Izu Garaia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Izualdi Handia» orritik birbideratua)
Maximilien Robespierre.

Izu Garaia edo Izualdia (frantsesez: la Terreur) Frantziako Iraultzako aldi bat izan zen. 1792ko abuztuaren 10ean aldarrikaturiko iraultzaren ondoren, auzitegi berezia eratu zen. Auzitegi horrek susmagarrien epaiketak prestatu eta iraileko hilketak agindu zituen (Lehen Izua deiturikoa).

Erregearen bizitza salbatu nahirik aritu ziren girondarrak Konbentziotik kanpo egotzi ondoren (1793ko ekainak 2), Iraultzak beste oztopo asko izan zituen: Europako estatuek haren aurka eraturiko armada, barneko kontrairaultza (federalisten altxamenduak, Vendéeko Gerra, Chouannerie) eta ekonomia eta finantzen egoera larria. Horrek guztiak herri-mugimendu erradikalaren (sans culottes) gorakada eragin zuen eta, berauek 1793ko irailaren 4 eta 5ean egindakoen ondorioz, Robespierre buru zuten menditarrek Iraultza bultzatzeko neurri funtsezkoak hartu zituzten.

Salbamendu Publikorako Batzordeak eta Segurantzarakoak kudeaturiko Bigarren Izu horretan, berdintasun soziala helburu zuten lege ekonomikoekin batera, kontrairaultzaileen aurkako errepresioa hedatu zen Frantzia osora (Parisko Auzitegi Iraultzailea, Departamentuetako Auzitegi Kriminalak, Batzorde Militarrak). Euskal Herrira ere izua heldu zen Konbentzio Gerran Mendebaldeko Pirinioetako Armada etortzearekin batera (1793): haiekin, Jean-Baptiste Cavaignac eta Jacques Pinet konbentzioaren ordezkariak heldu ziren, eta lapurtar euskaldunen kontrako izua zabaldu, euskara gaitzetsiz eta herritar ugariren talde deportazioa aginduz, Landetara eta urrunago.

Gizarte-maila guztietatik auzipetu zuten jendea: nobleak, apaizak, militarrak, erregeren aldekoak, espekulatzaileak, ondasun-biltzaileak. Guztira, 17.000 pertsonak galdu zuten bizia auzien ondorioz eta 25.000 inguruk auzirik gabe (altxatuak, legez kanpokoak, Frantziara itzulitako erbesteratuak).

Aurreneko oldarrean girondarren buruzagiak eta Maria Antonieta erori ziren (1793ko urrian). Gero, armada iraultzaileen garaipenak zirela eta, heriotza-zigorrak urritu ziren, baina 1794ko udaberrian berriro abiatu ziren, aginpideari eusteko bitarteko gisa oraingoan (Héberten jarraitzaileak, Dantonen aldekoak). 1794ko maiatzean departamenduetako auzitegiak kendu eta auzi guztiak Parisko auzitegira igarotzearekin batera Izu Handia deiturikoa abiarazi zen; auzipetuen garantiak ezabatu ziren (ekaina) eta 1794ko uztailaren 27 bitartean 1.300 pertsona baino gehiago gillotinatu zituzten. Data hartan, Izuaren antolatzaile batzuek moderatuekin elkarturik Robespierre eta bere jarraitzaileak (Couthon, Saint Juste) aginpidetik kanpora egotzi zituzten; Berolisko Konbentzioak amaiarazi zuen Izu Garaia, Robespierre eta haren lagunak hilarazita.

Susmagarriei buruzko dekretua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. artikulua. Dekretu hau argitaratzen den unetik aurrera, Errepublikaren lurraldean egon eta oraindik aske dauden susmagarri guztiak atxilotu egingo ditugu.

2. artikulua. Zerrenda honetan ageri diren guztiak hartuko ditugu susmagarritzat: a) Beren jarreraren, harremanen, helburuen edo idatzien bidez, tiraniaren edo federalismoaren alde eta askatasunaren aurka azaldu diren guztiak.

b)Irauteko modua eta betebehar zibikoak betetzen dituztela frogatu ezin duten guztiak.

c)Herritartasun-ziurtagiria eskatu eta lortu ez dutenak;

d)Konbentzio Nazionalak edo bere komisarioek suspenditu edo kargugabetu, eta ondoren, berriro gaituak izan ez diren [[funtzionario publikoak.

e)Orain arteko nobleak eta nobleen senarrak, emazteak, gurasoak, seme-alabak, eta neba-arrebak, bai eta etengabe [[iraultzarekiko atxikitasuna adierazi ez duen emigratuen administratzaileak ere.

f)1789. urteko uztailaren 1etik aurrera emigratu dutenak, Frantziara itzuli arren.

"Susmagarriei buruzko dekretua", 1793ko irailaren 17a

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]