Edukira joan

Izatea eta denbora

Wikipedia, Entziklopedia askea
Izatea eta denbora
Datuak
IdazleaMartin Heidegger (1927. urtea)
Argitaratze-data1927
Jatorrizko izenburuaSein und Zeit
Hizkuntzaalemana
HerrialdeaAlemania

Izatea eta denbora (alemanez: Sein und Zeit) Martin Heidegger filosofo alemanaren lan nagusia da. Husserlek zuzentzen zuen Jahrbuch für Philosophie und phänomenologische Forschung aldizkarian argitaratu zen 1927an. Europako giro intelektualean berehalako eragina izan zuen liburuak eta XX. mendeko obrarik garrantzitsuenetakoa da[1] eta Heideggerren lanak biltzen dituen Gesamtausgabe bildumako 2. liburukian jasoa dago.[2]

Izatearen arazoaren ikerketa orokor bat egitea zen autorearen asmoa baina gizakiaren (Dasein) analisira mugatu zen liburua. Beste zatia Heideggerrek ez zuen inoiz idatzi[3].

Arturo Leyte filosofoak Heideggerren 1927ko liburua Ilustrazioko ziurtasunen aurkako erreakzio gisa aurkeztu izan du. XX. mende hasiera hartan Heisenberg fisikariak Ziurgabetasun printzipioa garatu zuen, Gödel matematikariak Ez-osotasunaren teoremak formulatu zituen eta Freudek, bere psikoanalisia medio, zalantzak sortu zituen Ni-aren ulerkeran. Leyteren arabera ziurgabetasun teoriko horien testuinguruan Heideggerrek Izate-aren gaineko galdera berreskuratzea proposatu zuen. [4]

Liburuaren asmoa izatearen gaineko galdera berpiztea da eta, eginkizun horretan, giza existentziarantz lerratuko da. Asmo hori bi eginkizunetan gauzatu nahi du autoreak. Alde batetik, Dasein-aren analisi bat egingo du denborazkotasunaren eremuan eta, bestetik, metafisikaren historiaren deuseztapenari ere ekin nahiko dio denborazkotasuna kontutan hartuz, azken hau liburuan ez zuen egin[5]. Heideggerren ustez metafisika bezala hartzen den mendebaldeko filosofian izatea-ren esanahia gaizki ulertu izan da. Gai hori jorratzean entitate jakinak eta haien ezaugarriak hartu izan dira kontutan eta, horren ondorioz, Izatearen auzi ontologikoari entitate edo izaki ontikoei dagokien erantzuna eman zaie[6]. Grekoentzat izatea errealitate objetiboarena izan zen moduan, modernitatean izatea subjektuak ipiniko du baina bietan izatea intelektualizatu egin da. Izatea ezagutu beharreko objektu soil gisa eta subjektua ezagutzaile soil gisa hartu dela salatuko du Heideggerrek[7].

Heideggerren aburuz, gaizki ulertze horrekin ezin da bizitza edo historikotasuna ulertu. Beharrezkoa izango da izatearen arazoa birplanteatzea baina oraingoan denboraren auziarekin lotuta agertu beharko du[6]. Beste modu batean esanda, Platonek izatea denboragabekoan kokatu bazuen Heideggerrek denborazkoan kokatu nahiko du[8].

Heideggerrek azaltzen du Izatearen auziari modu egokian ekiteko beharrezko dela izatearen zentzuari buruzko galdera planteatzeko gai den izaki bereziaren analisitik hastea. Ikerketa modu fenomenologikoan abiatzen da eta nabarmendu den izaki horren izaera bereziagatik, Izatearekin duen harremanan bereziagatik, ikerketa oinarrizko ontologia bat bihurtuko da ikuspegi hermeneutikotik egina.[9] Izaki hori gizakia da baina Heideggerrek, pentsaera tradizionaletik aldentzeko, “gizaki” hitza baztertu eta bere ordez "Dasein" hitz alemana erabiliko du. Erabilera arruntean existentzia esan nahi du baina “Da-sein” bezala “Hor-izan” esanahia ere hartzen du. Heideggerren erabileran, beraz, Daseina ez da gauza bat existentzia bat baizik eta bere izateko moduari "munduan-izan" deituko dio[6].

Izatearen planteamendu berria denborazkotasunetik pausatzeko, Daseinaren existentzian heriotzak duen garrantzian pentsatu behar da. Daseina existentzia den heinean posibilitate multzoa da baina posibilitateak bere muga heriotzan du. Daseina heriotzaranzkoa izateak ahalbidetuko du Izatearen eta denboraren arteko lotura[10].

Heideggerrek Sarrerako §8 paragrafoan libururako prestatu zuen planaren berri zehatza ematen du:

Lehen zatia. Dasein-aren interpretazioa denborazkotasunaren (Zeitlichkeit) arabera eta denboraren azalpena izatearen gaineko galderaren eremu transzendental gisa:

1. Dasein-a aitzinatzen duen funtsezko azterketa.

2. Dasein-a eta denborazkotasuna.

3. Denbora eta izatea.

Bigarren zatia. Ontologiaren historiaren deuseztapen fenomenologikoaren ezaugarri nagusiak denborazkotasunaren (Temporalität) problematikaren hari gidatzaileari jarraiki:

1. Kanten eskematismoaren eta denboraren gaineko doktrina, denborazkotasunaren (Temporalität) arazoari ekin aurreko etapa gisa.

2. Descartesen cogito sum-aren oinarri ontologikoa eta Erdi Aroko ontologiaren iraupena res cogitans-aren arazoan.

3. Aristotelesen denborari buruz, oinarri fenomenikoa duen diskriminazio mota gisa, idatziriko tratatua eta antzinako ontologiaren mugak.[11]

Liburuaren aurkubidean Sarrera, Lehen Zatia eta lehen zati horren lehen bi atalak, bere kapituluekin, ageri dira. Obrak, planari jarraiki, bere osotasunean Bigarren Zatia ere izan behar zuela adierazten du horrek baina Heideggerrek Lehen zatiko hirugarren atalik gabe eta Bigarren zatiaren arrastorik gabe argitaratu zuen liburua.

Sarreran, autoreak, bere asmoaren eta eginkizun bikoitzaren berri ematen du. Izatearen zentzuari buruzko galdera berriro planteatu behar dela dio eta, horretarako, Daseinaren analisi ontologikoa eta metafisikaren historiaren deuseztapena egin behar dela. Daseinaren analisiak bakarrik osatuko du liburua[12].

Interpretazio existentzialista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuak izateari buruzko hausnarketa orokorra izan behar bazuen ere azkenean Daseinaren analisian agortu zen. Horregatik, gizakiaren analisi bat egin zuela interpretatu zuten askok eta Heideggerren filosofia antropologia filosofikoarekin eta existentzialismoarekin lotu zuten. Heidegger berehala saiatu zen Frantzian nagusitzen ari zen Sartreren existentzialismotik urruntzen.[13] Adornok, bere aldetik, Heideggerrek liburuan erabili zituen Autentikotasuna bezalako kontzeptuak kritikatu zituen existentzialismoarekin zuten loturagatik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Galparsoro (2008): 353. or.
  2. 1975tik aurrera Heideggerren Obren Bilduma argitaratzen hasi ziren Gesamtausgabe (GA) izenarekin.
  3. Azurmendi (2011): 120. or.
  4. Ik. Leytek Heideggerri buruz 2018an emandako hitzaldia Nafarroako Liburutegian
  5. Leyte (1999): 21. or.
  6. a b c Galparsoro (2008): 354. or.
  7. Azurmendi (2011): 115. or.
  8. Azurmendi (2011): 114. or.
  9. Leyte (1999): 23, 57-66 or. eta 27. oin-ohar.
  10. Azurmendi (2011): 123. or.
  11. Leyte (1999): 48, 49 or. Heidegger Gesamtausgabe (GA), 2, 52-53. Itzulpena Joxan Elosegi
  12. Leyte (1999): 47-52 or.
  13. Galparsoro (2008): 357. or.

Erreferentzia nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Azurmendi, Joxe (2011): "Filosofia eta poesia: Platon eta Homero, Heidegger eta Hölderlin" in Joxe Azurmendi (arg.): Filosofia eta poesia, Andoain, Jakin. ISBN 978-84-95234-43-8
  • Galparsoro, Jose Ignacio (2008): "Martin Heidegger" in Agustin Arrieta, Ibon Uribarri (koord.): Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2
  • Leyte, Arturo (1999): Heidegger: Hermeneutika eta Funtsezko Ontologia, Andoain, Jakin. ISBN 84-95234-03-3
  • Leyte, Arturo (2004): "Hitzaurrea" in Martin Heidegger: Artelanaren jatorria eta beste, Bilbo, Klasikoak. ISBN 84-88303-04-1

Beste lan batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Adorno, Theodor W. (1964): Jargon der Eigentlichkeit, Frankfurt am Main, Suhrkamp.
  • Azurmendi, Joxe (1998): “Heidegger, Heisenberg: Ezinezkoa izan zen elkarrizketa” in Teknikaren meditazioa, Donostia, Kutxa Fundazioa. ISBN 84-7173-334-X
  • Figal, Günter (1988): Martin Heidegger. Phänomenologie der Freiheit., Frankfurt am Main, Beltz.
  • Jimenez, Jon eta Olariaga, Andoni (2009): Modernitatearen auziaz, Donostia, Jakin. ISBN 978-84-95234-40-7
  • Leyte, Arturo (2004): "Hitzaurrea" in Martin Heidegger: Artelanaren jatorria eta beste, Bilbo, Klasikoak. ISBN 84-88303-04-1
  • Sartre, Jean-Paul (1946): L'existentialisme est un humanisme, Paris, Éditions Nagel.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]