan. Asia hego-mendebaldetik, Mediterraneora, Kretara, Greziara eta gero Europa osora hedatu zen.[7]

Antzinatean, Greziako zeramika margotuak goi-maila jo zuen Txinakoarekin batera; txinatarrek beiratzearen teknika hobetu eta portzelana asmatu zuten. Arabiarrek txinatarren aurkikuntzak zabaldu zituzten Mendebaldean Espainiatik barrena eta zeramika polikromatua landu zuten. K.o. XIII eta XIV. mendeetan Andaluzian azulejoak landu ziren gehienbat, eta Valentzian (Manises), toska.

Zeramika konposatuaz egindako industriarako piezak

Errenazimentuaren garaian, Italian hormak mosaikoz apaintzeko zeramikak ospe handia izan zuen; aipagarriak dira Faenza, Forli, Siena, Gubbio eta Pesaroko lantegiak. XVII. mendean hasi ziren Europara iristen Txinako portzelanak, Europan bertan teknika berriak eragin zituztenak. Garai hartan sortu ziren Frantzian Mennecy, Chantilly eta Vincennesko eskolak, Sèvresko portzelana egiten zutenak. Alemanian portzelana gogorra asmatu zuten, eta XVIII. mendean berehala zabaldu zen Europa osoan.

XX. mendean, artista ezagun batzuek, Picasso,[8] Gaudí, Miró eta Llorens Artigasek besteak beste, zeramikazko artelanak egin izanak berrikuntza handia ekarri dio zeramikari.

Zeramikazko edukiontzi bateko atalak
XII-XIII. mendeetako Armeniako zeramika beiratua.
Jaipurreko zeramika urdina

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Ibarra Álvarez, José Luis. «ZERAMIKA ETA ARKEOLOGIA. BUZTIN PUSKAK, HISTORIAREN ZATIAK» Arkeologi museoaren koadernoak (Bilbo: Arkeologi museoa) 3.
  2. García, Xavier Clop. (2012-01-01). Extensión, cambios y perduración en las "formas de hacer": La producción de cerámica y el uso de desengrasantes añadidos. (kontsulta data: 2025-09-30).
  3. Martínez Fernández, María José. (1999). «La cerámica prehistórica: algunos aspectos de fabricación» Antiqvitas 10, 31-35 (1999) (kontsulta data: 2025-09-30).
  4. Jornet, Albert. (1984). «La cerámica en la Arqueometría» Boletín del Museo Arqueológico Nacional II. lib., 1: 76-84..
  5. (Ingelesez) Violatti, Cristian. (2014-09-13). «Pottery in Antiquity» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2025-09-23).
  6. (Ingelesez) Li Zhiyan, Virginia L. Bower and He Li (zuz., 2010), Chinese Ceramics : From the Paleolithic Period to the Qing Dynasty, Cambridge eta New York, Yale University eta Foreign Langage Press (ISBN 978-0-300-11278-8), 71 or.
  7. Armand Desbat (2003) « Les tours de potiers antiques », Actes du colloque de Niederbronn « Le tournage, des origines à l'an Mil »,, 137-154 or.
  8. (Ingelesez) «Picasso, the potter: A new look at the artist's bravado in ceramics» Los Angeles Times 2018-08-08 (kontsulta data: 2025-08-20).

Bibliografia gehigarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]