Konbentzioaren Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Konbentzio Gerra» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Konbentzioaren Gerra
Frantziako Iraultzako Gerren zati
080113ROURECIMG0006.JPG
Gudu zelai izan zen Santa Maria del Roure monasterioaren hondakinak
Data 1793ko martxoaren 7a - 1795eko uztailaren 22a
Lekua  Katalunia
 Euskal Herria
Emaitza Basileako ituna
Gudulariak
Flag of Spain (1785–1873, 1875–1931).svg Espainia
Flag of Portugal (1707).svg Portugal
Pavillon royal de France.svg Frantziar erregezaleak
 Frantzia
Buruzagiak
Flag of Spain (1785–1873, 1875–1931).svg Antonio Ricardos
Flag of Spain (1785–1873, 1875–1931).svg Luis Fermín de Carvajal
Flag of Spain (1785–1873, 1875–1931).svg Jerónimo Girón
Flag of Spain (1785–1873, 1875–1931).svg José de Urrutia
Flag of Spain (1785–1873, 1875–1931).svg Gregorio Cuesta
Flag of Spain (1785–1873, 1875–1931).svg Ventura Caro
Flag of Spain (1785–1873, 1875–1931).svg Juan de Lángara
Flag of Spain (1785–1873, 1875–1931).svg Federico Gravina
Flag of France.svg Louis de Flers
Flag of France.svg Eustache d'Aoust
Flag of France.svg Luc Dagobert
Flag of France.svg Louis Marie Turreau
Flag of France.svg Jacques Dugommier
Flag of France.svg Dominique Pérignon
Flag of France.svg Barthélemy Schérer
Flag of France.svg Bon-Adrien Moncey
Galerak
20.844 hildako
5.046 zauritu
5.124 gatibu
6.530 hildako
5.921 zauritu
5.281 gatibu

Konbentzioaren Gerra, batzuetan Pirinioetako Gerra edo Rosellóko Gerra ere deitua, Frantziako Errepublikaren eta Espainiako monarkiaren arteko gerra izan zen, 1793 eta 1795 artean Pirinioen inguruan gertatu zena, Frantzian Konbentzio Nazionala agintean zela. Frantziako Iraultzako Lehen Koalizioko Gerra honetan, Espainiak Ingalaterraren laguntza izan zuen, baina Frantzia atera zen garaile.

Gerra Katalunian eta Euskal Herrian egin zen, batez ere, nahiz eta Aragoiko Pirinioetan ere mugimenduak izan ziren eta herritarrak mobilizatu zituzten. Halaber, Frantziako Toulonen borroka bat izan zen, ingelesen eta espainiarren gerra ontziak joan baitziren hara Frantziako erregezaleei laguntza ematera. Gerra Basileako Bakeaz amaitu zen.

Gerrak aldaketa sakon eta bortitzak eragin zituen Euskal Herrian, izua zabalduz eta 1790an hasitako errealitate instituzionalaren aldaketa finkatuz: berretsi egin zuen ordu arteko foru sistemaren amaiera Ipar Euskal Herrian, eta foruen oinarriak pitzatu Hego Euskal Herrian.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1792ko apiriletik Frantzia iraultzailea gerran zegoen Habsburgotar Austria eta Prusiako Erresumarekin. Azaroaren 6an Jemappesko guduan nagusitu ondoren, Frantziako armadak Austriar Herbehereak inbaditu zituen. Konbentzio Nazionalak lurralde hori beretzea erabaki zuelarik, gatazka diplomatikoa piztu zen Frantzia eta Erresuma Batuaren artean.

Gerra piztu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1793ko urtarrilaren 21ean, Frantziako Konbentzio Nazionalak Luis XVI.a erregea gillotinan hilarazi zuen.[1] Gertaera horren ondorioz, gobernu iraultzaileak eta Espainiako borboitar monarkiak eten egin zituzten diplomazia harremanak, eta Espainiak bat egin zuen Erresuma Batuarekin Frantzia iraultzailearen aurkako jarreran.

Otsailaren 1ean, Frantziak gerra deklaratu zien Erresuma Batua eta Probintzia Batuei, eta martxoaren 7an Espainiari.[2] Frantziaren inguru guztian gerra harrotzen zen unean, agintari iraultzaileek herritarren errekrutatze masiboa agindu zuten otsailean, 300.000 erresuma osoan. Horren aurka, ordea, sututa altxa ziren herritarrak Frantziako hainbat bazterretan, dela La Vendéen, dela Flandrian, dela bestela; iraultzaileen errepresioa lazgarria izan zen. Izua zabaldu zen.[3]

Kataluniako kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra hasi zelarik, Espainiako errege Karlos IV.ak Antonio Ricardos jeneral gorena jarri zuen Kataluniako armadaren buru. Ricardosek Vallespir inbaditu eta Saint-Laurent-de-Cerdans hartu zuen apirilaren 17an. Hiru egun geroago, Matthieu La Houlière buru zuen frantziar armada garaitu zuen Cereten. Porrota eraman ezinik, La Houlière jeneralak bere buruaz beste egin zuen, eta Pirinioetako frantziar armada bitan banatu zen: mendebaldeko Pirinioetakoa, Louis-Charles de Flers buru, eta ekialdeko Pirinioetakoa, Joseph Servan buru. Maiatzaren 19an, Ricardosen gudarostea nagusitu zen Mas Deuko guduan, Trouillastik gertu, eta ekainaren 23an Bellaguardako gotorlekuaz jabetu zen. Ondoko asteetan, espainiarren esku gelditu ziren Perpinyàren hegoaldeko herri ugari, hala nola, Argelers, Elna, Cervera de la Marenda eta Vilafranca de Conflent.[4]

Irailean, Ricardosek bi dibisio bidali zituen Perpinyàko gotorlekua hartzera, baina Eustache Charles d'Aoustek azpiratu zituen Paretstortesko guduan, irailaren 19an. Gudu horrek amaiera eman zion espainiarren aurrerabideari Rossellón. Bost egun geroago, portugesen eta britainiarren laguntzari esker, Truillasen nagusitu baziren ere, Ricardosen osteek Tec ibairaino egin zuten atzerantz. Urriaren amaieran, porrot egin zuen frantziarrek Rosesera egindako espedizioak. Azaroan, 5.000 portugaldar soldadu iritsi ziren Rosesera espainiarrei laguntza ematera. Urtea amaitu baino lehen, Cotlliure eta Portvendres bereganatu zituen Ricardosek, eta Tec ibaian egonkortu zen frontea. Negu hasieran, espainiarren eskuetan zeuden Els Banys, La Guàrdia, Vilafranca, Sant Elm, Portvendres, Cotlliure eta Bellaguardako gotorlekuak.[4]

Konbentzioaren Gerra, ekialdeko Pirinioetako kanpaina

Frantziako errekrutatze masiboak gerraren egoera erabat aldatu zuen 1794tik aurrera. Urte hasieran, Jacques François Dugommier bilakatu zen ekialdeko Pirinioetako frantziar armadaren buru. Antonio Ricardos Madrilera joan zen, Manuel Godoyri indar gehiago eskatzera, baina bertan zegoela hil egin zen, martxoaren 13an. Hamar egun geroago zendu zen haren ordezkoa, Alejandro O'Reilly jenerala. Beraz, Luis Firmin de Carvajal izendatu zuten Kataluniako armadaren buruzagi. Udaberri hasiera hartan, espainiar gudarosteak desabantaila handia zuen: 23.000 gudari besterik ez, 66.000 frantziar soldaduen aurrean. Le Boulouko guduan, apirilaren 29 eta maiatzaren 1aren artean, espainiarrak nahaspilan atera ziren ihesi Rosselló eta Vallespirtik. Maiatzean, tropa errepublikanoek Cotlliure eta Portvendre berreskuratu zituzten, eta espainiarrek bertan behera utzi zituzten Sant Elm, Els Banys eta La Guàrdiako gotorlekuak.[4] Bellaguardako gazteluan, azkenik, 1.000 espainiar soldadu erabat setiaturik egon ziren maiatzaren 5etik; goseak eta eskorbutoak jota, irailaren 17an amore eman zuten.[5]

Empordàn barneratu eta gero, frantziarrek bi helburu nagusi zituzten: Figueres eta Roses.[5] Azaroaren 17 eta 20 bitartean, espainiar defentsa lerroaren bihotza eraso zuten Santa Maria del Roure monasterioaren inguruan. Borroketan bi armadetako buruzagi nagusiak, Jacques Dugommier eta Luis Firmin de Carvajal, hil ziren. Catherine-Dominique de Pérignonek hartu zuen frantziarren agintaritza; espainiarrek, komandante bururik gabe, arrapaladan egin zuten ihes, Figueresera lehenik, eta Gironara geroago. Azaroaren 28an, tiro bakar bat ere egin gabe errenditu zen Figueresko gaztelua, barnean 9.000 soldadu zeuden arren.[4]

Espainiako Gobernuak Katalunia bertan behera utzia zuela iritzirik, abenduan 55 diputatu batzartu ziren Bartzelonan, José de Urrutia jeneral gorena buru zela, eta herrialdea militarizatzea deliberatu zuten. Sometent-batzarrak eratu zituzten eta, hiru hilabeteren buruan, 20.000 pertsona zeuzkaten borrokarako prest. Handik aurrera, Gironako batzarrak zuzendu zuen erresistentzia Kataluniako frontean. Somatentek gerrilla-gerra egin zuten armada errepublikanoaren kontra, ustekabeko erasoen bitartez.[4]

1795eko otsailaren 3an, bi hilabete eta erdiko setioaren ondoren, Konbentzioaren armadak Roses hartu zuen. Udaberrian, frantsesak Fluvià ibaia gurutzatzen saiatu ziren, baina espainiar armadak behin eta berriz eragotzi zien. Ekainaren 11n, José de Urrutiaren gudarosteak Pontósko gaztelua berreskuratu zuen.[6] Horren ondoan, eraso etengabeek ahuldurik, frantziar armada irten zen Empordàtik. Uztailaren 25 eta 27 bitartean Gregorio García de la Cuesta buru zuten tropek Baixa Cerdanyan egin zuten erasoaren ondorioz, Puigcerdà eta Bellver de Cerdanyako frantziar garnizoiek kapitulatu zuten.[7]

Euskal Herriko kanpaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian»

Gerra piztu orduko, Iraultzaren aldeko herri-mugimendua sortu zen Garazi eta Baigorri aldean, muga babestea helburu zuena; izan ere, Arnegi-Aldude-Orreaga arteko muga finkatu berria zenez gero, jendea beldur zen “espainiarrek” (hots, baztandarrek eta erroibartarrek) berenganatuko zituztela bertako oihan eta bazkalekuak. Euskal Herriko Ehiztariak izeneko infanteria konpainiak eratu ziren, Bon-Adrien Jeannot de Moncey kapitaina buru zutela.[8] Hasiera hartan, 9.000 soldadu zituen Mendebaldeko Pirinioetako frantziar armadak, Joseph Servanen aginduetara.[9] Ondoko hilabeteetan kopuru hori emendatuz joan zen, Konbentzioak soldadu errekrutatze masiboa (frantsesez: Levée en masse) agindu baitzuen. Hegoaldean, berriz, 18.000-20.000 soldadu zituen espainiar armadak, Ventura Caro jeneralaren esanera. Haren ardurapean zegoen frantziar iheslari erregezaleen armada ere (Légion Royale des Pyrénees).[9] Nafar gutxi mobilizatu ziren, 1.600 gizon inguru, gehienak Baztanen, muga defendatzeko helburuz.[10] Gipuzkoak 4.600 gizonez osatutako milizia antolatu zuen Joaquín María Egia Narrosko markesaren agindupean.

Konbentzioak (Convention, Montagnards, alegia, Menditarrak) Jean-Baptiste Cavaignac eta Jacques Pinet bere mandatariak bidali zituen Baionara. 1793an gatazkak ez zuen norabide jakinik izan. Espainiarrek hartu zuten ekimena, eta Hendaia eta Saran zeuden frantziar tropei eraso egin zieten apirilaren amaieran. Ekainaren 3an, Bankako burdinola suntsitu zuten, baina Harizperen Euskal Herriko ehiztariek suharki egin zieten aurre Arrolako Harrian; bi egun geroago, Ventura Caroren gizonek Château-Pignon (Eiheralarre) hartu bazuten ere, ez zioten onurarik atera garaipen horri.[9] Irailaren 13 eta 14an, Konbentzioaren gudarosteak Urdazubi herria, bertako monasterioa eta burdinola erre eta arpilatu zituen.[11] 1794ko otsailaren 5ean, Caroren indarrek eraso bortitza jo zuten Hendaia eta Urruñako zenbait helbururen aurka, baina atzera egin behar izan zuten.[12]

1794ko martxoan, Konbentzioko frantses agintariek Sara, Ainhoa, Ezpeleta, Zuraide, Kanbo, Biriatu eta Lapurdi hegoaldeko hainbat herri ignoble ("doilor") izendatu zituzten, tokiko 47 gaztek beren gerrako postuak utzi eta Berara alde egin zutenean. Beraz, herrietako elizetan bildu zituzten biztanleak, gizon zein emakume, gazte zein zahar, 3.000[13] eta 10.000 artean, eta ilara luze batean deportatu zituzten Capbreton eta San Bisentsera, Landetan; agintari berriek haien jabetzak ebatsi edo/eta erre egin zituzten,[14] edo (frantses) "abertzaleei" eman;[15] herritar batzuk, berriz, Frantzia hego-mendebaldeko bost departamendutara egotzi zituzten. Azkenean, irailean etxera itzultzeko baimena eman zitzaien.[8] 1.600 hil ziren, gehienak Sarakoak.[14] Aldi berean, euskara "fanatismoaren mintzairatzat" jo zuten.

Konbentzioaren Gerra, Euskal Herriko Pirinioetako kanpaina

1794ko udaberrian, frantziar agintari militarrek Baztan hautatu zuten espainiarren aurkako eraso erabakigarria jotzeko. Ekainaren 3an, hiru zutabetan antolatutako 5.800 gizonek haranaren iparraldeko eta ekialdeko mendi lepoak (Berderiz, Izpegi eta Otsondo) hartu zituzten.[16] Uztailaren 10ean, Konbentzioaren aurkako frantziarrek Argintzu mendian zuten kanpamentuaz jabetu ziren.[9] Azkenik, uztailaren 23an, Bon-Adrien Jeannot de Moncey buruzagi zuen espedizioak Izpegiko lepoa gainditu eta Elizondo eta Doneztebe hartu zituen, Baztan haraneko guduan. Frantsesek Bidasoan behera egin zuten ondoren, Hondarribia hartu, eta Donostiara aurreratu zuten, baita abuztuaren 3an Donostiara sartu ere; hiriak ateak ireki zizkien,[17] defendatzeko hornigairik gabe eta Espainiako Koroarekiko tirabira handien erdian. Filipinetako Konpainiak bertan behera utzi zuen bere jarduera Gipuzkoan.

Abuztutik aurrera, Gipuzkoako Diputazioak independentzia aldarrikatu zuen, eta bake negoziazioa eskatu zion Frantziako Errepublikari, lurralde burujabe zen aldetik. Hala ere, batetik, Gipuzkoa txikia eta ahula zen eta, bestetik, gudaroste iraultzaileek probintzia osoa okupatua zuten. Monceyk errepublika subiranoa osatzeko proposamena begiko izan zuen, baina ez zen Osasun Publikoaren Batzordean onartua izan; frantsesek lurralde konkistatutzat zuten Gipuzkoa.[17] Pinet eta Cavaignac Frantziako Errepublikaren mandatariek zuten pentsamolde jakobinoarentzat, guztiz onartezina izan zen proposamen hura: ordezkariak atxilotuak izan ziren, guztira 46, beste hainbeste herritakoak.[17][18] Frantziako Errepublikako probintzia izateko aukera eman zitzaion Gipuzkoari. Nolanahi ere, Manuel Godoy espainiar ministroak suminkor ikusi zuen gipuzkoar agintarien jarrera, baita Gipuzkoa "probintzia traidore" deitu ere; are, foruak kentzeko premia ikusten zuen.[17] Abuztuaren 29an, frantses soldaduek Eibarko hainbat eraikin erre eta txikizioak eragin zituzten; herri hau izan zen Gipuzkoan gerratik kaltetuen atera zena.[19] Frantsesen hitzarmenerako ezintasuna, jarrera bortitza eta arpilatzeko joera iraina izan zen gipuzkoar foralistentzat, eta 18 udalerrik gerrako batzar nagusi bat egin zuten Arrasaten, frantsesen kontrako gerra antolatzeko.[20]

« Donostiako okupazioa ez zen armen bidezko ekintza izan. Hainbat gipuzkoar sasipolitikari Adrien de Moncey jeneralaren lilurak jota erori ziren, hitz eman baitzien herrialdea errepublika independente bilakatuko zuela. Gizon sinesberak haiek, hiria frantsesen esku utzi zuten..." »

— Manuel Godoy, Karlos IV.aren ministro ahalguztiduna


Urriaren 15 eta 17 artean, ofentsiba zabala hasi zuen Monceyk Nafarroako iparraldean: 46.000 soldadu abiatu ziren Baztandik eta Ibañetatik hegoalderantz, Iruñea hartzeko xedearekin; espainiarrak 13.000 besterik ez ziren. Orbaitzetako gudua deitutakoan Mezkiritz, Orbaizeta, Hiriberri eta Lekunberrin izan ziren borrokaldiak, eta Konbentzioaren armadak Auritz erraustu zuen.[21] Nagusitasun handia izan arren, ordea, frantsesek bertan behera utzi zuten erasoa, eta ihesi zihoazen soldadu espainiarrak iritsi ahal izan ziren Iruñera. Erasoaldian Orbaitzetako eta Eugiko arma olak hartu zituen suak,[9] eta baita Auritz herria ere. Azaroaren 28an, Bergara hartu eta arpilatu zuen frantziar gudaroste iraultzaileak, baina Gabriel Mendizabal buru zuten gipuzkoar boluntario foralistek hiria berreskuratu zuten abenduaren 2an. Frantsesak egotzirik, Gipuzkoako batzar nagusia Leintz Gatzagan kokatu zen.[20]

1794-1795eko negua latza izan zen armada frantsesarentzat: nekeak, janari urritasunak eta arta eskasak tifus izurrite ikaragarria eragin zuten,[9] eta Monceyk 3.000 gudari galdu zituen. Hori zela eta, udaberrian ere ez zen ekintzarik izan. Ekainean 12.000 soldaduko errefortzua iritsi ondoren, berriz ekin zieten erasoei. Arrasate uztailaren 16an erori zen, Gasteiz biharamunean, eta Bilbo bi egun geroago. Gipuzkoako batzar nagusiak Briviescan hartu behar izan zuen babes.[20] Miranda Ebro ere frantziarren esku zegoen uztailaren 22an, eta Madrilgo gortean panikoak jota zebiltzan.[22] Egun berean, Konbentzioaren armadak posizioak hartu zituen Erga eta Gaztelu mendi tontorretan, Iruñeko arroaren atarian.

Gerraren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuinguru horretan, 1795eko uztailaren 22an Basileako Bakea sinatu zuten Frantziak eta Espainiak.[23] François Barthélemy izan zen Frantziako Errepublikaren ordezkaria, eta Domingo de Iriarte Espainiako Koroarena. Espainia oso kinka larrian zegoen, finantza arazo handiak zituen eta Konbentzioaren armada Ebroren ertzean zegoen. Hori gutxi balitz, sezesio-nahia agertu zen Euskal Herrian eta Katalunian. Frantzian, berriz, Robespierreren erortzearen ondoren agintean zegoen Thermidorko Konbentzio moderatuak ere bakea nahi zuen. Bestalde, Espainiak Luis XVII.a dofinaren askatasuna galdatzen bazuen ere, mutikoa espetxean hil zen 1795eko ekainaren 8an; heriotza horrek hitzarmena erraztu zuen.[24]

Itunaren arabera, Frantziak Espainiari itzuli zizkion konkistatu zituen lurraldeak (Hego Euskal Herriaren zati gehiena), bereziki Gipuzkoari erreferentzia eginez, Frantziako Errepublikan sartzekotan baitzebilen, eta Espainiak, ordainetan, Hispaniola uhartearen ekialdea, egungo Dominikar Errepublika, eman zion Frantziari.[25] Uhartearen ekialdea (egungo Haiti), Frantziaren mende zegoen 1697tik. Isileko artikulu batean, Frantziako Errepublikak Luis XVI.aren alaba Maria Teresa askatzea onartu zuen. Isileko beste artikulu batean, aziendak (zaldiak, behorrak, ardiak eta ahariak) Espainiatik ateratzeko baimena eman zitzaion Frantziari.[24]

Monceyk eta Osasun Publikoko Batzordeak hala ezarrita, Manuel Godoyk hitz eman zuen ez zela errepresaliarik izanen Konbentzioaren alde agertu ziren euskaldunen aurka. Aldiz, hitza jan zuen eta, 1796ko otsailean, gerra kontseilua egin zieten Iruñean 1794ko Donostiako udal-agintariei, Juan José Vicente Mitxelena alkatea buru zutela, hiria frantziar armadaren esku batere borrokatu gabe uzteagatik. Batzuk erbestera zigortu zituzten, beste batzuk bizi arteko udal kargugabetzera, eta militarrak enplegua galtzera. Ihesi zebilen Jose Javier Urbiztondori jendaurreko arrastatze eta heriotza zigorra eman zioten; agindu zen ere udalak emandako errendizio agiria (erregeak "arau urraketa eta delitutzat" jotakoa) Donostian jendaurrean erretzeko.[23][26] Manuel Godoy Espainiako ministro ahalguztidunak Bakearen Printze titulua eskuratu zuen Basileako Hitzarmenagatik.

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioetako Gerra arrunt hondatzailea izan zen Euskal Herriarentzat, bi urtez milaka soldaduk hartu baitzituzten bertako mendi eta herriak. Herri asko izan ziren arpilatuak, eta suak erraustu zituen, besteak beste, Banka, Urdazubi, Auritz, Abaurrepea, Abaurregaina, Garaioa, Luzaide eta Otsagabia. Burdinola, borda, zubi eta errota ugari ere suntsituak izan ziren. Frantziar armadak aurrera egin ahala, herritarrek hegoalderantz egin zuten ihes. Luzaideko okupazioak, esate baterako, bi urte iraun zuen, eta urte bat Baztangoak. Bizilagun asko hil ziren, biztanleriaren %10 baino gehiago Iruñeko eta Zangozako merindadeetan; hiltze kopurua %20ra iritsi zen mugako udalerrietan, hala nola, Bera, Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Luzaide, Erroibar eta Aezkoan. Gerrak ekarritako miseriarekin batera, 1794-1795 bitartean gudarosteek hedatu zuten tifus epidemia izan zen heriotza gehienen arrazoia.[27]

Errepresioa ere pairatu behar izan zuten euskal herritarrek. Iparraldean, Konbentzioaren ordezkariek iraultzarekin bat egiten ez zuten guztien aurka jo zuten, eta exekuzioak eta espetxeratzeak ohikoak izan ziren. Espainiarren lagun zirelakoan, milaka lapurtar deserrituak izan ziren 1794ko martxoan. Hegoaldeko probintzietako biztanleei ere leporatu zitzaien “etsaiekin” elkarlanean aritu izana. Esate baterako, Nafarroa Garaiko jendeak, bertako instituzioen babesarekin, jarrera epela izan zuen gerrarako erroldatzeko tenorean, eta mendialdean errekrutatutako boluntarioek uko egiten zioten Frantziako muga igarotzeari; desertzioak eta diziplinarik eza ere maizkoak ziren.[17][10] Gertaera horiek aitzaki harturik, 1796an Karlos IV.ak indarrik gabe utzi zituen Nafarroako foruak. Ordutik aurrera, bai berak eta bai Fernando VII.ak, nafar gazteak sarrarazi zituzten Espainiako armada erregularrean, foruen xedapenen aurka.[21] Lapurdiko deportazioaren agindu-emaileak eta arduradunak zigorrik gabe atera ziren Konbentzioak porrot egin zuenean ere.[28]

Arturo Campión-ek Pedro Mari ipuinean azaldu zuen bezalaxe, eta gaur egun, besteak beste, Xosé Estévez historialariak, gerraren ondorio politikorik negatiboena ordura arte nahiko baketsuak izan ziren Bidasoa eta Pirinioen alde banatako euskaldunen arteko erlazioen hondatzea izan zen,[29] Frantziako Errepublikak Ipar Euskal Herriko biztanleak beren Hegoaldeko senideen aurka armak hartzera behartu baitzituen. Horren harira hauxe esan zuen handik urte gutxira Wilhelm von Humboldtek: “Hondarribia eta Hendaiako biztanleak eguneroko naturaltasunez bizi dira elkarrekin. Herri berekoak izaki, hizkuntza berekoak, dialekto desberdintasun txikiak besterik ez dutela, erresuma desberdinetako beste edozein mugakide baino batuago egon behar dute. Horixe da gure gudek gutxien erreparatzen dioten ankerkerietako bat, azpian hartzen dituzten herriei begirune eskasa dietenez, haien arteko elkartasunak zakarki eraitsi eta auzo herrietako bizilagun otzanenengan etsaigo eta gorroto hesiak eraikitzea, aurreko interes zein joerei erabat arrotz bazaizkie ere”.[30]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Charles Francis, Atkinson; David McDowall, Hannay French Revolutionary Wars 1911 Encyclopædia Britannica, Volume 11, en.wikisource.org . Noiz kontsultatua: 2018-11-02.
  2. Martin, Virginie La République a-t-elle voulu la guerre ? L'Histoire, collections 60, juillet - septembre 2013, lhistoire.fr . Noiz kontsultatua: 2010-11-03.
  3. (Frantsesez) De la Cerda, Alexandre (2016) La Déportation des Basques Éditions Cairn 35 or. ISBN 978-2-35068-355-3.
  4. a b c d e La Guerra Gran a Girona (I) pedresdegirona.com . Noiz kontsultatua: 2010-11-05.
  5. a b Vivas i Llorens, Eduard Guerra Gran. La batalla del Roure i el seu santuari Annals de l'Institut d'Estudis Empordanesos, 25, 1992. urtea, 109-148, raco.cat . Noiz kontsultatua: 2010-11-7.
  6. La batalla de Pontós terresdegirona.cat . Noiz kontsultatua: 2010-11-07.
  7. La Guerra Gran a Girona (II) pedresdegirona.com . Noiz kontsultatua: 2010-11-7.
  8. a b Goienetxe, Manex Frantziako iraultza eta Euskal Herria, kronologiaren harian Jakin 51, 1989ko martxoa-apirila, 55-67. orrialdeak, jakin.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-9.
  9. a b c d e f Etcheverry-Ainchart, Jean La Vallée de Baïgorri sous la Révolution Eusko Ikaskuntzaren VIII. Kongresua (8. 1954. Baiona, Uztaritze), Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2003, 207-216. orrialdeak, ISBN: 84-8419-932-0, hedatuz.euskomedia.org . Noiz kontsultatua: 2018-11-10.
  10. a b Rodriguez Garraza, Rodrigo Actitudes políticas en Navarra durante la guerra de la Convención (1793-1795) Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 51. urtea, 189. zenbakia, 1990, 113-118. orrialdeak, dialnet.unirioja.es . Noiz kontsultatua: 2018-11-9.
  11. Lopez de Gereño Sanz, María Teresa El Monasterio premonstratense de San Salvador de Urdax: Génesis y evolución Histórico-Artística Príncipe de Viana, 57. urtea, 207. zenbakia, 1996, 19-60. orrialdeak, dialnet.unirioja.es . Noiz kontsultatua: 2018-11-10.
  12. 1794 - Guerre d'Espagne. Armée des Pyrénées occidentales France Militaire, books.google.es . Noiz kontsultatua: 2018-11-11.
  13. Watson, C. 2003, 56-57. or.
  14. a b Etxegoien (Xamar), Juan Carlos (2009) The Country of Basque Pamiela 23 or. ISBN 978-84-7681-478-9.
  15. Watson, C. 2003, 56-57. or.
  16. Labouche, Capitaine Le Chef de brigade Harispe et les chasseurs basques Pau, Société des Sciences, Lettres et Arts, 1893?, memoriadigitalvasca.es . Noiz kontsultatua: 2018-11-11.
  17. a b c d e «Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-11.
  18. (Gaztelaniaz) «Mondragón y la Gipuzkoa española» El Diario Vasco 2009-04-19 . Noiz kontsultatua: 2018-11-21.
  19. Chicón Comerón, Cirilo (2011) «La guerra de la Convención en Guipúzcoa (1793-1795): daños causados por las tropas francesas» Espacio, Tiempo y Forma. Serie IV 24: 180-181 . Noiz kontsultatua: 2018-11-18.
  20. a b c Kasper, Michael La guerrilla en Gipuzkoa (1808-1835) Zumalakarregi Museoa, 1992, zumalakarregimuseoa.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-12.
  21. a b Guerra contra la Convención Gran Enciclopedia Navarra, enciclopedianavarra.com . Noiz kontsultatua: 2018-11-12.
  22. (Gaztelaniaz) «Mondragón y la Gipuzkoa española» El Diario Vasco 2009-04-19 . Noiz kontsultatua: 2018-11-21.
  23. a b La Paz de Basilea Auñamendi Eusko Entziklopedia . Noiz kontsultatua: 2018-11-14.
  24. a b La Paz de Basilea artehistoria.com . Noiz kontsultatua: 2018-11-14.
  25. (Gaztelaniaz) «Mondragón y la Gipuzkoa española» El Diario Vasco 2009-04-19 . Noiz kontsultatua: 2018-11-21.
  26. Konbentzioa Donostian gipuzkoamuseobirtuala.net . Noiz kontsultatua: 2018-11-13.
  27. García-Sanz Marcotegui, Angel; Zabalza Cruchaga, Miguel Angel Consecuencias demográficas de la Guerra de la Convención en Navarra. La crisis de mortalidad de 1794-1795 Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 168-170. zenbakiak, 44. urtea, 1983, 63-88. orrialdeak . Noiz kontsultatua: 2010-11-12.
  28. «Konbentzioaren Gerra Euskal Herrian - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus . Noiz kontsultatua: 2018-11-17.
  29. Estévez, X., Historia de Euskal Herria II. Del hierro al roble. Txalaparta, Tafalla, 1999. 243-244. orrialdeak.
  30. von Humboldt, Wilhelm Euskaldunen herrian barrena Zumalakarregi Museoa, CC BY-SA 3.0, gipuzkoakultura.net . Noiz kontsultatua: 2010-11-12.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Konbentzioaren Gerra